www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Bokazionea
Jean Pierre Arbelbide
1887

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Bertsio elektroniko honen egilea: Josu Landa Ijurko.

Iturria: Bokazionea edo Jainkoaren deia, J.-P. Arbelbide. Desclée de Brouwer, 1887.

 

 

aurrekoa hurrengoa

III — KAPITULUA

 

San Domingok eta San Frantsesek
nola lagundu duten Eliza

 

        Goraxago erran dut nola hamabigarren mendean, asko errege bihurtu ziren Erromako Aita-Sainduaren kontra. Alemaniako enperadorea, Othone laugarrena; Frantziako erregea, Filipe-Auguzto; eta Angleterreko erregea, Henri bigarrena, eskomikatuak ziren; Aita-Sainduak elizatik khendu eta ideki zituen, zeren-eta asko zarkerietan gogortu eta thematu baitziren, eta hori, arbuiatuz eta ostikatuz Erromatik ethorri abisu on guziak.

        Erran dut oraino nola heretiko batzu nausitzen hasiak ziren Frantzian eta Italian, eta guziz Tolosako eskualdetan.

        Bainan Jainkoak ez du sekulan ahanzten bere Eliza saindua. Orduan ethorri zen mundurat San Frantses Asisakoa, eta harrek behar zituen sendotu gaitz horietatik gehienak.

        Egun batez othoitzean dagolarik, Jesu-Kristo berak erraiten dio: Zoaz eta altxa zazu ene etxea, ene Eliza maitea, ezen ikhusten duzu nola erortzera dohan.

        San Frantses berehala lotzen da lanari. Biltzen ditu lagunak eta erraiten diote: Jainkoak ez gaitu xoilki gure arimen salbatzeko deithu, bainan oraino bertze hainitz arimen salbatzeko.

        Goazin beraz herriz herri, eskale batzu bezala, oinekorik gabe eta piltzarrez beztiturik.

        Eta nola Jesu-Kristok mundua salbatu izan baitu kurutzeko bere oinazez, berdin guk ere arimak salbatuko ditugu gure bizitze aphal eta garratzaz.

        Ai beha zazue zer desmasiak dabiltzaten bazter guzietan urguluak eta lohikeriak. Ala erregek, ala aitoronsemek, ala jende arruntek ez dute bertze ametsik, baizik ere urgulua eta lohikeria.

        Hitz batez, oro galtzen ari dire, eta Elizak uzkailtzerat dohala iduri du.

        Guri da guri, gaitz horien sendotzea eta Elizaren laguntzea; eta hortarakotz jarraik gaitezen Jesu-Kristoren erranari: Ez dezazula izan ez urherik, ez zilharrik, ez dirurik. Bidean zabilzalarik ere, ez dezazula izan, ez soinekorik, ez oinetakorik, ez-eta makhilarik.

 

        Gau batez huna zer gerthatu zen Erromako eliza-nausian. San Domingo gau guzia egon zen Jondoni Petriren eliza hortan, eta Jainkoak igorri zion zerutikako ageraldi bat. Ikhusi zuen Jesu-Kristo, borthitz eta hasarre, gizonen gaztigatzerat abian zela.

        Harritzen da Domingo eta nigarrez hasten. Eta bertan agertzen da Andredena Maria; erraiten dio bere Seme-Jainkoari:

        Oi Jauna, othoi bekhatorez urrikail zaite; huna bi apostolu, Frantses eta Domingo, hok fedea phiztuko dute eta berriz ere hainitz arima salbatuko.

        San Domingok bere burua aise ezagutu zuen ageraldi hortan, bainan bere laguna ez zuen behinere ikhusi.

        Biharamun goizean atheratzen da elizatik, eskale bat ikhusten du; nor othe da? Da preseski San Frantses. Berehala elgar ezagutzen dute, besarka lotzen dire bata bertzeari, eta adiskide handi egiten. Luzaz badaude elgar besarkaturik eta hitzik erran gabe.

        Azkenean San Domingok emaiten diozka San Frantsesi bere ageraldiaren xehetasunak eta erraiten dio: Gauden biak adiskide eta elgar lagunt dezagun Jainkoaren maitatzen eta arimen salbatzen.

        San Frantses, gehienik jazarri zen munduko urguluari eta zarkerieri; eta San Domingo hala-hala heretikoeri eta hekien gezur gaxtoeri.

        Jainkoak berak irakatsi zion San Domingori bere bidea. Erran dut nola izan zuen Erroman zerutikako ageraldi bat; ez zen azkena, ezen handik laster bertze bat gerthatu zitzaion, berdin ederra eta aiphagarria.

        Orduan ere, lehenbiziko aldian bezala, othoitzean zagon Erromako eliza-nausian; Jondoni Petri eta Jondoni Paulo agertu zitzaizkon; Jondoni Petrik eman zion makhila bat, erraiten ziolarik: Habil bidez bide, herriz herri, eta bil Jainkoari arima errebelatuak; — Jondoni Paulok eman zion Ebanjelioko liburua, erranez: Mintza hadi, predika zak goraki Jainkoaren hitza, egiazko sinestea, sineste katolikoa.

        Tolosako eskualdetarat joan zen beraz San Domingo bere lagunekin.

        Lagun hetarik bat eskualduna zen eta garartarra, Doniane-Garazin berean sortua. Joanes nafartarra erraiten zioten. Dominikano sartu zen agorrilaren hogoi eta zortzian, hamabi ehun eta hamaseian.

        San Domingok eta harren lagunek egin-ahalak oro egin zituzten heretikoen argitzeko. Bazabiltzan herriz herri, bethi misione emaiten, bethi borrokan Eliza katolikoaren etsaiekin. Emeki-emeki gehienak bildu zituzten Elizaren galtzarrerat, eta azkenean erran ahal zuten Moisek lehenago erraiten zuena: Non dire Jainkoaren etsaiak? guziak itzali dire!

 

aurrekoa hurrengoa