www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Bokazionea
Jean Pierre Arbelbide
1887

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Bertsio elektroniko honen egilea: Josu Landa Ijurko.

Iturria: Bokazionea edo Jainkoaren deia, J.-P. Arbelbide. Desclée de Brouwer, 1887.

 

 

aurrekoa hurrengoa

III — KAPITULUA

 

Egia horien irakaspenak

 

        Aita-amen estakurua balin bada eskasia eta ezin-heldua, Jainkoaren laguntza helduko zaiote segur nonbaitik.

        Edo arima on batek, edo herriko jaun erretorak, edo diosesako jaun Aphezpikuak, zerbait eginen dute haur horren altxatzeko.

        Huntarik ageriko da.

        Nork ez du Eskual-Herrian aiphatzen aditu Aita Garikoitz? Jaun hori Ibarreko zen sortzez; laborariak zituen Aita-Amak, eta ez aberatsak. Etxe ttipia, zor puska bat, bortz haur arras gazteak, ai lanak ziren.

        Eta horra non egun batez haur gehienak burasoeri erraiten dioten nahi dela apheztu!

        Aitak berehala: Ez gaituk ez hein hortan; hi eta gu lanetik behar gaituk bizi; utz beraz niri holako ametsak.

        Migel zuen izena haur horrek, eta zen jite onekoa, ordukotz Jainkoari osoki emana. Ez zen beraz lotsatu gure Migel, bainan ixil-ixila, deusik ihardetsi gabe Aitaren elhe biphil horri, othoitz egin zuen.

        Eta azkenean hunkitu zuen Jainkoaren bihotza, halako moldez non aphezteko bidea kolpez ideki baizitzaion haur gaixoari.

        Donaphaleun bazen erretor saindu bat, morde Borda. Jaun hori aspaldiko ezaguna zuten Ibarre Garakotxean, eta haurraren amaxori gogora jin zitzaion Jaun Bordak menturaz zerbait egin zezakela harren aphezteko.

        Oilo pare bat zarean emanik badoha emazte hori Donaphaleura. Bere oiloak eta bere agurrak Erretorari eman-eta, erraiten dio: Jauna, gure Migelek apheztu nahi luke, bainan ez dakigu zer egin, ezen gure ahalak ttipiak dire.

        Ez lotza, ihardesten du Aphez sainduak, Jainko onak lagunduko zaituzte. Igorrazue berehala Migel eneganat. Ene etxeko lanttuak eginen ditu, eta denbora berean ibiliko da eskolan egun guziez.

        Alegerarik itzultzen da amaxo etxeko alderat.

        Aphaintzen dute aphur bat beren haur maitea eta Donaphaleurat igortzen denborarik galdu gabe.

        Beha zaitzu goiz batez, Larzaalen gaindi, Izuran gaindi, Jutsi eta Uharten gaindi, beha bi lagun horiek, bat gizon adinekoa, eta bertzea muthil gazte bat. Garikoitz aita-semeak dire.

        Bakhotxak derama makhila-puntan mokanes koripilatu bat. Aphez-gaiaren hatuak dire hor, amaxok eta amak ongi antolaturik.

        Horra beraz Migel Donaphaleuko erretoraren etxean.

        Egun guziez jarraikitzen da xuxen eskolari; eta nola hartze ona baitu, hainitz ikhasten du arte gutiz.

        Jaun erretora ohartzen da laster Migelek behar duela bertze eskolarik, ezen Donaphaleun ikhas dezazkenak oro badazki.

        Denbora hetan Baionako erretora, garaztar aphez bat zen, Jaun Eiherabide, Azkaraten sortua. Donaphaleuko erretorak adixkide handi zuen; galdegin zion ez zukenez Baionan zerbait toki gisakorik Migelentzat; behar zukela eskoletan aintzinatu eta denbora berean bizitzekoa irabazi.

        Morde Eiherabide entsegatzen da, tokietarik hoberena kausitzen du: Aphezpikutegian muthil bezala hartu nahi dute Migel eta utziko diote behar den denbora guzia eskolari jarraikitzeko.

        Eskola hura morde Dargañaratz, Urruñako aphez aiphatu batek altxatua zen.

        Asko lan izanagatik aphezpikutegian, Migel jarraiki zen berdin eskolako bere laguneri. Ez bazuen egunaz arterik aski bere liburuetako, loari ebasten ziozkan oren zonbait, eta nihor bezain jakintsun eta erne zen bethi eskolako eginbidetan.

        Holaxet denbora laburrez ikhasten ditu Migelek, filosofian sartzeko jakin behar direnak.

        Bainan nork lagunduko du handik goiti? Seminarioan ez duke bere biziaren irabazteko ahalik; han beharko du bethi barnean egon.

        Hemen ere Jainkoaren eskua agertuko da.

        Aphezpikuaren segretario zen orduan aphez on bat, morde Honert, eta hainitz estekatu zen Garikoitz gazteari. Ikhusiz zoin prestua zen, zer hartze ona zuen, nola jarraikia zen osoki aphez-gai baten urrats eta eginbide guzietan, Jaun horrek bere gain hartu zituen haren seminarioko gastuak.

        Migel Garikoitz badoha beraz lehenik Aireko seminariorat, eta han egiten du bere filosofia; gero Akizeko seminariorat, eta han egiten du bere teologia; handik igortzen dute Larresoroko seminariorat, irakasle bezala; eta azkenean aphezten da hogoi eta sei urthetan.

        Horra Jainkoak nola laguntzen dituen aphez-gai erromesak.

        Holako haur gaixoek ez dute zeren lotsa ez gibela, Probidentzia bethi nonbaitik helduko zaiote.

 

aurrekoa hurrengoa