www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Bokazionea
Jean Pierre Arbelbide
1887

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Bertsio elektroniko honen egilea: Josu Landa Ijurko.

Iturria: Bokazionea edo Jainkoaren deia, J.-P. Arbelbide. Desclée de Brouwer, 1887.

 

 

aurrekoa hurrengoa

VIII — KAPITULUA

 

Ez lotsa tentazione lohiez.
Hekien garraithzeko
zer laguntza handiak ditugun

 

        Arima garbien galtzeko, etsai lohia baliatzen da zer-nahi enganamendu eta amarru zarrez. Bere Eskuko ditu munduaren barheiamendu inobreak, bai eta gizon bakhotxak odolean derailtzan jaidura gaizkiratekoak.

        Badakit bai askok garhaitzen dutela errexki etsai lohia. Bainan badakit ere berze hainitz joak direla borthizki, ez dutela irauten nekez beizik. Zer erran bada arima tentatu horiez? Bethi borrokan, bethi khordokan, ez othe dire urrikaltzeko?

        Baldin onesten balute tentazionea, baldin erortzen balire, ai orduan bai urrikaltzekoak litezke.

        Bainan gudukatzen badute hazkarki, garhaitzen badute etsaia, ez dire urrikaltzeko. Aitzitik edertzen beizik ez dute beren garbitasuna.

        Hek dire Jainkoaren egiazko adiskideak, dakitenaz geroztik harrentzat gudukatzen. Eta hanbatenaz emendatzen dute beren zeruko saria, zonbatenaz ere hazkarkiago ihardokitzen baitute tentazioneari. Nolako gudua, halako khoroa.

        Egiazko soldadoa noiz da ageri? Noiz irakhasten du heian bihotza duen indartsu ala beldurti? Gerla denboran ala bake denboran? Phausuan ala guduan? Ai phausuan herbailak berak hazkar dire; bake denboran edozoinek hau zerda iduri du.

        Bainan jin dadiela gerla. Orduan bihotzdunek bakharrik hazkarki atxikiko dute. Hek dute zinez gudukatuko eta azkenean etsaia bentzutuko.

        Berdin da gutaz. Tentazionen artean hazkar dagoena; zonbat-nahi luzaz eta borthizki borrokatua izanik ere, lotsatzen ez dena; bainan bethi gudukatuz eta hazkarki bihurtuz, azkenekotz nausitzen dena; oi zer girixtinoa den hori! Nola edertzen eta aberasten duen bere garbitasuna! Zonbat grazia berri oraidanik, eta zerukotzak zonbat sari-emendatze!

        Ba bainan borthitzegi bada tentazionea, nola ihardok?

        Huna Jondoni Pauloren hitza; Jainko onak ez zaituzte zuen indarrez goiti tentatzerat utziko. Zer erran nahi du horrek? Horrek erran nahi du Jainkoak emanen derauzkigula bethi laguntza hoberenak, eta laguntza horiekin tentazioneak, errexki garhaituko ahal ditugula. Eta zer bidez emanen derauzkigu laguntza horiek?

        Emanen derauzkigu: 1° Jesu-Kristo beraren bidez; 2° Ama Birjinaren bidez; 3° Aingeruen eta bereziki aingeru begiralearen bidez.

 

 

        1° Jesu-Kristoren bidez.— Ifernuko etsaiak tentatzen gaituenean, ez da guri jazartzen; jazartzen da gu baithan Jesu-Kristo berari.

        Ez bagine Jesu-Kristoren graziaz Jainkostatuak, ez bagine Jesu-Kristorekin zerurat deithuak, ai gutaz amets guti luke ifernuko etsaiak, nihor ez lezake tenta. Bainan nola bertze Jesu-Kristo batzu baikare egiazki, hortakotz bihurtzen zauku eta galdu nahi gaitu.

        Munduaren hastapenean, zeruko aingeruen artean, gudu handi bat altxatu zen; eta Luzifer bihurtu zitzaion Jesu-Kristori; eta orduko gerla bera da mendez mende luzatzen, eta gure tentazioneak ez dire deus bertzerik, baizik ere Luzifer damnatuaren oldarrak Jesu-Kristoren kontra.

        Hortik, tentatuak garenean, Jesu-Kristo berari zaio etsaia jazartzen. Hortik oraino, gure egitekoa bada tentazioneari ihardokitzea, are gehiago Jesu-Kristoren egitekoa da.

        Gu tentatuak garen denboran, doha Jesu-Kristorentzat bere loria ez galtzeaz, ez ukho egiteaz, ez ihesi joaiteaz.

        Berak erraiten derauku: ene onetan, ene Jainkotasunaren indarra nausiarazteko, bai atxikiko zaitut xutik, o arima tentatua, eta garhaituko dut zu baithan etsai gaxtoa.

 

        Egun batez etsaiak borthizki eta luzaz tentatu zuen Santa Madalena Paziekoa; zer-nahi lohikeria zarrez nahasirik ezarri zuen.

        Birjina guziz xahu hori izialdura handitan erori zen. Othoitzaz eta hazkarki ihardokiz, ihesi egin zuen Jainkoaren eskuetarat. Eta azkenean, gudukatzearen bortxaz bentzutu zuen etsaia.

        Eta orduan agertu zitzaion Jesu-Kristo; eta Madalenak, oraino oro asaldaturik, erran zion:

        Oi Jauna, non zinen bada denbora ikharagarri hortan?

        Eta Jesuek: ene haurra, zure bihotzaren erdi erdian nindagon.

        Zer jauna, ene arima hondaturik zaukaten zarkeria hekien erdian zinela zu!

        Bai, ene haurra, eta zarkeria horiek ez dute zure bihotza demendrenik kotsatu, ezen niri esker hazkar egotu zare. Nik eman derautzut etsaiaren garhaitzeko indarra.

 

        Tentatua zaren arima ona, ez lotsa beraz, zurekin batean gudukaturen du bethi Jesu-Kristok. Etsaiaren guduak izanik ere zonbat-nahi borthitzak, erranen ahal duzu: Enekin da Jesu-Kristo, gerlari ezin bentzutua.

 

 

        2° Ama-Birjinaren bidez.— Ez dezakegu galdegin laguntza hoberik nola baita Jesu-Kristo beraren laguntza. Hortan berean indarrik aski baginukeela iduri du. Bainan Jainkoaren ontasuna badoha bethi guk uste baino urrunago. Eta hortakotz, berak eman laguntzez bestalde, ezarri du Ama-Birjina gu guzien zaintzale.

        Lurreko parabizuan gure lehen borrasoek bekhatu egin-eta, Jainkoak erran zion suge enganatzaileari: Bethiereko etsaigoak emanen ditiat hire eta Andredena Mariaren artean, eta harrek lehertuko derauk burua.

        Ama-Birjinak non lehertuko dio burua debru gaxtoari? Gure bihotzetan. Eta noiz? Tentuak garen denboran.

        Demendren tentazionea gure baithan altxatu deneko, han da Andredena Maria. Han da, ez beldurrekin, ez banotasunekin; bainan gaitz eta lazgarri, lerrotan paratua den harmada bezala.

        Indar guziak baditu eta ifernu guzia errexki bentzu dezake.

        Orai duela bi mende iraganik, hamasei ehun eta hogoi eta hamabortzean, Andredena Mariaren Konzeptzioneko egunean, Erromako eliza batean mintzo zen Aita Zuki jesuista. Harren predikua zohan garbitasun sainduaz.

        Aiphu zuen bereziki Andredena Mariak emaiten derauzkigun laguntzez berthute eder horren begiratzeko. Oroz gainetik errekeritzen zituen jendeak erraiteaz othoitz labur hau tentazione denboran:

        «Oi ene erregina, oi ene Ama, zurea naizela orhoit zaite. Begira nezazu, zaint nezazu zure gauza eta zure ontasuna bezala.»

        Eta bazen aditzailen artean jaun gazte bat, sortze handitakoa, munduan asko itzuli ibili zituena.

        Predikua akhabatu den bezain laster, kofesatzen da jaun gazte hori.

        Aita Zuki berari joan zitzaion. Bizi beltza zen harren bizia. Aspaldiko urthe hetan, asko leize zolaraino jo zituen.

        Bere bekhatuak aithortu ondoan, erran zion kofesorrari: ene Aita, ikusten duzu, galdua naiz; ez ditut garhaituren ahal ene tentazioneak; zarkeria ni baithan sobera da zahartua eta nausitua.

        Aita Jesuistak ihardetsi zion;

        Ene haur maitea ez lotsa othoi. Andredena Maria har zazu zure erregina eta zure Ama bezala. Noiz-nahi, eta guziz tentazioneko denboran, errokozu nik aiphatu othoitza: oi ene erregina... etc... Hola jokhatuz garhaituko duzu etsaia, bai-eta zure jaidura zarrak, eta salbatuko zare.

        Jaun gazteak hitzeman zuen jarraikiko zela bide horri. Eta bere hitza atxiki zuen.

        Handik lau urtheren buruan, asko ibiltze eta itzuliren ondotik, horra non jaun hori heldu den berriz ere Erromara.

        Aita Zuki berari doha, eta erraiten dio: Ene aita, badakizu nola, orai duela lau urthe, kofesatu zinuen bekhatore handi bat. Ni naiz. Geroztik tentazione gaitzak izan ditut. Etsitu ere badut ene salbamenduaz. Bainan zuk erranak egin ditut, oihu egin diot Ama-Birjinari. Eta azkenean nausitu naiz osoki eta bake handi batean bizi naiz. Bainan diot, eta bethi errepikatuko dut, Ama-Birjinak salbatu nauela.

 

 

        3° Aingeruen eta bereziki aingeru begiralearen bidez.— Huna zer irakurtzen dugun Testament zaharrean. Gerla zuten Izraeldarrek auzoko erresuma batekin. Eta nola Eliese baitzen Izraelgo profeta eta buruzagia, etsaien erregeak bere harmada igorri zuen harren ondotik, har zezatela eta estekaturik ekhar.

        Eliese mendi baten gainean zagon bere muthilarekin.

        Etsai-harmadak mendi guzia inguratu zuen. Eta Eliesen muthila harritu zen ikhustearekin harmada handi hori mendiari gora iragaiten, eta oihu egin zion nauziari: Oi gutaz egina da!

        Bainan Eliesek:

        Ez zaitela izi, ezen zaintzaile hobeak eta gehiagokoak ditugu, ezenez hor ikhusten dituzun harmada horiek.

        Orduan profeta othoitzean emaiten da: Oi Jainko handia, idek zaizkotzu ene sehiari arimako begiak, ikhus dezan nik ikhusten dutan gauza miresgarria!

        Eta betbetan ideki ziren muthilaren begiak, eta ikhusi zuen aingeru andana handi bat, mendi guzia hartzen zuela.

        Aingeru andana horrek inguratu zituen Eliese eta harren sehia. Eta deus minik gabe atheratu ziren biak harmada etsai guzien artetik.

        Gutaz ere berdin da. Tentazione denboran ifernu guzia altxatua da bai; zernahi entsegu dabiltza debruak gure arimak galdu nahiz. Bainan beste aldetik Zeru guzia ere altxatua da gure zaintzeko. Eta baldin irauteko nahikunde hazkarra badugu, dudarik ez da nausituko garela bethi.

        Eta nola lehenago Mikael arkanjeluak, aingeru onekin batean, bentzutu baitzituen Luzifer eta harrekilako aingeru gaxtoak, berdin orai ere gure bihotzetan garhaitzen ditu.

        Huna zer dion Dabitek bere Psalmoetan: Oi arima tentatua, ez zaitela ez lotsa, ezen Jainkoak bere aingerueri eman diote zutaz kargu, zaint zaitzaten zure bide guzietan: Ekharriko zaituzte beren eskuetan, beldurrez-eta oinaz jo dezazun bideko harri puxulua.

        Baldin aingeru guziek laguntzen bagituzte gure tentazionetan, are hobeki laguntzen gaitu gure aingeru begiraleak. Ezen hura da bereziki gutarik bakhotxaren aingerua.

        Testament zaharrak erraiten derauku Tobias semeak hatzeman zuela gizon-gazte eder bat, gerria tinkaturik, xutik, makhila eskuan, bideari lotzeko abian iduri. Hura zen Errafael aingerua. Tobias aitak erran zion:

        Othoi lagunduko derautazu ene semea, ezen urrun doha, itzuli luzea egin behar du.

        Errafaelek: Bai lagunduren dut zure semea, oso eremanen dut eta oso ekharriko darotzut.

        Horra gure aingeru begiraleak ere zer egiten duen. Errafael iduri, laguntzen eta zaintzen gaitu urrats guzietan, are hobeki tentazionetan.

 

aurrekoa hurrengoa