www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Bokazionea
Jean Pierre Arbelbide
1887

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Bertsio elektroniko honen egilea: Josu Landa Ijurko.

Iturria: Bokazionea edo Jainkoaren deia, J.-P. Arbelbide. Desclée de Brouwer, 1887.

 

 

aurrekoa hurrengoa

IX — KAPITULUA

 

Komentuan hiltzea zoin den eder eta gozo


        Erran zaharra: Nolako bizia, halako heriotzea. Komentuan bizia Jainkoari emana da, eta zuzenez heriotzea ere Jainkoari dohako.

        Zer diot? Komentuan ez da eta hiltzerik.

        Nolaz hada? Zeren-eta komentuan trenkatzen baitire aintzinetik munduko esteka guziak. Ontasunak, ohoreak, atseginak, puxulu horiek oro bazterrerat emanak dire.

        Komentuan arimak ez du hegalik zerurateko beizik. Jainkoak bere gomitua igorri dioenean, altxatzen da atseginekin bere Esposarenganat. Eder zaio hiltzea, lehiaturik dago nahiz-eta heldu Jesusenganat, ezen harrentzat Kristo bizitzea da eta hiltzea probetxu. Harrek dezazke errepika kantiketako hitz eder hok:

 

                Nahi duzue jakin ene gutizia?

                Jainko onarentzat da ene min guzia.

 

                Azkenekotz zuregana, Jesus ene bizia,

                Amodioak dakharke ene bihotz guzia;

                Ez dut nihun sosegurik zu gozatu beharrez;

                Ene baitharik banoha, zu maithatu plazerrez.

 

                Bere urratsa ez derama erbi pertsegituak,

                Hain laster xirripetarat orkhaitz egarrituak,

                Nola orai sustaturik zeruko khar biziak

                Bainerama mundu-petik zuganako lehiak.

 

                Akhaba zazu, Jaun ona, agonia luze hau,

                Ezen, zu gabe biziz, bihotzak ezin dirau.

                Ez dut nihun sosegurik, zu gozatu beharrez;

                Ene baitharik banoha, zu maitatu plazerrez.

 

        Irakaspen huntarik ageriko da hobeki nola hiltzen diren komentuarrak.

        Orai duela berrogoi bat urthe hil izan zen Aita Muard benedikanoa. Jainkoarentzat amodioz oro sutan zagon, eta arrangura zen aspaldian sobra irauteaz eta zahartzeaz. Errepikatzen zituen usu Liburu-Sainduetako hitz hok: Ai ni unatua naizela hemen, nigarrezko haran huntan! Noiz bada joanen naiz eta agertuko Jaunaren aintzinera, ezen ene Jainko maiteaz dut gose eta egarri, ez nauke Jesus ikhusi eta besarkatu beharrez!

        Jainkoak onetsi zuen Aita horren gutizia. Mirakuluz irakatsi zion hilen zela laster. Eta huna zer gerthakariz.

        Egun batez Aita Muard othoitzean zagon Andredena Mariaren aldare aintzinean. Ama on horri galdegiten zion eman zezakon suzko bihotz bat, Jesusen hobeki maitatzeko.

        Andredena Mariak ihardetsi zion: Bai, ene haurra, laster izanen duzu zeruan atsegin handi hori.

        Geroztik Aita Muard ez zen orhoit biltzeaz beizik eta Jainkoarenganat iragaiteaz. Beha zagon bere oren dohatsuari. Diot oren dohatsuari, ezen Aita horrentzat, Jondoni Paulorentzat bezala, ez ziteken atsegin gozoagorik nola hiltzea eta Kristorenganat bethikotz joaitea.

        Ekhainaren hamalauean, astezkenarekin, sukhar borthitz batek hartu zuen. Jeiki zen oraino biharamunean eta jarraiki komentuko urrats gehienetara.

        Bainan sobra bortxatu zuen bere burua; eta hain gaizki ereman zituen ondoko bi egunak, non sakramenduak galdegin baitzituen.

        Igande goizean ekharri zioten Sakramendu-Saindua. Berak ihardetsi zuen aphezaren othoitz guzieri eta komuniatu, aingeruek egin lezaketen bezala, amodio handienarekin.

        Astelehen arratsaldean sukharra borthiztu zitzaion. Erreberietan sarthu zen; erraiten zuen: Oi goazin bekhatorosen konbertitzera, goazin, Jainko ona guziek maitatuko dute!...

        Gero harritu zen, eta iduri debrua ikhusten zuela, hasi zen oihuka: Ez, ez, sekulan ez haut onetsiko! Oi ene Jesus maitea othoi hel zaizkit!

        Bake handi batean sarthu zen tentazione horren ondotik.

        Komentuko aiteri galdegin zioten arrosarioa elgarrekin erraitea. Ba bainan eri gaixoak mihia loditua zuen; eta ez zezaken trenka demendren hitzik. Ez zen lotsatu; bortxatu zuen bere burua eta jarraiki zen bertzeri.

        Guziak nigarrez zauden; hura zen bakharik arrai eta alegera.

        Zazpi orenetako irian arras ttipitu zen. Eman zioten Anontzioa eta Indulientzia osoa. Erran zituzten agoniako othoitzak eta bertze othoitz frango. Komentu guziak botu bat egin zuen mirakulu baten galdatzeko.

        Bainan Jainkoak nahi zuen bere zerbitzari khartsua bethikotz saristatu.

        Eriak zerurat altxaturik zerauzkan begiak. Azkenerat irri eder bat egin zuen eta ezti-eztia phausatu zen.

        Arratsaldeko zazpi orenak eta hirur laurdenak ziren, ekhainaren hemeretzian, mila zortzi ehun eta berrogoi eta hamalauean.

        Berrogoi eta bortz urthe beizik ez zituen oraino. Gazterik joan zen, bainan lan handiak eginik.

 

aurrekoa hurrengoa