www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Bokazionea
Jean Pierre Arbelbide
1887

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Bertsio elektroniko honen egilea: Josu Landa Ijurko.

Iturria: Bokazionea edo Jainkoaren deia, J.-P. Arbelbide. Desclée de Brouwer, 1887.

 

 

aurrekoa hurrengoa

VII — KAPITULUA

 

Komentuan gurbilkiago garbitzen da arima,
eta leheneko bekhatuez
penitentzla hobeki egiten

 

        Gure bekhatuen orhoitzapenak ardura lotsatzen gaitu. Zonbat nahi aldiz eta ongi kofesatuak izanik ere, bethi gogoratzen zaizkigu bekhatu horiek. Barkhatuak direlako esperantza bai, ez ordean segurtamena.

        Eta hortik asko arrangura, asko bihotz min, asko lotsamendu. Norat itzul bada? Zer egin?

        Lazdura horiek ez dire nihun hala ttipitzen nola komentuan. Eta zertako? Zeren-eta komentuan baitire penitentziazko biderik baliosenak. Urrats guziak hortara dohazi: erregela, botuak, lana, beilak, naturalezari egiten zaizkon hanbat bortxamen. Horiek oro zor-pagatze aberatsak dire.

        Hanbatenaz aberatsak non eginak baitire, ez edozoin girixtinoz bainan Jesu-Kristori kontsekratuak diren arima hautatuez.

        Munduan, hoberenek ere, ez dute bakhan beizik bihotza garbitzen. Eta komentuan egun orotako lana da. Hortik beretik ikhus zazu zer probetxu handiak diren komentuko arimentzat.

 

        Egun batez San Iñaziori joaiten zaio bere komentuko fraide bat, baizik-eta eneatua dela, garratzegi zaiola Jesuizten bizia, ez dagokela gehiago, nahi dela atheratu eta mundurat itzuli.

        Iñaziok hasperen bat egiten du, begithartea goilbeltzen zaio, eta eztiki bainan minki erralten dio:

        Nahi zare beraz komentutik atheratu! Eta gero, nola eginen duzu zure bekhatuez penitentzia?

        Ene Aita, dio fraideak, munduan ere galda dezaket ene bekhatuez barkhamendu.

        Bai egia da, ihardesten du Iñaziok, hori egin dezakezu; bainan ez baitire hortarakotz indar berak munduan eta komentuan!... Othoi behar dautazu gauza bat hitzeman.

        Bai, ene Aita, nahi dituzun guziak hitzemanen darozkitzut, salbu komentuan egoitea.

        Ez, anaia maitea, ez zaitut komentuan bortxaz atxiki nahi. Huna xoilki zer nahi dutan.

        Gaur, lehenbiziko loaren ondotik, zure ohean phara zaite agonian bazine bezala; alde batetik beha zazu zure bekhatueri eta bertze aldetik ifernuari; entzunazu zer arrasta lazgarria aurthiki behar dauzun Juje soberanoak. Gero zu baithan ibilazu gogoeta hau: Hartan banintz, nola nahi nuke penitentzia eginik, komentuan ala munduan?

        Galde horri ihardetsi-eta, ikhusiko duzu zer dukezun hobe, egonik ala atheraturik.

        Gau hartan Iñaziok lo guti egin zuen; denborarik gehiena othoitzean iragan zuen bere fraide maitearen onetan.

        Biharamunean badohako ikhustera eta galdatzen dio:

        Zer diozu beraz, anaia maitea? uzten othe gaituzu?

        Oi, ene Aita, ez, ez, sekulan ez zaitut utziko. Nahi dut komentuan bizi eta komentuan hil; eta zurekin ez banintz, othoitz zindezaket zureganat othoi har nezazun. Ezen gau huntan Jainkoaren deiak harritu nu, ikhusten dut orai, ez dezakedala komentuan beizik egin ene bekhatuen araberako penitentzia.

        Mintzo delarik, nigarrez hipaka dago. San Iñazioren oinetara erortzen da, othoizten du barkha detzon leheneko lazotasun guziak. Hitzemaiten dio hartuko duela bertze urratsik eta jarraikiko dela zinez bere Bokazione sainduaren araberako eginbidetan.

 

        San Anselme handiak bazuen adiskide min bat. Hura zen Aita Ozbert, komentu berean harrekin Benedikano zagona.

        Bere bizian goiti-behera frango ibiliak zituen. Bathaioko sakramendua bera ez zuen izan berant beizik, hogoi urthetako inguruan.

        Zerbait ere gisaz Jainkoak azkenean bereganat bildu zuen, eta konbertituz geroztik bizi zen komentuan nihor bezain khartsuki.

        Horiek hola, hiltzerat jiten da. Hil ondoan agertzen zaio Anselmeri eta erraiten dio: Ene adiskidea, zeru ederrean aurkhitzen naiz, eta huna zeri esker.

        Jainkoaren jujamenduan ifernuko etsaia oldartu zaut, baizik eta bekhatu hainitz egin dudala, ala bathaiatua izan baino len, ala geroztik komenturat sarthu aintzinean, bai-eta komentuan berean.

        Ai orduan zer ikhara, zer lazdura! Jujamendutik ihesi egin nahi, eta ezin egin!

        Bainan ene Aingeru begiraleak ihardetsi dio etsaiari. Erran dio: 1° bathaioko sakramenduak barkhatu zituela osoki ene gazte denborako bekhatuak; 2° komentuko ene bizitze khartsuak garbitu zituela geroztikako ene huts guziak, zeren-eta komentuko bizitzeak bathaioa iduri baitu.

        Hortik ageri da zoin errexki eta segurki egin diteken penitentzia komentuan.

 

aurrekoa hurrengoa