www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Bokazionea
Jean Pierre Arbelbide
1887

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Bertsio elektroniko honen egilea: Josu Landa Ijurko.

Iturria: Bokazionea edo Jainkoaren deia, J.-P. Arbelbide. Desclée de Brouwer, 1887.

 

 

aurrekoa hurrengoa

V — KAPITULUA

 

Mundu huntarik beretik,
komentuarrek gozatzen dute
egiazko bakea eta zoriona

 

        Komentuarrak bere bihotza bat eginik derauka Jainko maitearekin. Axola guti du lurreko kalapitez eta ezdeuskeriez.

        Mundutiarrak ibiltzen dire ontasunen ondotik, ohoren ondotik, atseginen ondotik, bethi khexu, bethi zoin gehiagoka, sosegurik gabe.

        Komentuan ez da deus holako griñarik. Han Arimek ukho egin diote munduko eskaintza gezurtieri. Hekien ontasunak, hekien ohoreak, hekien atseginak dire Jainkoaren amodioa eta zeruko agintza ederra.

        Hortik kanpo ez dute bertze gutiziarik. Oi zer deskantsu gozoa! Bai egia da, Jesus kausitu duenak hatzeman du egiazko ontasuna; eta zer diot? Ai hatzeman du zorion guzietarik handiena. Harrek aurkhitu du bihotzeko sosegua; lokharturik eta oro phausaturik dago bere Jesusen baithan. Bere amodioaz oro sustaturik, Jesus amultsuari oihuz dago bethi, atsegin handi batekin erraiten diola:

 

                Zuri nago, Jesus maitea,

                Zu gabe ez dut bakerik;

                Ene bihotzeko gozoa

                Zu zare, Jauna, bakharrik;

                Ene nahikunde guzia

                Zuk xoilki duzu bethetzen;

                Ene barneko gutizia

                Zu baithan da asetzen.

 

        San Bernatek dio: Oi komentuko bizitze dohatsua, zoin ezti zaren eta maitagarri! Iduri duzu Jakobe patriarkaren zurubia, ezen oraidanik beretik altxatzen dituzu arimak egiazko bakerat, egiazko sosegurat, egiazko parabizu batetarat.

        Huna zer dioten Liburu-Sainduek.

        Jakobe patriarka athera zen Berzabetik; bazohan Haraneko aldetara. Iguzkia etzan-eta, gelditu zen gauaren iragaiteko, kanpoan, deus atherberik gabe; eta harri bat buru-pean ezarririk, lokhartu zen.

        Eta ikhusi zuen ametsetarik, zurubi eder bat, buru batez lurrean bermatzen zela, eta bertzeaz zerua hunkitzen zuela. Eta Jainkoaren aingeruak goiti eta beheiti zabiltzan.

        Eta zurubi gainetik Jainko handiak erran zion Jakoberi: Ni naiz Abraham zure aitaren Jainko-Jauna, eta Isaaken Jainkoa; zuri eta zure ondokoeri emanen darotzuet, lo zauden lur hori; eta zure odolekoak emendatuko dire lurreko herrautsa bezain inobre; eta hedatuko dire iguzkiaren ilkhialdetik saralderaino, eta ipharretik hegoaraino; eta lurreko jendaia guziak izanen dire zu baithan benedikatuak eta izanen naiz ni zure zaintzailea, eta zure indarra, eta zure gozakaria.

        Lotarik atzarri zenean, Jakobek erran zuen: Egiazki, toki huntan da Jauna; hau da Jainkoaren etxea eta zeruko athea.

        Jakobe patriarkaren zurubi horrek bezala komentuko bizi-moldeak ere hunkitzen du, alde batetik lurra, eta bertze aldetik zerua.

        Lurra hunkitzen du, ez mundu huni estekatzeko, bainan bai ostikatzeko eta arbuiatzeko.

        Zerua hunkitzen du, eta nola? Bere amodioaz eta gutizia khartsuez; berthute guzietan lehiatuz eta goratuz.

        Eta zeru hori, zer othe da? Othe da xoilki eternitatean gozatuko dugun zorion izarigabea?

        Ez, dio San Bernatek, goza dezakegu jadanik bertze parabizu bat, eta hura da komentuan aurkhitzen den bakea eta dohatsutasuna.

        Bake hortarat heltzeko, dohatsutasun hortarat iragaiteko, komentuarren bizimoldea da egiazko zurubia; eta mailak ditu errexak eta hazkarrak, ezen hek dire hirur botuak: garbitasuna, pobrezia eta obedientzia.

        Hortakotz, ala gizonak ala emazteak, inobreka eta elemeniaka lehiatu izan dire bethi komentueturat. Abraham patriarkaren haurrak bezala, komentuarrak ere hedatu izan dire, iguzkiaren ilkhi-aldetik sar-alderaino eta ipharretik hegoaraino. Lurreko jendaia guziak izan dire hekien baithan benedikatuak.

 

        Bestalde huna zer irakurtzen dugun Ebanjelio sainduan.

        Jandoni Betirik eta bertze apostoluek utzi zituzten munduko gauza guziak, nahiz-eta Jesusi bakharrik jarraiki.

        Eta orduan Jondoni Betirik erran zion: Jauna, guziak utzi ditugu zuri jarraikitzeko; zer bada emanen deraukuzu saritzat?

        Eta Jesu-Kristok ihardetsi zion: Diotzuet egiaz, noiz-ere Jainko-Semea jarriko baita bere handitasunaren alkhian, zuek ere jarriko zarete hamabi alkhitan, Izraelen jujatzeko.

        Eta ez xoilki zeruan gozatuko dituzue sari eta atsegin bereziak, bainan oraidanik ere zuek izanen zarete dohatsu.

        Ezen, nihor ez da, utzi dituzkenik etxea, edo anaiak, edo arrebak, edo aita, edo ama, edo haurrak, edo lurrak, nigatik eta Ebanjelioagatik, zoinari ez baitzaio bihurturen ehunetan gehiago etxe, edo anaia, edo arreba, edo aita, edo ama, edo haur, edo lur, eta hori mundu huntako bereko atsekaben erdian.

        Bai hola da komentuan: arimako eta gorphutzeko zorionak emendatzen diozkote Jesusek bere haurreri. Han dire nasaiki jausten zeruko graziak, bai-eta lurrean goza ditezken atseginetarik garbienak.

        Bihotz onez erran dezakete komentuarrek: Oi zoin ezti eta gozo den anaiak elgarrekin egoitea. Komentuko familia berri huntan ez dugu deusik galdu, ez arimako ez-eta gorphutzeko. Utzi ditugun gauzetarik hanbat eta gehiago hatzeman ditugu. Eta zinez, gu gare oraidanik ere egiazko aberatsak.

 

aurrekoa hurrengoa