www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Bokazionea
Jean Pierre Arbelbide
1887

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Bertsio elektroniko honen egilea: Josu Landa Ijurko.

Iturria: Bokazionea edo Jainkoaren deia, J.-P. Arbelbide. Desclée de Brouwer, 1887.

 

 

aurrekoa hurrengoa

VI — KAPITULUA

 

Garbitasun saindua

 

        Ikhusiko dugu; 1° birjinitateak aingeruez gorago altxatzen gaituela, eta Jesus-Jainkoaren espos egiten; 2° Zer premia handira atxiki duen bethi Eliza Katolikoak birjinitate saindua, eta nola zeruan ere birjinitateak baduen sari berezia; 3° Tentazionez ez dela behar lotsatu; tentatuak direnentzat zonbait hitz altxagarri.

 

        1° Birjinitateak aingeruez gorago altxatzen gaitu.

        Jondoni Paulok erraiten zioten Thesalonikarrei.

        Jainkoaren nahia da izan zaitezten saindu, eta hortarakotz begira zaitezten lohikeria guzietarik, eta batbederak garbi atxik dezan bere gorphutza, ezen helduko gare zerurat, ez lizunkeriaz bainan xahutasunaz.

        Birjinitate garbi ederrak deslotzen gaitu estekamendu aphal eta ahalgegarri guzietarik. Trenkatzen ditu haragizko trabak, gora altxatzen gaitu, bihotzari hegalak emaiten diozka, eta oraidanik egiten gaitu zeruko aingeruen iduri; Jesus beraren errana da.

        Birjinek errexki gogoan derauzkate Jainkoaren gauzak eta zeruko orhoitzapenak. Aldiz ezkonduek munduko gauzez dute gehienik asmu, hean nola kausituko dioten senharrari edo emazteari. Beraz, dio Apostoluak, bere haurra ezkontzen duenak egiten du ongi, bainan oraino hobeki ezkondu gabe begiratzen duenak.

        Hortakotz espantiturik zagon Apostolu hori bera, eta zion: oi dohatsu zuek, arima garbiak, ezen bizi zarete, ez haragiaren arabera, bainan izpirituaren arabera; orai beretik deramazue zeruko bizitze miresgarria; aingeruak bezela zabiltzate distirant eta nota-gabe.

        Bai eta, dio San Basilek, aingeruez gorago altxatzen gaitu birjinitateak. Zeren-eta Aingeruak errexki baitaude garbi, beren jitez, beren izaitez, deus gudurik gabe.

        Bainan guk ez dezakegu atxik xahutasun saindua, baizik ere entsegatuz eta bortxatuz. Noiz-nahi garhaitu behar ditugu ala munduaren enganioak, ala ifernuko etsaiaren oldarrak, ala gure bihotzeko jaidurak, ala gorphutzeko ekharritasun galgarriak.

        Aingeruentzat garbitasuna entsegurik gabeko dohaina da; aldiz gizonentzat lan handitako irabazia. Bada non ere baitire gudu eta neke gehienak, han behar dire ospe eta goratasun handiagoak. Hortik erran dezakegu garbitasunak alxatzen gaituela aingeruez ere gorago.

        Zuzenez dago beraz espantiturik Zalomon erregea, dionean: Oi zoin ederra den odol garbiko jendakia! Ospez eta distirantzaz oro jauntzirik dabila. Bai Jainkoak, bai gizonek, premia handitan deraukate. Hekien orhoitzapena ez da sekulan galduko.

 

 

        2° Birjinitateak Jesus-Jainkoaren espos egiten gaitu.

        Bihotz garbiek altxatzen dituzte begiak kreaturez gorago. Dohatzi xuxen Jesus Jainkoarenganat. Harren baithan derauzkate bildurik beren amodio eta amets guziak.

        Oi hek dute hek ongi hartu Izpiritu-Sainduaren hitz hau: Baldin mundutiar itsuak xoratzen baditu kreaturen edertasunak, zuek othoi, bihotz garbiak, ohar zaitezte bada zonbatez ederrago den Jainkoa, edertasunaren aita eta ithurburua.

        Jainkoa denaz geroztik izaite guzietarik ederrena, nola espanti ikhusteaz hainbertze birjina Jesusen amodioaz oro hartuak eta xoratuak?

        Hortakotz erraiten zuen Santa Añezek: Jesus ene Jainkoa dut hautatu, hura da bakharrik ene esposa, delakotz bada osoki xoragarria eta aingeruek ere dutelakotz miresten harren edertasuna.

        Ordainez, Jesusek ere hartzen ditu bere espos bezala arima garbiak, arima birjinak. Bai eta Jesusek maite ditu ordainezko heinetik miletan gehiago. Ezen gure bihotzetako ahal guziek zer dezakete, Jainko onak duen amodio izarigabearen aldean? Jesusen amodioak gaindituren du bethi birjina khartsuenaren amodioa.

        Eta ez xoilki Jesusek hain samurki maite ditu birjina bere esposak, bainan oraino bertze kreaturez gorago altxatzen ditu. Ezen arima birjinaz mintzo delarik, Dabidek erraiten dio Jainkoari: Erregina zure eskuinean dago, soin urhestatu batekin, asko edergailuz inguratua. Erran nahi baita Jesusen espos garbia, birjina xahu eta khartsua, hain ederki aphaindua dela bere berthuteaz nola beztitua balitz urhez eta zer-nahi aberastasunez; eta hortakotz Jainkoak bere eskuinean goresturik deraukala erregina baten pare.

        Alabainan ez diteke bertzela. Errege denaz geroztik Jesus bera, zuzen da harren esposak ere erregina dezan. Eta zonbat nahi aphaletik, zonbat nahi erromeskeriatik ethor dadien birjina bat, Jainko Erregeak Erregina ezartzen du.

 

                Jaunari bihotz garbiak

                Xoil zaizko agradatzen;

                Haren bihotz eztiak

                Tuzte bereganatzen.

                Ala baititu maitatzen

                Nota gabe direnak!

                Zerura ditu gidatzen

                Hartaz dakusatenak.

 

aurrekoa hurrengoa