www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Bokazionea
Jean Pierre Arbelbide
1887

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Bertsio elektroniko honen egilea: Josu Landa Ijurko.

Iturria: Bokazionea edo Jainkoaren deia, J.-P. Arbelbide. Desclée de Brouwer, 1887.

 

 

aurrekoa hurrengoa

II — KAPITULUA

 

Bokazionea ezagut dezakegu:
1° Othoitzaren bidez;
2° Gogoeta funtsezkoetan sarthuz

 

        Bokazionea ezagut dezakegu Othoitzaren bidez.

        Huna zer dioten liburu sainduek: Iduri zaio askotan gizonari holako bidea zuzena dela, bainan azkenekotz bide horrek itzuli gaxtoa hartzen du, eta salbatu behar orde, galtzen gaitu. Jainkoak ditu bakharrik xuxen bidatzen gizonaren urratsak, eta hura gabe nihork ez dezake berak ezagut bere bokazionea.

        Hortik, nork ere nahi baitu bere bokazionea ezagutu, egin dezala othoitz. Galda dezala Jainkoari, eta ez bara oihu egitetik, argitua izan arte eta bokazionean jarri arte.

        Dabidek erraiten zion Jainko maiteari: othoi Jauna, irakats dizadazu zu baitharako bidea, ene bokazionea.

        Eta Jainkoak bere aldetik hitzeman du onetsiko duela gure galdea. Berak hitzez hitz erraiten derauku: Irakatsiko derauzuet bide ona eta zuzena, bai-eta nere aingeruak igorriko derauzkitzuet, eta manatuko diotet lagunt zaitzatela, eta errexki salbaturen zarete.

        Eta gero, ezagutuz geroztik bokazione egiazko hori, oi zer atsegina! Orduan da bihotza deskantsatzen, orduan gabiltza berthutean errexki eta handizki. Dabidek zion: Oi Jauna, zuk argituz geroztik, ez nauke atseginez eta bozkarioz; orai gogotik leihatuko naiz, orai hegaldaka aintzinatuko naiz zure amodio sainduan.

        Ba othoitzaz jokha gaiten, eta Jainkoak ezagutaraziko derauku gure bokazionea. Eta gure bokazionean jarriz geroztik, gauden deskantsu. Jainkoak zainduko gaitu gerthakari gaxtoetarik, argituko ditu gure ilhunbeak eta sendotuko gure bihotzminak, eskutik ibiliko gaitu ama batek bere haurra ibiltzen duen bezala; eta azkenean helaraziko gaitu gure bethiereko egoitzarat, zeruko egoitza dohatsurat.

        San Luis Gonzagakoa, gazte-gazterik lothu zen othoitzari nahiz-eta jakin zer bokazione hartu behar zuen.

        Usu zohan mahin sainduetara eta Jesusi komunionean galdegiten ziozkan bere argiak.

        Noiz-nahi belhauniko zagon Ama-Birjinaren aldare aintzinean, galdeka, oro sutan, errekerituz argi zezan.

        Xede hortara barur egiten zuen larunbat guziez.

        Horien buruan huna zer gerthatu zen. Agorrileko Andredena-Maria egunean, komuniatu-eta, galdegiten dio Izpiritu Sainduari, Ama-Birjinaren arartekotasunaz, irakats dezaion garbiki zer bokazione hartu behar duen. Eta hain goraki mintzatzen zaio ordu-berean Izpiritu Saindua, non ezbaitzaio gelditzen demendren beldurrik. Iguzki bethean bezala ikhusten du Jesuista egin behar dela. Eta berehala hartzen ditu Jesuistenganat joaiteko urratsak.

        Othoitzak lagunduko gaitu, ez xoilki ikhusteko eta ezagutzeko zoin den gure bokazionea, bainan oraino heltzeko bokazione hortarat. Ez da aski jakitea Jainkoak zer nahi duen gutarik, bestalde behar gitzaizko jarraiki. Sainduek hortan emaiten derauzkute irakaspen ederrak. Huna irakaspen horietarik bat.

        Santa Beronika Merkatolekoa, gazte-gaztea zelarik, primadera goiz batez loreketa zabilan bere etxeko baratzean. Eta horra non Jesus-Jainkoa agertzen zaion, diolarik: ni naiz egiazko lorea, bil nezazu eta atxik zuretzat.

        Hitz horiez bere bokazionea irakatsi zion. Eta ordutik Jesus maitearentzat ziren Beronikaren amets guziak.

        Handik laster galdu zuen bere ama. Ama hura osoki Jainkotiarra zen. Nola bost alaba baitzituen, erran zioten hiltzearekin:

        Dotetzat emaiten derauzuet bakhotxari Jesusen zaurietarik bat; eta zuri, Beronika, emaiten derauzut bereziki Bihotz-sakratuaren zauria. Oi maita zaitzue Jesusen zauri adoragarriak!

        Geroztik are gehiago sutan jarri zen Beronika; mundutik urrun, komentuan gorderik nahi zuken Jesusendako bizi.

        Bere aitari usu aiphatzen zion; bainan hau ezin deslot alaba maite horrenganik! Erraiten zion: Ene haurra emanen derauzkitzut nahiko dituzun guziak, oro zure gogora eginen ditut; xoilki ez aipha niri komenturat joaiterik.

        Aita hori aberatsa zen. Bazituen bertze bospasei haur eta hainitz sehi, eta guzieri debekatu zioten deusik erraitea komentuaz Beronikaren aintzinean. Eta bestalde hiriko gazteria biltzen zuen etxera, egiten zituen phesta handiak, emaiten zernahi dantza eta bazkari; agian holaxet barheiatuko zela Beronikaren gogoa eta hartuko zuela ezkontzeko zerbait bide.

        Arte hortan haur gaixoa Jainkoari zagon: othoitzak, barurak, komunioneak, bederatziurrunak, zer-nahi egiten zuen. Ama-Birjina ararteko, gau eta egun oihuz zagon Jesusen Bihotz sakratuari.

        Egun batez Aitak erraiten dio: Ez zaitut ezkontzera bortxatu nahi zure gogoaren kontra; bainan bederen zaude enekin, zor diozun bezala zure Aitari.

        Eta Beronikak: Ene Aita zare bai, eta bihotzez maite zaitut; bainan Jainkoa ez othe da ene lehenbiziko aita? Othoi, zuk eta nik Jainkoaren nahia onets dezagun. Ez dugu bertze salbatzeko biderik. Jesusek beretzat hartu nau; nihork ez dezake ebats Jainkoak hautetsi duen bihotza.

        Orduan eztitzen da Aita hori, gogoa ematzen eta guritzen zaio. Nigarrez erraiten dio bere alabari:

        Egia diozu, zuk eta nik Jainkoa dugu nausi. Hautatu zaituenaz geroztik, zoazi jarraik zaizkio gogo onez.

        Eta berehala Beronikak hartzen ditu komenturateko urratsak.

        Bainan, zonbait egunen buruan, Aitari urrikitzen zaio; berriz ere alaba egoiterat bortxatzen du; eta huna nola jokhatzen den, haur gaixo horren aldarazteko eta bere xedetik makhurtzeko.

        Ustez-eta tokiz aldaratzearekin, bokazionea airatuko zaion, igortzen du oseba batenganat.

        Han eritzen da haur hori, emeki-emeki hiltzera doha; eta medikuek diote ez dela harren eritasuna ardurako gaitzetarik, bertze zerbait minek diotela kalte egiten.

        Ai orduan Aita izitzen da, ikhusten du Jainkoaren gaztigua dela hor. Themak eta dudamudak utzrnk emaiten dio alabari bere baimena.

        Aitaren baimena entzun dueneko, Beronika mirakuluz sendotzen da eta sartzen komentuan.

 

aurrekoa hurrengoa