www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Bokazionea
Jean Pierre Arbelbide
1887

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Bertsio elektroniko honen egilea: Josu Landa Ijurko.

Iturria: Bokazionea edo Jainkoaren deia, J.-P. Arbelbide. Desclée de Brouwer, 1887.

 

 

aurrekoa hurrengoa

I — KAPITULUA

 

Perfetasuna zer den

 

        Zer da arimako perfetasuna? Arimako perfetasuna, hainitzek aiphatzen dute, eta gutiek dakite zer den.

        Perfetasuna ez dago sail bakhar batean. Nola baitire zeruan asko egoitza sainduentzat, berdin badire asko mail eta izari perfetasunean girixtinoentzat.

        Salbatzekotz, baitezpada atxiki behar diren urratsak, zoin dire? Hek dire Jainkoaren eta Elizaren manamenduak eta gure estatuko eginbideak. Horiek gabe ez gaitezke zerurat hel.

        Baitezpadako urrats horietaz bestalde egiten ditugun entseguak, perfetasunezko entseguak dire.

        Eman dezagun zonbait xehetasun. Atxikiak gare igande oroz mezaren entzutera; eta zuk entzuten duzu; bainan oraino asteleunetan ere jarraikitzen zare; horra perfetasunezko urrats bat.— Atxikiak gare komuniatzerat urthean behin, Phazkoz; eta zuk egiten dituzu xuxen Phazkoak. Bainan oraino hurbiltzen zare Eguberriz; bigarren komunione hori duzu perfetasunezko urrats bat.— Atxikiak gare lagunari heltzera bere behar-orduetan. Eta zu heltzen zaizko, ez xoilki behar-orduetan, bainan bestalde ere bai; eta hori duzu perfetasunezko urrats bat.

        Hargatik, perfetasuna ez dago hein hortan, ez da hoin aphal baratzen. Erran othe diteke perfeta dela halako edo holako gizona, entzuten dituelakotz zonbait meza asteleunetan, egiten dituelakotz zonbait komunione urthean, emaiten dituelakotz zonbait laguntza jende beharreri? Ez. Horiek oro entsegu ttipiak dire. Handiagorik nahi du egiazko perfetasunak.

        Non diteke bada perfetasuna? Izaiteko perfet, behar othe da heldu Sainduak bezain gora? Behar othe da heldu San Bernaten edo santa Theresaren edo bertze asko sainduen heinera? Ez. Eta huna zertako.

        Egiazko perfetasuna dago Jainkoaren alderako amodioan. Jainkoa zinez maite baduzu, perfetasunezko bidean zare; eta zonbatenaz baituzu ausarkiago maite, hanbatenaz zare perfet.

        Jainkoari buruz dabiltzazu zure harat-hunatak, ala gogoetak, ala gutiziak, ala elheak, ala lanak. Eta non-ere ikhusten baituzu Jainkoa izanen dela gehienik goretsia, harat lehiatzen zare. Eta bide hortan sakrifizioak ez zaitu lotsatzen. Beharrik ere bortxamen asko egin zure buruari, beharrik ere jasan asko nahigabe, eder eta gozo zautzu, zeren maite duzun zure Jainkoa. Oi dohatsu zarela zu! Zu zare egiazki saindutasunezko eta perfetasunezko bidean.

        Izpiritu sainduak berak erraiten du: Jainkoa oro amodio da; eta amodioan dagoena, Jainkoaren baithan dago, eta Jainkoa harren baithan.

        Horra zer den perfetasuna, Jainkoaren zinez maitatzea. Eta bestalde behar du arima perfetak laguna ere maitatu Jainkoarengatik. Ezen, dio bethi Izpiritu Sainduak, Jainkoa maite duenak, maita beza bere anaia ere.

        Edozoin estatutan maita dezakegu Jainkoa. Beraz nor-nahi izan diteke perfet eta saindu. Ala laboraria, ala soldadoa, ala tratularia, ala erromesa, ala aberatsa, guziak hel ditezke perfetasunerat, guziek dutenaz geroztik Jainkoaren maitatzeko ahala. Eta egiaz badire hainitz munduan sainduki bizi direnak, Jainkoa zinez maite dutenak; hitz batez perfetasunezko bidean dabiltzanak.

        Bainan ohart huni. Gaitz eta neke da munduan perfetasunera heltzea eta Jainkoaren egiazki maitatzea. Munduan bide gehienak zabal-zabala idekiak dire atsegineri, ontasun-goseari eta urguluari. Izpiritu Sainduaren errana da. Hortik ez da munduan errex Jainkoaren maitatzea. Munduan atsegin-gutiziak nor ez du lizunkerietarat aurthikitzen? ontasun-goseak nor ez du abarizioari estekatzen? urguluak nor ez du izariz goiti hanpatzen eta nahasten? Ez, munduan ez da errex perfet izaitea, ez da errex Jainkoaren zinez maitatzea.

        Nor dire beraz perfetasunean trebeki aintzinatzen direnak? Huna nor diren. Beren bihotzetik khentzen dituztenak hirur traba galgarri: atsegin zarren traba, garbitasunezko botua eginez; ontasun gosearen traba, probeziazko botua eginez; urguluraren traba, obedientziazko botua ginez.

        Nola mundutiarrak galtzen baitire hirur izurrite gaxtoz: lizunkeriaz, abarizioaz eta urguluaz; hala-hala Jainkotiarrak perfetasunerat heltzen dire hirur bothu eder horiez: garbitasunaz, pobreziaz eta obedientziaz.

        Hirur botu horiek dire komentuen egiazko zimenduak eta asentuak. Botu horietarik heldu da komentuek baitute bizimolde bat berezia, hautatua, bertzez goragokua. Botu horieri esker, komentuetako ala gizon ala emaztekien estatua, deithua da perfetasunezko estatua, saindutasunezko estatua.

        Horrek ez du ez erran nahi, aski dela komentuan hirur botuak egitea, izaiteko saindu. Ez. Erran nahi du xoilki botu horien bidez sartzen dela perfetasuneko sailik hoberenean. Erran nahi du, estatu eder hortan ez dela bertze lanik, baizik ere saindutasunean bethi eta gorago altxatzea.

        San Frantses Saleskoak gauza bera dio: «Karitate xoilak ezartzen gaitu eta ibentzen edo plazatzen perfekzionean; bainan obedientzia, kastitatea eta pobretasuna dire harren ardiesteko bide handiak. Ezen obedientziak kontsekratzen dio Jainkoari gure bihotza, harren maitatzeko eta zerbitzatzeko; kastitateak gure gorphutza, eta pobretasunak gure dirua.» Philotea, Haranederrek eskuarat itzulia.

 

aurrekoa hurrengoa