www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Bokazionea
Jean Pierre Arbelbide
1887

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Bertsio elektroniko honen egilea: Josu Landa Ijurko.

Iturria: Bokazionea edo Jainkoaren deia, J.-P. Arbelbide. Desclée de Brouwer, 1887.

 

 

aurrekoa hurrengoa

II — KAPITULUA

 

Aphez egiteko gutizia duten haur gazteak
ez direla lotsatu behar,
zerbait traba izanik ere beren bokazionean

 

        Eman dezagun aphesteko gutizia duen haur gazte bat. Jainko ona mintzatu zaio, eta huna zer bidez.

        Edo jaidura gozo batek baderama bethi harren gogoa aldaretarat; edo othoitza hainitz maite du, eta guziz maite ditu elizako ofizioak; edo jadanik herriko jaun erretorak begistatu izan du eta galdatu dio ez lukenez apheztu nahi; edo bertze asko jendek ere erran diote: Haurra, zu aphez izanen zare.

        Horiek oro Jainkoaren deiak dire, eta segur haur horrek aphezteko bokazionea badu.

        Ba bainan ez baita errex holako xede handirat heltzea!

        Eta hemen ez naiz mintzo haur horrek berak egin beharko dituen entseguez eta lanez. Duenaz geroz bokazionea, lanak ez du lotsatuko, gogo onez eginen ditu bere bi seminariotako urrats eta helbide guziak.

        Mintzo naiz bere Aita-Amenganik dituzken traba eta puxuluez.

        Aita-Ama horiek dire, edo ahal gutikoak, edo beren semea etxekotzat atxiki nahi dutenak. Batzuek eta bertzek badukete estakuru frango.

        Ahalik ez badute eta beren bizitzean guti edo gehiago hertsatuak badire, ez ditezke mentura; eskolako gastuek lotsatzen dituzte, eta erranen dute berehala beren haurrari: utz detzala holako ametsak, ez direla harren aphezteko heinean, badutela beren ezin-biziarekin lanik aski eta hura ere behar dela hekien bizi-molde berari lothu.

        Bainan eman dezagun Aita-Ama horiek ez direla horrela hertsatuak. Ongi dire, badute ontasunik aski beren familia ederki altxatzeko.

        Xoilki huna zer den: semetto hori nahi dute etxekotzat atxiki. Haurretarik gehiena da, hori da etxeko primu.

        Horra estakuru bat haur gaixo horren aphez egitetik gibelatzeko.

        Ez da azkena. Aita-Ama batzueri ez zaiote aphezgoa beren haurrarentzat aski. Nahiago dute izan dadien uxer, notari, mediku, abokat, ez dakit zer. Eta holaxet gibelatuko dute beren haurra aphez egitetik.

        Agian Jainkoak barkhatuko diote beren fede eskasa.

        Estakuru horiez eta bertze askoz, sobra burasoek damu handia egiten dute Elizari eta beren haurreri, eta berek ere arima galtzen dute.

        Jesus bazabilan hiri eta herri guzietan gaindi, hekien bilkhuretan egia irakatsiz eta Jaunaren berri ona ezagutaraziz, bai-eta gaitz ala eritasun guziak sendotuz. Eta ikhustearekin gizon oste hek, urrikaldu zen eta bihotzberatu, errebelatuak zirelakotz eta han-hemenka barheiatuak, artzainik ez duten ardiak iduri. Bere laguneri erran zioten orduan: Ai! handia da uzta, bainan ez da langile guti beizik! Othoitz zazue beraz uztaren nausia, bere uztarat igor detzan langileak, erran nahi haita aphezak.

        Jainkoak haur bati emaiten dionean aphezteko bokazionea, ez da Aitarik ez Amarik, ez-eta nihor bertzerik, gibela dezakeenik haur hori. Utzi behar da Jainkoak irakatsi bidean jarraikitzerat.

        Eta nork ere aphez-gai bat bere urratsetan lagunduko baitu, harrek eginen du obra handia, harrek emanen du ministro bat Jesu-Kristori eta salbatzaile bat asko arimeri.

        Bainan haur gaixo harrek zer eginen du, kontra baditu bere Aita-Amak? Nola helduko da bere xederat, traba horien artetik?

        Helduko da othoitz eginez, Jainkoaren baithan bermatuz, eta zer-nahi izanik bere xedean hazkar egonez. Goiz edo berant Jainkoak lagunduko du.

 

aurrekoa hurrengoa