www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Bokazionea
Jean Pierre Arbelbide
1887

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Bertsio elektroniko honen egilea: Josu Landa Ijurko.

Iturria: Bokazionea edo Jainkoaren deia, J.-P. Arbelbide. Desclée de Brouwer, 1887.

 

 

aurrekoa hurrengoa

XIV — KAPITULUA

 

Komentuak dire hobekienik
jarraikitzen Jesus kurutzefikatuari

 

        Komentuko bizia, kurutzeko bizia. Pobreziak, Birjinitateak eta obedientziak, hedatzen dute kurutzearen gainean komentuar dohatsua. Ez xoilki hedatzen, bainan oraino itzaturik emaiten. Ezen hirur botuak hirur itze dire: komentuarra itzaturik ezartzen dute Jesu-Kristorekin.

        Eta baldin bertze girixtinoek, noiz edo noiz egiten badituzte sakrifizioak, erran diteke komentuarrek egiten dituztela egun guziez, bai-eta egunean frango aldiz. Noiz-nahi, goiz arrats, borxatzen dute beren burua jarraikitzeko hirur botueri.

        Nolaz bada? Zeren-eta hirur botuek zapatzen baituzte gizonaren jaidurak. Oren guzietako borroka da. Botuak Jainkoaren eta arimaren alde: jaidura gaxtoak debruaren eta gorphutzaren alde hortik bethi gudua, hortik asko min eta zauri.

        Bai hola da. Komentuan, hirur botuek dute gizona itzaturik atxikitzen kurutzearen gainean. Eta berriz ere, zer bidez? Ai! ez lausengatuz ez; ez pherekatuz ez. Bainan, gu-baithako jaidurak bortxatuz, ukhaldika zafratuz, bentzutuz eta garhaituz.

        Hortakotz, komentuar khartsuak erraiten ahal du, Apostoluak ziona: Kristorekin josia naiz kurutzeari.

        Egia hori Jainkoak berak irakatsi zion San Frantses Asiesekoari. Eta huna zer bidez.

        Ordukotz saindu hori, hogoi eta hirur urthetarat heldua zen, eta oraino munduan zagon.

        Bainan azkenekotz Jainkoak argitu zuen; irakatsi zion ez zaitekela hola bizi; mundua harrentzat desherri zela; bertzelako bizitze batean behar zela sarthu.

        Gau batez lotarik amets egin zuen. Ikhusi zuen jauregi bat, eta jauregi hartan asko harma eta gerlako tresna. Harma bakhotxak bazuen kurutze distirant eder bat. Iduri zitzaion gure Sainduari, kurutze bezenbat iguzki bazirela jauregian. Eta oihu egin zuen:

        Oi Jauna, norentzat othe dire harma kurustatu eder horiek?

        Hiretzat dituk eta hirekin bilduko diren gudularientzat.

        Zer nahi duzu bada nik egin dezadan, Jauna? Norat joanen naiz gudukatzera?

        Huna zer dutan nahi: utz dezakan mundua, egin hirur botuak, eta hekien bidez ibil debruaren kontra gudu hazkarrak, eta eman hire burua holaxet itzaturik eta sakrifikaturik ene kurutzearen gainean. Ikhusten dukan jauregi hori duk komentua, ene arima hautatuen egoitza dohatsua; harma horiek dituk komentuko hirur botuak, Pobrezia, Garbitasuna, eta Obedientzia; eta kurutze distirant horiek dituk komentuan egiten diren mortifikazione eta bortxamen khartsuak.

 

        Jesu-Kristok bi sakrifizio eskeini ziozkan bere Aitari. Lehenik eskeini zion bere gorphutzaren eta bere odolaren sakrifizioa, ortziraile sainduz, kalbarioko mendian. Bigarrenekorik eskeini zion bere bihotzaren eta bere arima guziaren sakrifizioa, jasanez zer-nahi laido, zernahi herstura eta atsekabe.

        Bi sakrifizio horiek oraino erreberritzen ditu Jesu-Kristok. Eta menderen mende erreberrituren ditu. Huna nola. Bere gorphutzaren eta odolaren sakrifizioa erreberritzen du gure aldaretan, meza sainduan. Bere bihotzaren eta arimaren sakrifizioa erreberritzen du, girixtino khartsuen mortifikazionetan.

        Apostoluek, martirek, bertze asko Jainkotiar suharrek, zonbat eta zonbat oinaze ez dituzte jasan! Eta zertako jasan dituzte? Jarraikitzeko Jesu-Kristori, harren atsekabetan phartedun jartzeko, harren hersturak eta sakrifizioak imitatzeko, harrek bezala egiteko. Hola zuten Jesu-Kristoren kurutzeko sakrifizioa erreberritzen eta kontinatzen.

        Bainan Jesu-Kristori ez zaio hori aski iduritu. Berhexten ditu mundutik arima hautatuak eta komentuetarat biltzen.

        Han derauzka, kalbario gainean bezala, bere kurutzeari josirik. Botuen bidez eta erreglamenduen bidez, eginarazten diozkote hanbat eta hanbat inmolazione. Eta hori egun guziez. Halako moldez non erran baititeke, Jesu-Kristok mendetik mendera kontinatzen dituela kalbarioko bere oinazeak, bai aldare-gainetan mezako sakrifizioaz, bai komentuetan arima kontsekratuen sakrifizioaz.

        Arima bihotzdunak, girixtino egiazki handiak, Jesusekin pairatzeko lehiaz dire mundutik urruntzen eta komentuetarat ihesi juaiten. Jarraikiz Pobreziari, jarraikiz Garbitasunari, jarraikiz Obedientziari, berek dute Jesusekin kurutzefikatzen beren burua. Eta hori Amodioz eta beren hautuz. Hek diote Jesusi:

 

                Ikhusiz zure burua

                Arantzez bethea,

                Niholere ez dut nahi

                Lore-pean neurea.

 

                Kurutzea dakharkezu

                Zure bihotz garbian;

                Nik ere dut ekharriren

                Neurearen erdian.

 

                Izanen naiz kolpatua,

                Jesus zutaz bakharrik;

                Ez beza ene bihotzak

                Senti bertze kolperik.

 

                Kurutzean tut orai

                Ene atseginak

                Jaunak hartuz geroztik

                Han nigatik penak.

 

        Oi! dohatsu holako arimak! Hekieri ditu Jainkoak hedatzen bere dohain eta sari aberatsenak, ala bizi huntan ala zeruan.

        Jesu-Kristoren imitazioneak dio:

        Zoaz norat-nahi, bazter guzietarat ibil eta entsega zaite; ez duzu nihon kausituko bide hain segurrik, nola baita kurutzebidea.

        Eta noiz-ere kurutzea ezti eta gozo idurituren baitzauzu, a! orduan dohatsu izanen zare, ezen ez zaio Jainkoari deus hain ongi heltzen, eta bat bederari deus hala probetxatzen, nola Jesusentzat amodioz pairatzea.

        Bide segur hori dute komentuarrek hautatu; kurutze-pean dire amodioz jarri. Hek dute oraidanik gozatzen egiazko bakea, eta geroxago ardietsiren sari handiena.

        Ezen errana da: Hiltzen bagare Jesusekin, Jesusekin ere phiztuko gare; eta harrekilako oinazek emanen deraukute zeruan harrekilako ospea eta zoriona.

 

aurrekoa hurrengoa