www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Bokazionea
Jean Pierre Arbelbide
1887

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Bertsio elektroniko honen egilea: Josu Landa Ijurko.

Iturria: Bokazionea edo Jainkoaren deia, J.-P. Arbelbide. Desclée de Brouwer, 1887.

 

 

aurrekoa hurrengoa

VIII — KAPITULUA

 

Komentuarra bere eginbide eta
urrats guzietan zuhurkiago jokatzen da

 

        Komentuan nihor ez dabila bere buruz bakharrik. Urrats guzietan, ala ttipi ala handietan, bethi baditu argitzaileak.

        Bai aintzindariek, bai lagunek so egiten diote; ez dezake demendren makhurrik egin non ez den ikhusia.

        Hori bera aski du behaztoparik ez egiteko.

        Eta gehiago dena, bere Ordena sainduko erregela hor du. Erregela hori Jainkoaz emana da eta Eliza katolikoaz onetsia. Jarraik dadila xuxen erregela horri, eta sekulan ez da bide onetik zeihartuko; zuhurtasunekin ibiliko da bethi.

        Egia da bai ez dela bethi errex uztarri saindu horren pean egoitea. Naturalezak batzuetan ez luke nahi buruzagirik ez erregelarik. Orduan barneko su gaxto batek borthizten dio bere urgulua, orduan iduri zaio bera bakharrik behar dela bere buruaren nausi eta jabe.

        Horrelako urguluari behatzen dena galduko da laster.

        Komentuan, hura da bakharrik bere eginbidetan zuhurki jokhatzen, nor ere zinez jarraikitzen baita bere buruzagieri eta bere erregela saindueri. Berzela ez diteke xuxen ibil, ez dezake bide ona luzaz atxik.

        Irakaspen huntarik ageriko da.

 

        Kasineko komentuan bazen fraide bat uzkur eta nagia. Lanak akhitzen, othoitzak eneatxen, barurak berazten, gau-erdiko jeikitzeak phorrokatzen, ai ez ziteken hola bizi.

        Komentuko harat-hunat guziak bizkarkoi eta dorphe zitzaizkon. Noiz-nahi bazohan San Benuati erraitera ez zitekela egon, athera nahi zela handik.

        San Benuatek bethi elhe onak erraiten ziozkan: Hobe zuela hola-hola egoitea, galduko zela munduan, ez zitekela salba komentuko gordeiru sainduan beizik.

        Ba bainan gure fraide khexua ezin egon. Joan behar zela eta joan hehar zela, ez zauken ixilik. Orga txarrago, kharranka handiago, bethi arrangura zen.

        Benuatek azkenean, eneatua eta fastikatua, laburzki eta finki erraiten dio: Zoazi beraz eta ez ager hunat.

        Komentutik athera deneko, ikhusten du erensugea bidearen erdi-erdian, jauzi zalapartaka gainerat heldu zaiola, ahoa zabaldurik!

        Fraidea abiatzen da deiagoraka: hel! hel! erensugeak iretsi nahi nu!

        Komentutik lasterka jiten zaio jende multxo bat. Ez dute ordean deusik ikhusten. Fraide hura bakharrik hatzemaiten dute, oro deboilatua, ikharaz erdi hila.

        Barnerat ekhartzen dute, emaiten diozkate zonbait bihotz-phitzgailu.

        Harriduratik athera denean, laster egiten du San Benuatengana, barkhamendu eskatzen dio eta zinez hitzemaiten jarraikiko dela bai komentuko lan eta neke guzieri.

        Sekulan gehiago ez zuen atheratzeko gogorik izan.

 

        Fraide gaixo hori zertako zabilan asaldura eta thirahira horietan? Zeren-eta bere buruzagiak eta bere erregela sainduak ez baitzituen maite. Maite izan balitu, jarraikiko zen hekien irakaspeneri eta ez bere jaidura makhurrari; zaphatuko zuen bere urgulua, ez zuen holako haurkeriarik eginen.

        Tobias zaharrak hiltzearekin erran zion bere seme maiteari: Jende zuhurren baithan bilha zazu bethi zure argia, ez sekulan jokha zure baitharik eta zuhauren buruz.

        Bestalde huna zer dion Izpiritu sainduak: Bere buruaren bidari bakharra nahi denak, behaztopa frango ibiliren ditu; bere baithako asmuek berek enganatuko eta galduko dute.

        Imitazioneak ere berdin: Nork bere buruaren gutiestea eta zuhurren erranari jarraikitzea, hori da jakitaterik hoberena eta baliosena.

        Ageri da hortik zer probetxu handia den komentuarrentzat, jarraikitzean beren erregela saindueri, eta aintzindarien erranerat bethi erortzean. Buruzagiak eta erregelak zinez maite badituzte, zuhurki dabiltza bethi, ez dire sekulan bide onetik zeihartzen.

        San Iñazio eskualdunak erraiten ohi zuen: Buruzagieri jarraik zaite, eta ordutik zure eginbidetan zuhur agertuko zare.

        Oi beraz, komentuan bizi zaren arima hautatua, Jainkoak zaintzen zaitu, Jesus-Jauna da zure geriza, berak argitzen eta laguntzen ditu zure harat-hunatak: Dominus custodit te. Egunaz iguzkiak ez zaitu erreko ez-eta gauaz ilhargiak; erran nahi baita Jesusek begiratuko zaituela urrats gaxto guzietarik: Dominus protectio tua, per diem sol non uret te, neque luna per noctem (Psalm. 120.)

 

aurrekoa hurrengoa