www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Bokazionea
Jean Pierre Arbelbide
1887

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Bertsio elektroniko honen egilea: Josu Landa Ijurko.

Iturria: Bokazionea edo Jainkoaren deia, J.-P. Arbelbide. Desclée de Brouwer, 1887.

 

 

aurrekoa hurrengoa

V — KAPITULUA

 

Komentuek eskoletan
egiten dituzten laguntzak herrieri

 

        Orai duela ehun eta berrogoi eta hamar urthe iraganik, 1733, Baionako jaun Aphezpiku batek, Piarres de Lavieuvilek, manamendu bat igorri zuen bere Diosesari, suztatzeko aphezak eta eskola-emaileak haurren argitzera, ongi moldatzera, girixtino jakitate eta urratsetan arthoski altxatzera.

        Huna manamendu hartarik bi hitz: «Haurren instruitzen haritzen baldin bazarete, zebak salbatuko zarete, eta halaber salbatuko tutzue zuek entzuten zaituztenak.

        »Eta baldin zenbait aldiz lanaren difikultateak edo gaitztasunak gibelatzen edo geldiarazten bazaituzte zuen bidean, har zazue animo, orhoitzen zaretelarik nolako bozkarioa eta kontsolazionea izanen duzuen agertzeaz Jujamendu Jeneralean, mundu guziaren aintzinean, gure arimen Artzain soberanoaren aintzinean, zuek inozentziazko estatuan begiratu dituzketzuen hainbertze haur maitez lagunduak.

        »Nolako deskantsua izanen da zuentzat orduan, erran ahal izaitea Jainkoari:

        »Huna ni, eta Jaunak niri fidatu darozkidan haurrak.»

        Baionako jaun Aphezpiku harrek bazakien, alde batetik zoin den premiatsu haurreri eskola egitea, eta bertze aldetik zoin den gaitz eta akhitgarri. Eskola emailen suztatzeko, hitzemaiten diote zeruko sari ederra.

        Sari horren agintzak hazkartzen eta berotzen ditu homentuar eskola-emaileak.

        Bainan guziz Jesusen amodioak deramatza; eta harrek irakatsi urrats beretan nahi dire jarraiki.

 

        Egun batez, dio Ebanjelioak, haurtto batzu ekharri ziozkaten Jesus-Jaunari. Eta Jesus amultsu horrek benedikatzen zituen lehenik eta gero besarkatzen. Dizipuluak ohartu zirenean, abiatu zitzaizkoten larderiaka, urrunt zitetzela handik.

        Bainan Jesusek: Ez bada urrunt haur maite horiek, utz zaitzue hurbiltzera deskantsuan, ezen hunelakoena da Jainkoaren erresuma. Egiaz diotzuet: ez bazarete haurtto hok bezala aphal eta ttipi bihotzez egiten, ez zarete zerurat helduko.

        Jesusen izenean eta harren orde, Eliza katolikoak amodio berarekin hartzen eta altxatzen ditu haur gazteak.

        Eta Eliza katolikoan, komentuek dute gehien-gehienik atxiki haurren alderateko jarraikitasuna. Bai eskolen nonbreaz, bai irakasteko jeinuaz eta trebetasunaz, komentuek bethi gaina atxiki dute. Nausi agertu dire denbora guzietan.

        Edozoin bazterretako jendakia gehienek, duten balio poxia, zor dute komentueri. Komentuek eman diozkote, beren eskoletan, bai sineste katolikoa, bai gainerateko bertze jakitateak.

        Orai duela abantzu ehun urthe, gaxtagin erho batzuek ezarri zuten gure Frantzia ederra itzulikaturik eta deseginik. Desmasia zar hori gerthatu aintzinean, bazterrak oro eskolez betheak ziren.

        Frantziak bazituen hogoi eta lau eskola-nausi (universités) bortz ehun eta hiruetan hogoi kolegio; eta herri guzietan baziren eskola xumeak. Eta guziak kasik komentuen eskuetan ziren.

        Gehiago dena, urririk zauzkaten, nihori kornadorik galdegin gabe.

        Ez orai bezala ez: Gobernamenduak dio urririk dauzkala eskolak; bainan hori gezurra da. Ezen zer bidez ditu haurrak eskoletan urririk hartzen? Gu guzien gastuz, gure moltsetarik asko zerga ebatsiz.

        Ai lehenago ez baitzen hola! Deus zergarik gabe komentuek urririk zauzkaten eskolak. Jende aberatsek karitatez emaiten zioten komentueri jende xumearen eskolatzeko sosa; erromesak kitorik eskolatuak ziren. Bainan orai zergak hurrupatzen du sosa sakela guzietan. Aitoronsemeak bezala, laborariak ere pagatu behar du.

        Bestalde, egungo egunean, girixtino ona ez diteke fida eskola guzietan. Asko badire zarrak eta gaxtoak. Aiphamenik ere ez da Jainkoaz, arimaz, othoitzaz, salbamenduaz. Holako eskoletan jendeak abere bilhakatzen dire, egiazki galtzen dire.

        Ez du hainitz urthe Tuloneko hirian, galeretako midiku-nausiak izkribatzen zituela hitz hok:

        Gizon hiltzaile gehienak, ohoin handi gehienak, burdinetarat kondenatuak diren gehienak, nondik uzte duzu heldu direla?

        Ez katexima irakasten den eskoletarik ez. Ez Fraiden eta Seroren eskoletarik ez.

        Bainan heldu dire eskola sineste gabetarik, Jainkoaren etsai diren eskoletarik.

        Ai dohatsu Fraidez eta Serorez eskolatuak diren herriak! Eskola girixtino horietan haurrek ikhasten dute gaizkiaren beldurra, ikhasten dute bekhatua dela gaitz guzietarik handiena. Eta mirakulu liteke, hola altxatu haur bat, sekulan galeretaraino erortzen balitz.

        Gizon jakintsun handi batek erran du:

        Komentuak aurthikitzen badituzue, hekien orde egin beharko dituzue presundegiak.

        Horiek oro hola, gorago erran dutana diot berriz ere: Populu girixtinoek duten balio poxia zor dute gehienik komentueri, zeren-eta komentuek eman baitiozkote eskoletan, bai sineste katolikoa, bai gainerateko bertze jakitate onak.

 

aurrekoa hurrengoa