www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Bokazionea
Jean Pierre Arbelbide
1887

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Bertsio elektroniko honen egilea: Josu Landa Ijurko.

Iturria: Bokazionea edo Jainkoaren deia, J.-P. Arbelbide. Desclée de Brouwer, 1887.

 

 

aurrekoa hurrengoa

XI — KAPITULUA

 

Eskualdunak agian bethi eta hobeki
jarraikiko dire laborantzari

 

        Huna zer dion izkribatzaile herritar batek Eskualdun laborariari: «Ez gare khexu izan behar zeren Jainkoak ez gaituen sorarazi aitoronseme edo burjes handi.

        »Guzien-buru, burjesa, aitoronsemea eta errege bera laborariak hazten ditu; eta guziek behartzen duten ofizioa baino ohoragarriagorik ez daite.

        »Laboraria Jainkoaren obretan ari da; ezen Jainkoak egin ditu gizon guziak, eta laborariaren eskutik hazten ditu. Holetan bizi da laboraria Jainkoaren begien aspian.

        »Zeruko ihintzak eragiten ditu uztak edo errekoltak.

        »Horrengatik da laboraria jainkotiar, eta Jainkoak maite du.

        »Gizonen begietako ere laborantza ez da, ez ofizio aphurra, ez arbuiagarria.

        »Gauza jakina da presondegietan eta galeretan laborari gutiago higatzen dela, ezenetz tratulari, kargudun edo bertze ofiziotako gizonetarik.

        »Ongi bizitzekotzat, laborariak ez du baitezpadako jauntzi ederrik behar. Jan arrunta ere aski zaio, eta ez dabila hirietako atsegin erho, galgarrien ondotik.

        »Laborari gare; ez dezagun har bertze ofizio baten irritsik. Jainkoak ez daroku eman onthasuntze handi bat; bainan bizia gozoki iraigaitekotzat, ez da (askok uste duketen bezala) aberats izan behar.

        »Egun oroz ikhusten da aberatsa nahigabez, khexaduraz eta gaitz, eritasunez zaurthua.

        »Ezagutzen ditugu berriz hainitz nekhatzale, ontasunik ez dutenak, Jainko onak egunean eguneko ogia ematen diotenak; eta gogoa arinik iragaiten dute beren bizia.

        »Erran ere badezaket aberatsaren jauregian nigar gehiago egiten dela beharraren etxolan baino. Aberatsak urgulu gehiago du, gauza ttipiaz damu handia artzen eta zorigaitza auhenekin jasaiten du.

        »Ttipiak ez du hainbertze buruiope, ez dabila erresuma manatu beharrez; egiteko eta eginbide gutiago du; nahigabe gutiago izaiteko bideak dira harren baithan.

        »Ontasun handiak griñak ere halakoak ditu.

        »Aski duenak ez du soberakinaren beharrik.

        »Ez da ontasunetarik heldu dohatsutasuna, bainan bai eginbideak ongi bethetzetik, zeren bere eginbidea ongi bethetzen duen gizon prestua, eroria baitago bethi Jainkoaren nahira. Eta Jainkoak emaiten dio barneko bakea.» (Duvoisin, Laborantzako liburua).

        Bertze herritar izkribatzaile batek ere altxatzen du eta goresten laborantzako ofizioa. Huna zer dion:

        «Zer ziren lehenbiziko Patriarken lan suerteak? — Lehenbiziko Patriarkak ziren denak artzainak edo laborariak; denetarik ausarki zutelarik, bizi ziren zuhurtzia handian. Hekien aberastasunak kausitzen ziren bereziki aziendetan.

        »Abrahamek eta Lothek bazuten hainbertzetaraino, non bat berzearenganik apartatzera bortxatuak izan baitziren, hek bizi ziren lurrean denak ezin kokatuz. Jainkoaren bothereaz landa, osoki libro ziren, eta hekien familiak egiten zuen erresuma ttiki bat, zeinetan Aita baitzen errege bezala. Izen hori zuen bakharrik eskas Abrahamek, ezen erregeek egiten zituzten harrekin adixkidantzak, eta duda gabe balio zuen Lothen libratzeko bentzutu zituen lau printzetarik zein nahik bezanbat».

        «Arbuiatu behar dire Israeldarrak, zeren ez ziren ari kanpo lanetan beizik? — Ez; aitzitik miragarri bezala behar dugu behatu heien kharra laneko, zeinetarat bortxatua izan baitzen gizona, bere bekhatuaren segidan. Hala-hala Jainkoak ezagutzera emaiten du maiz ixtorio sainduan, zein laudagarri den ofizio hori harren begietan. Hautatu zuen Gedeon, bere popularen aintzindari, ogi jotzen ari zelarik; Saul astoen bilha zabilarik; eta David, xikhiroen alhatzerazoalarik.» (Dithurbide, Ixtorio saindua.)

        Azkenik, Aita Benedikano batek erraiten du Eskualdun laborariari:

        «Munduko lanteietan egonez San Isidro bezala, zure arimaren salbamendua egin behar duzun laborari edo langilea, iduk zazu zure bihotzean Jainkoaren beldurra eta amodioa, eta, ez izanagatik ere ez onthasun ez jakitate handirik, zer merezimendusko tresorak ez ditutzu zerukotzat biltzen, zure nekhe eta izerdien bidez! Orhoit zaite hortaz, zure egun ilhun eta atsegabez betheak direnetan!» (Joannatey, Sainduen bizian.)

        Badu zonbait urthe Benedikanoak ethorri direla gutarterat eta lur-lanetan hazkarki ari direla. Bastidako beren ontasuna ederki ontzen eta altxatzen ari dute. Agian hekien irakaspenak arraphiztuko du Eskual-herrian laborantzako lehia eta jarraikitasuna!

        Eskual-Herrian oraino bertze komentu bat badugu, irakasmenik hoberenak emaiten dituena laborariari. Hura da Maule-Agerreko Fraide eskola-emailen komentua.

        Duela zonbai egun, Ziberotar etxeko-jaun bat izan da Maule-Agerreko ontasun horren ikhusten. Elgarrekin itzuli frango ibili ditugu ontasunaren buru batetik bertzera.

        Ziberotarrak erne du izpiritua. Etxeko-jaun hori laster ohartu zen Fraide eskola-emailek ongirik handiena eginen dutela Eskual-Herriko laborantzari. Erran zautan:

        «Jauna, ontasun hau arte gutiz hoberenetarik bat izanen da. Nihon ez bezalako lanak egiten dituzue hemen. Lan eder horien ikhustera jin behar lukete laborari eskualdunek; ezen herri hotako nekhatzaileen eskasia gehienak heldu dire, thematu garelakotz bethi gure aspaldiko lan-mota zaharretan.

        »Zerbait berririk ikhasi behar ginuke gure lurren altxatzeko. Eta nola ikhusiz baita hobekienik ikhasten, nik uste Eskualdunek ongi eginen dutela Mauleko Fraide horien ikhustera jiten badire zonbait aldiz.

        »Komentuar horiek bezala egiten baginitu gure etxetako lanak, ez ginuke hirietarat edo Ameriketarat joaiterik; gure eskualde hotan baginuke aberastasunik aski.»

 

        Arrazoin zuen etxeko-jaun horrek. Leheneko denboretan bezala, orai ere komentuek argituko dituzte laborariak eta beren irakasmenez lagunduko. Eta baldin laborantzari zinez emaiten badire gure Eskualdunak, utziko dute hirietarat eta Ameriketarat joaiteko duten errabia.

        Eskual-Herria, munduko ederrenetarik bat da, eta halere sor-tokian ezin egon! Iduri, hemen ez bezalako aberastasunak badirela bethi bertze nonbait!

        Ai gehienek bost nigar egiten dituzte bai Eskual-Herria utzirik; ohartzen dire laster zer zorokeria den eskuko xoriaren uztea, airekoaren menturan.

 

                        Nahiz ukhan ez dutena,

                        Galtzen dute badutena,

                Eta gaur bizitzekoa ausarki bazutenak

                Aurkhitzen dire biharko kolpez erromesak.

 

                Ar beraz tinki lanean,

                Hor, etxeko laborantzan;

                Zuhurki zazu goberna

                Handik bildu dukezuna.

                Etxea arthatzen baduzu,

                Tresor handia hor duzu,

                Eta doluturen ez zaitzu.

 

aurrekoa hurrengoa