www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Geroko Gero
Pedro Antonio Aņibarro
(c. 1820), 1923

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Bertsio elektroniko honen egilea: Blanca Urgell.

Iturria: Gueroco guero, Fr. Pedro Antonio Añibarro (Blanca Urgellen edizioa). Euskaltzaindia, 2001

 

 

aurrekoa hurrengoa

2. BURUA

 

Zenbat kalte egiten dituzan alperkeriak,
eta zelan emendik datorren gerotik gerora ibiltea.

 

 

1 §.

 

        Eskritura Santuak, Elexako Doktoreak, lenagoko jentil fedebageak eta are geiago zeruko, axetako ta lurreko gauza guztiak bere kondenetan dabe, lotsatuten dabe alperra; eta adierazoten deutse bear egin bear dala, ta bakotxa bere aldetik bere egikaiak egitera saiatu, dendatu ta zaletu. Zerren, zelan ardurazko zeregin ta bear batek lan guztiak aurreratuten dituzan, alan alperkeriak atzeratuten dituz.

        Itanduten dau San Juan Krisostomok (S. Chrisost. in Act. Apostol.): Ze zaldi da on edo obea, geldirik ta alperrik bere gustura dagoana, ala ibilli ta maneatzen dana? Zein ontzi, kostan dagoana ala itxasoan dabillena? Zein ur, geldia ala darioa? Zein burdiña, atartean datzana ala erabilten dana? Jakiña da guztiak erabilteaz, maneatuaz, eskuz ekarriaz ta mugituaz onduten, argitzen ta fintzen diriala; eta bai alper ta geldi egoteaz bere galdu, prestueztu ta ugertuten diriala. Bada auxe berberau jazoten da alperrik, geldirik eta ezer egin baga denporea emoten dabenaz.

        Dabillan arriari ez jako goroldirik eransiten. Ur irakiñian ezta eulirik geratuten. Ardurako soñekoari ez jako sitsik egiten. Aretx-arbola frutuduna eztau iñok ebagiten. Baña alperra, soilla, utsa, arro-eroa, iños elduten eztana, frutubagea zertarako da? Alangoak zetako beteko dau lurra? (Luc 13).

        Alperrakaz berba egiten dabela, Oraziok diño (Horat. lib. 5. c. 2): Geuretzat kontuzkoak gara, geugaz kontu dogu, baña gañerokoan gauza ez gara, ezpada lurreko frutuak jateko. Otseiñ serbitzari batek alperrik egoteaz beraz, gaistakeririk ez eginagaitik bere, merezi dau kastigua. Bada, San Krisostomok diñoan legez (S. Chrisost. tom. 2): Onik ez egitea bera da deungero egitea. Eta Katonen esana da, ezer bere ez egiteaz ikasten dala deungero egiten. Alpertasuna da gaistakeria guztien iturburua; eta San Bernardok diñon legez (S. Bernard. lib. de consider. cap. 11), da aserretasun, errierta ta zorigatx guztien ama ta bertuten ugaz-ama. Eta alan aserreak, erakeriak ta bizio mueta guztiak doaz laster alpertasunera, zerren ama daben; baña bertuteak eta obra onak iges, urrinduten jakaz; zerren, nola daben ugazama, bakie eztituezala ondo artuko, begirakune okerra, bekoki illuna ta arpegi txarra erakutsiko deutsela.

 

 

2 §.

 

        Esaten dau Job santuak, deabruaz berba egiten dabela (Job 40): Gerizpean, kañaberaren estalpe ta gerizan egiten dau bere loa, an geratuten da. Kañabereak, nola dan landara alperra, fruturik eztakarrena, eta barruan bere utsa, adierazoten dau alperra. Eta emen, bere bizi-leku ta ostatu jakiñean ta ezagutuan legez, ostatuten da deabrua. Agatik, zirautsan San Jeronimok bere adiskide bati (S. Jeronim. ad Rustic.): Etzaite beinbere alperrik egon, zakioz beti lan on bati, onela beti deabruak ondo emona arkitu ta idoro zagizan.

        Malizia asko irakatsi dau alperreriak, diño Espiritu Santu Jaunak (Eccle. 33). Ezta maliziarik, ez pensamendu txarrik, presona alperrean idoro eztitekenik. Asko da esatea alperra dala, agaitik edozein gaistakeria sinistuteko.

        Igaro nintzan, diño Jakintsuak (Prov. 24), gizon nagiaren solotik eta ero-zoro gobernubagearen mastegitik, ta guztiak zegozen asunez, aranzaz ta bedar gaistoz beteak; eta esiak, latak, inguruak ta ormak bere jausiak ta banatuak. Eta oneek alan ikusi nituenean, egin neban gogoeta, artu neban adibidea, ikasi neban zer egin bear neban, zentzatu nintzan besteen buruan ta ganean. Eta zer dan nagiaren solotik ta ero gobernubagearen mastuitik igarotea adierazoten dau Glosak, esaten dabela (Glos. ordin. in Prov. 24): Nagiaren solo ta lurretik eta gobernubagearen mastitik igarotea da presona nagi alper ardurabagearen bizitza ta joan-etorriak gogoratutea, eta euroetan, solo jorraitubagean legez, asun, bedar gaisto ta lollo asko, falta uts-egite asko, malizia, gaistakeria, bizio ta bekatu asko idorotea. Asuna idoroten da alper-nagiaren lurrean ta soloan. Asunak adietan emoten dau nagitasuna: baldin bigunkiro, suabetasunaz, leun, nagiro, azaltxo ta palaguz legez oratu, ukutu, igortzi ta erabilten badozu asuna, erreko zaitu; baña ez ausardiaz, gogor ta indarraz estutu ta irardausten badozu. Dan lurrik onenak bere, bear dau landu, apaindu, garbitu ta jorraitu, diño Obidiok (Ovidi: lib. de trist.), zerren bestela bedar gaistoa izango da jaun eta jabe. Ezta gaixotasunik eta ez edenik edo menenorik nagitasunak edo alperkeriak dun beste kalte egiten dabenik.

        Dirudi ta esan lei, agaiti gura ez ebala Jangoikoak, egon zedilla beinbere itxasoa geldirik; bai gura dau ibilli dedin, mugi dedin, marea dedin, ur-gorak ta ur-berak euki dagizen. Bada, bestela atsitu liteke, kirastu liteke, zapoz, sugez, arrez ta loitasunez bete liteke, putzuak, oxinak ta beste ur geldiak betetzen dirian legez.

 

 

3 §.

 

        Presona alperra euki egizu galdutzat eta iltzat. Eta andik esaten dau Senekak (Senec. epist. 28): Letra ta jakituria bageko atsegiña, ezer eztakienaren alperkeria, gizon biziaren il-oea da ta sepulturea. Zerren ezer eztakiena ta egiten eztabena, presona illaren ta lurpetuaren antzeko adigarria da. Bizio guztien, gaistakeria guztien ta gogoraziño gaisto guztien zimendu, sustrai, iturburu ta maixua legez da alpertasuna, diño San Krisostomok (S. Chrisost. tom. 2); zerren iturritik urak legez, alan alperkeritik jaioten dira gaistakeriak.

        Andik eldu da pobretasuna, beartasuna, eskapremiña, eskean ibiltea, baita lapur izatea. Nagitasuna da beartasunaren ta pobrezaren iñudia ta az-ama, diño Senekak (lib. de benefic.). Eta esaten dau Espiritu Santuak bere: Nagia beti da bear, eskas, urri ta premiñan (Prov. 2). Ostuten ebanak, diño San Pablok, eztagiela ostu, bear egin begi, manea bedi, ta onela izango dau beretzat ta bestentzat (Ephes. 4). Esan gura dau, baldin bear egiten badau, eztabela ostuko, ez eska premiña andirik ikusiko. Esku nasai alperrak beartasuna dakarke, baña indartsu ta beargilleak aberastasuna batu ta bilduten dau, diño Espiritu Santuak (Prov. 10).

        San Anbrosiok diño (S. Ambros. ad Vercel.): Esau alperrak galdu eban bere lentasuna ta senipartea, gurago ebalako artu, eze ez billatu. Alan egin oi dabe beste jende alperrak bere: gurago dituez besten ondasunak zuzen edo oker artu, ta eurenak bere prendan ifini ta saldu, bear egin baño. Eta gero ezin artu dituenean eta ez ostu, eta prendakizunik ta saltzekorik ez dabenean, abiatzen dira eskean, baliatzen dira batez ta bestez, lotsari ta arpegi txar ilun asko ikusten dituela, eta askotan ateak bere itxiten deutsezela, enzun-gor ta ez-ikusi eginik, iñok jaramon gura ezinik. Dirudi au adierazo gura ebala Espiritu Santuak, esan ebanean (Prov. 25): Atzeratu egizu zeure oña adiskidearen etxetik, ez sartu an sarri, ase, aspertu ta gogaitu eztagizun, gogaikarria egin etzaiozan, ateaz jo ta ordu gatxean bota etzaizan. Zerren, San Anbrosiok diñolez (S. Ambros. in Epist. ad Theod. cap. 2), besteren maira sarri doianak dirudi alperkeriari emona dala.

        Lan-bear onean izango da asko ta ugari, diño Espiritu Santuak, baña berba ta barriketa asko dan lekuan, an oi da beartasuna ta pobreza (Prov. 14). Alperrak entero dira berba-egikune ederrekoak, miñ-labanak, barritsuak, berba-lapikoak; oneen laguntzan zagozanean, ezta zure aldirik: zu baño aek obeto enzunak dira; oneentzat dira enzutaldi guztiak; oneei jagokez mundutarrak aoa zabalik ta belarriak zur zoli irazarririk adi. Baña gero azkenean oneek eskale ta zu emalle. Au da alperkeriatik edo nagitasunetik eldu dan irabazia, beartasuna, premiña, eskean ibiltea; bataren ta bestearen karga ta gogaikarria izatea; kale gogor bakarrean burua ikustea; ez zer jan, ez zer lan ez eukitea.

        Baña kalte guztien ganeko kaltea, alperkeriatik eldu dan andiena, ta aztu-erazoten dabena oraingiño esan dodan guztia, da luzamenduan gerotik gerora ibiltea. Bada nagi alperrak eztau beinbere esaten gaur: beti biar, beti gero, beti luzemendu. Alpertasuna da gero guztien itur-burua, zimendua ta ama: egiteko guztiak gaurtik biarrera, orainik etorkizunera ta gerotik gerora luzatzen dituena. Eta ama onen alaba au, nagitasunetik ta alperkeriatik sortuten dan gero au da gure galgarria, gure gatxa, ta gaurgiño gure arerio deabruak gu engañatu ta galtzeko idoro daben biderik ta asmurik oberena, onena, fiñena, ziur seguruena.

        Egiaz, guk bere Gero oni kontuz begiratu bear deutsegu. Au geuganik kentzeko, urrinduteko ta etxetik ateratzeko, bear dogu geure indar guztiaz, alegin ta ardura guztiaz erabagi, ensaiatu, saiatu, estutu ta arduratu; eta gaur egin bear dogun gauzarik ta al daikegunik, ez biarko luzatu.

 

aurrekoa hurrengoa