www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Bokazionea
Jean Pierre Arbelbide
1887

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Bertsio elektroniko honen egilea: Josu Landa Ijurko.

Iturria: Bokazionea edo Jainkoaren deia, J.-P. Arbelbide. Desclée de Brouwer, 1887.

 

 

aurrekoa hurrengoa

VI — KAPITULUA

 

Komentuan lasterrago
bekhatutik altxatzen da

 

        Eman dezagun nor edo nor komentuan eror daitekela; bainan ez daiteke luzaz egon eroria, beharko du laster altxatu.

        Goizetik arrats bere lagunen bizi saindua oihuz ari zaio: Athera hadi bekhatu hortarik!

        Othoitzez leherra erraiten du; othoitz hetarik bakhotxa ari zaio akhuluka: Jeik hadi hortik eta konberti!

        Zonbat prediku, zonbat irakurtze on, zonbat gomitu ezti, zonbat elhe sarkhor!

        Eta bestalde, barnea erakitzen ari, kontzientzia borrokan eta ausikika, bihotzeko arrangura eta sukhar gaxto bat sistaka bethi!

        Ai! ez, ez; ez dauke bere bekhatuan, altxatuko da laster.

 

        Erraitera nohan huntarik hobeki ageriko da.

        San Benuatek hamabi komentu altxatu zituen Zubiako mendian. Usu egiten zuen hekien guzien itzulia eta bere begiez ikhusten xehetasunekin.

        Batzuen eta bertzen behar-ordueri osoki atzarria zagon. Erran ziteken Benuatez Jainkoaren hitz eder hau: Harren zuhurtzia hazkarki heltzen da buru batetik bertzera, eta guziak eztiki xuxentzen ditu.

        Hamabi komentu horietarik batean fraide bat bazen herrebesa. Xede onak bai eta jarraikitzen erregelamenduko urrats gehienetan. Ez ordean egiten meditazionerik, eta bizkitartean hortan izanki othoitz guzietarik beharren-beharrena!

        Ai khexu zen komentu hortako Abadea. Ez zakien ordean nondik loth fraide horren argitzeko eta bide onerat biltzeko.

        Bai larderiaz, bai eztitasunaz entsegatzen da; othoizten du, errekeritzen du, mehatxatzen du, gaztigatzen du, hitz batez bide guziak hartzen ditu. Eta oro alferretan.

        Fraide sorhaioa atheratzen da Elizatik meditazioneko orena ethorri bezain laster. Bertze fraideak meditazionean daudelarik, hura kanpoan kurri!

        Azkenean San Benuati aiphatzen dio aita Abadeak.

        San Benuat badoha komentu hortara; ofizioa kantatzen du bertze aita eta fraide guziekin, eta gero, kantuak ixildu direnean, hasten du meditazionea.

        Bethi bezala, horra non gure fraide lazoa badohan elizatik kanpo.

        Benuatek behatzen dio eta ikhusten du haur ttiki beltz itsusi bat soin hegitik thiraka ari zaiola kanpoko aldera.

        Orduan Abadeari eta Maurori beharrira erraiten diote, ez dutenez ikhusten nola debruak deraman elizatik kanporat? Ihardesten diote ezetz. Beraz othoitz egin dezagun, dio Benuatek, zuek ere ikhus dezazuen nik bezala.

        Othoitz egiten dute bi egunez. Eta orduan Maurok ikhusi zuen haur ttiki beltza, bainan ez Abadeak.

        Bertze egun batez, fraide hori Elizatik atheratu deneko meditazionea hastean, Benuat ere atheratzen da eta ondotik jarraikitzen zaio. Sainduak orduan hartzen du eskutik fraide errebelatua, larderiatzen du hazkarki, bai-eta zaharo batez joiten.

        Aski izan zen hori.

        Urrikitan sarthu zen fraidea, eta handik goiti nihor bezain xuxen jarraiki zen komentuko urrats guzietan, bai-eta meditazionean.

 

aurrekoa hurrengoa