www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Geroko Gero
Pedro Antonio Aņibarro
(c. 1820), 1923

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Bertsio elektroniko honen egilea: Blanca Urgell.

Iturria: Gueroco guero, Fr. Pedro Antonio Añibarro (Blanca Urgellen edizioa). Euskaltzaindia, 2001

 

 

aurrekoa hurrengoa

12. BURUA

 

Gerotik gerora ibilteaz galduten dogu denporea.

 

 

1 §.

 

        Gerotik gerora zabiltz; aurten gaisto izanik, urrengo urtean ondu ta obetuko zareala diñozu. Izan bedi, bada, alan; zuk diñozun legez, uste dozun legez ta gogoan darabiltzun legez jazo dakizula, gerta dedilla ta, aurten gaisto izanik, zure gero orretan, etorkizunean obetu zaitezala. Ori orrela balitz bere, non da, batetik, urte onetan egin al ziñaikean irabazia ta aurreratzearen meritua? Bada kristiñau on batek urte batean obra on asko egiten ditu, ta bai bear-sari, merezimendu ta arimazko ondasun andiak irabazi ta erdetsi. Kristiñau onak urte baten aurreratuten dira; baña zu, aurreratu bearrean atzeratuten zara, bekatu ta gaistakeria asko egiten dozuzala. Eta, bestetik, non da bitartean, urte onetan, zure gero orretara eldu artean galduten dozun denporea? Ene semea, gorde egizu denporea, diño Espiritu Santuak (Ecl. 4). Aurrean daukezunean, zakioz: zerren, bein joanik, ezta biurtzerik ta erdetsiterik. Okasiñoa bekokian, aurreko aldean, ulletsu da; baña atzean, kokotean motz, soil, erbal, ullegea, ullebagea. Aurrean bauko nondik lotu, nondik oratu, baña ez atzean. Beraz, aurrean dozunean probetxa ta balia zaite; zerren atzeraturik joan ezkero ez dau esku-tokirik, ez lotu ta oratuteko kirteñik. Bada okasiñoa legez da denporea bere. Beragatik dirautsu Espiritu Santuak (Eccl. 9): Orain, denporea eskuan daukazun artean, egizu al daizuna; eta ori prest, orain, laster; zerren gero, zuk joan bear dozun infernuko leku atan ezteutsue balioko ez errazoiak, ez jakituriak, ez alegiñik andienak. Itxiten badozu, zelan eztakizula, orain esku artean dozun denporea igaroten, egin da, galdu da, ezta geiago biurtuko. Agatik diño San Pablok (Galat. 6): Denpora dogun artean, dagigun ondo.

        Esan begi Aristotelek (4. Phisico) nai dabena denporeagaitik; baña, gure konturako, denporea da len, orain ta gero gauzak ibiltea, igarotea, ta igaroaz batera igartutea ta akabetea. Denpora beti doa. Senekak diño (libr. 6. natural. q. 8): Denpora igaroa ta etorkizuneko[a] eztira gureak. Joana joan; etorkizunekoa etorkizun, oraingo au da gurea, ta ez besterik.

        Eta or[a]ingo denpora au bere ain gitxia, laburra ta pitia da eze, diño Santo Tomasek (1 p. q. 66. a. 4. ad 4 et 5): Denporatik ez dogu ezer bere, orain bat baxen, iraute apur bat, puntu bat, ta ez geiago. Egia da, baña, zelan puntu onek, orain onek batu, bildu, lotu, alkartu ta josi legez egiten dituan alkarregaz igaroa ta etorkizuna, joste onek gomuterazoten deusku igaroa; ta etorkizunaz bere esperanza ta itxaromena emoten deusku. Eta alan, gomute ta akordu onegaz, itxaromen ta esperanza onegaz batean, igaroa ta etorkizunekoa oraingoaz loturik ta bat egiñik, ez jaku oraingoa, presentekoa ain labur eretxiten ta iruditen. Zerren guztiak alkarturik legez ta bat balira legez artuten doguz, ta onela uste eragiten dabe bizitza luzea, diño Senekak (de brevit. vitæ c. 13).

        Baña, dana dan legez ta bear dan legez denporea artu arren, idoroko dogu ezerez bat dala, gitxi bat, argal mee labur bat dala. Oraingo au gozatu giñei, etorkizunekoa deseatu ta igaroa alabatu, mezpreziatu edo aitatu ta izentatu. Igaroak eztau erremediorik: a joan zan; etorkizunekoa eztakigu emongo jakunez; presentekoa, oraingoa ain da txikia, gitxia, laburra ta igarokorra eze, orain bere, bigarren berbea asi dodaneko, igaro da lenengoa ta lenengoaren denporea.

        Izan da esan dabenik denporea eztala ezer, bere gomuterik, akordurik, gogorik ez danean. Eta alan, lo datzanari ez jakala orduko denporea ezer irudituten, eztabela sentitzen, ezpalitz legez igaroten jakala. Zerren orduan eztau atan pensetan, ez gogorik eukiten.

        Uragaz gura nenduke bardindu ta konparatu denporea. Bada denporeak ta urak alkarren antza, irudia dauke. Ura beti doa, batak besteari darraio. Igaroa aurrera doa, ta etorkizunekoa atzera dago, ta aurrean dagoanak gitxi iraunten dau. Eztau iñok igaro dan uretik artuten, ez etorteko dagoanetik bere: aurrekotik, igaraitean, aurrean dagoanean artu bear da. Alan da, bada, ta alan egin bear da denporeaz bere: aurrean daukazunetik artu ta aprobetxa zaite. Bada bestela, axe ona danean bela egin baga gelditzen dan ontzia legez, gelditu zintezkez zu bere.

 

 

2 §.

 

        Denporatik gauza labur txikia, orain au dogu, ta ez besterik. Baña, nork esango dau zenbat balio daben orain onek? Iraute, iraupen, bitarte ta asti txiki labur onek? Ainbat balio dau eze, baldin orain Infernuan dagoan bati emongo baleuskioe aukera, ea zer geiago gurago leukean bere eskuan: ala mundu guzti au bere ondasun guztiakaz, ala ordu baten denpora ta bitartea, seguru da, ez ordu baten denpora, ezpada begiak gora jasote baten bitartea bere len autu ta gurako leukela, ta obetzat eukiko leukela, munduko andikeria, atsegintasun ta dan guztia baño.

        Zergaitik ze a apurra, danik txikiena bere, ondo emon, bete ta enpleaturik, asko leuke ordugiñoko falta ta uts egite guztiak erremediatuteko, osotu, kitututeko, ta Zeruko Gloria irabazi ta erdetsiteko.

        Esan oi da gauza bat preziatua ta baliotsua dala puska gitxi bat izan arren, beste andiago batek baño geiago balio dabenean; eta alan esaten da gauza preziatua dala urrea. Beraz, egiaz da gauza preziatua, estimagarria ta baliotsua denporea, zerren dan gitxiena, biotzeko damu oso egiazko bat, asko da salbaziñoa irabazteko. Eta ezpabere itandu egiozu bere azkeneko orduan ain laburki ta laster Zerua irabazi eban Lapur Santuari, ea zer eretxi jakan denporeaz. Ea gauza estimagarria ta ezertan euki ta maitetuko danez. Eta ak, probatuak legez, esango deutsu baiez, estimagarria dala, baliotsua dala, eztabela munduan bere parerik.

        Ain da gauza andia ta aberatsa orain esku artean dogun denporaren orain au eze, Purgatorioko penak, mundu onetako neke guztiak alkar loturik, oraturik ta erantsirik baño andiagoak izanik, geiago balio dau, geiago egin ta kitu-sarituten dau Jangoikoaren aurrerako orain emen munduan obra onetan emoteak, gero Purgatorioan urte batean penatzen egoteak baño, diño doktore batek (Lodulphus ex Saxonia 1. p. cap. 20). Oraingo egunak balioko dau orduko urtea. Alan adierazoten dau Ezekiel profeteak (cap. 4): Emon neutsun eguna urtetzat. Esan gura dau: Emon deutsudaz, emoten bere deutsudaz egun asko, ain aberatsak, baliotsuak ta prezio andikoak eze, aetarik batek balio dau ta balioko dau urte bat. Bada, gero urte bategaz egin daitekena ta egingo dana, egin liteke orain egun batean. Eta errazoia da, zergaitik ze gero izango eztana orain dago merezietako, aberastuteko, zorionduteko ta ondasunak aurreratuteko aala, indarra, aukera ta libertadea. Eta bardin, zergaitik ze era biko penak dira: bata da bestek emoten deuskuna, bestetatik eldu ta etorri jakuna; zelan dan Purgatorioko penea ta jatorkuzan gaixotasunak.

        Beste bat da pena artua, geuk geure borondatez artzen doguna, zelan dan egiten dogun penitenzia, baraututea, oraziñoan egotea, erromeria santuak ondo ibiltea. Eta pena onek, geuk geure borondatez artzen dogun onek, eroaten deutso aurrea beste peneari, bestek emoten deuskunari, pazienziaz artua izanagaitik bere. Zerren Purgatori[o]an dagoanak gura leuke andik urten ta libratu, ta bai gaixoak bere osatu, sendatu ta sendotu.

        Baña, orain geuk gure borondatez egiten dogun penitenzia ta artzen dogun nekea, alde guztiz da borondatezkoa, baliotsua ta Jangoikoari eder jagokana. Eta alan, onek daroio Purgatorioko peneari, ta gaixotasunekoari bere, urreak beste diru guztiai daroien aurrea ta baliotasuna. Zerren, Jangoikoak begiratuten badau bere igaroten dogun penara, baña are geiago begiratuten dau artarako borondatera. Bada alan, orain penatu, barautu ta penitenzia egin bear da. Zergaitik ze oraingo pena txikiak, geuk borondatez artuten dogunak, geiago balioko dau Purgatorioko ta gaixotasuneko neke andi latz gogorrak baño. Eta alan, dirudi Purgatorioan dagozanak eztabela ezerberez damu andiagorik, nola denporea galdu izanaz, deungero emonaz, ta euren buruak euren borondatez gitxi bat baño ezpada bere ez penatu izanaz munduan egozenean. Orregaitik esaten dau San Juan Krisostomok (hom. 57. in Joan. 9): Eztozu begiratuten beste gauza guztiak len itxi bear diriala galtzera, denporea baño? Zerren urrea ta zillarra kobratu litekez galduagaitik, baña ez denpora.

 

 

3 §.

 

        Ezta munduan gauza balio andiagokorik, diño San Bernardok (ad scolast.), denporea baño; baña, ai, ezta gaurko egunean gauza ezer bere ezagorik idoroten. Eztogu ezerez ain kontu gitxi egiten, zein denporaz. Nor da, itanduten dau Senekak, denporeari zor jakon prezioa emoten deutsenik? Eguna mereziten daben legez estimetan dabenik? Bitzaren bardin, ezerezaren pare daukagu denporea. Dirudi gura gendukela askotan ezpaliz bere, bada gabiltz jakin baga zertan igaro. Ordu baten gagozanean, bigarrenean bagiña desetan dogu. Esan bear da aberats gagozala, munduan dan gauzarik aberatsena ta baliotsu[en]a orren franku ta gitxitan darabilgunean. Bada alan, zuk eta nik bere denporea galtze onegaz, probetxu baga igarotera itxiaz, ondo kontu estua emon bearko deutsagu Jangoikoari.

        Iru era, modu edo gisara esan al liteke galduten dala denpora. Lenengo, bekatu egiteaz ta bekatuan egoteaz. Bekatu egiten zagozanean, egin ezkero ta aetan zagozala igaroten dozun denpora, emozu galdutzat. Ak denporak eztau ezer bere balio zuretzat. Lenagotik bai, aetan zeure arimea ta arimako ondasun guztiak, eta komunki gorputzekoak bere galduten dozuz, ura beera legez joatzuz. Ada denporarik galduena ta galgarriena, negargarriena.

        Bigarren, galtzen da denpora gogoeta ero, zoro, uts, arro, bapere balio eztaben batzuetan egoteaz. Zeu bakarrik, alperrik, zeure erara, egitekorik baga, ondo jana ta obeto edana zagozanean, eta batez bere oean loz aserik, ardurarik baga zatzazanean, egiten dozuz zeure artean milla asmo ta gogoeta, milla torre ta gaztelu. Egiten zara Aita Santu, egiten zara errege, aberastuten zara, egiten dozuz panparroitasun ta balentia asko. Jatortzu joko eder bat, irabazten dozu. Onela darabiltzuz zeure buruan ta gogoan, alan balira legez, gura zendukezan gauza batzuk. Eta sekula alan izan, jazo ta gertatuko ezpadira bere, orrez guztiaz, alan pensatzeaz beragaz, gogoraziño uts ero onetan egoteaz atsegiña artzen dozu. Eta bitartean eztozu gogoratuten zuk ateratzen dozun probetxua denpora galtzea dala, ta ez besterik.

        Irugarren, galtzen dabe denporea gorputzeko atsegiñetan ta gustu zikiñetan ibilteaz. Esan oi dozu: igaro dagigun denporea, jokatu daigun, dantzatu, josta ta diberti gaitezan. Eta, barriz, ez jatzu gogoratuten bitartean denporea galduten dozula. Bada, San Bernardok diño (in medit. c. 6): Jangoikoagan pensatzen eztozula igaroten jatzun denpora guztia, egizu kontu galdu dozula. Alan diño San Jeronimok bere (ad Eust.): Obetu ta onduten, ta gauza onen bat egin baga igaroten jatzun denporea, uste egizu galdu dozula. Ezta asko gauza deungerik ez egitea; ezta asko ez gaistotutea, ezpada ze ondu bear da, on egin bear da; ez aurreratutea atzeratutea da, zerren bitartean, beste kalterik ezpada bere, denporea galdu ta probetxatu baga igaroten da.

        Kontu egizu eze orain dozuzala berrogei urte. Eta kontu egizu bere ta gogoratu zaite zeinbat obra on egin dozuzan berrogei urte orreetan; ta aurkituko dozu eze, baldin zin-zinez ta gogo oso guztiaz abiatu ta emon izan baziña, berrogei urte orreetan egin dozuzan egikera ta obra on guztiak egin ziñeikezala urte batean. Bada, orrela galdu dozuz beste urte guztiak, berrogeietatik ogeta emeretziak. Ze kontu emongo dozu, bada, urte aena? Berba alper guztien kontua emon bearko bada, zer ainbeste urte galduena ta alperrik emonena? Errazoiaz diño Jeremias profetak (Tren. 1): Deitu eban denporea nire kontra. Guk galtzen dogun denpora berak salatuten gaitu, a bera jagiten da gure kontra.

        Beste gauza guztiak besterenak dira, baña ez denporea: au gurea da, diño Senekak (Epist. 4). Orain esku artean dogun denporea prestatuten deusku Jangoikoak, emoten deusku ta itxiten deusku geuretzat. Eta gura dau probetxa gaitezen, egite onetan emon dagigun ta, alan emonik bere, eskatuko jaku kontu ta errazoia: baldin meza enzun badogu, ea ondo ta atan pensetan dogula enzun dogunez. Baldin barau egin badogu, oraziñoan egon bagara, pobre eskekoari limosna emon badeutsagu (oneek obra onak dira), gauza guztioen kontua eskatuko jaku, ea baneriaz ta eder eretxite arren, munduagaitik ala Jangoikoagatik, eta gogo onagaz ta bear dan legez egin doguzanez. Alan dirausku Dabid profetak Jangoikoaren izenean berbatuten dala (Psal. 74): Denpora neure aldetik artzen dodanean, eriotzako orduan, ain estu kontu artuko dot eze, egite onak bere ea ondo, men-menean ta bear zan legez eginak zirianez examinatu, arakatu, ikusi ta juzgatuko dodaz. Obra onak bere, baldin ondo ta gogo onaz egiñak ezpadira, gaistotzat emonik kondenatuko ditu Jangoikoak.

 

 

4 §.

 

        Baldin oraingo denporau, orain eskuen artean doguna, ondo emoten ezpadogu, gerta liteke etorkizunekoa kendu ta ukatutea. Eta, orrez guztiaz, ain da andia gure zorakeria ta itsutasuna, eze uste dogu lengo denporea deungero emon arren, aurrerokoan bere ukatu ez jakula denporea. Baldin merkatari batek emongo baleuskio bere semeari diru pilo andi bat, maneatu ta emon legian tratuan ta merketarintzan; ta alan tratua ikasirik, berak berez zerbait irabazi legian. Eta orduan, seme onek bere aitak emoniko diru guztiak urtuko balitu jokoan, jan-edanean, gaistakerian ta arloterian, errazoiaz liteke seme au bildur, ez leuskiola beste bein bere aitak dirurik emongo, ez fiatuko, ta len emonak bere kendu ez legiozan. Alan bada, errazoiaz gu bere bildur izan bear gara, kendu eztaigun geure Jangoikoak etorkizuneko denporea, igaroa ain dongero emon ezkero. Alan, Noe santuaren denporan, eun ta ogei urte biziteko eskeñi ta promestu arren, kendu eutsezan azkeneko ogeiak, lenagoko eun urteak deungero emon zituezala[ko] orduko gizonak. Au adierazoten dau Dabidek, diñoanean (Psal. 54): Gizon gaisto odol-ixurleak, gizon iltzalleak, gerragillak, maliziadunak ta engañatzalleak eztituez euren egunak erdizkatuko, erdibituko, eztira beste alakoak eztirianen erdia biziko.

        Batzuk euren gazte denporan, odol beroa daukenean, biziten dira Jangoikorik, eriotzarik, infernurik, kontu emon bearrik ezpalego legez, libertade andian, milla bekatu, gaistakeria, engañamendu egiten dituezala, gorputzari al dituezan atsegiñak ta gozarotasunak emoten deutsezala. Baña gero zartzaroan, odola otzten asten jakenean, asten dira etorkizunaz gomutetan; ill bear dabela, ilkorrak diriala ta ilte-orduan kontu estua emon bearko dabela gogoratu ta oartuten. Eta, andik ara alan euren buruari oartu ezkero, itzulten dabe planea, iruli ta biurtzen dabe orria beste aldera; eta len gaistoak baziran, gero onak, prestuak, zurrak, begiratuak, kontuzkoak ta ardurazkoak egiten dira. Alangoak zati bitan erdibituten dituez euren egunak.

        Bada, erdi bata, gaztetasuna, deungero ta txarki emon baeben bere, beste erdia, zartasuna, ondo azkenduten dabe. Eta au da azkenean ondo erdibitutea; gaisto izatea itxirik ona egitea, San Pablo batek legez egitea. Baña, barriz, beste batzuk gaztetasunean dira onak, prestuak, debotoak, bertutera emonak, eta zartzean gaistoak, okerrak, dongeak. Asitean on ta akabatzean gaisto, Judas izan zan legez. Onelakoak erdibituten dituez euren egunak, zati ta erdi bi egiten dituez. Bada, zartasunean gai[s]toak badira bere, gazte denporan onak izan zirian. Baña au da deungaro ta txarto egunak erdizkatutea, zerren onetik gaistora aldatuten dira. Eta ainbatik ainbatean, deungago ta pelligruzkoago da zartzaroan gaisto izatea, gaztetasunean baño.

        Baña, azkenez, beste batzuk eztituez iños erdibituten euren egunak. Bada, alan zarreran zelan gaztetan dagoz buruz sarturik gaistakerian ta bekatuan. Eta, alakoak dakusenean euren egunak laburtuaz ta akabatuaz doazala, eriotzea urtu ta elduten jakela, kontua emon bear dabela: orduan, zelan igaroaz kontu txarra emon daben, eztira komunki enzunak izango; ez jake euren berbai sinisterik emongo, ezta euren esanetan iñor fiatuko. Alan esan eban angeru batek onelakoakaz berba egiten ebala, etzala izango geiago denporarik, akabatuko ziriala geroko gero guztiak (Apocal. 10).

        Egin ta asmatu giñeiz milla gogoeta, itzul-inguru, igesbide ta asmo; baña, gero ta gero bere, ezin iges egin giñeikian ordura, denporara ta puntura eldu ta bildu bearko gara. San Gregoriok dakar onetarako jazoera edo gertaldi bat, eta diño (Hom. 12. sup. Evang. et 4. dialog. c. 38) Krisaorio zeritxan gizon gaisto batek bere azkeneko orduan zegoala, munduan egin al zirian erregu ta eskariak egiñagaitik, ezin erdetsi ebala biaramoneko luzemendua. Estutu ta larritu zanean, gura eban apur bat luzetu; gura eban biaramonagiñoko denpora irabazi; berba eder asko aotik atera zituan; promes, eskentza ta dedar asko egiten zituan; askotan egun bateko epea ta astia eskatuten eban. Baña guztia alperrik. Dedarrez, oioz ta promesetan zegoala, bere egunak akabatu zituzan, arimak urten eutsan, ta betiko ondatu zan Infernuan.

 

 

5 §.

 

        Bada onela, bapere zenzunik badogu, ezkara gerotik gerora ibilli bear; eztogu aurrerakoan denporarik galdu bear. Lenago bai, len galdu doguna bear dogu orain irabazi, kobratu ta sendatu. Baña, zelan edo ze moldez irabazi ta kobratu al liteke? Bada joana joan da; igaroa igaro da; ezta aren biurtzerik, ta ez eskuratuterik. Eranzuten dau San Gregoriok berba gitxitan ta laburki (lib. moral. c. 28): Denpora igaroa erosi ta geuretuten da, nos eta bizitza gaisto igaroa, barreka ta pozkaria txarretan galdu doguna, negarrez, neke ta penitenzia egiazkoakaz erosi, kobratu ta irabazten dogunean. Esan gura dau: Denpora igaroa, deungero emon genduena, esku artetik joan jakuna erdetsiten dogu, orduko atsegintasunen ordean, orain neke-pena bibidertuak artuten doguzanean. Orduan egin bear genduzan egite onak eta orain egin bear doguzanak oraintxe egiten doguzanean. Au berau da Santo Tomasek bere, satisfaziñoaren ganean berba egiten dabela, dirauskuna (in addit. q. 15. a. 1. ad 4): Gizonak denpora igaroa ezin osotu ta kobratu badau bere, baña orrez guztiaz erremediatu lei, lenagoko utsak ta len egin bear zituan gauza onak egiten dituzala etorkizunean. Baldin len meza bat enzun bear zendu[a]la, itxi bazenduan, konfesatu uts egite ori, ta gero etorkizunean bi enzun. Baldin lengo denpora igaroan egun baten barau egin bear bazenduan ta ezenduan egin, lenik konfesatu bekatu ori, ta etorkizunean barau bi atera. Onela denpora igaroa dongero emona erosi, erremediatu, kitutu, ordetu ta irabazten dozu nola baitedo moduren baten.

        Ordu biko bidea igaroteko dozunean, ta ordu atatik bata alperkerian, jan-edanean ta arloterian igaro dozunean, ze bitarteko zeure bidea denporaz, ilundu, berandutu ta gaubetu baga azkenduteko? Jazo jatzun utsa bete ta estalduteko? Zer? Gelditzen jatzun ordu atan ain zinez, gogoz, egiaz ta bizkor lastertu ta abiatuten zara non, ordu biko bidea, baten egiten dozu; ta onela bete ta estalduten dozu lengo utsegitea ta alperkeria. Bada onetara guk bere gure denpora, oraingiño alpe[r]kerian ta gaistakerian deungero emon doguna, orain ontasunean bibiderturik ta laster egiñaz bear dogu kobratu ta erdetsi. Alan esaten da ardiak bere, arrats aldean arinago ta lasterrago janez bere goxeko gitxi jana erremedietan dabela. Orregaitik, mastiaren jabeak bere, arratsaldean bear egiten asi zirian langillai ta atxurlariai emon eutsen ainbat alogera ta bear-sari, zein goxetik bear egin ebenai. Zerren arrats aldean asi zirianak ain ziñez ta gogotik emon zirian esku bearrera ta lanera, eze oneek denpora gitxian besteak askoan lainbeste lan egin eben.

        Bada, au berau egin bear dogu guk bere orain arrats aldean, zartzaroan, geure egunok akabetara doazanean. Orain badakusgu ia adinara ta urte andietara sartuaz, zartzeaz goazala, eriotzako portura urtuten gareala, emengoaz egiteko urrean gabiltzala. Orain bada, orain estutu bear gara, orain bear deutsegu eskuai eragin. Orain bakotxari berea biurtu, orain arerioaz baketu, adiskidatu ta berba egin. Orain bizitza barri on bat asi, ezi geure griña gaistoak, jarraitu Zeruko bideari, maitetu bertutea ta zaletu Jangoikoaren gauzetara. Orain etorkizunean, gerokoan pensatu. Orain egia guztiaz, biotzezko damu benetako bategaz ta geiago bekaturik ez egiteko borondate irme sendo bategaz, lenagotik konzienzia ondo examinaturik, argiro, osoro ta egiaz konfesatu; konfesatu ezkero, aldegin bekatuzko okasiñoetatik, lagun txarretatik; ta proposituaz ez geiago aetara biurtu. Onela, denpora igaroa, ain gauza estimagarri ta balio andikoa, gerotik gerora ibilteaz galdu doguna, al dan ondoen erremediatu, kobratu, erosi ta irabaziko dogu.

 

aurrekoa hurrengoa