www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Geroko Gero
Pedro Antonio Aņibarro
(c. 1820), 1923

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Bertsio elektroniko honen egilea: Blanca Urgell.

Iturria: Gueroco guero, Fr. Pedro Antonio Añibarro (Blanca Urgellen edizioa). Euskaltzaindia, 2001

 

 

aurrekoa hurrengoa

3. BURUA

 

Zelan nai-gura utsetan ta deseo bakarretan
igaroten jakun denporea.

 

 

1 §.

 

        Esaten dau Salomonek, edo Salomonen aotik Espiritu Santuak (Prov. 26), atea bere susterrean, kontzan edo elgontzan legez, iruli ta biurtzen dala nagia bere oean. Atea bere sustarrean, bere oñean, orpo ta tokian ondo jarria ta ifinia dagoanean, erraz itxi ta idigiten da; arin alde batera ta bestera erabilten da. Baña erabilte guztiok gatik bere, erabilli ostean edo ondoan bere lekuan ta tokian gelditzen da. Nagia bere negu otzean, ateak ateari darautsanean, oean mugitzen da, beste aldera itzultzen da, burua goiturik jartzen da. Baña orregaitik itzul-inguru jira-bira oneez gero, lotara bere oe berora biurtzen da. Bada, au berau espiritualki bekatari nagiagan bere jazoten da. Bekatariak egon ezkero, ezagutzen dau bide okerra daroiala, galdua doiala. Eta artzen dau zerbait gogo, artzen dau nai-gura bat bide onera biurtzeko, bizitza barri bat artzeko ta ordugiñoko ekandu ta oitura gaisto guztiak itxiteko.

        Baña gero bere, biurrera ta ibilte guzti oneen azkenean, atea bere susterrean, elgontzetan ta nagia bere oean legez, bere bekatuen egotaldian geratu edo gelditzen da.

        Azor deritxan egazti arrapatari bat eskuan daukezunean, mugitzen da, egaz egitera prestatu ta abiatzen da, ta eiza edo kaza ekarten joaten da. Baña, au egiñik, len zegoan eskura biurtzen da. Alan biurtzen da, bada, bekatari nagia bere, bere gogoeta on guztien buruan, bere lenagoko tornuetara ta maiña gaistoetara. Asten da, baña nagiro; urtu, urbildu, urreratuten da, baña ez asko. Alangoak gaitik esaten dau Isaias Profetak (Isai. 37): Etorri zirian seiña edo umea egiteko ordura, baña ez eben egin, etzan artarako indarrik asko. Artuten dogu gogoa, artzen dogu borondatea, obra onak egin bear ditugula; eta etorten gara egin bear doguzen ordura, baña an geratu ta atzeratuten gara, an uko, eurt-atzera egiten dogu, bearrenean uts egiten dogu. Zergaitik-ze artzen dogun gogo, asmo ta borondate a, ezta fiña, ezta egiazkoa, ezta erabagiro erabagia, gura-izatea da, ez nai-gura oso benetakoa. San Agustinek ziñoan beragaitik (S. Agust. lib. 8. Confes. c. 5): Ene borondate barriak ez eukan indarrik asko borondate zarra goitu, goiartu, benzuteko; lo datzanak, erdi irazartzen danean, egiten dau mugidaren bat, jagi gura irudi bat, baña, zelan eztan egiaz asko estututen, barriro lotara biurtzen da, loa agintari ta jabe gelditzen da. Alan diño San Agustinek jazoten jakola aldi baten berari bere (Idem ibi c. 8): Munduko atsegiñak ta kontentuak, lo gozo batek legez azpian menderatzen ninduan, eta nosik bein etorten jatazan atsegin oneetatik jagiteko ta Jangoikoagan gogotuteko gura batzuk; baña oneek guztiok lotarik irazarri gura dabenaren irudintza argal uts batzuek legez zirian, probetxubagekoak loa kentzeko, munduko gauzeetarik ateratzeko indarrik asko ez ebenak. Eta alan neure deseo on guztien ondoan bere, neure lenagoko usadio, ekandu, oitura txar ta bekatuetan gelditzen nintzan.

        Gura dau ta gura eztau nagiak, diño Salomonek (Prov. 13): Ez dau gura-izate osoa, betea ta benetakoa. Eta Beda beneragarriak diñolez (Beda lib. 2 in Prov.): Gura dau nagiak Jangoikoaren erreinuan parteletasuna, baña ez a erreinu gozotasunez betekoa irabazteko igaro bear dirian neke, atsekaba, garratz-min ta naibagetan. Sariak poztuten dau, nekeak tristetuten dau, izutu, ollotu ta bildurtu. Ondo egitetik datorren irabazia, onik egin baga gura leuke gozatu. Gura dau joan Zerura, baña neketu baga, burua ausi baga, alegiñik egin baga. Ez atsegiñik gura dau itxi, ta ez penarik artu. Nagi da bidea artzen. Eta nagia, San Isidorok diñolez (S. Isidor. lib. 2 ethim.), da errena legez, oñak ditu gaixo, gogoa erbal ta argal. Bapere, ezer bere egin baga, geure gogoak ta borondateak dirauskuzan gauzak baxen egin baga, deseo uts bakarrakaz, borondateaz bakarrik gura genduke salbatu ta Zeru eder gozoan sartu. Eta onelako deseo utsetan, gerorako gogoetan ta borondatean denpora guztia igaroten jaku.

        Esan oi da deseo onez beterik dagoala Infernua. Zerren an dagozan zorigaistokoak, obratu ezpeben bere, deseo on batzuk baño ezpadira bere izan zituezan. Ezta iñor ain gaisto galdurik, nosik bein bere gaistakeriak itxiteko gogoa etorten ez jakenik, ta deseo ta guraria banakak izaten eztituanik. Baña deseo oneek eurak bakarrik eztira asko; bada oneek lorak legez dira. Eta probetxurik eztan legez artzen eztaben loreaz, oratu ta gelditzen eztanaz, bere botoi pipil ta ninian galduten danaz; onela, ezin dateke onik, probetxurik, ez fruturik, borondatea beragaz, guraiza utsaz, deseo ta gogo bakarraz egin al litekela, egin baga gelditzen danaz.

        Alperrari esan bear jako dagiela; eta nagiari abiatu, mugitu ta presta dedilla; eta zelangoa bata, alakoa bestea, bata legez bestea, biak alkar dirudie, biak bat ta borondate utsekoak; ez dabe ezpada gura-izate utsak, deseo, gogo ta kutizia gaiezak, gauzezak, prestuezak, ezer balio eztabenak. Eta nai-gura oneek eurak dira penagarririk asko, diño Eskritura Santeak (Prov. 2), ta deseo utsak ilten dabe nagia. Esan oi da nagientzat ta alperrentzat egun guztiak dirala jai-fiestak. Baña obeto esan lei, alakoentzat jaiak bere astegunak diriala; zerren beargillak euren bearrean baño, askotan alperrak bere alperkerian bear-neke geiago ta gogaikarriago idoroten dau. Au agiri da Dabid erregeagan. Errege oni ez eutsen eguño gerrak ta gerretako nekeak ainbat egiteko ta atsekaba emon, non alperkeriak ta alperrik zegoala egin zituan bekatuak. Eztagoz alperrik atsegiñetan dabiltzenak, diño Senekak (Seneca de brebit. vit.); zerren gustu ta atsegintasunetan badira bai naibage, atsekabe, garrazmin, neke ta zeregiñak. Alper egoteaz jausten dira egiteko andietan ta damugarrietan. Zelan ez jateak galtzen dituzan agiñak, alan bear eztanetik, irabazi eztanetik jateak bere emoten deutse garrazpera, diño San Krisostomok (S. Chrisost. homol. 36. tom. 3).

 

 

2 §.

 

        Gauza segurua, ziurra, jakiña, egiazkoa ta fedeak irakasten dabena da salbatuteko, Zeruko glorian sartuteko, eztiriala asko deseo, naikunde soil ta nai-gura uts bakarrak. Ezpada, bear direala Jangoikoaren lege ta agindu santuak deseoaz legez obraz bere kunpli, bete ta gorde. Au da egia, ta egia au kristiñau fededunak garean guztiok sinisten dogu. Baña orrez guztiaz, idoroten ditu gure malizia ta borondate gaistoak igesbide batzuk, itzulpide, inguru, atxakia ta eskusa batzuk, obratutea itxi ta largarik, deseo bakarretan denporea igaroteko, luzemenduetan ta itxaromenetan ibilteko. Lan bearra egin gura ez ebanak, otzaren atxakia emon eban, diño Jakintsuak (Prov. 20); baraututeko nagi zanak, buruan min ebala esan eban. Nagiak, bere lekutik mugitu gura eztabenak, eragozketa andiak idoroten ditu, bidean bere leoia dagoala esaten dau (Prov. 19). Adiskide bat larga gura dabenak, adiskidetasuna ausi ta urratu gura dabenak, era ta okasiñoak billatuten dituz, atxakia, itzulpideak ta asmu asko idoroten dituz. Alan idoroten doguz, bada, guk bere okasiñoak, erak, eskusak, asmuak, atxakiak, igesbideak bekatuetan egoteko, deseoetan ta gurarietan denporea igaroteko.

        Iñok ontasunera estutu ta premiñatuten zaituanean, eta atzera zagozanean, eranzuten deutsazu alan estututen zaituenari: Itxozu orain presentean, oraingoan parkatu bear deustazu, ezin nei oraindiño zuk diñozuna. Zerren buruan sartu jat asmo bat, kunpli bear dot gogoraziño au; gogoratu jat gurari bat, irago bear dot a gurari ta gutizia; apur bat ase bear dot, aspertu bear nas, dijiritu ta egosi bear dot; eta gero, ase, bete, ditxiri, aspertu ta nekatu nadinean, orduan dirianak itxiko dodaz; orduan bide on batean jartzera ta seguratzera zin-ziñez, egiaz ta benetan erabagiko dot. Baña bitartean, ordugiño ezta zer txitik egin. Bada nik orain al daikedan guztia da deseo ona, gogo ta borondate ona, ta ez besterik. Ezta bide gaistoa au ta onela orain egitea, gero gatx edo iños ez egiteko.

 

 

3 §.

 

        San Agustinek, ondo ekianak legez, gauza asko esaten dituz luzemenduetan ibilteko gai onen ganean. Erakusten dau zelan bere bizitza gaistoa itxiteko urrean ta inguruan egoanean, ebillela ezin etenduz, ezin urratuz ta beragan ezin erabagi izanik. Erakusten dau zenbat eragozgarri ta lokarri idoroten zituan, zenbat gerra egiten eutsen bere lagunak, okasiñoak ta ekandu gaistoak. Alde batetik gura eban bide onean jartzea, atara bulkatzen eben bere ama santearen negarrak, konzienziako kisketadak ta ausikadak, ta Jangoikoaren mandamentuak. Eta bestetik, lotu ta atzeratuten eben lenagoko usadioak, maña txarrak, oiturak, ekanduak ta azturak; ta guztiz bere aragiaren ta munduaren labankeriak, palaguak, berba eder, atsegin ta solasak (libr. 8 cap. 1 Confes.). Oneek euken irmeago lotua. Eta oneetatik alde egitea egiten jakan ain gatx, eze bere oraziño ta eskariak bere onetan egiten zituzan geroko, etorkizunarako. Bada bildur zan, enzun ez egion bereala Jangoikoak; eta bere gogoan erabiltzen atsegiñak, deseo andiaz gozetako, oneek atzeratuten eben. Egiteko onetan zebillenean, zirautsan Jangoikoari: Prest nago, prest, Jauna, baña itxodon egidazu gitxi bat (ibi. cap. 6); itxozu beste apur bat; ez porfiatu, ez lar estutu, ez nas berandukorra izango, laster nas zugaz. Onela esaten eban, onela luzetuten eban. Eta, luzemendu onetan zebillela, denpora andia igaro jakan. Baña gero bere, denporaz ta goxik asko biurtu zan; etzan azkenengo orduraño egon. Bada, alde batetik ta bestetik bere kontuak eginik, esan eutsan adiskide bati: Nigan dagoanez, ni kanpoan nas munduko egitekoetatik, banerietatik ta esperanza guztietatik; nik ausi dot, urratu dot munduaz; egin dot agazkoaz ta erabagi dot Jangoikoa serbitzea. Eta oraintxe, orainganik asten nas; ezta ia geiago geroko gerorik, luzemendurik, ez epetan ibilterik. Eta zelan esan, alan egin bere eban. Luzemendu asko erabilli eban, baña azkenean guztiak ta ondo laster itxi zituan. Baña guk eztogu alan egiten: egunetik egunera gabiltz, beti promeska, beti gogoa artuten; ta beinbere eztogu eten ta urratuten, beinbere eztogu erabagi ta kunplitzen; beti nai, beti nagi; naikunde, deseo ta gurari utsetan denpora guztia galduten dogu; eta onetan gagozala eriotzeak atzeman ta artuko gaitu.

        Ikusiko dozue etxe andi batzuetan arako Herkules sendo famatua pintatua, makilla porra bat edo mallu andi bat eskuan dabela; dirudi beragaz etxean sartzen dirian guztiai burua ausi gura deutsela. Baña, zelan Herkules a arriz, zulez edo kobrez egiña dan edo pintatua baxen eztan, geldi dago beti, zemaitu baño besterik eztau egiten. Alan dira, bada, gerotik gerora dabiltzenak bere: keiñatu, menazatu, zemaituten dira, baña eztabe besterik egiten, ezpada siñuz ta kiñuz aditzera ematen dan ademana ta irudinza. Esaten dabe egingo dot, eta ez dabe beinbere egiten. Alan dagozala denpora guztia igaroten jake, eta eurak bere igaroten dira, azkenduten dira, akabetan dira.

 

aurrekoa hurrengoa