www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Bokazionea
Jean Pierre Arbelbide
1887

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Bertsio elektroniko honen egilea: Josu Landa Ijurko.

Iturria: Bokazionea edo Jainkoaren deia, J.-P. Arbelbide. Desclée de Brouwer, 1887.

 

 

aurrekoa hurrengoa

VII — KAPITULUA

 

Nola ihesi egin bebar zaion munduari

 

        Erran da: Urruneko eltzea urhez, etxera orduko lurrez. Munduaz berdin erran dezakegu. Urrunetik iduri du hau-zer-ezda, oro eder eta garbi. Hortakotz ditu asko eta asko bere saretan hartzen eta galtzen.

        Halako elhe xoragarriak aiphatzen ditu, halako itxura maithagarriak agertzen, halako gomitu goxoak egiten, halako atsegin handiak hitzemaiten, non arima hoberenak ere engana baitezazke. Bainan hurbilduz geroztik eta barnago sarthuz geroztik, ez dugu munduan deus ikhusiko baizik ere usteldura eta zarkeria.

        Eta orduan nahi baduzu zaindu zure berthutea, eta guziz garbitasuna, bai eta nahi bazare Jainkoaren amodioan aintzinatu, nahi bazare saindutasunean gora altxatu, ai geroztik ihesi eginen diozu munduari.

        Hola gerthatu zen San Benuatentzat, beheraxago ikhusiko dugun bezala. Erromako hirirat joan aintzinean, ez zuen ez uste mundua hain galdua zela. Laño-lañoa, deus beldurrik gabe, munduaren erdira erori zen. Ba bainan gero, mundu hori hurbildanik ikhustearekin, ohartu baitzen ez zela han deus onik! Izitua, beldurtua, ihesiari eman zen.

 

        Zer bada, salbatzekotz, atheratu behar othe gare guziak mundutik? Bai guziak. Xoilki ohart huni: bi bidez athera daiteke mundutik, edo xoilki bihotzez, edo, bihotzez bezala, gorphutzez ere.

        Gehienak ez daitezke mundutik athera bihotzez beizik. Eta holakoak, bizirik ere munduaren erdian, jarraikitzen dire, ez munduari, bainan Jesu-Kristori. Hala-nola hainitz aphez khartsu, hainitz Aita-Ama girixtino, hainitz gazte Jainkotiar eta garbi.

        Bertze asko mundutik atheratzen dire, ez bakharrik bihotzez, bainan oraino gorphutzez eta egoitzaz. Horrelako arima zonbaitek egin dituzke phertsu eder hok:

 

                Lurreko kargu, ohoreak,

                Dire ephe gutitako;

                Hango izaite, fagoreak,

                Zaizkit khearen pareko.

 

                Arrosa arantze gaberik

                Ez ahal da nihun sorthu;

                Ez-eta munduko plazerik,

                Khiretsik gabe gerthatu.

 

                Urrun beraz eneganik, mundua;

                Ez, ez nitzak nihoiz jarraikiko;

                Egin diat orai ene hautua,

                Jainko jauna bethi maitatzeko.

 

        Nork erran dezake zonbat eta zonbat joan izan diren holaxet mundutik ihesi? Lege zaharrean berean ikhusten ditugu Jainkoaren Profetak urruntzen mundutik eta toki bazterretan gordetzen. Hala-nola Samuel, Elias, Jondoni Joane-Batista, eta hek bezala bertze hainitz.

        Liburu sainduetan irakurtzen dugu nola Abdias, aberats Jainkotiarrak, emaiten zioten jatekoa ehun Profeteri, eta Profeta hek mendietako harpetan bizi zirela.

        Eta oraino Jesus-Kristo agertuz geroztik, bihotz garbiak osteka eta multzoka hegaldatzen dire mundutik urrun: San Paulo, san Antonio, san Pakome, santa Alexandra, santa Efrosina, eta heiekin batean araldeka asko gizon eta emazteki. Iduri hiriak jendez husten direla, eta bortuetan beizik ez daitekela bizi.

        Hekien bihotz garbiek ezin jasan dezakete munduaren bekhatuzko ilhunbea. Nahi dute Jainkoaren argia, nahi dute Jainkoaren amodioa. Eta argi eder hori, amodia gozo hori, kausitzen dituzte mendietako gordairuetan.

        Eliza sainduaren lehenbiziko mende hetan, hirur ehun eta hiruetanhogoi eta hamalauean, huna zer egin zuen san Krisostomok.

        San Krisostomo, muthil gazte Jainkotiar khartsua, Antiocheko hirian zagon bere amarekin. Hiri hartako barheiamenduek iziturik zeraukaten. Berak erraiten du bazter guziak hondatuak zirela bekhatuzko izurrite beltz batean, zahar ala gazteak lohikeriazko leize edo osin batean galdurik zaudela.

        Hoinbestetarainoko zarkeriez oro lotsatua, ai ez zauken saindu gazte hori. Amets guziak eta bihotz guzia handik urrun hegaldatuak zituen.

        Amaren ixilik hartu zituen beraz hiritik atheratzeko bideak. Joan nahi zen toki bazter gorde batetarat, han ejoiteko gizonetarik behex, bakharrik Jainkoarekin.

        Bainan ama ohartu zitzaion. Ama gaixo hori, oro nigarretan, joan zen bere semearengana eta erran zion: Oi nere haurra, galdu dut zure aita eta nere lagun maitea, eta orai behar othe zaitut zu ere galdu? Bakhar-bakharra zare enekin, othoi egon zaite ni hil arte bederen.

        San Krisostomo gelditu zen. Bainan handik laster hil izan zen ama gaixoa. Eta begiak hetsi zaizkonean bere amari, saindu gaztea mundutik atheratu zen.

        Utzirik bere etxea, utzirik bere ontasunak, utzirik asko adixkide, sarthu zen Teloniako bortuetan. Eta berak asko hitz ederrez errepikatzen ditu bortu hetan gozatzen zituen Jainkozko atsegin handiak.

        Huna zer dion: Nola itsasoko ur borthitzek alferretan joiten baitute harroka hazkarra, berdin, mendi dohatsu hotan, ifernu guziak deusik ez dezake girixtinoaren galtzeko. Toki bazter huntan, mundutik urrun, ai zer atsegin garbiak! Hemen gure biziak iduri du Zeruko bizi dohatsua. Aingeruen haurride, Jainkoarekin gaude bekhoz bekho, bethi lehiatuak harren amodio sainduan.

 

        Hola-hola eta berdin gazterik joan izan zen San Benuat Erromako hiritik urrun, Zubiako borturat, munduaren higuintzaz eta bere Jainkoa hobeki maitatzeko xedez. Orduan oraino ez zituen hamalau urthe beizik.

        Aitoronseme ziren San Benuaten aita-amak, Euprobuz eta Abondanzia. Bainan odolez baino handiago ziren saindutasunez, eta beren haurra altxatu zuten egin-ahala arthoski Jainkoaren bidetan. Ez ziren alferretan entsegatu, ezen ttipidanik Benuat osoki eman zen Jainkoaren amodioari. Ordutik bere elhe eta egitetan, agertzen zituen jende zahar baten zuhurtzia eta bildutasuna. Bere adineko josteta edo barheiamenduetarik urrun zagon, oro sarthua othoitzean eta irakurtze onetan.

        Bainan sor-etxetik urrundu behar izan zen. Aita-amek Erromako hirirat igorri zuten, nahiz-eta irakusle jakintsunetarik ikhas zetzan ezagutza eta jakitate hoberenak.

        Xede berez Erromako hirian baziren bertze muthil gazte frango, bainan hekien artean on guti eta tzar hainitz. Gehienak zabiltzan galdurik ala phesta, ala jako, ala zer-nahi lizunkerietan.

        San Benuatek ez zezaken jasan bere lagunen bizitze galdu hori. Ikhusteak berak izitzen zuen harren bihotz garbia. Beldur zen ere hekien zarkeriek kotsa zezaten bera, eta hekien ondotik leize beretarat eror zadien.

        Beldur horrekin, ihesi joan zen hekien artetik. Ukho egin zion munduari. Hor utzirik eskolak, ontasunak, ohoreak, aita-amak, athera zen Erromako hiritik eta joan Zubiako mendirat.

        Abiatu zeneko, bi aingeru zerutik jautsi ziren, eta harren bi aldetan emanik, lagundu zuten bide guzia.

        Erran dut joan zela ihesi Zubiako mendirat; huna toki hura nolakoa den.

        Erromatik dozena bat orenen bidean, mendi kasko gora batzu altxatzen dire. Mendi horietara heltzen da Tibolin gaindi. Emeki-emeki hertsitzen dire bazterrak, eta azkenean mendi-zinta batek inguratzen zaitu. Mendi-barne hortan ikhusten duzu ordoki bat gizena eta aberatsa. Italianoek deitzen dute ordoki saindua, valle santa, badirelakotz hor asko komentu eta fraide. Beha zazu orai nola etxe multxo bat hedatzen den patar bati gora: hori da Zubiako.

        Mundutik ihesi, San Benuat herri hortara heldu izan zen. Bainan ez zen hor gelditu; hor ere ikhusten zuen oraino mundua, eta nahi zen baitezpada harrenganik osoki urrundu.

        Zubiakotik harat iragan zen beraz patar xut bati gora; jo zituen bortuko bazter eta zokho gehienak, atherbe zerbait hatzeman beharrez. Eta azkenekotz harpe batean gelditu zen.

        Huna zertsu zen San Benuatek hautatu harpea.

        Zubiakotik gorago badire bi mendi, eta bien artean ez da erreka hertsi bat beizik. Xut-xutak eta bi murru-pareta iduri, mendi horiek badohatzi hainitz gora. Eta bien arteko erreka-zolan, ur borthitz bat badabila kalapitan eta jauzika. Erreka basa hortan gelditu zen San Benuat.

        Iguzkiari beha dagoela eta goratasun ikharagarri batean, mendi horietarik batek badu harpe gorde bat, aphala eta hertsia. Zazpi esku-zehe luzetasunean, lau esku-zehe zabaltasunean; xutik ezin eman; egon behar etzanik edo belhauniko; hona zer harroka-ziloan ehortzi duen San Benuatek bere burua.

        Zerk ekharri du Jaun gazte aberats hori bortu hortarat eta harpe ikharagarri hortarat? Munduaren beldurrak, salbatzeko gutiziak eta Jainkoaren amodioak.

        Dabidek zion: Nork emanen darozkit usoaren hegalak? hegalda nindaite, eta phausa-toki batetarat hel nindaite. San Benuat ere hegaldatu da; ez da biderditan gelditu. Hain gora altxatu da bere gordairuan, non ez baitezake nihor mintza ezta nihor ikhus.

 

        Geroztik ere, bide hortaz eta adin berean, mundutik atheratu dire asko eta asko saindu. San Bernatek ez zituen hogoi urthe beizik mundua utzi zuenean; San Frantses Asisekoak ere hogoi urthe; San Luis Gonzagakoak hemezortzi; San Stanizlak hamazazpi.

        Oi dohatsu gazterik emaiten direnak Jainkoari, deus gaizkitan demendrenik kotsatu gabe! Hek dire Jesu-kristok lore-lorean beretzat biltzen dituen arima hautatuak.

 

                Zuk, o Jesus maitea, gure jabe ona,

                Jende gazte prestuak hain maite tuzuna,

                Egiazko prestuak bethi zatzu lagun,

                Bere xede onetarik ez daitezen urrun.

 

aurrekoa hurrengoa