www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Bokazionea
Jean Pierre Arbelbide
1887

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Bertsio elektroniko honen egilea: Josu Landa Ijurko.

Iturria: Bokazionea edo Jainkoaren deia, J.-P. Arbelbide. Desclée de Brouwer, 1887.

 

 

aurrekoa hurrengoa

XI — KAPITULUA

 

Edozoin urratsetan ala errex
ala nekeetan bethi berdin obedi dezagun

 

        Gure izaitez ekharriak gare goxoki eta guriki bizitzera. Eta nola asko baitire bertzeak baino ere alfer eta nagiago direnak beren jitez, hek are gehiago asmatzen dute bizi laño eta eztia.

        Gutixago ala gehixago, jauspena guzientzat bortxazko urratsa da beraz. Eta oraino ez naiz hemen mintzo uzkurtasunaz beizik.

        Badugu bihotzean bertze jaidura gaxto bat, jauzkorra eta bihurria, uztarri guzien etsaia dena.

        Zoin othe da jaidura hori? Hori da urgulua.

        Urguluak berenaz ez dezake jasan deus manurik, deus estekari! Oro trenkatu eta hautsi nahi ditu. Bortxaz beizik ez da etortzen obeditzera.

        Gurikeria alde batetik, urgulua bertze aldetik, horra bi traba bethi trebeska daudenak.

        Hortik ageri da ez gaitezkela eror buruzagien nahira, baizik ere gure jaidurak garhaituz.

        Zuzenez diote bai teologoek obedientzia dela egun orotako martirioa. Bainan zer probetxuak lurrean eta zer sariak zeruan!

        Aski dugu so egitea: Phausatu nahi nuke, eta horra non obedientziak lanera manatzen nauen; ene lehenbiziko lo-khuman oro lokhartua nago, eta horra non, gauerdiko irian, izkilak elizara jautsarazten nauen; nik dakitan holako eginbidean zuhurki eta gurbilki jokhatu naiz, ene ustez egin dut egiten ahal zen bezain ongi, eta horra non ene aintzindariak ez derautan onesten: eginak oro desegin-eta, manatzen deraut berriz hastea eta bertzela jokhatzea!

        Ez othe dire horiek gaitz eta neke?

        Bai hala dire. Bainan hori da zeruko bide egiazkoa, Jesu-Kristok aiphatzen duen bide hertsia. Bide hortaz gare hurbildanik eta zinez jarraikitzen Jesu Kristori.

        Berak erraiten derauku bere buruaz: Ez naiz ez zerutik ethorri neure nahiaren egiteko, bainan bai ene Aitak manatu derauzkitan guziak bethetzeko.

        Jesu-Kristok egin du bere Aitaren nahia, ez xoilki errex eta goxo zitzaion denboran, bainan gehienik noiz-eta gaitz eta samin baizitzaion.

        Hiltzeko bezperan, azken hersturetan oro lehertua, bere atsekaben erditik oihu egin zuen: Oi ene Aita, ez bedi ene nahia egin, bainan bai zurea.

        Urrunago ere joan izan da. Ezen Jesu-Kristok obeditu izan du hiltzeraino. Kurutzeko sarraski ikharagarriak jasan ditu, nahiz eta osoki bethe bere Aitaren nahikunde guziak.

        Sainduek hemen emaiten derauzkute irakaspen ederra frango.

        San Bernatek dio: Oi zuek, herrauts beizik ez zareten kreatura ezdeusak, ikhas zazue bada aphaltzen eta obeditzen, Jainko handia bera aphaldu denaz geroztik eta gizonen azpiko jarri.

        Imitazioneak ere dio: Gauza handia da biziaren iragaitea buruzagi baten eskupean, ukho eginik gure nahiari.

        Eta Santa Teresak: Hobe da lasto izpi bat lurretik obedientziaz altxatzea, ezenez martir hiltzea gure hautuz.

        Zertako Sainduek daukate obedientzia hoin premia handitan? Zeren bide hortaz baikare gehienik deslotzen mundutik; bide hortaz baikare osoki hiltzen gure buruari; bide hortaz baikare Jainkoari net emaiten, Jesusen baithan galdurik jartzen.

        Hortakotz zion San Bernatek: Nola itzek baitzaukaten Jesus estekaturik kurutzeari, hala-hala obedientziak gauzka kurutze berari itzaturik. Kurutze horren gainean pairatzen da bai eta unatzen; ordean kurutzeak ere du bentzutu infernua eta ideki zerua; eta kurutzeak gaitu Kristorekin bat eginik ezartzen.

        Arima khartsuak galdegiten du Imitazionean; Oi Jesus, noiz bada hain barna sarthuko naiz zure baithan, eta sustatuko zure amodioaz, non ere burua arnegaturik, ez baitut deus zu beizik ezagutuko! Eta Kristok ihardesten du: Orduan xoilki, noiz ere zure burua utziko baituzu osoki obedientziaren eskutara; eta hori urrats guzietan, ala errexetan ala nekeetan.

 

aurrekoa hurrengoa