www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Geroko Gero
Pedro Antonio Aņibarro
(c. 1820), 1923

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Bertsio elektroniko honen egilea: Blanca Urgell.

Iturria: Gueroco guero, Fr. Pedro Antonio Añibarro (Blanca Urgellen edizioa). Euskaltzaindia, 2001

 

 

aurrekoa hurrengoa

GEROTIK GERORA
ibilteak dakartzen kalteak erakutsi baño len
esango da zerbait alpertasunaren ganean, bada emendik
dator geroko luzemenduan ibiltea
.

 

LENENGO BURUA

 

Zelan, besteak beste diriala, alperkeriatik
iges egiteagaitik bere, bear egin bear dan.

 

 

1 §.

 

        Gure Jangoikoak, munduko beste gauza guztien ondoan gizona bera, bere gai antz, bere imajiña eta irudira, bapere bekaturik eta bekatuaren errasturik bere baga, apaindura, doe ta era guztiko edertasunez dotaturik ta zoriondurik egin ebanean, ifini eban bertati lurrak euken parterik, leku ta tokirik onenean, lurreko Parabisuan, egotaldi atsegintasunez, zorionez ta gozotasunez betean. Eta agindu eutsan landu egiala, bear egin, zaindu, jagon ta gorde ondo a Parabisua (Genes. 2).

        Baña, zelan lurra landutea, apaindutea, eskuz bear egitea, eta gordeteko bearrean ta premiñan jartzea dirian bekatutik sortu, erne, jaio ta eldu dirian eradenduak, landarak, frutuak ta ondorengo errastuak, ondakiñak, enparauak; eta oraindiño orduan etzan bekaturik, ez bekatuaren kiñurik, siñurik, ez famarik, ez aitatzerik, ez barririk, dirudi etzala egiaz oraindo orduan Parabisu a landu ta gorde bearrik. Zetarako, bada, emon eutsan orduan Jangoikoak gizonari a mandamentua? Eranzuten dau Santo Tomasek, esaten dabela (S. Thom. 1. p. q. 102. art. 3): Etzan, ez, orduko bear egitea penagarri izango, orain bekatu egin ezkero legez. Baña ori izango zan atsegin artze bat, ta bere kontentu ta gustora zegoala, bere indar ta alegiñak probatze bat. Eta gorde ta jagotea bere, ez arerioetatik, ezpada beraganik, eta berak beretzat bekatuz galtzetik gordetzea izango zan, euki bear eban ardura guztia. Baña San Juan Krisostomok emoten dau beste errazoi bat, nik darraiodan gaiari, puntuari obeto dagokiona, diñoala (S. Chrisost. in cap. 2 genes.): Egia da etzala orduan lur-parabisu atan egitekorik, ez bear egiteko premiñarik. Baña, alanbere, gura ez eban Jangoikoak, an zegoana, zegokean geldirik; ez bear egitetik alpertutera ta nagitzera etorri etzedin, eta ze gauza txarra ta ezaina zan eta dan alperkeria adietan emoteagaitik.

        Kasianok diño (Casian. lib. 18, cap. 14) Paulo abade ermutar zarrak, palma adar ta orri batzuk arturik, aekaz egiten zituela otzarak, galbaiak, sareak; eta gero azkenean, egin ondoan, astearen buruan, guztiak banatu, desegin ta erreten zituela. Zerren, bataz, nola errietatik urrin zegoan, obraren balioak baño, gastu geiago ekarriko eutsan aetara eroan bearrak; ta barriz, besteaz, zerren a bearreta ta lan guztia artuten eban, oraziño ta Jangoikoaren gauzak egin ezkero, alperkeriatik iges egiteagaitik, ta ez kutizia ta irabazteagaitik.

        Gure Jangoikoak emon zituen lege zarrean seireun ta geiago mandamentu ta zeremonia mueta, eta aekaz batera ainbeste egiteko non, diño San Pedrok (Act. 5), ez berak, ez bere aurrengoak bere, ezin eroan, ez jaso ebela ain karga astun andi pisutsua. Eta jakin gura badozu, ea zergaitik kargatu, bete ta astundu zituen Jangoikoak ainbeste mandamentuz, eranzuten dau doktore jakintsu batek (Abulens. in Prefac. in Levitic.), kargatu zituela ainbeste mandamentuz, sakrifizioz eta ziremoniaz, aekaz batean kendu zedin ainbeste kalteren ta damuren asiera, azia ta biztugarri dan alperkeria.

        Zelan gure Jangoiko maiteak janzi zituen lurreko animaliak, aideko egaztiak, itxasoko arraiñak ta basoko aretxak euren erako janziera ta soñekoz: abereak narruz ta ullez, egaztiak lumaz, arraiñak eskamaz ezkataz, ta aretxak azalez.

        Eta zelan aretxak dagozen euren lekutik mugitu, urten ta aldatu baga, eta bear lanik bere egin baga, euren azpiko lurraren gozoa ta gizentasuna eurak gana euren sustraiakaz tiratuaz ta miazkauaz, azi, anditu ta mantentzen dirian; animaliak abereak bere euren janariak ta alimentuak, bereala egoa baga, erre ta egosi baga jaten dituezan; eta baita bere etxeak ta bizilekuak non-nai edozein lekutan ilundu, gautu ta arratsatuten jaken tokian artzen dituezan; eta geienak euren amaren sabeletik urten ta bertatik datoz orren aurreratuak. Alan Jangoikoak, gura izan baleu, emon euskiezan gizonai bere onelako gauzak ta andiagoak bere. Janzi eukezan, etxedun egin eukezan, emon euskiezan bear zituen ondasun ta gauza guztiak ezer bere kosta baga. Baña ez eban alan ifini gura izan. Eta zergaitik ez? Alperrik egon etzedin amoreagaitik. Eta, San Anbrosiok diñoan legez, artu eban adimentua enpleatu leientzat (S. Ambros. prefat. in Levit.). Zerren, baldin orain, gauza guztiak ain nekez ta ainbat kostarik irabazi ezkero, ain nagi alper ganorabakoak bagara: zer gintekez, gura dogun guztia nolanai eta nosnai eskuen artean bageunko? Ezer bere falta ezpalitxagu? Esan giñeike Ebanjelioko aberatsak legez (Luc. 12): Jan ta edan daigun; poztu, diberti ta atsegin gaitezen; zerren ez dogu ezeren bearrik; eztaukegu oraingoan eskean ibilli bearrik.

 

 

2 §.

 

        Aristotelek diño on dala alperkeria erritik kentzeko, urrindu, deserri ta erbestuteko; eta errian bere erregearen edo beste edozeinen kontra jagitetik gordeteko, lan ta obra andi batzuk astea, torre ta gaztelu batzuk egitea, eta aetan jentea enpleatzea. Nola agiri dan Ejitoko Piramidetan, zeintzuk eragin zituen Faraon erregeak jendeak alperrik egon ez litezen. Irudirik errege ari baldin Israeleko semeak, katibu legez bere azpian ta mendepean zituanak (igaroten zirian seireun milla personatik bakarrik gizon egiñak), itxiten bazituen euren atsegin ta gustura biziten, soberbiatu, arrotu, jabetu ta nagusituteko bidean jarriko ziriala, eta andik bear etzana sortuko zala, artu eban Piramide batzuk egiteko gogoa, asmoa ta pensua. Piramideak zirian, diño San Isidorok (S. Isidor. lib. 5. Ethim. cap. 11), sepulturen antzeko pilare edo tunba lau eskiñako batzuk, goi-goira jasoak, egin al litekezen gorenak, ondoan zabal ta puntan estu bedar. Eta olakoetan bear eragiten eutsen Faraonek bere azpiko jende oni, señalaturik bakotxari bere eguneko lana ta gaia. Eta eskua ifintea bera asko bazeben bere: baña prestamenak, aldamioak ta obra egiteko bear zirian gei guztiak, eurak billatu, abiatu ta presta bear zituezan. Eta alanbere ezin azartu zirian aserratzera, ez txitik egitera; zerren bestela, lenengo berbea aotik ateretan ebenako, zirautsen Faraonek (Exod. 5): Vacatis otio. Alperrik zagoze, agiri da neke andirik ez dozuela, zeuen ondoegiak, alperkeriak, on lar geiegiak ta mizkeriak erexegiten zaituez, orrek orrela dibertitu ta berbaz ifinten zaitue. Eta onetan, geroago karga geiago, zeregin geiago, neke-pen ta lan-bear barriak egozten eutsezan. Eta au guztiau egiten eban, baldin bapere astirik bazeben edo alper bazegozen, andik kalteren bat etorri ez lekion bildurrez.

        Pisistrato Atenasko tirano borreru gaistoak (Ælianus lib. 5 vari. hist.), ikusi ebanean plaza guztia jente alperrez betea, ta atarik malizia, zitelkeria ta gogoeta gaisto asko sortu zitekezala, deitu zituan guztiak beragana. Eta alperrik egoteko eskusa, atxakia ta biderik ez eukenai, emon eutsezan mando, zaldi, idi, azi, diru ta bear egiteko bear eben guztia. Eta gero biraldu zituen lanera ta bearrera, iruditurik ez ebela kalterik egingo, gaistakeriarik asmatuko, ez erririk nastuko jardun, erago ta ekinik betiko lan bearrari.

        Munduko barria dakienak esan oi dabe on dala errientzat ta erreinuentzat, egiteko batzuk ta gerrak euren erri eta erreinutik kanpora izatea. Zerren, zelan bakotxa bakeaz loak artu ta gorputzeko atsegintasunera ta gustu zikiñetara emoten dan: alan arerioakaz gerran dabillena kontuz bizi da, zur zoli ta irazarririk dago. Au ikusi dogu geure begiz gerreak estutu gaituen denporan, zeñetan, arriturik jenteak, biziroago emoten zirian Jangoikoaren gauzetara, sarrituten zirian sakramentu santuak, bete elexak, adiskidetu arerioak, gitxitu auziak, ordikeriak, danzak, erriertak ta gaistakeriak.

        Eztot onegaz adierazo gura, gerrea on dala: ez orrelakorik; sortu ta sartu bedi betiko gugan bakea, zerren Jangoikoaren graziaz geroz, ezin euki leiz gizon batek mundu onetan osasuna ta bakea baño ondasun oberik; bakeaz agur egin eben angeruak gizonai Jesu Kristo jaio zanean: bakea zuekaz eta zorionekoak baketsuak zirautsen Jesus bakearen buru nagusiak bere Ikasle Apostoluai; eta alan, emen bakarrik adietan emon gura dot, gerrak, ardurak, zeregiñ andi kontuzkoak urrindu ta aldegiten gaituezala gaistakeria askotik.

        Plutarkok egiten dau libru bat, arerio gaiskin ta persegilletatik ateratzen dan on ta probetxuaz (Plutarc. de utilit. ex inimic.); eta guztien artean andiena ta prinzipalena diño dala alperrari bear eragitea, lotia irazartzea ta ardurabagea estutu ta arduratsu egitea. Adiskiden artean gareanean, zabal estuera baga gagoz, ez dogu ezerberen konturik, ez bildurrik; deungero berba egin arren ta milla erokeria eginagaitik bere, ez dogu ardurarik. Zerren dakigun, adiskideak izanik, guztia ontzat eroango dabela, dan guztia gorde ta estalduko dabela. Baña arerioen artean idoroten gareanean, begiak argi irazarriak ta belarriak zur zabalik euki bear dira; zer esan ta egiten dan ondo begiratu bear da. Zerren, nola arerioak betibere zelataka dagozan, uts edo faltaren bat oartuten badabe, bereala artuten dabe; ta askotan, azirik ta geiagoturik dana baño geiago, zabaldu ta andizketan dabe besten aurrean. Agaitik diño San Krisostomok (S. Chrisost. hom. 3 ad Popul.) askotan adiskideak baño, on ta mesede geiago egin oi deuskuela arerioak, zerren arerioak, gure faltak esanik ta agerturik, emoten deuskue bidea irazartzeko, falta ta uts egitetan onduteko, zuzenduteko eta beste bein alakoak egitetik gordeteko.

        Errazoi onegatik esan lei ez ebala gure Jangoikoak gura izan, akaba zekiezan Israeleko semeai arerio guztiak; baña ordendu edo laketu eban, geldi zekien betibere arerio bakotx batzuk, irazartzeko ta alperkeriatik gordeteko.

 

 

3 §.

 

        Irabazi ebenean Lazedemoniakoak euren auzoko uri arerio bat, muga-bitartean zeuken bat, esan eben bertako gobernari agintariak (Plutarc. in Aphot.): Egin da gure jende gazteaz, eztabe emetik aurrera esetsi ta erasoteko paradarik izango, eta ez jo, astindu ta purrukatzeko areriorik.

        Lazedemoniako oneek eurok ez eben banatu gura izan uri kontrako bat, beti euren kontrakar ta arerio izan eben bat, esaten ebela a erria zala gaztetasunaren zorrotz-arria, zerren gazteak an probatzen ta zorroztuten zituezan euren al ta indarrak, ikusten zan nor nor zan, eta gordeten zirian ugertzetik, gorriña edo erdoitik.

        Onela eranzun eban Kleomenes Sparziakoak bere, itandu eutsenean ea zergaitik benzutu, goiartu, azpitu ta mendepetu ezkero, etzituan bere arerio arjiboak apurtu ta ondatu. Eztodaz ezindu ta galdu maite dodazalako, ezpada ikustearren zertako dan gure jende gaztea.

        Enzun ebanean Publio Nasikak (idem ibi.) bota ebela erromatarrak erritik kanpora Anibal bere arerio andia eta artu ebela Kartago erri famatua, eta ainbestez, bere ustez, aurrerako seguru gelditu ziriala, esan eban: Oraintxe da nos geratu garean iños baño jausteko ta galduteko pelligrurik andiagoan, zerren eztaukegu orain, len legez, irazartzallerik ta geure egin-bidearen eragillerik.

        Izan ebenean erromatarrak deseatzen eben biktoria arturik Kartago, sartu zirian batzar edo konsejuan Erromakoak, erabagiteko ea zer egingo eben Kartagoko uriaz (Vid. D. Agust. de Civit. Dei cap. 30). Eta Katonek (lenenetatik bat) esan eban guztia desegin, banatu, apurtu ta lurraz bardindu bear ebela, euren gerrak, aserreak, erriertak, esamesak ta kirrimarra guztiak erri artarik sortuten zirialako, ta uri a banaturik, bakean ta soseguan geldituko ziriala. Baña Szipion kapitai famatuak, etorkizunari obeto begiraturik, esan eban ez ebela iñolatan Kartago apurtu bear, zergaitize ondatuten baeben, gerra bat amatatu ustean, beste andiago bat biztuko ebela. Zerren bereala berpetatik jendea emongo zan alpertasunera, jan-edanera, barrikerietara, eta gogoak ekarkien gaistakerietara ta era guztiko txarkerietara. Eta andik erriertak, aserrekuntzak, gerrak, alkar ikusi ezinak, gorrotoak, ondamuak, areriotasunak eta Kartagoko gerrak baño pelligruzkoagoak euren artean sortu ta erneko ziriala. Nola esan, ala gerta zan: zerren, Szipionen konseju ta adibidea itxirik, artu eben Katonena, banatu eben Kartagoko uria, jarri zirian euren ustez bakean. Baña Szipionek adierazo eban legez, laster eurak ta Erromako erria beeratu, azpitu, galdu ta jausi zirian.

        Egiau ezaguturik, Perikles famatuak mantentzen zituan beti bere bere erritik kanpoan gerra batzuk. Eta urtean-urtean biralduten zituen ontziak jentez beterik gerra atara. Eta aetan biraltzen zituan idoro al zirian alper guztiak. Eta gero bizi zan bake andi baten. Zerren, nola erri guztietan oi dira komunki alper eta jende galdu asko ezertako eztirianak, eta onelakoak gatx eta kalte asko egiten dituezan, ondasun andiak eldu jakez erriai alakoak kentzeaz, probetxu andia elduten jakon legez lurrari jorraituteaz, landuaz ta bedar gaistoak atereaz.

        Korintioak ain gorroto ta ikusi-ezina eutsen alperrai eze, ikusten ebenean gizon bat bizi zala errenta baga, ofizio baga ta bearrik egin baga, bereala beste probanza baga, kenduten eutsen bizitzea, zerren esaten eben presona alper ofiziorik, lanik ta errentarik ez eukenak lapurreriaz, falsiaz, engañamentuz ta arte gaistoz balia bear ziriala, eta alangoak bizia zor ebela eta, alan, kentzen eutsen. Eta on liteke alangoakaz orain bere alan egingo balitz kastiguren bat.

        Solon andiak ordenatu eban aita batek bere semeari baldin ofiziorik irakasten ez beutsan, etzedilla a semea egon bearturik bere aita faboretzera, premiñan, bearrean ikusiagatik (Plutarc. in Solon.). Zerren ofiziorik ez irakatsi ta ez emonaz, alper eta gaisto izateko oñean, bidean ta pelligruan itxi eban bere aitak.

        Jimnosofista zeritxen jende batzuk ain deungero eroien alpertasuna eze, afal aurrean deituten zituezan eurak gana etxeko gazteak, jakiteko ea zetan igaro ta emon eben eguna; eta baldin probatzen bajaken alperreriarik, ez eutsen afariak gatxik egiten.

        Katon Zensorinogaitik (zeñek eukan alperren ganean esku-bide ta agintaritza) irakurten da, ekarten eutsenean bere aurrera gizon bat salaturik, esaten zala alperra zala, bereala lenen egin oi ebana zala eskuetako azala ukutu, igortzi ta ikustea; eta baldin latz, lodi ta gogor idoroten bajakan, libre ta bakean itxiten ebala; baña baldin mee, bigun, samur, leun ta beraa bazeukan, alpertzat kondenaturik, falta gitxigaitik bere latzkiro kastigetan ebala.

        Katon beronek esaten eban, iru gauzatarik albaitanez gordeten zala: Emakumeari bere sekretoak fiatzetik; leorrez joan al izanik, itxasoz joatetik; eta egun guztian alperrik egotetik.

        Lukanotarrak idoroten ebenean iñork jende alperrai zerbait ordeaz prestatzen eutsela, bertati emoten eben sentenzia prestatzallearen kontra: zer edo zer prestatu bazeben, a guztia galdu legiela. Baña, nire ustez, etzan alako sentenzia emon bearrik: berez dago emona; zerren ez dabe prestatzalleak alakoai kobratzeko pelligrurik, galdutzat emon bear dabe alakoai emona.

        Indietako erri batzuetan etzan iñor bere bere gorputzaz balia al zitekeanik eskean ibilten: itsuak bere, tornuan edo errotan bazan bere, bear egin bear eben (Osor. lib. 11).

 

 

4 §.

 

        Ain da gauza galdua ta galgarria alperkeria, eze naturaleza beraren bere kontra da. Gizona jaioten da lan bearra egiteko ta egaztia egaz egiteko, diño Job santuak (Job 5). Egaztiari emoten jakazan legez egoak axetuteko, egaz egiteko, alan gizonari eskuak bear egiteko.

        Munduko gauza guztiak kondenetan dabe alperra; zerren ak ez beste guztiak emoten dabe denporea artan zetarako egiñak zirian. Eguzkiak errazoiaz esan leio berandugiño oean datzanari: Zerk aratza or, alper nagi lotia? Nik atzo hik baño bide geiago igaro niñoazan; jira-bira inguratu ñoan mundu guztia; eta orain bere hi baño lenago ta goxago jagi ñok. Aretx-arbolak bere esan leioke alperrari: Eztakusk zelan ez gagozan beinbere geldirik, ez alperrik? Zelan azten, anditzen, loratzen ta geure denporetan frutu elduz betetzen garean? Hik zer egiten dok? Zertan denporea emoten dok? Zeri begira ago alper andi nagiori?

        Bada, abere ta animalia adimenturik eztabenak bere, beintzat erleak ta iñurriak, errazoiaz esango deuskue bear daigula; euren nekeak, lanak, joan-etorriak gogoratu daiguzela, ta alakoz, lotsaturik bada bere, geure egin bidearen egitera ta lan bearretara irazarri, prestatu ta abiatuko gara.

        Erleak, ain gauza pildin-txikiak izanik, betetzen dabe mundua eztiz gozotzeko ta argizegiz argitzeko. Eta ezta erraz kontatzea, zelan gobernetan dirian erleak euren artean, zelan dauken euren erregea ta obedituten daben, zelan zarrak erlautsean barruan etxeko lanak egiten egoten dirian, ta gazteak kanpoan euren janari, mantenu ta igaropiden billa dabiltzen, nola daben euren ate-zaiña, eta bear bere bai, zergaitik ze eztiari, nola dan zalegarria ta, izena daben legez, ezti-gozoa, askoen gogokoa, gurarikoa ta gustukoa da. Nola bear egiten dabenak, lanik egiten eztaben erle alperrak eta nagiak esten kolpez, zikadaz ta izpi zorrotzakaz botatzen dituezan euren laguntzatik. Eta zelan beste gauza asko egiten dituezan; eta guztiak ain ordenanza, zurtasun ta gobernu andiaz, ze dirudi ez dala erregerik bere erreinua ain ondo gobernatzen dabenik, nola erleak euren erregeaz batera bear egiñaz gobernatzen daben eurena.

        Bada, iñurriaren gobernuaz, zurtasunaz, lan-bearraz, etorkizunerako egiten daben probisiñoaz, bear dituen janariaz, bildu ta billatuten daben mantenuaz, nok zer esango dau? Nork eztau miretsiko ta gogoeta egingo? Espiritu santuak berak biralduten gaitu animalia txiki onegana, zer egin bear dogun ikastera, diñola (Prov. 6): Zoaz, nagia, iñurriagana, eta gogoratu egizuz aren bideak eta bideskak, joan-etorriak, inguruak, or-emen ibilteak, nekeak ta bearrak, eta ikasiko dozu zuk bere, zelan bear dozun aurrerakoan ta beti bizi, ibilli ta gobernatu; onek, irakaslerik ta bide-aurrekorik baga, berak bere buruz bilduten dau udan, negua igaroteko bear daben mantenua, janaria ta garaua. Eta garau au gordeten dau lurraren barruan, berak eginiko toki, gorde-leku ta garautegietan. Eta ain da zur eta begiratua eze, kanpoan ezer ezin izanez, bere bilduetara bildu bear dabenean, asten da jaten lenik garatu, zildu ta erne bear daben garautik; zerren bestela sortu ta azi liteke a garaua, buztandu liteke, bedar biurtu liteke; eta gero andik ara, lan uts alperra jazo ta gerta lekikio bere lenagoko zurtasun guztia.

        Are geiago, garatuak jan ezkero, lurraren bustitasun ta ezetasunak ganekoak usteldu eztagiozan, ateretan dituz nosik bein kanpora axetu ta eguzkitutera; ta orduan eguraldi ta denpora onaren señalea dateke. Eta onela ta alan igaroten dau iñurriak bere negu luzea; eta erakusten deutso bakotxari, zelan ta ze moldez bear daben mantendu, gobernatu ta alperkeria guztia largarik, bere denporan bear egin.

 

aurrekoa hurrengoa