www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Bokazionea
Jean Pierre Arbelbide
1887

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Bertsio elektroniko honen egilea: Josu Landa Ijurko.

Iturria: Bokazionea edo Jainkoaren deia, J.-P. Arbelbide. Desclée de Brouwer, 1887.

 

 

aurrekoa hurrengoa

IX — KAPITULUA

 

Tentatuak direnentzat, zonbait hitz
altxagarri — Bi irakaspen ederrak

 

        Hitz eder hok hartzen ditut San Frantses Saleskoaren ahotik.

        «Bekhaturako tentazioneak iraun baleza ere gure bizitze guzian, ez gaitzake egin Jainkoaren desgogorako, non ez zaikun hartan laketzen eta non ez diogun kontsentitzen.

        »Jondoni Paulok denbora luzez pairatu izan zituen haragiaren tentazioneak, eta horrengatik Jainkoaren desgogorako izatetik urrun, kontrara Jainkoa lorifikatzen zuen hark hekieri buru egiteaz.

        »Handiak bide ziren San Benuatek eta San Frantsesek pairatu zituzten tentazioneak ere; batek elhorripean eta bertzeak elhurpean, bere gorphutzak, biluz gorririk, erabili izan zituzten orduan, hek iraungitzeagatik; eta tentazione hekien guziengatik, deusere ez zuten galdu Jainkoaren graziatik; kontrara, horrengatik emendatu eta aberastu zitzaien.

        »Ikhusi othe dugu egundaino ikhatz gorri multzo bat hautsez estalia zena? Hamar edo hamabi orenen buruan nihor goaten denean, ea han surik aurkhi ahal dezaken miratzera, doi-doiekoa ere nekez aurkhitzen du erdi-erdian. Bizkitartean han zen bada, aurkhitzen denaz geroz; eta hartaz berriz phitz ahal daitezke ja hilak ziren ikhatz hek guziak.

        »Gauza bera da karitateaz ere, zeina baita gure bizitze izpirituala, tentazione handien eta borthitzen erdian dirauen orduan. Ezen tentazioneak, bere atsegintza aurthikirik arimako parte beherenera, estaltzen bezala du hautsez gure arima, eta Jainkoaren amodioa ekhartzen deus gutitara; nihon ere ezen ez da ageri; gordea dago bihotzaren erdian, izpirituaren xoko-xokoan; ez du iduri ere han dela; eta ez errex harren aurkhitzea.

        »Han da bizkitartean segurki, guziak altharatuak eta nahasiak diren arren gure ariman eta gure gorphutzean, bekhatuari eta tentazioneari ez kontsentitzeko gogoa fermu daukagunaz geroz; eta atsegintzak plazer egiten dioen arren gure gizon kanpokoari, gizon barnekoari gaitzitzen zaionaz geroz; eta gure borondateari ingurutan dabilkon arren, ez da orduan barnean sarthua; hortarik ikhusten dugu holako atsegintza guk nahi gabekoa dela; eta holakoa deno ezin ditekela bekhatu.

        »Zer nahi tentazione ethor dakizun bada, eta zer nahi atsegintza dakharken berekin, zure borondatea zinki dagoena batari eta bertzeari kontsentimendua ez ematera, ez zaitezela batere althara: zeren Jainkoa ez baita batere ofentsatua.

        »Norbait flakatzen denean eta bizi denez seinale ez denean, eskua ematen diote bihotzaren gainean; eta den gutiena badabilala sentitzen diotenean, jujatzen dute oraino bizi dela, eta indarrak ekhar dakiokeiela zonbait ur baliosez edo bertze erremedio onez.

        »Orobat gerthatzen da zonbait aldiz gure arima tentazionen biolentziaz flakatua eta bere indarrez osoki gabetua bezala, hatsik ez balu bezala jarria; iduri du ez duela bizitze izpiritualik, ez mobimendurik; bainan nahi badugu ezagutu zer den, emogun eskua bihotzaren gainean. Mira dezagun hea bihotzak eta borondateak baduten oraino bizitze izpiritualaren mobimendu zonbait, erran nahi ea borondateak errefusatzen duen bere kontsentimendua, tentazioneari eta atsegintzari ihes eta ukho eginez. Ezen ukho egiteko mobimendu horiek gure bihotzaren barnean dituguno, segur gare karitatearen biziak badirauela oraino gure baithan, eta Jesus-Kristo gure salbatzailea gure ariman aurkhitzen dela, gordea eta estalia dagoen arren; hain ongi non maiz eta usu othoitzaz baliatuz, eta Jainkoa baithako fidantziaz, ardiets ahal baitezazkegu gure indar guziak, eta hekiekin batean bizitze ezti eta perfet bat.»

 

        Huna orai bi irakaspen ederrak eta hunkigarriak.

        Mundutik ihesi egin-eta, san Benuat hirur urthez gorderik egon zen harpe batean. Hirur urthe horiez, oi zer othoitzak eta zer penitentziak! Eta Jainkoaren aldetik zonbat grazia!

        Bainan hirur urthe horien buruan jendeak ohartu ziren saindu bat bazela Zubiako Mendiaren harpean. San Benuaten omena bazter guzietara kolpez hedatu zen.— Ordu zen bada harren saindutasunak urrun distira zezan eta salba zetzan hainitz arima.

        Asko jende abiatu zitzaizkon ikhustera eta mintzatzera. Ala Zubiakotik, ala Erromatik, ala Italiaz haindiko bazterretarik, nondik-nahi osteka heldu zitzaizkon. Ordutik, beila toki baten iduri egin zen San Benuaten harpea.

        Bihotz-min handia zen hori gure sainduarentzat; gaitz eta lotsagarri zitzaion jendepean hola bitzitzea. Nahi zuken atxiki, orduarte bezala, San Augustinen hitz eder hau: maita zazu bakhartasuna, jendepetik egizu ihesi, beldurrez-eta zerbait behaztopa jasan dezazun zure elhetan edo zure eginbidetan.

        Ikhusten bazituen jende hek guziak, ezin bertzez eta karitatez ikhusten zituen beraz. Egin ahal guzian ixiltasunari zagon eta bakhartasunari.

        Egun batez jende ospe harrek utzi-eta, gelditu zen bakharrik. Eta horra non ifernuko etsaia lotzen zaion eta tentatzen duen. Lohikeriazko hedoi beltz zikhin batez. Goibeltzen dio bihotz guzia.

        Haur denboran Benuatek ikhusi zuen emazte bat, ez batere gutizia zarrez, bainan atseginekin.

        Etsai lohia baliatzen da gerthakari hortaz. Zer-nahi gogoeta, zer nahi gutizia, zer-nahi lizunkeria botatzen diozka gogorat eta bihotzerat. Oro nahasia, oro deboilatua da; ez dauke, su gaxto batek erretzen du; bere harpetik atheratzeko heinean da, mundurat berriz ere itzultzera doha.

        Bainan Jainkoak laguntzen du, ezen Jainkoa heltzen da bethi bere adiskide behartuari, atheratzen du hersturatik, bai-eta indar berri handiago batez bethetzen.

        Zerutik lagundua Benuatek trenkatzen ditu etsai lohiaren estekak. Buluzten da eta jauzi egiten du elhorri sasi baten barnera. Itzulikatzen da elhorrien artean. Larrutzen du gorphutz guzia, oro odoletan ezartzen du. Eta azkenean elhorri sistek hiltzen diote tentazione zarra; arima sendotzen diote gorphutzeko zauriek.

        Sekulan geroztik ez du Benuatek izan demendren lohikeriazko tentazionerik. Borroka gaxto hortan hazkarki gudukatu zelakotz, Jainkoak khendu zaizkon haragiaren jaidura zar guziak.

        Gure arimen probetxutan balia gaiten irakaspen eder hortaz. Ikhusi dugu zer indarrekin zaindu zuen San Benuatek bere garbitasuna. Athera bazen mundutik eta sarthu borthuetako bazterretan, egin zuen nahiz-eta lore eder hori gorderik eta segurtaturik eman.

        Eta bere harpean, bere harroka ziloan, zer othoitzak, zer barurak, zer jazartze borthitzak gorphutzari eta guritasun guzieri! Zertako bada? Haragiaren jaidura gaxto demendrenak zehatzeko; osoki khentzeko lehia zar eta lohitsu guziak.

        Eta hargatik phizten oraino su gaxtoa! tentazione borthitzak altxatzen oraino eta bihotz guzia nahasirik ezartzen! Hainbestetaraino non ez baitezake hirritsa zikhin hori garhait, larrutuz baizik bere gorphutza elhorri sasi baten barnean.

        Hortik ageri da hazkarrenak ere tentatuak ditezkela; bihotz garbiena bera egon behar dela ikharan, atzartasun zuhurrenak hartuz.

        Huna bigarren irakaspena.

        Uztailaren erditsutan, hamabi ehun eta hogoi eta hiruan, negu bihotzean eta gau batez, San Frantses Asiesekoa othoitzean zagon.

        Othoitzari oro emana dagolarik, agertzen zaio ifernuko etsai gaxtoa. Etsai gezurti hori gizon-gazte baten itxura ederrarekin heldu zaio. Lausenguz, aire ezti batekin erraiten dio:

        Zertako bada holako othoitz luzetan akhitzen zare? Osagarri ttipia duzu, ez bortxa zure burua. Berzela erituren zare eta denbora gabe hilen. Ez othe dakizu gaua lo egiteko emana zeraukula? Ba, sinets nezazu, ez duzu gorphutza higatu behar, indar gehiago izanen duzu arimen konbertitzeko eta salbatzeko.

        San Frantsesek berehala ezagutu zuen etsai lohiaren maltzurkeria; eta deusik ihardetsi gabe harren elhe xurieri, athera zen kuxian ganbaratik, joan zen ointhuts elhorri sasi baten ondora, eta han buluzirik jauzi egin zuen sasiaren barnera. Gorphutz guzia odoletan sarraskiturik ezarri zuen.

        Hola garhaitu zuen San Frantsesek etsai lohiaren guritasunezko tentazionea. Eta ordu berean sasi guzia bethe zen arrosa ederrez. Elhorri ondo bakhotxa lorez aphaindurik ageri zen elhurraren artetik.

        Handik zonbait urtheren buruan, San Frantses joan zen Zubiako mendira. San Benuaten harpean othoitz egin zuen lehenik, eta luzaz belhauniko egon zen hango elhorri-sasiaren ondoan, orhoituz zer tentazione borthitza garhaitu zuen San Benuatek sasi hortan.

        Ordu berean, othoitzean zagolarik san Frantses, Jainkoak egin zuen mirakulu handi bat. Sasi hortako elhorri ondo guziak arrosa ederrez bethe ziren, eta geroztik, uda ala negu, loratua dago San Benuaten elhorri-sasia.

        Urthe guziez Benedikanoek atheratzen dute arrosa horietarik usain-onezko ur balioz bat eta igortzen dute edo errege zonbaiti edo sortze handitako burdies batzueri.

 

aurrekoa hurrengoa