www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Bokazionea
Jean Pierre Arbelbide
1887

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Bertsio elektroniko honen egilea: Josu Landa Ijurko.

Iturria: Bokazionea edo Jainkoaren deia, J.-P. Arbelbide. Desclée de Brouwer, 1887.

 

 

aurrekoa hurrengoa

III — KAPITULUA

 

Jainkoak berak eman ditu
komentuetako Erregelak

 

        Jende mihi-gaxto batzuek erraiten dute, nahigabe frango jasaiten dutela komentuarrek, ala beren Erregelaren aldetik, ala beren Buruzagien aldetik.

        Eta nik diot bi gezur handi direla horiek.

        Komentuarrek Jainkoaren nahia bera dute amodioz besarkatzen Erregela sainduetan; eta Buruzagiak aita on batzu dire hekientzat.

        Ezen komentuetako Erregela sainduak ezdire gizonen eskuetarik; Jainkoak berak ditu irakasten eta moldatzen.

        Berdin, komentuetako Buruzagiak ez dire gizon xoil batzu, bainan bai Jainkoaren egiazko ordainak eta lekhukoak.

 

        San Pakome gazterik urrundu zen mundutik; eta egun batez Jesu-Kristo agertu zitzaion eta bekhoz bekho mintzatu. Huna zer gerthakariz.

        Pakome egurketa joana zen Tabeneko oihanera; lanean eta othoitzean egin-ahala ari zen; eta horra non zeruko aldetik mintzo zaion norbait. Nor othe diteke? Jesu-Kristo da, eta erraiten dio: Ene haurra, altxa zazu hemen kontentu bat, ezen jende hainitz ethorriko dire zuganat, eta zuk dituzu ene urratsetan bidatuko.

        Bainan, Jauna, dio Pakomek, nola dezazket nik bertzeak bida, ez naizenaz geroz nihoni itsu bat beizik?

        Jesus onak ihardesten dio: Ez lotsa, nihonek emanen derauzkizut Ordena berri hortako erregelak.

        Eta denbora berean aingeru bat agertzen da; ekhartzen dio Pakomeri bere Ordenaren erregela saindua, burdinezko mahi baten gainean izkribaturik.

 

        San Benuaten bizian ere ikhusten dugu Jainkoak irakatsi ziola bere Ordenako erregela. Ez bakharrik irakatsi, bainan oraino agintzarik ederrenak egin erregela hortan biziko diren jenderi.

        Zubiako mendian zen San Benuat, eta egun batez othoitzean pharatu zen Maraboteko harpetik hurbil.

        Othoitz hortan dagolarik, aingeru bat agertzen zaio, harroka baten gainean xutik. Erraiten dio: Oi Benuat, ala botheretsuak baitire zure othoitzak! Galda zaitzu nahi dituzun guziak eta ardietsiren dituzu.

        Eta sainduak: Zer galda dezakek nik, ezen aspaldian Jainko maitearen graziek gainditurik naukate.

        Aingeruak berriz:

        Holakoa denaz geroz zure bihotzeko aphaltasuna, Jainkoak hanbatenaz nahi zaitu goretsi eta altxatu.

        Huna zer agintza ederra egiten derauzun Jainko handi horrek:

        Zure erregela sainduari jarraikiko diren guziak salbatuko dire; eta erregela horrek iraunen du munduaren akhabantzaraino.

        Bestalde huna zer dion Duziako konzilioak, zortzi ehun eta hiruetanhogoi eta hamalauean:

        Izpiritu-Sainduak berak moldatu izan du Erregela hori San Benuaten eskuez: Sanctus Spiritus per B. Benedictum regutam monachorum edidit (ex Concil. Duziacensi).

        Erromako Aita-Saindu batek, Biktor hirurgarrenak, erraiten du Moise beraren heineko agertu dela San Benuat; harrek bezala Jainkoarenganik bekhoz bekho entzun eta hartu izan duela bere komentuetako legea edo erregela; eta nola Zinaiko menditik jautsi baitziren legerik baliosenak, berdin Zubiakotik eta Kazinetik jautsi direla Erregelarik hoberenak: Hoec domus est similis Sinai sacra jura ferenti, ut lex demonstrat hic quoe fut edita quondam.

 

        Hamabi ehun eta hogoi eta hirurean, San Frantses Asisakoa urrundu zen gizonen artetik, mendi batetara iragan zen eta harpe baten barnean egon berrogoi egunez, bethi barurean eta othoitzean.

        Jesu-Kristo agertu zitzaion eta berak eman ziozkan Franzizkanoen ordenako Erregela guziak.

        Berrogoi egun horien buruan, athera zen Saindua bere harpetik eta mendiari behera jautsi. Bere laguneri irakatsi zioten zer Erregela miresgarria igortzen zioten Jainkoak berak. Bainan hok arranguratu ziren, baizik-eta borthitzegi zela Erregela hori, ez zutela indarrik aski eginbide hoin hertsieri jarraikitzeko.

        Oraino ere San Frantses bere harperat iragan zen eta bethi bezala othoitzean eta barurean pharatu. Eta bigarren aldian agertu zitzaion Jesu-Kristo; berriz ere hitzez hitz Erregela bera eman zion.

        Eta nola San Frantses ez baitzen menditik jausten, dizipuluak joan zitzaizkon harperaino eta errekeritu zuten othoi ezti zezan Erregela.

        Bainan Jesu-Kristo bera agertu zen hedoi baten gainean, eta ihardetsi zioten:

        Ni naiz Erregela horren egilea. Badakit nolakoak diren gizonaren indarrak, badakit noraino hel ditezken. Ene laguntzarekin batean edozoinek badu indarrik aski Erregela huni jarraikitzeko. Nahi dut beraz onets dezazuen dena den, eta baldin ez baduzue zuek indarrik aski, ordainak igorriko ditut, eta hek gogo onez besarkatuko dute.

        Geroztik San Frantsesek erraiten ohi zuen:

        Gure Erregela sainduan ez dut deus ni baitharik ezarri; guziak hitzez hitz hartu ditut Jainkoak eman bezala.

        Egun batez Jesus-Jauna agertu zitzaion santa Brigitari eta erran zion:

        Frantsesen Erregelan hitz bat ez da gizonarenik; oro Jainkoarenganik heldu dire.

        Gizon jakintsun eta guziz argitu batzuek, Bolandistek diote:

        «San Iñazio Loiolakoak, konbertitu bezain sarri, izan zuen zerutik bere ordenako Erregelaren ezagutza eta xehetasun guzia.» Huna zer gerthatu zen.

        Mundutik berriki urrundua, Iñazio joana zen Loiolatik ihesi eta Manrezan zagon, Santa Luziako ospitalean. Harren ganbara kaperari datxikola zen eta leiho batetik ikhusten ahal zuen barne guzia.

        Ebiakoitz batez othoitzean zagon, tarbenakleari buruz. Emeki-emeki arima gorphutzetik deslothu zitzaion eta zeruetan gora altxatu. Gorphutzak iduri zuen hila: foltsutik ezagutu zuten bizi zela oraino. Holaxet geldi-geldia egon zen zortzi egunez, arima Jainkoarekin bekhoz bekho zagolarik.

        Buruz buru xoragarri hortan Jesus onak argi nasaiak eman zaizkon Jesuisten Erregela sainduaren gainean. Ai orduan errexki ahantzi zituen bere nahigabeak eta nekeak, ezen Manrezerat ethorria zen eritasun dorphe bat jasanik, bere ontasun eta ohore guzieri ukho eginik, bere Eskual-herri maitea utzirik. Bainan ordainez zer atsegin handia emaiten dion orai Jainkoak! Ethorkizuneko athe ederrak idekitzen diozka eta erraiten dio, lehenago Abraham patriarkari bezala: Habil aintzina gogo onez, hire haurrak emendatuko dituk zeruko izarrak bezala eta itsasoko hariñak bezala, ezen gizon bihotzdunak andanaka jarraiki nahiko dituk hire ordenako Erregela sainduari.

        Iñazio atzarri zenean garaitikako amets hortarik, abiatu zen ezti-eztia erraiten: Oi Jesus! oi Jesus!

        Bertze aldi batez, Iñazio Erromarat ari zen, oinez eta egunean eguneko ogia eskatuz.

        Bidean dohalarik, botz batek erraiten dio zerutik, sar dadiela Estorkako elizan. Sarthu deneko, argi eder batek inguratzen du, eta argi distirant hortan Trinitate adoragarria agertzen zaio! Emaiten diozkote Hirur Presunek xehetasunik baliosenak bere ordenako Erregelaren gainean.

        Hortakotz erraiten zuen Erromako Aita-Saindu Paulo hirurgarrenak: Jesusen konpainia ez da gizonen obra, Jainkoaren obra da.

 

        Xehetasun horietarik ageri da Jainko onak berak moldatzen dituela komentuetako Erregelak.

        Erregela saindu horieri jarraikitzea, ez da beraz gizonen peko jartzea, bainan bai Jainko handiaren peko.

        Komentuarrek Jainkoa dute nausi eta nihor ez bertzerik, ezen Jainkoa bera ikhusten dute Erregelako urrats guzietan.

        Zer diteke bada hain ederrik nola baita Jainko handiaren esku-pean bizitzea?

 

aurrekoa hurrengoa