www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Bokazionea
Jean Pierre Arbelbide
1887

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Bertsio elektroniko honen egilea: Josu Landa Ijurko.

Iturria: Bokazionea edo Jainkoaren deia, J.-P. Arbelbide. Desclée de Brouwer, 1887.

 

 

aurrekoa hurrengoa

VI — KAPITULUA

 

Zer den mundua

 

        Zer da mundua? Othe da, gorphutzeko begiez ikhusten dugun zeru-lurren kanpo eta eremu handia? Ez. Ezen huna zer dion Jeremias profetak: Jainkoak aphaintzen du lurra bere zuhurtziaz, eta zeruaren zabaltazuna hedatzen du bere gurbiltasunaz. Berzalde Salomonek erraiten du: Jaunaren ospeaz betheak dire haren egintzak, eta Jainko handiaren omena dute zeru-lurrek aiphatzen.

        Bertzerik da beraz mundua.

        Othe da bederen gizon eta jendekia guzien bilkhura? Ez-eta. Huna zer dion Jesu-Kristok: Hainbestetaraino Aita-eternalak maite izan du gizonen aralde guzia, non hekientzat eman baitu bere seme bakharra. Jesu-Kristo bera zerutik ethorri da gizonen salbatzeko, jendetze guziak bere odolaz erosteko.

        Ala zeru-lurrak, ala gizon guzien bilkhura, Jainkoak maite ditu beraz. Guk ere maita dezazkegu, bai eta maitatu behar ditugu.

 

        Huna zer den mundu gaxto hori.

        Bai hiri handietan, bai eta herri ttipietan, jende hanitz badire bizi direnak ez balute bezala arimarik. Hekieri, Jainkoa, zerua, ifernua, eternitatea, deusik ez zaizkote.

        Izanik ere sinestea, bizi dire ez balute bezala, oro pulunpatuak gorphutzeko atseginetan, lurreko ontasunetan, urguluzko hanpaduretan. Jende horiez erraiten zuen Dabid erregek: Bizi labur eta hilkor huntan derauzkate bihotzak aserik, eta bertze gutiziarik ezdute.

        Mundu horrek ukho egina dio Jesu-Kristori, ukho zeruari. Aski zaio jan edanetan asetzea, lohikeriazko zarkerietan gozatzea, urhe-zilharrak ausarki biltzea, ospez eta aiphamenez hanturik egoitea, bertzez gorago altxaturik nausi agertzea.

        Ez du gehiagoko ametsik. Hil ondoko ethorkizunaz ez da orhoitzen ere. Edo orhoitzen bada, uzten du laster bazterrerat; eta aintzina doha bethi bere galbidetan.

        Hortakotz dio Izpiritu Sainduak: Mundua gaizkian oro jarria dago; ai, goemazue harren maitatzetik, ezen munduari estekatzen denak galtzen du, ordu beretik, Jainkoaren amodioa.

        Mundu hori Jainkoaren egiazko etsaia da, Jesu-Kristok berak madarikatu izan du: Zorigaitz munduari bere gaitz-bideen edo eskandalengatik, zorigaitz hainitz eta hainitz arima galtzen dituelakotz.

        Halako etsaigoa da munduaren eta Jainkoaren artean, non Jesu-Kristok erraiten baiterauku nihor ez daitekela jarraik, denbora berean hari eta munduari. Batari edo bertzeari ukho egin behar da, bainan Jainkoari jarraikitzen dena helduko da bakharrik zerurat.

        Errepika dezagun beraz phertsulariarekin:

 

                Non nuke adimendua,

                Onesterat mundua?

                Urrun da segur baitut nik,

                Harren gutiziarik.

                Jainko xoila maitatzeak,

                Hari jarraikitzeak,

                Egiten dik, o gizona,

                Funtsezko zoriona.

 

aurrekoa hurrengoa