www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Bokazionea
Jean Pierre Arbelbide
1887

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Bertsio elektroniko honen egilea: Josu Landa Ijurko.

Iturria: Bokazionea edo Jainkoaren deia, J.-P. Arbelbide. Desclée de Brouwer, 1887.

 

 

aurrekoa hurrengoa

V — KAPITULUA

 

Zer probetxuak dituen Pobreziak
mundu huntako eta eternitateko

 

        Jesu-Kristok dio: Ez da nihor bi nausieri jarraikitzen ahal. Edo bat izanen du higuin eta bertzea maite, edo onetsiko du bat eta bertzea arbuiatuko.

        Hortik, ezin zerbitza dezazketzue Jainkoa eta dirua.

        Ontasunek beretzen dute gure bihotza. Ezartzen gaituzte lurrari estekaturik eta koropilaturik.

        Esteka zaite diruari eta laster ahantziko dituzu Jainkoa eta zerua. Urrunduko zare eternitatearen orhoitzapenetik; gogo guzia ehortziko duzu bizi labur eta iragankor huntan; eta zure arima, ezdeuskeria batzuetan galduko duzu.

        Badire bai uste dutenak maita ditezkela bihotz beraz, alde batetik Jainkoa, eta bertze aldetik dirua. Bainan horrelakoak itsu dire, ez dakite zer daasaten. Iduri bai askotan bide onaz eta xutik dabiltzala, eta hargatik bazterka eta behaztopaka ibilki!

        Zonbat ez ditu debruak holaxet enganatzen?

        Ai bada hauteman huni: bihotza ontasunpean daukanarentzat, ez da funtsean Jainkorik ez eternitaterik. Oro lothua bere aberastasuneri, hetan ditu amets guziak. Ibiliko ditu asko lan eta buru-hauste, bainan guziak bere ontasunentzat. Edo emendatzeko suharraz, edo dituenak gal beldurrez, bethi khexu da, bethi thiran eta sukharrean dago, ez du nihun sosegurik.

        Hortakotz erraiten zuen Jondoni Paulok:

        Aberastu nahi direnak erortzen dire debruaren saretara, behargabeko lehia gaxto hainitzetara. Gizonetarik asko hola dire galtzen, hola dire bethikotz ifernurat erortzen. Alabainan diru gosea, jaramankeria, gaitz guzien erroa da. Eta zonbat ez dire denboran fedetik zeihartu eta baztertu, bai-eta atsekabe frangoetan erori, hirritsa galgarri hortaz itsuturik?

        Pobreziari bihotzez jarraikitzen denak ez du holako galbiderik. Harrek baditu salbatzeko errextasun handienak, eta hil ondoan izanen ditu sari ederrenak.

        Egia da bai Pobrezia berenaz gauza hitsa dela. Izitzen gaitu. Ez zauku deus hain dohakaberik nola erromesa, eskalea, ontasun guzietarik buluzia eta gabetua dena.

        Ba bainan zer da usu gerthatzen?

        Behartasuna hautatzen baduzu amodioz, besarkatzen baduzu Jainkoarentzat eta arimarentzat, ai orduan ezti, eder eta thirriagarri agerturen zaizu; orduan ikhusiko duzu Pobrezia dela egiaz, bolizko dorre xoragarri eta hazkar hura, turris eburnea, zointarat iragaiten baitire girixtino bihotzdun eta indartsu gehienak.

        Hortik heldu da komentuetan jende andanak, bozkarioz jarraikitzen baitire Pobreziazko botu hertsiari; eta gabetasun hortan gozatzen baitituzte atsegin bizienak.

        Horren gainean aipha dezaket testament zaharreko gerthakunde bat:

        Samson, gizon indartsua, bazabilan egun batez mahasti batzuetan gaindi. Eta horra non agertzen zaion lehoin bat ikharagarria, orroz eta jauzika harren gainerat heldu.

        Samson ez da izitzen. Esku hutsez hartzen du lephotik basabere gaitza, aurthikitzen du, eta joka xehatzen pittika bat izan balitz bezala.

        Lan hori egin eta, Samson badoha aintzina bere bidean.

        Handik zonbait egunen buruan, bide beretik iragaiten da eta joaiten lehoin hilarengana.

        Eta zer ikhusten du? Lehoinaren ahoan erle multzo bat kokaturik, eta ezti-breska eder bat!

        Eztia hartzen du eta bere Aita-Amekin jaten.

        Pobrezia ere iduriz eta kanpoz, lehoina bezain borthitz agertzen da. Bainan bihotzez jarraikitzen zaionarentzat, ekhartzen ditu herekin eztitasun xoragarrienak. Emaiten derauzkigu probetxu aberatsenak, 1° bizi huntako, 2° eternitateko.

 

        1° Bixi huntako.— Jesu-Kristo berak hitzeman eta segurtatu diote, ala jana, ala janztura, harrentzat amodioz Pobrezian jartzen direneri.

        Huna zer erraiten dioten Ebanjelioan:

        Antsiarik edo griñarik ez izan, nondik bilduko ahal duzuen egun orotako jana. Beha zazue aireko hegastineri; hek ez dute ereiten, ez uztatzen, ez-eta selhauruetan deus biltzen; eta halarik ere zuen Aita zerukoak hazten ditu. Zuek ez othe zarete hegastin guziak baino hainitzez gehiagokoak?

        Eta zuen jaunzturaz zergatik bada zarete khexu?

        Larretako lilieri zaudezkiote begira, nola diren handitzen eta ederki aphaintzen. Ez dire bada lanean ez iruten ari.

        Eta derratzuet, Salomon handia, bere ospe guziaren erdian, ez dela izan lili horiek bezain aberaski jauntzia.

        Baldin beraz larretako belhar bat, egun xutik eta bihar laberat aurthikia dena, Jainkoak hola jaunzten badu, zonbatenaz hobeki eginen zaituzte zuek, oi sineste gutitakoak!

        Ez beraz griñarik har erranez: zer janen dugu, edo zer edanen, edo zer jauntziko? Pagonoak dire ezen horien guzien ondoan dabiltzanak. Alabainan, Jainko zuen aita onak badaki horien guzien beharretan zaretela.

        Bilha zazue beraz lehenbizikorik Jainkoaren erresuma eta harren zuhurtzia; eta horiek guziak gaindiduraz emanak izanen zerauzkizue.

 

        Bestalde erran dut liburu hunen hastapenean: Pobreziazko botua komentuan egin duenak, axola guti duela lurreko kalapitez eta ezdeuskeriez.

        Mundutarrak dabiltza ontasunen ondotik, ohoren ondotik, atseginen ondotik; bethi khexu, bethi zoin gehiagoka, sosegurik gabe.

        Komentuan ez da deus holako griñarik. Han arimek ukho egin dute munduko eskaintza eta ontasun gezurtieri.

        Komentuarren ontasunak, ohoreak, atseginak, dire Jainkoaren amodioa eta zeruko agintza ederra. Hortik kanpo ez dute bertze gutiziarik.

        Oi zer deskantsu gozoa!

        Bai egia da: Jesus kausitu duenak, hatzeman du egiazko ontasuna; eta zer diot? ai hatzeman du zorion guzietarik handiena. Harrek aurkhitu du bihotzeko sosegua; gozoki lokarturik eta oro phausaturik dago bere Jesus baithan.

        Hitz batez, Pobreziazko botuan bizi denak, gozatzen du oraidanik egiazko bakea.

 

        2° Eternitateko.— Jesu-Kristo gure Jaunak dio: dohatsu, amodioz eta bihotzez direnak erromes; eta zertako? hekiena delakotz zeruetako erresuma.

        Horrelakoek, errextasun guziak badituzte aintzinatzeko perfetasunean. Trabarik ez dute lurreko ontasunen aldetik, buluzi direnaz geroz osoki beren hautuz.

        Jainkoaren amodioa dute beren ontasun bakharra. Lurrerateko esteka guziak trenkatuak dituzte, eta geroztik zeruko alderat altxatzen ahal dire errexki eta ausarki.

        Lurreko ontasunen karga biskarrean dabilanak, badu bere bidean asko lan eta traba. Ez daiteke nekez beizik aintzina girixtino urratsetan.

        Pobreziazko botuan bizi denak ez du holako puxulurik. Errana da: Sorbaldak arhin, zangoak ere arhin. Eta nola pobreak ez baitu karga gaxtorik, erne eta zalhu dabila zeruko bide sainduan. Hortako ditu zeruan ere bertzek baino sari handiagoak gozaturen.

        Bestalde huna zer dion Ebanjelioak.

        Eta hau urruntxago ere aiphatu izan dut.

        Jondoni Betirik eta bertze apostoluek utzi zituzten munduko gauza guziak, nahiz-eta Jesusi bakharrik jarraiki. Eta orduan Jondoni Betirik erran zion:

        Jauna, guziak utzi ditugu jarraikitzeko zuri; zer bada emanen deraukuzu saritzat?

        Eta Jesu-Kristok ihardesti zioten:

        Diotzuet egiaz, noiz ere Jainko-Semea jarriko baita bere handitasunaren alkhian, zuek ere jarriko zarete hamabi alkhitan, Izraelen jujatzeko.

        Jondoni Paulok erraiten du; bakhotxak izanen du zeruan bere lanaren araberako saria; holako moldez non, entsegu gehiago egin duenak izanen baititu sari nasaienak. Eta nola, Pobreziazko botuan bizi denak egin baitu Jainkoarentzat gauza guzien sakrifizioa; Jainkoak ere ordainez ausarkiago saristaturen du bere zeru eternalean.

 

aurrekoa hurrengoa