www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Bokazionea
Jean Pierre Arbelbide
1887

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Bertsio elektroniko honen egilea: Josu Landa Ijurko.

Iturria: Bokazionea edo Jainkoaren deia, J.-P. Arbelbide. Desclée de Brouwer, 1887.

 

 

aurrekoa hurrengoa

III — KAPITULUA

 

Pobrezia

 

        Ikhusiko dugu: 1° Zer den Pobrezia eta nola Jesu-Kristok bere eginkariez eta bere hitzez goretsi duen. — 2° Elizak eta Sainduek zer premia handitan atxiki duten bethi Pobrezia. — 3° Zer probetxuak dituen Pobreziak oraiko ala eternitateko.

 

        1° Zer den Probezia eta nola Jesu-Kristok bera eginkariez eta bere hitzez goretsi duen.

        Pobrezia da ontasun guzietarik buluztea; ez xoilki kanpoz, bainan oraino bihotzez; eta hori, Jainkoarentzat amodioz, perfetasunean hobeki aintzinatzeko xedez.

        Hobeki ikhusteko, huna zonbait xehetasun.

        Badire asko, ez direnak nihola ere pobre. Izaitez bezala bihotzez ere ontasunetan daude igerika. Indar guziez eta haztapar guziez lotzen dire ontasuneri. Halakoentzat zioen Dabitek: Aberastasunak bildu dituzte; nasaitasunean eta guritasunean daude ithorik eta galdurik.

        Bertze hainitz ikhusten dire, izaitez erromesak, bainan hirritsaz diru-goseak. Moltsa ttipi eta gutiziak handi, aberastasunaren sukhar bizia badute. Hirurgarren batzu, aberats dire ontasunez, bainan pobre bihotzez. Hek dituzte ausarki laguntzen jende beharrak, hek dituzte egiten ongi handiak. Urhe-zilharretan aberats, bainan eginkari-onetan aberatsago, zeruko bidean dabiltza.

        Azkenik badire bakhar zonbait, pobre direnak, dela izaitez, dela bihotzez. Hek atxikitzen dute apostoluaren hitza:

        Ontasun guziak ezdeus eta puxulu zaizkit Jesus maitearen aldean; eta harrenganat osokiago joaitekotan, oro arbuiatzen ditut.

        Bai ontasunak, bai eta ontasunetarik heldu diren bertze gurikeriak, ostikatu dituzte.

        Eta baldin egina badute pobreziazko botua, ordu beretik jarriak dire perfetasunezko bizitzean edo estatuan. Ezen Jesusek huna zer erran zion gizon gazte bati:

        Nahi bazare perfet izan, zoaz, dituzunak sal zaitzu eta eman beharreri, eta izanen duzu aberastasun handi bat zeruan; zato gero eta jarraik zakizkit.

 

        Jesu-Kristok bere baithan biltzen ditu dohain eta aberastasun guziak. Jaunen Jauna da, zeru-lurren jabea da. Gutarterat ager zaiteken, Salomon erregea bezain aberats eta aberatsago. Eta juduek hola ethorriko zela uste zuten.

        Bainan ez, bere ospe guziak gordetzen ditu, Beteleemeko barrukian sortzen da. Ama erromesa du, ohakotzat mañatera du, jauregitzat aberetegia du. Aingeruek erran zioten Judeako artzaineri; Zoazte eta zuen Jainkoa huntarik ezaguturen duzue: Haurtto bat aurkhituren duzue xatharrez inguratua, eta hei bateko askan ezarria.

        Indarretara heldu deneko, lanean hasten da, eta bizi da lanetik, erromesek ohi duten bezala. Hortakotz erraiten zuen Jesus berak, Profetaren ahoz: Ni naiz egiazko pobrea, eta gaztedanik nekeetan akhitua nago. Eta egiaz izan da osoki pobre, bai Beteleemen, bai Egipton, bai Nazareten.

        Eta gero, hogoi eta hamar urthetarik harat, abiatu deia bai Judeako herrietan gaindi, are hertsikiago behartzen da bere hanbat itzuli eta harat-hunatetan.

        Berak erraiten du: Axeriek badituzte ziloak, eta zeruko hegastinek ohantzeak, bainan nik ez dut ene buruaren phausatzeko tokirik.

        Jesus izan bada pobre bere bizian, zer erran harren heriotzeko gabetasunaz?

        Job Patriarkak bere herstura gaitzetan, galtze minak eta erdiragarriak egin zituen; bainan hargatik bereak zituen etzana dagon atherbea eta lasto ustela.

        Jesusek kalbarioan ez du hoinbertzekorik: itzatua dagon kurutzea ez du berea; hiltzaileak jabetu dire haren soinekoez; azken hatsa eman duenean, atze baten eskuak ekhartzen diozko hil-oihalak; ehortzeko hobia ere arrotz baten hobia du.

        Geroztik oraino mendez mende, gure artean dago, bainan nola? Aldaretako sakramenduan, ostia xume batean, pobrezian. Eta balin badire eliza ederrak, zonbat gehiago buluziak eta sordiesak! eta han egoiten Jainko handia!

        Jesusek goretsi du pobrezia, ez xoilki bere eginkariez, bainan oraino bere hitzez.

        Huna zer dion: Dohatsu izpirituz beharrak direnak, zergatik hekiena baita zeruko erresuma. Dohatsu zarete, beharrak, ezen Jainkoaren erresuma zuena da. Bainan, zorigaitz zueri, aberatsak, zeren-eta orai baitzarete asteginetan itsutuki gozatzen. Kameluari orratz baten xilotik iragaitea errexago lakioke, ezenez aberatsari zeruetako erresuman sartzea. Munduaren arabera aphal eta ezdeus diren erromesak hautatu ditut, hazkarren eta aberatsen ahalkatzeko.

        Jondoni Jakobek erraiten du; Ez deia bada hitz horietarik ageri Jesu-Kristok hautatu dituela erromesak amodio berezi batez? Bai oraidanik hek ditu bere graziez ausarkienik aberasten, eta zeruan ere hekientzat derauzka aphaindurik sari ederrenak.

        Dohatsu beraz, pobreziazko botuan bizi direnak. Hek dire zinez jarraikitzen Jesusen gomituari: Ez bil ontasunak lur huntan, ezen herdoilak eta biphiek jaten dituzte, eta ohoinek ebasten gordairuetarik, bainan bil zaitzue aberastasunak zeruan, ezik han herdoilak, ez biphiek, ez-eta ohoinek ez dituzte hunkituren.

 

                Tratulari, intres gosea,

                        Deusek ere

                Mundu huntan ezin asea

                        Behinere;

                Sarri putzu bat zaik emanen

                        Egoitzatzat;

                Bi braza lur dituk izanen

                        Ontasuntzat.

 

                Laboraria, alferretan

                        Haiz nekhatzen;

                Maiz herioa duk bet-betan

                        Guganatzen.

                Hazilhan egiteko lanak

                        Tuk hiretzat,

                Eta fruitu heldu direnak

                        Primuentzat.

 

aurrekoa hurrengoa