www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Bokazionea
Jean Pierre Arbelbide
1887

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Bertsio elektroniko honen egilea: Josu Landa Ijurko.

Iturria: Bokazionea edo Jainkoaren deia, J.-P. Arbelbide. Desclée de Brouwer, 1887.

 

 

aurrekoa hurrengoa

I — KAPITULUA

 

Zer ongi handiak
egiten dituzten komentuek

 

        Ikhusi dugu zer probetxuak diren komentuetan bat-bederarentzat.

        Orai ikhus dezagun komentuek nola laguntzen dituzten Eliza saindua, erresumak eta herriak.

        Zuzen da bakhotxak bere probetxua asma dezan komenturat joaitearekin, bainan ez dadiela hortan geldi, eta urrunago heda dezala bere bihotza.

        Egiazko apostolu bat izan behar da komentuar bakhotxa; behar ditu herri osoak argitu eta arima andanak salbatu.

        Hortakotz dituzte komentuek laguntza handiak emaiten populueri, ala eskoletan, ala ospitaletan, ala bertze asko behar-orduetan.

        Nahi duzu jakin komentuek zer egin duten Elizarentzat? Konparantza huntarik ikhusiko duzu.

        Jainkoak nahi duenean itsasoraino helarazi ibai eder eta aberats bat, nola jokhatzen da? Lehenik mendi gainetara igortzen ditu ihitzak, lanhoak, elhurrak, uharrak eta erauntsiak. Mendiek edaten eta iresten dituzte uri-elementa horiek. Emeki-emeki urak mendien erraietaraino jausten dire. Eta gero, metatzearen bortxaz, gainditzera dohazi, eta azkenean lur-petik jauzten dire eta lasterka badohazi erreketan behera.

        Itzuli handiak ibiltzen dituzte, herriz herri, ordokiak gizenduz eta bazter guziak aberastuz; eta noizbait itsasoraino heltzen dire.

        Hola-hola gerthatu zaiote San Benuati, San Domingori, San Frantses Asisakoari, San Iñaziori, Santa Teresari, de la Sala dohatsuari, eta bertze askori. Hekien bihotzetan Jainkoak bildu izan ditu dohainik aberatsenak eta nasaienak, hala-nola uri-elementak biltzen baititu mendi-gainetan.

        Dabitek dio: Jainkoaren mendia, mendi gizen eta goria: mons coagulatus, mons pinguis.

        Jainkoaren mendiak dire komentuen lehenbiziko egile eta asentazaile sainduak; mendi gizen eta goriak, zeruko dohain eta graziez oro betheak, oro gaindituak.

        Eta gaindidura hortarik atheratzen dire egiazko ibaiak, eta hek dute Eliza saindua bazter guzietan trebeskatzen arimen ontzeko eta salbatzeko?

        Hekien bidez jausten dire gutarterat Jainkoaren ontasun eta laguntza hoberenak: benedictio Illius quasi fluvius inundavit (Eccli. 33. 27).

        Bai hola gerthatzen da. Jainkoak hautatzen du Saindu bat eta bere dohainez aberasten; eta gero Saindu horren gaindidurarik ontzen du mundua.

        Eta nola Saindu hori ez baititeke lur huntan bizi zonbait urthez beizik, ondokoak uzten ditu. Ondoko horiek dire komentuetako Ordenak edo Elgartasunak.

        Eta mendez mende bazter guzietarat hedatzen dire; hek daukate Eliza katolikoa bozturik eta aberasturik.

 

aurrekoa hurrengoa