www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Geroko Gero
Pedro Antonio Aņibarro
(c. 1820), 1923

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Bertsio elektroniko honen egilea: Blanca Urgell.

Iturria: Gueroco guero, Fr. Pedro Antonio Añibarro (Blanca Urgellen edizioa). Euskaltzaindia, 2001

 

 

aurrekoa hurrengoa

56. BURUA

 

Zegaiti Jangoiko miserikordi[a]dunak
ezteutsen parkatuten sekula infernuan dagozanai
.

 

 

1 §.

 

        Gogoak emoten deust, benturaz batzuk esango dabela: Ez litzateke obe, Jangoikoa izan ezkero orren ona, errukiorra ta ontasun bera, eukitea errukia infernuan dagozan errukiorrakaz: beintzat denpora luzean an euki eta kastigatu ezkero, ta euren uts egiteak ezagutu ezkero? Bat baño geiago izan dira au alan esan dabenak. Gaisto okerrak au alan izatea gura leuke. Baña ezta alan izango: eta ezta errazoi alan izan dedin. Zerren, batetik, baldin ezpaliz sekulako infernurik ta infernuaren bildurrik, gitxi izango litekez munduan onak, justuak, prestuak, kontuzkoak. Jakinik ta sinisturik infernu ikaragarri bat dagoala aoa zabalik gu irunsiteko, orrenbeste eskandalo, oker ta gaistakeria enzun ta ikusten badira; zer liteke, baldin bagenki alangorik eztagoala, edo ango penak eztireala betiko izango? Purgatorioko penak eztiriala betiko irautekoak jakinik, ardura entero andirik artuten eztogun legez, infernukoagaiti bere bildur ta atzerapen gitxi artuko genduke; beintzat pekatu geiagotan jausiko giñatekez; bildur gitxiago Jangoikoari artuko geunskio; munduak Giniebra edo Babilonia gaisto bat irudingo leuke.

        Eta barriz, bestetik, ezta ondo egiña, ezta errazoi, ezta konbeni, Judas gaistoa egon dedin zeruan beste Apostolu santuen laguntzan. Eztirudi ondo, Jangoikoaren kontra ibilli direanak, ta aren serbitzari umil, obedille leal santuak beste munduan bardinak izateak. Au ez liteke miserikordia, ezpada justiziaren falta; eta Jangoikoagan ezin dateke onelako uts egiterik, gobernubagetasunik.

        Onegaiti bada, ezteutso Jangoiko zuzen artez justuak bidebagerik egiten kondenatuari, ez iños parkatuteaz. Ta ez parkatu arren, miserikordiosoa ta errukiorra da ta izango da Jangoikoa. Bada, Santo Tomasek diñolez: Jangoikoak berez, beragan danez, guztiai parkatuten deutse; guztiakaz dauka miserikordia. Baña bere neurrian, justiziak eskatuten deutsan erara; ta orretarako iños merezigilla ta gai egiten danean, ta ez bestela. Eta, zelan deabruak eta gizon kondenatuak eztagozan miserikordia ta parkaziñoa irabazteko gai, borondate gaisto gogortuan dagozalako: alan ezta euretara elduten Jangoikoaren miserikordia. Eurak euren buruak galdu dituez, Oseas profeta santuak erakusten daben legez: eurak eragozten deutse Jaunari miserikordia eukitea eurakaz.

        Baldin infernuan dagozanak baleuke euren pekauten damu egiazko bat, garbai oso benetako bat; balegie penitenzia, biurtuko balira Jangoikoagana, itzuliko balebe euren borondatea beste aldera, gaistotik onera, gorrotorik amoriora, orduan erakusiko leuka euren aldera Jangoikoa[k] bere ontasuna, errukia, parkatuko leuskioez euren pekatu guztiak, orain penitenzia egiazkoa egiten dabenai parkatzen deutseen legez. Orain gu bidezkoak gara: egin giñei penitenzia; baña aek ez: ez dabe orretarako, ez gogorik, ez laguntzarik, ez bitartetasunik, ez poderiorik, ez graziarik; goitik, zerutik etorri bear jake grazia au; nai balebe bere, ezin egin leie penitenziarik: igaro jake orretarako denporea, adiuntza, okasiñoa; akabatu da aentzat feria; itxi dira ate guztiak, eztabe erremediorik.

        Kondenatuak euren pekatuen damua badabe bere, baña ez onetarako bear dana: ez dabe Jangoikoagaiti, ez Jangoikoari zor jakon amoreagaiti, ezpada igaroten dituezan penak gaiti, Antioko ta Saul erregeak euki ebena legez. Abere batek bere, min artzen dabenean, sentimentua erakusten dau. Infernuko kondenatuak bere daukeen damua, pena, sentimentua, dator ikusterik euren buruak ain pena ta min andietan; damu apurrik ez dabe Jangoikoa ofenditu izanaz. Itsutuak, etsituak, gogortuak ta desesperatuak dagoz; ezin gauza onik asmatu, gogoratu, egin leie. Jangoiko berak dirausku Eskritura Santuan ainbat lekutan, infernuan eztagoala erremediorik, ez akabatzerik, ez bitartetasunik, ez libramenturik, ez erreskaterik, ez erredenziñorik. Askotan darakusku ze kastigu gogor, min, latzaren begira gagozan, pekatu eginik, penitenzia egiazkoa egiten ezpadogu. Kontuan ifinten gaitu, adirazo, bai ta zemaitu, menazatu, orain bizi garean denporan baliatzen ezpagara, gure utsegite okerrak erremediatzen ezpadoguz, bizitza gaistoa onduten ezpadogu, galduak izango gareala; il ezkero on egiteko denporarik eukiko eztogula.

 

 

2 §.

 

        Baña oraindiño batek edo batek esango dau: Egia da guzti ori; egia da Jangoikoak alan dirauskula; alan zemaitu, menazatuten gaituala. Baña benturaz zemai ta menazu oneek eztira zemaiak baño izango; berba ta esate bakarretan igaroko dira. Bada, Jonas profetaren denporan bere, zemaitu eban Jangoikoak Ninibe uria, esaten ebala berrogei egun barru ondatu, banatu, galduko ebala Ninibe erri pekataria. Baña ez eban ondatu, ez eban bete esana; menazatu eban, baña kolperik, kastigurik emon ez. Alan izan liteke, onetara etorri litekez infernuko peneetara sekulako botateko egiten dituan zemaiak bere. Egia da, alan izango da, baldin ninibitar pekatariak legez, guk bere orain penitenzia egiten badogu; baña bestela ez, iñolakoz; il ezkero, arbola lurretik atera ezkero, ezin fruturik emon lei.

        Bai ta Noe santuaren denporan Jangoikoak zemaitu eban mundu guztia, ta esan bere bai, urjola andi bategaz itoko ebala. Zelan esan, alan egin eban: ito ta ondatu zituan gizon ta bizikor guztiak; bete, kunplitu eban bere zemaia. Ez eutseen ninibitarrai legez itxaron ta parkatu, aek legez penitenzia egin ez ebelako. Penitenzia egiazkoa ta denporazkoa egiten danean, eztira Jangoikoaren zemaiak menazuak baño. Alan adirazoten dau Jeremias profeta santuak Jangoikoaren izenean, esanik: Baldin nik zemaitu dodan jenteak bere pekatuen penitenzia egiten badau, nik bere atzeratuko dot kastigua emoteko artu neban ustea, gogoa ta egin neban zemaia. Eta, zelan infernuan dagozanak ez eben munduan bear zan penitenzia egin; ta orain infernuan dagozan legez ezindurik egiteko; onegaiti kunplitzen dira eurakaz an, emen egin jakeezan zemaiak, keñuak, menazuak.

        Onen ganean ederto berba egiten dau San Juan Krisostomok, esanik: Zuk gura zenduke, Jangoikoaren zemaiak ta sentenziak ez izatea zemaiak baño; bada, ori zure eskuan dago. Ondu ta obetu zaite, ta eztira beteko, gertatuko, jazoko, ikusiko, kunplituko. Baña obetuten ezpazara, zugan beteko dira: zeuk igaro, sufritu, probatu bearko dozuz, orain Jangoikoak adirazoten deutsuzan kastiguak, kalteak, penak, zemaiak. Ninibetarrak legez baliatu balira Noeren denporako jenteak, egin jakeezan, emon ta biraldu jakeezan abisuakaz, etzirian galduko, itoko; ez jakeen jazoko gerta jakeena. Guri bere kastigu ta kalterik etorriko ez jaku, baldin zemaiak bildurturik, orain penitenzia egiten badogu; orain onera biurtzen bagara.

        Eta alan, orain geurok nor bagara, eztira guretzat Jaunaren zemaiak, menazuak ta keñuak baño izango. Baña bestela, baldin pekatu mortalean gagozala begiak itxiten bajakuz, egin da gurea, galdu da arimea; ez da gero geiago onera biurtzerik, ez penitenzia egiterik: amaitu zan denporea.

        Au egia garbia da, kristiñau fededun guztiak sinistu ta autortuten dabena. Ganeko guztia, ta Jangoikoak beste munduan, denporaren buruan ta nosbait izango dabela miserikordia infernukoakaz esatea, gogoratutea, sinistu ta uste izatea da zorakeria, asmo utsa, engañua, falsia, ta gizon gaisto galdu konzienzia zabal nasaiaren deseoa, nai gurea, kontua, ipuiña ta pensua, ta fedearen kontra.

        Guzti onegaiti, San Pablok dirauskun legez, denpora, beta, astia ta era on au dogun artean, dagigun on. Isaias profeteak bere badirausku: Billatu egizue Jangoikoa, idoro al daizuen denpora adiuntzekoan. Bada, orain idoro giñei, ta ez gero. Jesu Kristok judegu itsu gogorrai, ta aetan guztioi dirausku: Billatuko nozue, baña ez nozue idoroko. Gauza galdua, galdu dan lekuan billatu ta topatu bear da. Munduan galdu dogu Jangoikoa; bada, emen billatu bear dogu, ta ez beste munduan: emen galduten da, ta ez an.

        Esan ta erakusi dan guztirik atera bear dogun frutua ta irabaztea da, gogoratutea geuk geure buruari baño kalte andiagorik, ezin bestek egin leigula. Mundu guztia gure kontra jagi arren, baldin guk biderik emoten ezpadogu, egotziko ez gaituela infernura. Baña geuk bakarrik bota giñei geure burua ango sutegi ikaragarri sekula betikora. Etzaite bat zeu zeuretzat egin ta biurtu orren arerio gogorra; errukia ta kontu euki egizu, arren, zeure buruaz, zeure arima bakar baliotsu orregaz. Etzaite ibilli geroko luzamentu ero, uts, ganorabakoetan.

        Biurtu zaite zeinbait lasterren zeure Jangoiko maiteagana; atera egizuz denporaz zeure konzienziako kontu onak; presta zaite gaurganik konfesiño egiazko bat egiteko; etzaite fiatu etorkizun engañagarrian, geroko gero eroetan. Orain gura zaitu Jangoikoak; eztakizu gero naiko bazaitu. Zuk orain gura ezpadozu, benturaz gero berak enzungo etzaitu, artuko etzaitu, berandu zatozalako, belu dalako, denporea akabatu dalako, atea itxi dalako.

        Onetarako sarri, leku ta denpora guztietan gogoan erabilli egizuz infernuko pena, neke ta zorigatxak. Batezbere, iños azkenduko eztireala; atzendu ta akabetako bere esperanzarik, itxaromenik eztagoala; sekula betiko iraungo dabela. Au gogoratu egizu; onetan pensatu gau ta egun: lo egitera zoazanean, irazarten zareanean, tentamentu txar bat jatortzunean. Eska egiozu onetarako Jangoikoari bere grazia, Ama Birjinari bere bitartetasuna, angeru ta santuai euren laguntza.

        Gogo ta asmo andi batez asi zaite bizitza on garbi bat egitera: egizu bizitza guztiko konfesiño guztiroko bat; emon zaite libru santuak irakurtera, gogozko oraziñoa egunero eukitera, meza enzutera egun guztietan lekurik badozu; ez beinbere itxi Maria Santisimaren Errosario Santua. Atera egizuz lengo utsak, orain denporea ondo emonik; larga egizuz pekatuzko bideak, etxeak, lagunak, okasiñoak, peligru ta arriskuak; ezi gorputz gaisto ori, baldin gura ezpadozu gero ikustea erretzen infernuko su ta garrean. Egizuz bakeak ta adiskidetu zaite zeure arerio gaiskil persegilleaz; biurtu eiozu fama kendua ta gauza ostua kendu deutsazunari; izan zaite kontuzkoa karidadean ta projimuaren amudioan. Artu egiozu gorroto ta bildur andi bat pekatu txikiari; bada, onek dakar pekatu mortala, ta beronek infernuko kastigua.

        Au egiten badozu, onela bizi bazara, uste dot Jesus maiteak argituko zaituala, lagundu, zoriondu ta eskua emon; bide onean ifiniko zareala, edo sartuteko abiatu ta prestatuko zareala; ta ondo asirik ta obeto jarraiturik zeruko bideari, mundu onetako itxasoko ekatxak, gatxak, gora-berak igarorik, elduko zareala Zeru ederreko kaia edo portu segurura, Jangoikoaren laguntzara ta zerutar guztien lagun, erritar ta adiskide maite betikoa izatera. Jangoikoak alan nai daiala.

 

O.S.C.S.R.E.

Fr. Pedro Antonio Añibarro

 

aurrekoa hurrengoa