www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Bokazionea
Jean Pierre Arbelbide
1887

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Bertsio elektroniko honen egilea: Josu Landa Ijurko.

Iturria: Bokazionea edo Jainkoaren deia, J.-P. Arbelbide. Desclée de Brouwer, 1887.

 

 

aurrekoa hurrengoa

IX — KAPITULUA

 

Komentuak, laboriaren eta
jende xehearen adiskide

 

        Esku-lana Jesu-Kristok eta Eliza sainduak irakatsia da.

        Jesu-Kristok egun batez predikatu zioten Nazareteko jende bere herritareri, eta hekien eriak sendotu zituen. Nazaretarrak espantitu ziren, asaldatu zen hiriko jende guzia, ez zioten sinets Jesusek egin zezakela holako mirakulurik eta hoin prediku ederrik.

        Elgarri galdeka zauden: Nondik heldu zaizko huni holako jakitateak eta indarrak? Hori ez othe da, guk dakigun zurgin, Mariaren semea?

        Zurgina zen beraz Jesu-Kristo; esku lanean ari zen, hala-nola ari baita edozoin bernuzer, maextru, edo segari.

        San Justinek erraiten du: Bere eskuez ari zen lanean Jesu-Kristo; goldeak eta uztarriak egiten zituen.

        San Basilek dio, komentuarrentzat egin duen erregelan: Gogo onez jokha zaitezte esku-lanari, ezen Jesusek zer egin du hanbat urthez, baizik ere bere ahidekin esku-lanetan akhitu eta izertu?

        Apostoluek berdin esku-lanaz irabazi dute beren bizia. Eta hori, ez xoilki apostolu izan baino lehen, bainan geroztik ere, Jesu-Kristo bizi zelarik, bai-eta Jesu-Kristo zerurat iraganez geroztik.

        Huna zer erraiten zioten Jondoni Paulok orduko girixtinoeri:

        Orhoit ahal zarete, anaiak, nola gure lanaz eta nekeaz irabazi dugun bizitzekoa; ez gare sekulan nihoren behargarri izan; predikatu dugu Ebanjelioa, nihoren alderat zorrik egin gabe, gau eta egun esku-lanetan ariz.

        Geroztik oraino, Kartageko laugarren Konzilioak nahi zuen aphezek beren esku-lanaz irabaz zezaten bizitzekoa. Eta hori, ez xoilki aphez ardurako aphalek, bainan berdin jakintsunek eta kargudunek.

        Konzilio berak dio bestalde: Aphezak bere jana eta bere beztia athera detzala laborantzatik edo bertze zerbait esku-lan gisa denetik.

        Eliza sainduaren abiaduratik, esku-lana zen komentuetako eginbide premiatsuenetarik bat.

        San Jeromek dio Egiptoko komentu guziek esku-lana manatzen zutela; ez zutela nihor fraidetzat onesten, non ez zen gogo onez lotzen esku-lanari: eta huna zertako: ez gehienik irabaziaren beharrez, bainan arimak salbatu nahiz.

        San Bernatek erraiten du:

        Esku-lana, ixiltasuna eta probrezia, horra nondik heldu diren komentuetako ospe eta goratasun egiazkoak.

 

        Ez espanti beraz, baldin Ordena gehienetako asentazailek eta lehenbiziko buruzagiek esku-lana manatu badiote beren haurreri. Aiphatu hitzetarik ageri da bazutela hortakotz arrazoina frango.

        Bestalde hanbat ondorio miresgarrietarik berdin ageri da. Komentuetako esku-lanetik athera dire, bai Europako aberastasuna, bai hainitz arimen salbamendua.

        Sainduen bizian ikhusten dugu, Aitoronsemeak eta jende handienak berak nahi izan direla esku-lanetan saindutu.

        Huna zer egin zuten senar-emazte aberats batzuek.

 

        Hamekagarren mendean, aitoronseme gazte bat, Raoul d'Osmond, eritu zen Tournayko hirian. Bizi barheiatu bat ibili zuen orduarte. Eritasunak hautsi zion bihotza eta nahi izan zen konbertitu.

        Sendotu-eta joan zen bere koinat Benedikano batengana, galdegin zion nola jokatu behar zen atheratzeko bere galbidetarik.

        Koinat hori gizon argitua eta jakina zen. Zuhurki eta emeki, behar zen denbora hartuz, ongi mihatu zuen aitoronseme gaztearen bihotza; xehetasunekin galdegin ziozkan bizi guziko goiti-beherak; eta osoki ezagutu zuenean, erran zion garbiki:

        Ez zaiteke salba mundutik atheratuz beizik, behar zare komentu batean sarthu.

        Ba bainan, dio aitoronsemeak, badakizu zure arrebarekin ezkondua naizela.

        Badakit hori, ardiesten du Benedikanoak; eta hargatik, ez da gutiago egia, ez duzula zure arima galdu behar, maite duzulakotz ene arreba eta zure esposa. Galdegikozu bere baimena eta emanen derauzu. Orduan deus trabarik gabe, joanen ahal zare komenturat.

        Hitz horietan, aitoronsemea bere jauregirat itzuli zen eta nigarrez abiatu bere espos maitearen aintzinean.

        Ez zituen hunek oraino hogoi eta lau urthe beizik.

        Senarrari galdegin zion zer zuken bada bere bihotzmina? Senarrak ez dio abiaduran deusik erran nahi; azkenean largatzen da, aithortzen dio zer hersturetan den.

        Eta orduan andre girixtino horrek: Ez zaitela ez lotsa; nik ere, zuk bezala eginen dut; gurekin eremanen ditugu haurrak, zuk muthikoak eta nik neskatokoak.

        Erran bezala egin zuten.

        Hirur urthez bere komentuko bazterretan, aitoronseme handi horrek egiten zituen lanik arruntenak, hala-nola ur ekhartzea, egur xehatzea, barrukien garbitzea. Othoitzetako denboraz kanpo, bethi lan borthitz horietan ari zen.

        Jaun miresgarri horren andrea ez zen gibelerat egon, eta senarrak bezain bihotz hazkarra irakatsi zuen. Benediktinen komentuan sarthuz geroztik, khar handienarekin eman zen saindutasunari.

        Ez da harrek egiten ez zuen lan arrunt edo borthitzik: ala irute, ala ehaite, ala bokhata xuritze, orotarat ekharria zen. Eta holaxet akhitu ondoan, bazohan egun guziez eske, etxez etxe bere jatekoaren bilha.

 

        Senar-emazte saindu horien bizitik ikhusten dugu zer premia handitan zeraukaten komentuek esku-lana. Esku-lana bethidanik izan da hekien eginbide sainduenetarik bat, ezen Jainkoarenganat dohazi, ez xoilki othoitzaren bidez, bai-oraino beren akhit-izerdiez. Edo hobeki erraiteko, hekien esku-lanak egiazko othoitz baliosak dire. Esku-lanetako akhiduretan Jainkoarengana berdin altxatzen dire, nola othoitzean eta elizako ofizioetan, zeren-eta egiten baitituzte surnaturalki, Jesu-Kristorekin batasunean.

        Hamekagarren mendeko izkribatzaile batek dio: Komentuetan ikhusten ditugu jenderik handienak, armadetako aintzindariak, aitoronseme aberatsak, bai-eta Erregen odoleko handi-mandiak, ari direla edozoin lan arruntetan, batzu okhintzan, berzeak kozinan, asko abere-zain, gehienak laborantzan.

 

aurrekoa hurrengoa