www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Bokazionea
Jean Pierre Arbelbide
1887

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Bertsio elektroniko honen egilea: Josu Landa Ijurko.

Iturria: Bokazionea edo Jainkoaren deia, J.-P. Arbelbide. Desclée de Brouwer, 1887.

 

 

aurrekoa hurrengoa

VII — KAPITULUA

 

Zer premia handitan atxiki duen bethi
Eliza katolikoak birjinitate saindua,
eta nola zeruan ere birjinitateak
baduen sari berezia

 

        Hastapenean Eliza guzia bildua zen Jesus baithan. Eta huna zoin premia handitan zaukan Jesusek birjinitatea.

        Andredena-Mariaren garbitasun ederraz xoraturik jautsi zen zerutik lurrerat.

        Eta hortakotz errana da: Oi Andredena Mariaren birjinitate guziz garbia eta guziz maitagarria, ez zaizkatzet aski aipha, ez aski gorets eta altxa, ezen zuri dugu zor Jesu-Kristo gure salbatzailea.

        Horra zer premia handitan zaukan Jesu-Kristok garbitasuna, egin zenaz geroz gizon eta gu iduri, birjinitatearen edertasunaz xoratutik.

        Eta bestalde, nor hartu zuen bere aita-lekhukotzat? Hartu zuen San Josepe, zelakotz osoki garbi, osoki birjina.

        Apostoluen artean ere, zoin othe zuen Jesu-Kristok gehienik maite? Hura zen Jondoni Joane; eta zertako? A! bizi zelakotz xahutasunean; birjinitatean.

        Eta ortzegun sainduz Apostolu hori bera Jesusek atxiki zuen bere bihotzaren gainean eta zabaldu ziozkan bere baithako berri minenak.

        Gero, Jesusen ondotik, Jondoni Petrik ekharri zituen birjinitatean bizitzerat bi neskatxa gazte, Erromako aintoronseme handienaren alabak. Hek ziren Santa Pudenziana, eta Santa Praxeda.

        Jondoni Paulok ere halako premian zaukan garbitasuna non erraiten baitzuen: Nahi nuke guziak garbitasunean ni bezala egoiten balire.

        Apostolu horrek ekharri zituen hainitz neskatxa gazte birjinitatean bizitzerat. Eta neskatxa hetarik asko odol handitakoak ziren. Bai-eta zonbait Enperadore Neronen gorthekoak.

        Neronek hortakotz hilarazi zuen Jondoni Paulo.

        Bazakien bai apostolu handiak mentura gaxtoan emaiten zuela bere burua, hainbeste birjina gazte khentzearekin otso zikhin lohitsu horren haztaparretarik. Bainan neskatxa hekien zaintzeko, ai Jondoni Paulok axola guti zuen bere biziaz. Alegerarik eta gogo onez zohan hiltzera, eskeintzeko Jesu-Kristori espos garbi birjinak.

        Berdin San Mathiu Ebanjelistak birjinitatean finkatu eta kontsekratu zuen Santa Ifigenia, Ethiopeko erregearen Alaba. Hortakotz aldarean hil zuten, meza erraiten zuelarik. Harrek ere bazakien bai hiltzera zohala emanez Jesu-Kristori errege-alaba hura. Bainan hobe! Holako xedez odola ederki ixuria da.

        San Klement, Erromako hirurgarren Aita-Saindua, ahide hurbila zen Domiziano Enperadorearekin. Gazte-gaztea urrundu zen gortheko sare-gaxtoetarik, nahiz-eta bere garbitasuna hobeki zaindu. Bestalde ekharri zituen asko jende birjinitatean bizitzera; hala nola Santa Domitila, Enperadorearen iloba; Santa Efrosina, Santa Teodora, eta bertze asko.

        Neskatxa gazte horiek gehienak sortze handikoak ziren. Eta hortakotz hil zuten San Klement, bai eta harrekin birjina gazte horiek guziak.

        Batzuek eta bertzek izan zuten zorion doblea, eskeini baitzuten Jesu-Kristori birjinitatearen lorea eta martirioko odola.

        Geroztik ere mendez mende, Eliza katolikoak, khar eta su berarekin, birjina andanak bildu izan ditu.

        Erran diteke ala muthiko gazteak, ala neskhatxa gazteak, inobreka sarthu direla garbitasuneko bidean. Batzu aldarean aphez, bertzeak komentuetan fraide edo serora, jarraiki dire osteka eta lehiatuz Jesu-Kristo beren espos Jainkoari.

        Laugarren mendean San Anbrosiok kontsekratu zituen zortzi ehun Birjina, aldi bakhar batez.

        Denbora hetan oraino, Oxirinko hirian bizi ziren hogoi mila birjina Jesu Kristori kontsekraturik.

        Eta handik hunateko mendetan are gehiago muthil eta neskatxa gazte urrundu dire munduko galbidetarik eta sarthu garbitasuneko egon tokietan. Horrelakoek diote!

 

                Atsegin banoak,

                Ohore faltsoak,

                Zohazte eneganik;

                Non ez dudan Jauna,

                Ene ontasuna,

                Ez zarete deusik.

 

        Isaiaz profetak urrundanik agindu zuen Eliza katolikoari birjina oste horien edertasuna. Huna zer zion:

        Oi Jerusaleme, begiak ingurura altxa zaitzu eta ikhus nola bildu diren jende andana garbi horiek.

 

 

        4° Nola zeruan ere birjinitateak baduan sari berezia.

        Jesu-Kristok erraiten derauku bozkaria gaitezela, gozatuko dugulakotz zeruan sari bat nasaia.

        Bainan dohatsu guzien saria handi izanik ere, handiago da oraino Jainkoak birjineri emaiten duen sari berezia.

        Birjinen zorionak gainditzen ditu zeruan bertze dohatsuen zorionak, ezen huna zer dion Jondoni Joanek:

        Ikhusi dut Ziongo mendiaren gainean, erran nahi baita zeruan, xutik zagoela Bildotsa, Jesu-Kristo; eta harrekin zazpitan hogoi eta lau mila dohatsu garbi, kantika berri bat kantatzen zutela; eta nihork ez zezaken eman kantu eder hura, hek beizik, zirelakotz kutsu gabeak eta birjinak.

        Hek dire bethi jarraikitzen Jesus-bildotsari, nora-nahi johan dadien.

        Hitz horiek erran nahi dute birjinak sartzen direla Jainkoaren lorian eta zorionetan, bertzeak baino hobeki eta osokiago.

        Hurbilagodanik eta khar handiagoarekin gozatzen dituzte Jesusen maitagune xoragarriak.

        Dohatsu beraz garbitasunari emaiten diren muthiko eta neskatxa gazteak. Orai beretik Eliza katolikoan gora altxatuak dire, aberastuak dire arimako dohainik berezienez. Eta zeruan gozatuko dute bertzez goragoko ospea eta dohatsutasuna.

        Nihork baino hobeki erranen ahal dute:

        Oi Jauna, dohatsu zure etxean egoitzaz daudenak. Zeruko etxe lorios hortan gure bihotzak eta gorphutzak atseginez gainditurik daude. Eta nola etxexoriak hatzemaiten baitu non egon, bai-eta urtzo ttorttoilak bere ohantzea, guk ere badugu zeru eder huntan gure zorionezko egon-toki berezia.

        Eskualdun muthiko edo neskatxa gaztea, egin zaitzu beraz gogoeta zinak. Ikhus zer duzun hobe, ala birjina egoitea Jesu-Kristoren amodioan, ala kreaturari ukhurturik bizitzea. Guziz orhoit zaite egia huntaz:

        Hemengo bizia laburra dela, lurreko atseginak laster ezeztaturen direla.

        Bainan orhoit berdin: Jesusi garbitasunean jarraikitzen denak gozatuko dituela zeruan bethiereko zorian hautatuak, atsegin berezi bereziak, bertze guziez goragokoak. Birjineri diote Jesusek:

 

                Egon zaitezte enekin,

                Nagon ni ere zuekin,

                Enekin juntki

                Dagona finki

                Daite gozoki hazia,

                Zerurakotz berezia.

 

        Santa Añez agertu zitzaioten, hil ondoan, bere ahideri. Ahide gaixo hek nigarrez zauden haur maite horren hobi gainean. Eta horra non birjina gazte dohatsua agertzen zaioten. Haur maite hori ikhusten dute, bertze hainitz birjina gaztez inguraturik. Añezek erraiten diote:

        Oi ahide maiteak, ez othoi nigarrik egin, ezen osoki dohatsu naiz, oro sutan nago Jesusen amodioan. Bai ni, bai nere lagunak, xoraturik gauzka Jesusek. Ez diteke deus ikhus hain ederrik, nola baita Jesus bere lorian. Eta gu, harren espos birjinak, sarthurik gaude osoki harren maitagune guzietan; eta hori bethikotz, deus akhabantzarik gabe, Jainkoa Jainko izanen deno!

 

aurrekoa hurrengoa