www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Bokazionea
Jean Pierre Arbelbide
1887

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Bertsio elektroniko honen egilea: Josu Landa Ijurko.

Iturria: Bokazionea edo Jainkoaren deia, J.-P. Arbelbide. Desclée de Brouwer, 1887.

 

 

aurrekoa hurrengoa

II — KAPITULUA

 

Benedikanoek nola lagundu duten
Eliza saindua

 

        Europako eskualdetan Eliza katolikoak asko nahigabe jasan ditu, bainan borthitzenak gerthatu dire seigarren mendean, hamabigarrenean, eta hamaseigarrenean.

        1° Seigarren mendean, jende basa eta pagano batzuek hondatu zituzten bazter guziak. San Benuatek konbertitu eta girixtinotu izan ditu jende pagano horiek.

        2° Hamabigarren mendean asko Errege bihurtu ziren Aita-Sainduaren kontra, eta bestalde Albigeois heretikoak nausitzen ari ziren Frantzian eta Italian. San Domingok eta San Frantses Asisakoak bide onerat bildu dituzte arima errebelatu horiek.

        3° Hamaseigarren mendean protestantek jendaia osoak galtzen ari zituzten. Hekien kontra altxatu ziren San Iñazio eta Santa Teresa; Jesuistek eta Karmelitek bentzutu izan dute protestanten errabia.

        Ikhus dezagun beraz zer egin duten Elizarentzat, lehenik Benedikanoek, gero Dominikanoek eta Franzizkanoek, eta azkenean Jesuistek eta Karmelitek.

        Huna zer egin duten Benedikanoek. Mende guzietan zarrenak eta borthitzenak izan dire bosgarren eta seigarren mendeak. Ezen herstura handian zen orduan Europa.

        Alde batetik Erroma zaharra erortzen ari. Lehenago hegalak hazkar zituen eta urrun hedatzen, nausi zen bazter guzietan. Bainan orai ez zen berdin, orai puskaka erortzen ari zen alde orotarik, orai leizerat uzkailirik zagon.

        Bertze aldetik, jende sineste-gabeak, nonbaitikako jende basa eta pagano batzu heldu dire osteka eta metaka. Ipharreko bazterretarik hedatzen dire, itsasoa iduri. Phorroskatzen eta ezeztatzen dituzte harmadak, hiriak, traba suerte guziak. Italia, Frantzia, Alemania, Espainia, bazterrak oro xahutzen ari dituzte.

        Jende basa hek dire Bisigotak, Suebeak, Bandaleak, Agotak, eta bertze asko.

        Europak ez zuen behinere holako desmasiarik ikhusi. Eta hori zen San Benuaten mendea! Orduan zituen altxatu bere komentuak, ala Zubiakon ala Kazine mendian!

        Huna zer dion Jainkoak denbora hetaz liburu sakratuetan:

        «Beha zazue eta harrituko zarete, ezik gerthatuko da gaitz bat ezin sinetsia. Horra non altxaraziko ditudan jendaki borthitz eta zalhuak. Bertzeren etxez eta ontasunez jabetuko dire. Hekien zaldiak, lehoinak baino ere hazkar eta arhin, jauzika dabiltza. Arranoek jatera laster egiten duten bezala, hek ere hegaldaka dohazi. Kolpe beraz heltzen dire bazter guzietara eta oro xahutzen dituzte. Trufaka kalitzen dituzte errege hazkarrenak, eta burdinez estekaturik multzoka eremaiten jende osteak».

        Eta buru egiteko ibaia borthitz horri, ez ageri nihun deus balio duen indarrik; guziak beldur; erresumako buruzagiak uzkur eta nagi; harmadak lotsa; nihork ez gogoeta zuzenik, nihork nahikunde hazkarrik, oro debalde eroriak! Bakharrik oraino xutik egoki Eliza katolikoa!

        Bainan Eliza katolikoan ere asko zauri eta makhur gizonen aldetik; hainbertzetaraino non Konztantinopoleko aldetan bortz ehun aphezpiku bihurturik baitaude Aita-Sainduaren kontra.

        Bai-eta Egiptoko bortuetan komentu gehienak galtzen ari! Hain luzaz eta khartsuki iraun ondoan, hanbat fraide, hanbat penitent espantagarri, osoki barheiatuak eta makhurtuak!

        Bainan holako denbora gaxto etsituetan, Jainkoak igortzen du bethi norbait saindu handi. Eta saindu hori aski da atheratzeko leizetik mende zarrenak eta jendaki galduenak.

        Hola zen gerthatu seigarren mendean. San Benuat handia igorri zuen Jainkoak, bai Erroma zaharreko ustelduren sendotzera, bai-eta jendakia basa hekien batheiatzera.

        Eta huna zer bidez. San Benuatek egiten du Ordena berri bat eta emaiten diozka lege edo erregela hazkarrak. Bazter guzietarik sartzen dire Ordena hortan hainitz jende. Komentuetarat holaxet dohatzin gehienak dire gizon aberats eta jakintsun baliosenetarik.

        Eta gero, gizon argitu Jainkotiar horietarik behexiko dire ala aphezak, ala aphezpikuak, ala Aita Sainduak.

        Bide hortaz, emeki-emeki, Jainkoak beretzen ditu bazterrak oro. Eliza Katolikoa jenden artean goratzen eta nausitzen da. Bai Erroma zaharreko paganoak, bai populu basa guziak, jartzen dire Elizaren altzoan, onesten dituzte harren irakaspenak. Eta horra non Europa burutik buru berritua den.

        Benedikanoek izan dituzte hogoi eta hamazazpi mila komentu, hogoi eta hamabortz aita-saindu, berrehun kardinale, hameka ehun eta hiruetan hogoi eta lau arxaphezpiku, bortz mila eta bortz ehun eta hamabi aphezpiku, berrogoi eta hamabortz mila Saindu aldaretarat altxatuak. (Darras, Hist. de l'Ég.)

        Bai, San Benuatek eta harren Ordena sainduak athera dute Europa errekatik. Hekieri esker daude oraino xutik gure sineste katolikoa, gure etxeak, gure herriak.

        Egia da Jesus-Kristo dela bakharrik gizonen salbatzaile; berdin egia da, Jesusen ondotik Eliza katolikoari erori direla gu salbatzeko ahalak; bainan ez da gutiago egia, Jesu-Kristoren eta Elizaren indarrak, denbora hetan agertu direla gehienik Benedikanoen bidez. Eta ez xoilki denbora hetan; geroztik ere Benedikanoek egin dituzte Elizari laguntzarik hoberenak.

        Berriki oraino, Aita Saindu Leo hamahirurgarrenak, erran diote Frantziako Abade Benedikanoeri: Hala-nola seigarren Mendean Benedikanoek athera baitzuten errekatik Europa guzia, berdin orai ere hek berrituko eta hazkartuko dute.

 

aurrekoa hurrengoa