www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Bokazionea
Jean Pierre Arbelbide
1887

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Bertsio elektroniko honen egilea: Josu Landa Ijurko.

Iturria: Bokazionea edo Jainkoaren deia, J.-P. Arbelbide. Desclée de Brouwer, 1887.

 

 

aurrekoa hurrengoa

VI — KAPITULUA

 

Eder bezain hunkigarri dela bokazione hori

 

        Orai duela sei-zazpi urthe huna zer zion Nanteseko jaun Aphezpikuak: Zonbat aldiz ez ditugu ikhusi aita-amak, fedearen hedatzeko emaiten, ez beren izerdiaz irabazi diru puxka bat, bainan lurreko guziak eta beren bizia baino ere maiteago zuten seme bat.

        Aphez gazte hori urruneko misionetarat joaiten ikhustearekin, ez zauku gogora jiten zer bihotzminak jasan dituen berak, ez-eta zer nigarrak ixuri dituzten harren aita-amek.

        Ezagutu dut ama horietarik bat; bere seme bakharrari erran zion egun batez:

        — Haur maitea, zer othe dabilak gogoan? Ez duk aspaldian elherik, ez duk gehiago irririk egiten, ilhun eta ixil hago!

        — Gogoeta handi bat badabilat gogoan, Ama.

        — Zer duk gogoeta hori?

        — Ezin erranez nago. Bainan gaindi egiten daut bihotzak; oi Ama, othoi barkha zazu zure semeari, Jainkoak nahi du egin nadien Misionest.

        — Hi Misionest? eta zertako?

        — Arimen salbatzera joaiteko, Ama.

        — Zer aldetarat, haurra? Frantzia barnerat?

        — Ez dezaket erran. Bainan ene ustez Frantziatik urrun, salbaien eta paganoen arterat.

        — Oi haurra, jende suerte horiek hainitz urrun omen dituk; aditu diat erraiten, itsaso zabala iragan hehar dela eskualde hetarat heltzeko.

        — Bai, Ama, urrun dire eskualde hek, hain urrun non, behin harat joanez geroztik, ez baita nihor gibelerat itzultzen.

        — Eta zer irabaziko duk, hain urrun joanez?

        — Irabaziko? Deusik ez, ez-eta arditik. Gehiago dena, asko nahigabe bai jasanen. Ibili beharko dut eskaleak bezala, erdi buluzirik, eta ardura gosearekin eta egarriarekin. Bainan horrela fedeaz argituko eta zerurat igorriko ditut arimak milaka, eta arima hek othoitz eginen dute zuretzat, oi ene ama ptaitea, bai-eta enetzat. Zeruan, ama, zeruan elgar ikhusiko dugu!

        Orduan amak nigarrez:

        — Zer diok, ene haurra? Badakik erromesa naizela eta alharguna; badakik hi baizik ez dudala lur huntan!... Zer-nahi izanik, Jainkoak nahi duenaz geroz, habil, ene haurra, habil harrek irakatsi bazterretarat. Bainan othoi, ene haur maitea, ez ahantz hire ama gaixoa; orhoit, Jainkoaren aintzinean, orhoit usu hire amaren nigarrez eta bihotzminaz.

 

        Zer ikhusgarri ederra, zeruko aingeruek berek miresten dutena, eta gure artean, ez aldi bat, bainan noiz-nahi gerthatzen dena! Ama batek, Jainkoaren eta arimen amodioz, emaiten bere semea, hanbat izerdi-nekeen bidez apheztasunerat helarazi duena, bere azken egunetako bizipide eta gozo guzia! ai othe diteke egitate hunkigarriagorik eta ederragorik?

        Amaren bihotzmina, bat da; eta zer erran semearen bihotzeko zauriaz?

        Semearen emaitza, amarena baino ere handiago eta dorpheago da, ezen Jainkoari emaiten ditu, ez xoilki bere burua, bainan oraino lur huntan maite dituen guziak.

        Bere aita-ama gaithoak, bere haurrideak, bere adixkideak, bere etxea, bere Eskual-Herri maitea, oro bethikotz uzten ditu.

        Itsasoari barna deraman untziaren gainetik ikhusten ditu bethikotz itzaltzen bere sor-lekhuko bazterrak eta jendeak.

        Eta orai beha zakozu, hemendik urrun, itsaso zabalaz harateko bazterretan. Nor da gizon gazte arrotz hori? Bazter hek ez ditu ezagutzen, eta bizkitartean ez da lotsa. Kurutze bat eskuan, aintzina doha beldurrik gabe, arimen ondotik.

        Eta azkenean, oi zer atsegina bere odola emaiten ahal badu Jainkoarentzat eta arimentzat!

        Beha zakozu.

        Soldado higuingarri batzuen erdian doha, burua gorarik eta begitartea arraiik. Bertze orduz Jondoni Extebek bezala, harrek ere orai erran dezake: Ikhusten ditut zeruak zabal-zabala neretzat idekiak, ikhusten dut Jesus-Jauna ene martirioaren saristatzerat jadanik abiatua! Harren ezpainak, harren begiak, irriz daude. Ezin-egona lothua du, bere odola lehenbaitlehen ixuri beharrez; eta hil-tokirat heldu deneko, belhaunikatzen da, azken othoitz bat egiten du, bere odola Jainkoari eskeintzen dio, aphaltzen du burua, ezpata kolpe batek lephoa trenkatzen dio; eta horra non den zeruan, Martir bezala bethikotz khoroaturik.

 

aurrekoa hurrengoa