www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Bokazionea
Jean Pierre Arbelbide
1887

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Bertsio elektroniko honen egilea: Josu Landa Ijurko.

Iturria: Bokazionea edo Jainkoaren deia, J.-P. Arbelbide. Desclée de Brouwer, 1887.

 

 

aurrekoa hurrengoa

I — KAPITULUA

 

Apheztesuna zer gauza handia den

 

        San Frantsesek ez zuen apheztu nahi; ez ziteken mentura.

        Izanagatik saindu handi, bere burua ttipeegi eta ezdeusegi zaukan holako karguari buruz.

        Erraiten ohi zuen, ikhusi balitu aingeru bat eta aphez bat elgarrekin, aphezari emanen zuela lehenik bere agurra, eta gero aingeruari. Zertako bada? Zeren eta apheza handiago baitzen harren begietan ezenez aingerua.

        Ez dugu zeren espanti san Frantsesen beldur eta sineste hortaz. Ezen apheztasuna hain da handi, non Jainkoa-berarenganik atheratzen baita. Ez da gizonenganik heldu, ez-eta ere aingeruenganik. Goragodanik atheraia da; Trinitate adoragarriaren baithan du apheztasunak bere ithurburua. Aita-Jainkoak emaiten du bere seme bakharrari, Jesu-Kristori; Jesu-Kristok emaiten du aphezpikueri; eta aphezpikuek emaiten dute aphezeri.

        Apheztasuna da beraz Jainkoaren ganik atheratu dohain berezi bat. Apheztasun horren bidez Jainkoak du gizoneri irakasten sinetsi behar duten egia, emaiten saindutzeko behar duten grazia.

        Jesu-Kristok erran diote aphezeri:

        Ene Aitak zerutik igorri nauen bezala gizonen salbatzeko, nik ere xede beraz igortzen zaituztet lurreko bazter guzietara. Eta nola nik, ene Aitaren seme bakharra bezala, baititut indar eta ahal guziak arimen salbatzeko, berdin zuek ere, ene aphez eta ordain bezala, izanen dituzue indar eta ahal berak.

        Zohazte beraz munduko lau hegaletarat eta gizon guzieri aipha eta errepika zazue ene Ebanjelioa.

        Nik ilhunbean erraiten darotzuetana, errazue zuek argian; eta beharrira entzuten duzuena, oihuz errazue etxe gainetan.

        Zuek argituko dituzue gizaldi eta jenerazione guziak, hala nola iguskiak zeru-lurrak argitzen baititu. Eta nork ere entzunen eta onetsiko baitzaituzte zuek, ni neroni entzunen eta onetsiko naute. Bainan zueri bihurriko dena niri jazarriko da; ene aphezak arbuiatuz ni naute arbuiatuko.

        Apheztasunaren indarra ez da hortan gelditzen. Apheztasunak hedatzen eta finkatzen du gizonen artean, ez bakharrik sinetsi behar dugun egia, ez bakharrik atxiki behar dugun legea, ez bakharrik saindutu behar gaituen grazia; bainan oraino emaiten derauku Jainkoa ber-bera. Eta nola hori? Aldareko sakramendu adoragarriaren bidez.

        Egun oroz mezako sakrifizioan, bai-eta egun bakhotxean hainitz aldiz, aphezek zerutik lurrerat jautsarazten dute Jainko gizon-egina, Jesu-Kristo. Eta bestalde komunionean, Jainko handi hori hera emaiten dute gizoneri, bere gorphutzarekin, bere odolarekin, bere arimarekin eta bere Jainkotasunarekin.

 

        Sainduen bizian irakurtzen dugu, Urzula dohatsuak zer begiz behatzen zion apheztasunari: Apheza ikhustearekin, iduri zitzaion Jainkoa bera ikhusten zuela.

        Sainda hori Italian zagon, Napleseko hirian; eta aphez batekin buru egiten zuen aldi guziez, karrika bethean izanik ere, emaiten zen belhauniko, eta non ere aphezaren oinek hunkitu baitzuten lurra, han musu egiten zuen.

        Nihonek ezagutu izan dut Eskual-Herrian familia on bat, aphezaren baithan Jesu-Kristo bera ikhusten eta maitatzen zuena. Laborari etxea zen eta apheza frango eman ditu Eliza sainduari.

        Huna zer gerthatu zen egun batez etxe hortan.

        Aita-amak bizi ziren oraino eta bazituzten zazpi haur. Orotarik gazteena aphezgai zen Seminarioetan. Ohi den bezala, ordenazionetik laster itzuli zen bere herrirat, lehen mezaren emaiteko.

        Ikhusi zutenean hurbiltzen ari, Aita-ama zaharrak, haurride guziak eta etxeko sehiak, eman ziren belhauniko athe aintzinean. Aitak erran zion. Ene haurra, emak othoi hire benedizionea familia guziari.

        Nigarrez hasi zen aphez gaztea, othoiztu zituen xuti ziten eta sar etxerat.

        Ez, ez, dio Aita zaharrak, ez gituk xutituko, ez gituk etxerat sartuko, non ez dugun lehenik izaiten hire benedizionea.

        Orduan aphez gazteak eskua altxatzen du eta nigarren artetik benedizionea emaiten diote guzieri.

        Testament zaharrak dio: Dohatsu aita-amak, baldin beren haurretarik bat edo bertze eman badute Jainkoari. Haur maite horiek dire Zioneko mendirat iragaiten eta Jerusalemeko hirian buruzagi agertzen, erran nahi baita, Jesu-Kristo bera immolatzen dutela aldare-gainetan, eta Jainkoaren hitzak irakasten dituztela Eliza sainduan: Beatus qui habet semen in Sion et domesticos in Jerusalem (Isaie).

        Sekulan agertu den Enperadore handienetarik batek erraiten zuen bere erresumako aphezpikueri: Aphezgaiak hauta zaitzue, ez xoilki jende xehearen artean, bainan oraino aitoronsemetan, ezen dohakabe litezke ene erresumako handi-mandiak, baldin Jainkoak ez balitu bere aldaretako onesten: Ut ministri altaris Dei, non solum servilis conditionis infantes, sed etiam ingenuorum filios aggregent sibique socient (Capit. Choral. Magn.)

        San Gaudenzio, Bresseko aphezpikuak, izkribatzen zioten bere diesesako aita-amei: Egia da ez duzuela zuen haurrik aphezterat bortxatzen ahal, bainan hekien bihotzak aldaretarat emeki-emeki bidatzen ahal dituzue; eta hori, zonbait elhe on erranez; irakatsiz hobe dutela Jainkoaren ministro izaitea ezenez mundupean higatzea: Debitores sunt ut moneant, ut hortentur, ut foveant, ut pignora sua Deo magis gestiant obligare quàm saeculo.

        San Augustinek ere dio: Ageri da Jainkoak emaiten duela bakhotxari bere bokazionea; bainan hargatik ez da gutiago egia, girixtino-haurrak behar direla akhulatu biderik hoberenaren hartzerat: Unusquisque proprium donum habet ex Deo; quamvis ad meliora excitandi sunt filii sanctorum.

 

aurrekoa hurrengoa