www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Bokazionea
Jean Pierre Arbelbide
1887

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Bertsio elektroniko honen egilea: Josu Landa Ijurko.

Iturria: Bokazionea edo Jainkoaren deia, J.-P. Arbelbide. Desclée de Brouwer, 1887.

 

 

aurrekoa hurrengoa

VII — KAPITULUA

 

Eskoletan bezala, ospitaletan ere
komentuek laguntza handiak egiten dituzte

 

        Jesu-Kristok erientzat irakatsi izan du bethi amodio berezi-berezi bat.

        Ekhartzen ziozkoten osteka eta sendotzen zituen. Bai eta bazohan bera hekien etxetaraino.

        Bere eri maiteentzat deusik ez zitzaion sobera, ez elhe onak, ez akhidurak, ez eta mirakuluak.

        Jondoni Betiri apostoluaren amagin-arreba eritzen da, helgaitzek borthizki hartzen dute. Berehala Jesus etxera joaiten zaio eta sendotzen du.

        Herodesen gortheko aintzindari bat heldu zaio, erranez: Oi Jauna, ene semea eri dut, hiltzera doha; othoi zato eta sendo zazu. Eta Jesusek: zoaz, zure semea ongi da.

        Gizon legenez oro zakhartu bat, erdi usteldua, heldu zaio oihuz: Oi Jauna, nahi baduzu, garbi nezakezu! Eta Jesus onak eskuz hunkitzen du, diolarik: Bai nahi dut, garbi zaite. Eta betbetan garbitua da.

        Lau gizonek ekhartzen diote hagetan eri ezindu bat. Jesusek erraiten dio: Xuti zaite, har zazu zure ohea eta joan zure etxera.

        Hargin batek bere lanean mesklaatzen du besoa eta eihartzen zaio. Badoha Jesusengana: Othoi, Jauna, sendo nezazu, ezen eske nabila, ezin lanean ariz. Orduan Jesusek: Heda zazu zure besoa. Eta berehala sendoturik hedatzen du.

        Soldado aintzindari batek bere muthila eri du, eta galdatzen dio Jesusi othoi sendo dezan. Hunkitua da Jesus, eta ordu berean sendotzen du muthil eria.

        Emazte bat, oro andeatua dago hamabi urthe hetan odol galtze batekin. Badoha Jesusengana, soinekoa hunkitzen dio, eta betbetan agortzen zaio bere odol ithurria.

        Gizon bat mutua eta elkhorra ekhartzen diote. Bere eskuez hunkitzen du Jesusek, ernearazten diozka beharriak eta mihia deslotzen.

        Bi itsu abiatzen zaizko oihuz: Othoi urrikal zaite gutaz! Jesus onak berehala argitzen diozkote begiak eta ikhusten dute.

        Bidera ethortzen zaizko hamar legentsu, zakharrez estaliak, eta abiatzen zaizko oihuka: Oi Jesus, gure nausia, othoi urrikal guri! Eta hamarrak sendotzen ditu.

        Horra Jesusek nola maite zituen eriak.

        Amodio horren primantza Eliza katolikoak ondorioz bildu izan du. Mendez mende, Eliza katolikoaren hedadura guzian, eriak bethi arthatuak izan dire lehiarik handienarekin.

        Hiri gehienetan eriek badituzte erregek bezain egoitza ederrak, ospitaleak. Eta oro kasik komentuar Fraide eta Seroren eskuetan dire.

        Herri ttipietan ere berdin Fraidek eta Serorek dituzte gehienik ikhusten eriak.

        Non-nahi, ala gorphutzeko ala arimako behar-orduetan, hek diozkote emaiten laguntza hoberenak.

        Jaun Aphezen ondotik, Elizako aintzindarien baimenari bethi jarraikiz, Jesus beraren ordainak dire eri gaixoeri buruz; hekien egiazko aita eta amak dire.

        Deus espanturik gabe, ixilik eta eztiki, erien ondoan iragaiten dituzte egunak eta gauak.

 

        Bethidanik hola izan da. Eliza katolikoaren lehen mendetan komentuek biltzen zituzten limosnak ospitalen altxatzeko.

        Guy, Montpelieko aintzindari Jaunak, hamabigarren mendean egin zuen Ordena berezi bat erien arthatzeko. Ordena hura zen Izpiritu-sainduaren Ordena.

        Erromako hirian berean altxatu zuen ospitale bat hain handia, non ganbera bakhotxak baitzerauzkan mila ohetan, mila eri.

        Eriez bestalde, Ospitale hortan baziren bi mila haur gazte, umazurtzak, eta guziak urririk. Noiz-ere ezkontzeko adinetara helduak baitziren, emaiten zioten bakotxari ehun luisen dotea.

        Denbora hetan beretan (1119) agertu izan zen bertze Ordena miresgarri bat. Hura zen San Lazaroen Ordena. Ordena hortako fraidek bizi guzia zeramaten eri legentsuekin edo lepradunekin.

        Legena, lepra, eritasun guzietarik ikharagarriena, ezin ikhus ere diteke. Usteltzen du gizonaren gorphutza, haragi ustelduak puskaka erortzen dire; ikhusteak berak izitzen du.

        Hortakotz, zorigaitzezko eri gaixo horiek zauden jendetarik urrun. Beren ahidek ere ez zituzten ikhusi nahi. Nonbait bizi ziren, bortuetan, basabereak bezala, debalde utziak.

        Bainan horra non agertu den Ordena berri hori, San Lazaroen Ordena. Fraidek, beren ospitalera biltzen dituzte ehunka eta milaka legentsu guziak. Gorphutz usteldu horiek besarkatzen eta arthatzen dituzte amodiorik handienarekin. Gehienak kotsutzen dire, lepraren usteldurak hartzen ditu, eta bai eriak bai Fraide arthatzaileak gaitz berarekin hiltzen dire.

        Geroztik oraino emendatuz dobazi halako Fraide eta Seroren ordenak. Pauloko San Bixintxoren kongregazioneak berak baditu hogoi eta bost mila Serora eriekin daudenak ospitaletan.

        Azken denbora hotan, mila zortzi ehun eta hogoi eta hemezortzian, agertu izan da bertze Kongregazione eder bat. Izena dute Serorek: Erromesen serora xumeak.

        Eta jadanik ospitaleak badituzte hiri gehienetan. Biltzen dituzte, hazten eta arthatzen jende xahar, jende ezindu, jende herrebes guziak.

        Eta nola uste duzu ihardokitzen dutela holako lan handiari? Ez diru-kapitalak metatuz ez, bainan bakharrik egunean eguneko limosnak etxez etxe bilduz.

        Ez dute hartzen kapitalik. Jainkoaren eskutara uzten dute ethorkizuna. Eta gogoetatu gabe geroaz, eske dabiltza egun guziez, egun hartako hazkurriaren bilha. Eta berak ez dire jatera abiatuko non ez dituzten jadanik ase beren erromes maiteak. Pobrek utzi undarretarik bizi dire.

 

        Eta bertze zonbat behar-ordutan ez dituzte komentuek laguntzen herriak eta populuak! Asko komentuek badituzte etxe bereziak itsuen altxatzeko; eta itsu gaixo hekieri irakasten diote liburutan irakurtzen. Hartzen dituzte mutuak eta mintzarazten dituzte, gu bezain trebeki eta ederki.

        Horiek egia garbiak dire, ez da hor deus espanturik.

        Jesu-Kristoz bezala, komentuez ere erran diteke ongi handiak egiten dituztela populuen artean.

 

aurrekoa hurrengoa