www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Bokazionea
Jean Pierre Arbelbide
1887

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Bertsio elektroniko honen egilea: Josu Landa Ijurko.

Iturria: Bokazionea edo Jainkoaren deia, J.-P. Arbelbide. Desclée de Brouwer, 1887.

 

 

aurrekoa hurrengoa

II — KAPITULUA

 

Zer aita onak diren
komentuetako buruzagiak

 

        Azken kapitulan zerbait jadanik aiphatu izan dut buruzagiez. Bigarren kapitulu huntan ere hetaz nahi ditut bi hitz erran.

        Komentuko buruzagiari erraiten diote, ez Nausia, ez-eta Jauna, bainan Aita. Eta zertako hori? Irakasteko harren menean daudela, haurrak aita on baten menean dauden bezala.

        San Benuatek nahi du Abadea orhoit dadien kargutan emana dela, ez gehienik azpikoeri manatzeko, bainan bai hekien laguntzeko, eta bakhotxari bere behar-orduetan eztiki eta amultsuki heltzeko: Sciatque sibi oportere prodesse magis quàm praesse.

        San Frantses Saleskoak erraiten du: komentuko buruzagi batek ez du bertze xederik izan behar, baizik ere arimak perfetasunerat altxatzea. Eta nola Jesu-Kristok amodioz gomidatzen baititu perfetasunerat komentuetako arima bereziak, berdin egiazko buruzagiak amodioz eta eztitasunez aintzinarazten ditu bere menekoak. Oi! ez du zeren khexa, baldin zerbait lan edo griña emaiten badiote.

        Nork sekulan ikhusi du oilo bat samurtzen, bere xitoak hegal-pean zoin gehioka sartzen zaizkolakotz? Ez, uzten ditu xito maiteak lañoki sartzen golkhoari barna, eta tinki-tinkia beren gogora ohatzen.

        Berdin egin dezala komentuko buruzagiak. Ama on baten pare, bihotzaren barne-barnean garreia detzala bethi bere haurrak, eta geroztik ongi handiak eginen ditu.

 

        Morde Laphitz, Betharrameko misionestak erraiten du San Iñazioren bizian: Bere haurrak bezala maite zituen Iñaziok konpainiako menbro guziak, eta guziak hari zagotzin beren aitari bezala. (p. 234)

 

        Jan-Batista de la Sala dohatsuaren bizian ikhusten dugu zer amodio handia zuen bere menekoentzat. Aitoronseme aberatsa zelarik, bai-eta kalonje bezala kargu handitara altxatua zelarik, jautsi zen Fraide eskola-emailen heineraino. Hekien bizi ber-beraz bizi izan da. Jasan ditu hekien nekeak, hekien behar-orduak, hekien aphaltasun eta gabetasun guziak. Eta zertako hori? A! baitzakien buruzagi baten eginbiderik hertsiena dela bere menekoak zinez maitatzea.

 

        Egia da beraz: Komentuan dire sainduki bizitzeko laguntzarik hoberenak. Eta laguntza horien artean baliosena da buruzagien laguntza. Ezen, erran dugun bezala, Jainkoak argi bereziak emaiten diozkote buruzagieri; bai-eta askotan mirakuluzko argiak.

        Hortakotz, dio San Thomas teologoak, Obedientziazko botua da guzietarik aberatsena, berthutean aintzinatzeko.

        San Iñaziok ere Jesuisteri erraiten diote: Jarraik zaitezte buruzagien manueri, eta ordutik hain gora atxatuko zarete, non Jainkoarekin zinez bat egin baitzarete, eta nolaz hori? zuen nahikundetik buluzi zaretelakotz.

        Baldin holako amodioa badu komentuko buruzagiak bere meneko guzientzat, are handiagoa du erientzat, zaharrentzat eta haurrentzat.

        Huna zer dion San Benuatek bere Erregelan:

        «Gure eriez behar dugu atxiki artharik handiena, hala-nola egin baiginezake Jesus-berari buruz. Ezen Jesusek erran du: Eri nintzen eta ikhuskatu nauzue; eta egiaz diot, ene anaia xumeenari egin dituzkezuen ongi guziak, neroni egin derazkidazue.

        »Oi beraz gogo onez jasan detzagun eri gaixoen bizkargoikeria eta makhur guziak, ezen hortik jinen zauku zeruko saririk ederrena.

        »Abadeak har detzala bide hoberenak ez uzteko erieri deusen eskasik. Eri maite horieri eman behar zaiote egoitza berezi bat, arthazaile jeinutsu eta jarraiki bat; mainhuak ere hartuko ahal dituzte, bai-eta janari gizena. Eta nola Abadeak ez baitezazke bere eskuez egin lan horiek, ikhusi behar du heia eri-arthatzaileak jarraikitzen diren, ba edo ez, beren urratseri, ezen berzela, hekien lazakeriak bere gain lituzke.»

        Orai duela berrehun eta berrogoi bat urthe, (1645an) Frantziako Benedikanoek egin zuten biltzarre handi bat, eta huna zoin hertsiki manatu zioten Abaderi artharik handiena beren komentuko erien gainean: Baldin lazakeria zerbait agertzen badute Buruzagiek erieri buruz, izan ditezela hazkarki gaztigatuak, ezen bihotz-gabeak jasan behar du bihotzgabetasuna.

 

        Erientzat bezala, zaharrentzat ere, eta haur gazteentzat, San Benuatek bihotz berdin ona du. Huna zer dion:

        Gu baitharik eta gure jitez ixuriak gare zaharren eta haurren alderat; hori bera aski behar liteke hekien maitatzeko eta laguntzeko; bainan nahi dut Abadeak orhoit ditezen Erregelak ere hola manatzen diotela. Horrengatik laxatu eta eztitu behar dute hekientzat Erregelaren borthiztasuna, guziz janaren gainean.

 

        San Iñaziok ere amodiorik handiena irakatsi du erientzat. Huna zer irakurtzen dugun harren bizian.

        «Anaia erientzat neurri gabekoa zen haren amultsutasuna. Ez xoilki bazohan heien ikhusterat, heien arthatzerat; bainan ezin zagokelakotz bethi heiekin, heien berriak egun guziez jakiten zituen, xeheki eto egunean ardura.

        «Eritasun funtsezkorik zenean, begia bazagokan erizainen gainean, eta heien hutsik xumeenak borthizki larderiatzen eta gaztigatzen zituen.

        »Bi gizon gazte, komenturat ethorri bezain sarri, eritasunak hartu zituen. Erizaina Aita Iñaziori joan zitzaion, eriteia jadanik bethea zela, eta eri berriek hiriko ospitalerat juan beharko zutela.

        »Ez, ez, ihardetsi zion Aita Iñaziok; ez dut nahi nihorat joan diten. Jainkoarentzat mundua utzi dutenek, ez othe dute bada, gure etxian atherbe bat khausituko? Bethea balin bada eriteia, har ditzatela gure ganbarak.

        »Bertze behin, Aita eri bati manatua izan zitzaion erremedio bat kharioa, eta komentua azken sosetan zen.

        »Khario bada, khario, dio Aita Iñaziok, erremedioak behar du ekharri; guk gosea ikhusiko badugu ere, ez dut nahi gure eriak deuseren eskasian egon diten.

        »Gogoetatuak ikhusten zituenean bere eri maiteak, arhintzeko khantu eder bat adiaraziko zioten. Gogoeta hitsen kontra sineste handia zuen khantu ederretan.

        »Gau-erditan sar athera bat egiten zuen eriteian, gauzak xuxen othe ziren. Eri batek lothura bat makhurtu zukeelako arrangura bera aski zuen ohetik jeikitzeko».

 

aurrekoa hurrengoa