www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Bokazionea
Jean Pierre Arbelbide
1887

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Bertsio elektroniko honen egilea: Josu Landa Ijurko.

Iturria: Bokazionea edo Jainkoaren deia, J.-P. Arbelbide. Desclée de Brouwer, 1887.

 

 

aurrekoa hurrengoa

IV — KAPITULUA

 

Nola Elizak eta sainduek premia handitan
atxiki duten bethi Pobreziako botua

 

        Huna zer erraiten zioten Jesu-Kristok bere Apostolueri, igortzearekin lurreko lau bazterretarat:

        Zoazte, eta ez izan zuekin, ez zilharrik edo dirurik, ez alphorxarik bidekotz, ez bi soinekorik edo oinetakorik, ez makhilarik; ezen langileari zor zaio bere hazkurria.

        Apostoluek entzun orduko onetsi zuten Jesu-Kristoren gomitu hori. Teologo handi batek dio egin zutela guziek pobreziazko botua; bai-eta egin zituztela denbora berean bertze bi botuak, erran nahi baita garbitasunezkoa eta obedientziazkoa.

        Ez xoilki Apostoluek berek egin zuten pobreziazko botua; eginarazi zuten oraino sinestedun guzieri.

        Hola diote liburu sainduek: Jerusalemen, lehenbiziko girixtinoetarik nihork ez zuen deusere berea zuela erraiten; baltsako eta elgarrekilako zituzten gauza guziak. Norbaitek bazuena bai lurrik edo etxerik? Berehala saltzen zuen eta ekhartzen apostolueri balio guzia.

        Hortik ageri da buluzten zirela beren ontasunetarik eta jarraikitzen osoki pobreziazko botuari.

        Horra nola hastapenean girixtino guziek egiten zuten pobreziazko botua.

 

        Bainan Jerusalemetik kanpo, herrialde paganoetan, girixtinoek ez zuten holako boturik.

        Jerusalemen ere utzi zuten denborarekin abiadurako kharra. Batzuek xoilki atxiki zuten, eta bildu ziren elgarrenganat, eta hasi zuten komentuetako bizi-moldea.

        Ordutik hedatu ziren komentuak bazter guzietan. Eta nola baratzezainak landare maite bat berexiki arthatzen baitu, berdin Eliza katolikoak ere, komentuetako baratze sainduetan arthatu izan du pobreziaren lore ederra. Komentuetan egiten da geroztik pobreziazko botua.

        Handik hunat, zonbat eta zonbat Ordena, zonbat eta zonbat kongregazione, ez dire agertu eta asentatu? Eta guziek bizi-moldetzat hartu dute Pobrezia. Eta bethi Eliza katolikoak, pobreziazko bizi-molde hori onetsi izan du. Ez xoilki onetsi, bainan oraino lagundu, hazkartu eta sustatu.

        Elizak ezagutzen ditu lau erregela handi komentuentzat. Hek dire: 1° San Bazilek egin erregela; 2° San Augustinek egin erregela; 3° San Benuatek egin erregela; 4° San Frantsesek egin erregela. Lau erregela horietan, Pobreziazko botua berdin hertsiki manatua da, nola bertze bi botuak, Birjinitatea eta Obedientzia.

        Menderen mende agertu diren Ordena edo kongregazionek, lau erregela handi horietarik hartu dituzte beren erregela bereziak. Eta guzietan bethi, Pobreziazko botua izan da atxikia eta goretsia.

        Ageri da beraz, Eliza sainduak premia handitan atxiki duela bethi pobreziazko botua.

 

        1° Kazineko mendi beherean bazen komentu bat. Santa Ezkolaztika zuten serorek buruzagi.

        Egun gehienez San Benuatek igortzen zioten bere aphezetarik bat.

        Edo meza, edo kofesio, edo prediku, serora hek bazuten aphez batentzat lana frango.

        Eta nola ikhusten baitzuten berek, zer akhit-bideak emaiten ziozkoten Aita horri, oro bihotz eta mainu ziren harrentzat.

        Aita Omonierak ez zuen deusen eskasik!

        Egun batez Aita hori mokanesik gabe gerthatzen da. Ez diote Seroreri galdatzen ez-eta aiphatzen. Bainan hok ohartzen baitire! Josten dituzte berehala zonbait mokanes eta eskeintzen beren Aita onari.

        Zer eginen du Omonierak? Badaki bai, Benedikano batek ez dezakela deusik har beretzat. Bainan behar-ordua ez deia hor? Eta nork jakinen du sekutan mokanes horien berri? Gordeko ditu; ez du nihori hitzik aiphatuko.

        Ororen buruan hartzen ditu mokanesak eta golkhoan kukutzen.

        Gorde bai, ez ordean San Benuaten begientzat!

        Seroretarik etxerat itzuli-eta, benedizionea galdegiten dio San Benuati. Eta hunek bixi-bixia: Nolaz bada nausitu zauzu debrua?

        Aita Omoniera harritzen da eta balditzen. Ez da orhoit ere bere mokanesez. Ez zaio nihundik gogoratzen zertako jazarri zaion saindua. Ixil-ixila dago, ez jakinez zer ihardets.

        Bainan San Benuatek laburzki orhoitarazten du; biphilik eta garbiki erraiten dio: Han nintzen han, Serorek mokanes hek emaitearekin, eta badakit golkhoan gorde dituzula.

        Hitz horietan Aita Omoniera belhauniko erortzen da, galdegiten du barkhamendu, eta mokanesak lurrera aurthikitzen.

        Horra zer larderiarekin San Benuatek zerauzkan bere dizipuluak pobreziazko sailik hertsienean.

 

        2° Erromako hirian bazen komentu bat, San Andres erraiten ziotena. Komentu hortako Abade zen San Gregorio, ordukotz kardinale izendatua, eta laster Aita-Saindu behar zena.

        San Gregoriok nahi zuken bere komentuan bizi eta hil, ospe guzietarik urrun. Eta xede hortaz, ez zen sekulan atheratzen komentutik, behar-ordu handiz kanpo: Benedikano saindu baten urratsak hertsiki atxikitzen zituen, bai-eta bertzeri atxikarazten.

        San Gregorio Abade delarik, fraide bat hiltzen da. Sakelan hatzemaiten diozkote hirur urhe. Ai berehala asaldura handi bat altxatzen da komentuan. Guziek diote debru gaixtoaren lana dela hori, ez dela behinere holakorik ikhusi Benedikanoen artean, Jainkoaren zigorrak jautsiko zaizkotela, behar dutela penitentzia egin.

        Abadea zen gehienik khexatu eta damustatu.

        Hilaren gorphutza khentzen du komentutik, aurthikitzen du erreka zikhin batetara, eta hirur urheak gainera botatzen diozka. Erreka hegitik, komentuko Aita eta fraide guziek oihu egiten dute hilari: Ustel hadi hor, eta hire urhea hirekin gal dadiela.

        Eta nola San Gregoriok bihotz-min handia baitzuen, bere komentuan holako hutsa gerthaturik, meza erran zuen berak fraide horrentzat, hogoi eta hamar egunez.

        Purgatorioan bazen ere nahi zuen ahalaz lagundu.

 

        3° San Frantses Asisekoak irakatsi du Pobreziarentzat amodiorik handiena. Berak erran du hitz eder hau: Ene esposa da Pobrezia, eta xoratuki maite dut.

        Erran du oraino: Ene Ordenaren asentuak eta indarrak ez dire ez urhezko edo zilharrezko; bainan dire Jesu-Kristoren hitz hok:

        Ez dezazuela izan moltsarik ez dirurik; ez-eta bi soineko bidean; ibil zaitezte oinetakorik eta makhilarik gabe.

        Hortik, Frantsiskanoak eske dabiltza, janaren eta beztitzekoaren biltzeko.

        Daudetzen komentuak ere, ez dituzte bereak; toki arrotzean bizi dire bethi, erromesek ohi duten bezala.

 

        San Frantses johan zen Erromarat, Aita-Sainduaren baimena ardietsi nahiz, Pobreziazko erregela hertsi horrentzat.

        Orduko Aita-Saindua, Inozent hirugarrena, Latraneko jauregian zagon.

        Jauregi hortara doha beraz san Frantses. Leheneko bere adiskide xahar bat aurkhitzen du athean, eta galdegiten dio othoi helaraz dezan Aita-Sainduarengana; eta badohatzi biak; jauregiaren barne ederretan sartzen dire.

        Aita-Saindua ikhusi dueneko, San Frantses belhaunikatzen da eta ahuspez emaiten; eta ukhurtua dagolarik, bere Ordenaren erregela aiphatzen du xeheki; Aita-Sainduaren baimena galdegiten du.

        Bainan ez du onesten Aita-Sainduak. Garratzegi eta borthitzegi zaio Pobrezia hoin hertsia. Gure saindu gaixoa gibelerat igortzen du.

        Ixil-ixila, demendren arrangurarik egin gabe, badoha kanporat San Frantses.

        Jauregitik atheratzearekin aurkhitzen du erromes itsu bat; benedikatzen du eta sendotzen. Eta oro bozkariotan, itsu-argituak ihardesten dio:

        Oi jauna, ez lotsa ez, Jainkoak lagunduren zaitu, zure xede guzietarat helduko zare.

        Ondoko gauean, Aita-Sainduak amets bat egiten du. Ikhusten du zuhaitz ttipi bat lurretik sortzen, gero laster handitzen, eta azkenean oihanez gaindi goratzen.

        Atzarri denean, arranguratzen da, zer erran nahi othe duen amets horrek. Jainkoak argitzen du; bihotzean mintzatzen zaio: zuhaitz hori dela San Frantsesen ordena, egun lurretik sortzen ari, bainan laster oihan guziak gaindituko dituena.

        Aita-Sainduak, amets horren ondotik, San Frantsesen bilha igortzen du.

        Aurkhitzen dute ospitale batean, erien arthatzen ari dela.

        Latraneko jauregira heldu denean, erraiten dio Aita-Sainduak bilduko duela Kardinalen biltzarrea, eta elgarrekin ikhusiko dutela heia behar den harren Ordena onetsi ala ez.

        Biltzen dire beraz Kardinaleak. Aita-Sainduak aiphatzen eta xehatzen diote nola Frantsesek Ordena berri baten abiadurak hartu dituen, eta nola Ordena hori Pobreziarik hertsienean jarria den.

        Kardinaleak Ordena berriaren kontra bihurtzen dire. Gaitzesten dute, baizik-eta ez duela iraunen ahal. Diote gabetasun borthitz horrek haizaturen dituela laster Frantsesen lagun bakharrak, eta gainerako bertze lagunik ez zaiola ethorriko.

        Kardinale bat bakharrak jartzen da ordena berriaren alde. Erraiten diote bilkura guziari:

        Zerk zabilzate holako elhetan? Ez duzue bada ikhusten, Jesu-Kristo bera ukhatzen duzuela eta Ebanjelioa ostikatzen? Ezen, eskale horrek zer galdegiten du, baizik-ere xoilki Kristoren kontseiluak atxikitzea? Eta nork sekulan besarkaturen ahal du Pobrezia hain hertsirik, nola Jesusek besarkatu izan baitu? Ordena berri hori urrunduz, Jesu bera eta harren Ebanjelioa arbuiatzen duzue.

        Hitz horietan desegiten da Kardinalen biltzarrea. Aita-Sainduak erraiten dio Frantsesi: Ikhusten duzu ez dugula elgar aditzen ahal; egizu othoitz, Jainkoak argi nezan.

        Ondoko gauean ere Aita-Sainduak badu bigarren amets bat.

        Latraneko Eliza erortzera dohala ikhusten du.

        Oro uzkailia, Eliza eder hori funditzera dohalarik, heltzen da gizon erromes bat eta bere sorbaldez xutik atxikitzen du.

        Nor othe da gizon erromes hori?

        Behatzen dio Aita-Sainduak eta Frantses eskalea ezagutzen du.

        Atzarri-eta biltzen ditu berriz Kardinaleak. Frantses ere jin-arazten du. Eta huna zer erraiten dioten:

        Erromes saindu hunek hazkarturen du Eliza katolikoa. Jainkoaren ageraldi bat izan dut ametsetarik, eta ikhusi dut Pobreziak behar gaituela phiztu eta alxatu. Bai, onesten dut Frantsesen Ordena; Jainkoak lagunt dezala orai eta bethi.

        4° Huna bertze gerthakari bat.

        Migel Gizleri, Dominikanoa, eta geroxago Aita-Saindu behar zena, San Pio bozgarrena, Milaneko aldetan zagon.

        Izanik ere ordukotz kargu handitarat altxatua, bazabilan eske egun gehienez.

        Hainitz maite zuen Pobrezia, eta zion usu ez dela Pobrezia bezain berthute ederrik.

        Goiz batez abiatzen da etxez etxe, herriz herri. Zaku bat bizkarrean, ukhanak hartuz, itzuli frango ibiltzen ditu.

        Emeki-emeki loditzen da zakua; iguzkiari ere sua dario; eta bide asko ere bai eginik; ai azkenekotz net akhitzen da gure Aita Migel.

        Horrela izerdi-uretan dabilalarik, heltzen zaio gibeletik zamaldun gazte bat.

        Nor othe da? Ez preseski deus handirik; da muthil lekhaio bat, bere zamariarekin kurri. Bainan muthil horrek bihotz ona du, erraiten dio Dominikanoari:

        Oi aita, nola akhitua zaren! Atsegin baduzu, iragan zaite enekin zaldi hunen gainera: hazkarra da, biak aise eremanen gaitu.

        Aita Migelek ihardesten dio:

        Milesker, adiskidea; Pobrezia sainduak nahi du akhit nadien, egiazko eskalek ohi duten bezala: goazin beraz hola-hola, zu zaldiz eta ni oinez.

        Bainan bederen, dio zamaldunak, emadazut zaku phizu hori; lehertzen zaitu.

        Dominikano sainduak eman zion zakua. Eta holaxet egin zuten elgarrekin bide.

        Handik zonbait urtheren buruan, aita Migel egin zen Aphezpiku, eta gero Kardinale, eta azkenean Erromako Aita-Saindu. Alkhi saindurat iragan bezain sarri, igorri zion lekhaioari, ethor zadiela laster Erromarat, eta kargu on bat eman zion bere Palazioan.

        Ageri da, Sainduek erraiten deraukute goraki:

 

                Plazerrak, ontasunak tutzue maithatzen,

                Zuen gogo guzia hetan da baratzen;

                Hek utzirik berzeentzat, gutien ustean,

                Aurkhituren zarete lurraren barnean.

 

                Zerentzat gintuzke beraz munduko fagoreak?

                Laster utzi behar diren ontasun, ohoreak?

                Arbuia dezagun lurra, eta bilha zerua;

                Han du bakharrik aurkitzen bihotzak deskantsua.

 

aurrekoa hurrengoa