www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Geroko Gero
Pedro Antonio Aņibarro
(c. 1820), 1923

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Bertsio elektroniko honen egilea: Blanca Urgell.

Iturria: Gueroco guero, Fr. Pedro Antonio Añibarro (Blanca Urgellen edizioa). Euskaltzaindia, 2001

 

 

aurrekoa hurrengoa

4. BURUA

 

Zelan ez dogun geroko segurantzarik.

 

 

1 §.

 

        Baldin orain darabilgun bizitzea gaistoa bada, guzaz ondo izateko, bizitza gaisto au itxi bear dogu. Baña kontua dago ea nos itxiko dogun. Zuk diñozu: Gero. Nik diñot: ez gero, ezpada Orain. Dakuskun ea zeñek diñoan obeto, zeñek daben errazoia. Eta erakusteko nik dodala, ta zu zoazala uts egiñik, eta bide errealetik ta zabaletik alderatua ta erratua, esan egidazu bein, egiteko onetan sartu baño len: Zuk diñozu eze gero onduko zareala, gero bear dirian deskarguak, neurriak ta egin-bideak egingo dozuzala. Non dozu Gero orren seguranza? Eztakizu esan oi dala, eztala eriotzea baño gauza ziur seguruagorik, ta ordua zeñetan izango dan baxen jakiñezagorik?

        Gure bizitza onek ain dau zimendu erbal, argal, gaixoa ta mea eze, ondo berba egiteko, ezin esan giñei: biar egingo dogu onelako edo alako gauzea. Bai esan bear dogu, Santiagok diñoanez: Baldin Jangoikoak gura badau, baldin bizi bagara, egingo dogu au edo bestea (Epistol. Jacob. cap. 4). Agaitik esaten dau San Mateo Ebanjelistak (cap. 25): Zagoze prestik, zur ta irazarririk, zerren eztakizue eguna, ez ordua. Eta diño Espiritu Santuak bere, asko galdu diriala euren buruari etorkizunaz geiegi promestuaz (Eccles. 29).

        Gure lenengo Aitaren bekatuaren bitartez, aganik, aren erruz, guztiok gagoz preso, guztiok gagoz mundu onetako presondegian eriotzara kondenatuak, sentenziatuak.

        Baña, igarotez legez, ukutu daiogun zerbait gure eriotzara kondenaturik egoteko gai, gei lan oni. Dirudi eze, gure lenengo Aitaren bekatuagaitik ez a, ez gu il bear gintekezala. Zerren bere bekatua etzan besterik, ezpada Jangoikoak eragotzi eutsan sagar bat edo alako fruta bat jatea. Bada, sagar bat jateagaitik gizon bat bere ondorengo guztiakaz eriotzara kondenetea, dirudi justizia gogorregia, barria ta errazoiaren kontra dala. Egia da; alan dirudi. Baña ezta alan: irudia dau, ez izana. Lenago dirudi sagar bat jateagaitik, ain gauza erraz txikian mandamentua austeagaitik, merezi ebala kastigu andiagoa, gogorragoa, latzagoa. Batzuk euren nasaitasunaz beste baga, eztirialako kristiñau onak, austen dabe barau eguna ardura baga; bategaz ta besteaz solazka barriketan egoteagaitik, meza enzun baga jai egunean itxiten dabe; berba guztietan, ez edo bai asko dan lekuan, erneguak, juramentuak, biraoak ta añen gaistoak egiten dituez; eta gero esan oi dabe: Ez al nas onegaitik, onen gauza txikiagaitik ta onen erraz egin dodanagaitik infernura joango? Bada esan gura deutsut eze, zerren orren gauza errazean, txikian, pildin apurrean zeure zabarkeria, prestueztasuna ta nagitasuna eta Jangoikoaren aginduaz kontu ta ardura gitxi erakutsi dozun, ori beragaitik zareala infernurako.

        Baldin Jangoikoak agindu baleutsu egun guztietan barau egiteko, zul edo arri baten ganean, oean sartu baga, etzateko; zilizio zorrotz gogor bat, narru azal latz bat beti erabilli zengilla; edo beste onelako mandamentu gatx nekezko bat emon baleutsu, dirudi ez zegokela zeren miraritu, ez kunplitea; eta, ez kunplitu arren bere, izango zenduke eskusa ta iges-bideren bat. Baña gauza txikian, piskan, ezerezkerian ta errazean, sagar baten eragoztean, ze atxakia ta igesbide euki ziñei?

        Adan gure lenengo Gurasoak esker mesede andi ugariak artu zituan Jangoikoaganik, ta gero, guzti onen buruan, arbola frutudun bat señalatu eutsan, esaten eutsala, beste guztiak bai, baña aren fruturik iñolakoz jan etzegiela. Agindu erraza, eragozte txikia ifini eutsan; eta, orrez guztiaz, ez eban gorde, ez eban bete ta kunplitu; ausi eban, jan eban; errazoiaz, bada erraztasun a beragaitik kondenatu eban bere ondorengo guztiakaz eriotzera, zerren ondokoak bere aren naturaleza artu eben. Gauza erraza ta txikia zan galazo eutsena, baña andia desobedenzia ta Jangoiko baten agindua ta esana ez kunplitea. Eta, alan, ondo ifinia dago gure kontra emoniko sentenzia; ondo mereziturik gagoz eriotzara kondenatuak; ta eztakigu nosko. Beraz, baldin geure buruaz kontu onik emon gura badogu, kondenaturik dagoan bat legez bear dogu egon, bizi ta gobernatu.

        Karzelan dagoanak, dakienean kondenaturik dagoala bizitzea galtzera, nok esan lei zelan tristetuten dan? ze gogoan jarten dan? Asten da estutu ta larrituten, alde batera ta bestera itzultzen. Eta, ikusirik egin dala berea, ez dala erremediorik, ez dabela igesterik, artzen dituz lenez beste gogoeta mueta batzuk. Aztuten da munduaz ta mundukoaz, eztau aekaz konturik egiten. Bere konzienziaz, bere arimaz dau zeregiña. Gogoratuten dituz bere bekatuak; al daizan ondoen konfesetan dituz; batari ta besteari jagoko parkeska. Geroenean al guztiaz garbiturik bere konzienzia, itxadoten dau eriotzea.

        Bada, presondegian kondenaturik dagoanak legez, alan prestaturik, ak dituan gogoetakaz bear dogu guk bere egon, egin, bizi ta ibilli; a biaramoneko legez, guk bere ez jakin nosko, menturaz gaur ikusiko gara Jangoikoaren adizain edo tribunal santuan, bada eriotzako sentenzia emonik deusku guztioi.

        Sartu balegiz Justiziak karzela barruan amar gizon urkemendira kondenatuak; eta atera balegiz andik eriotzara gaur bat, biar edo beste egun baten beste bat edo bi: ete legoke iñor aen artean bizitza luzearen esperanzarik leukenik? Edo lenen ateretan ez ebelako, azkena izango dala seguru uste dabenik? Eztot uste. Bada, mundu au ezta beste gauzarik, ezpada geure eriotzara kondenaturik gagozanon karzela bat. Eta karzela onetarik ateretan gaituz Jangoikoaren justiziak, gaur bat, biar beste bat: bata len, bestea gero; eztaki iñork nos, ez da segurutasunik. Beraz, gagozan zur, irazarririk, prest, ez euki ezkero segurantzarik, ziurtasunik.

 

 

2 §.

 

        Sarri aotan erabilli oi dogun esana da eztogula geroko seguranzarik, beti gagozala pelligruan. Eta alan da egia. Bada gitxien uste dogunean, gogotik kenduago dogunean ta aurrerantzean gauza asko egiteko gogo artzen dogunean, artzen gaitu eriotzeak. Eztaki gizonak bere fiñaren barririk; eta amuak kojietan dituzan legez arrañak, ta egaztiak sareak ta lakioak, alan gizona bere artuten dau eriotzeak. Arraña olguran dagoanean, janari dakionean ta bere ustez obeto dagoanean, atxitzen dau arrantzalleak, eta bai egaztia bere eiztariak. Era onetara atzemon ta kojitzen dau bekataria eriotzeak, bere bekatuai josiago, gogotiago ta oratuago dagoanean; gozoroago poztuten danean, ta gitxien uste dabenean.

        Medikuen esana da, presona batek sendoen ta osasuntsuago dagoanean dabela gaixotuteko pelligru ta zoririk andiena. Eta nos eta uste dozun eriotzea dagoala zuganik urrinago, orduan oi dago geienetan urrago. Zorrak kitutu dozuzenean, etxe barria egin dozunean, umeak ezkondu dozuzanean, zeure gauzak oñ onean ifini dozuzanean, bake on baten jarritera eta sosegu, atsegiñ ta igaroipide baketsu bat zeure buruari emotera prestatu ta abiatuten zareanean, an da bereala eriotzea.

        Ezkara ezer bere; biderioaz pare gara; ta biderioa bera baño bere pelligruzkoagoak, auskorragoak. Ez dogu biderioak adiña bere indar iraunkarririk. Bada San Agustinek diñoanez: Zer da bideriozko ontzi bat baño gauza argalagorik, meagorik, auskorragorik? Baña, onez guztiaz, jagon ta gordeten danean, irauten dau urte ta denporarik luzenetan. Bada, jausteko perilla badau bere, baña ez kalentura gaixotasunaren edo zartzearen pelligrurik (San Agust. Serm. 1 de verb. Dni. tom. 10). Bada alan, biderioa baño pelligruzagoak gara, ta ez gitxiago. Zerren ausiterik, jausterik ta gaixotasunik ez eukiarren bere, eta geure buruak ondoen ta osasunik obenean euki ta gorde arren bere, adinak, urteak ta denporeak berak desegin, galdu, urtu, tximurtu, ezaindu ta akabetan gaituz.

        Beti goaz: ez gara beinbere gelditzen. Uraren antzekoak gara: ura legez goaz (2 Reg. 2). Gure gorputzak ur korront lasterra legez doaz. Ezkara beinbere ur baten bi bider sartuten: ibai edo errekaren izena beti da bat, baña ez ura, diño Senekak (epist. 58). Zerren, zelan beti doian, ta beti aldatuaz, ezta beinbere lena. Ez eta gu bere, ezkara beinbere lengoak, bada beti goaz, beti aldatuaz, zartuaz ta mugituaz. Eta ezpabere begiratu egizu zelan presona bat gaztetik zartzarora, eta batzuetan urtetik urtera bere, aldatu, makartu ta ezereztuten dan irudian bere, lena eztirudiela jartzen dan, zein diferente ta bestetua egiten dan.

        San Gregoriok diño (epist. 26. tom. 2) gure bizitzea itxasoz doianena legez dala: itxasoz doiana jatean, edatean, lo datzanean ta jarririk dagoane[ a]n bere badoa, ezta orduan bere gelditzen; bada ontziak, gura ezpadau bere, beragaz daroa. Alan garoez, bada, gu bere adinak, edadeak, urteak ta denporak eurekaz: ezta paratzerik, ezta gelditzerik, ezta egoterik aldantza baga.

        Itanduten deutsu[e]nean zenbat urte daukazuzan, ta eranzuten dozunean ogei edo ogeta amar dozuzela, zerren zeure kontuan alan daukazuz, dirudi eztozula ondo eranzuten. Bada, San Agustinek diñoanez (in psal. 65): Gure urteak datoz joateko, ta ez gugaz egoteko. Igaroten dira: beraz, ezin esan giñei dituguzala, ezpada igaro jakuzala, larga doguzala. Eta, alan, baldin urte aen buruan jarten bagara gogoratuten ea zer egin zan aekaz, eztogu ezer bere idoroko. Bai ikusiko dogu, asmatu, ezagutu ta igerri baga, joan jakuzela ta, zelan eztakigula, zartu gareala. Denporak bajoakuz ta urte ixil batzukaz, otsik ta dedarrik egin eztabenakaz, zartuten gara (Ovid. lib. 6. Fasto).

        Esaten da: urlia bizi izan da irurogei urtean; baña obeto esan lei, il zala irurogei urtean. Bada, sortzen gareanean asten gara ilten, orduan abiatzen gara, ta ezkara beinbere gelditzen. Lenengo ilten da seiñ edo umetasuna; seintasunaren ondoan ilten da mutiltasuna; onen ostean ilten da gaztetasuna; onen ondorengo ilten da zartasuna; zartasunaren ondoan ilten da aguretasuna. Adinak guztiak alkarri darraioe; igarotea ta iltea, guztia da bat: bata bestearen atzean doaz errenkan, alakoz eze, azken adina datorreneko, akabatu dira lenagoko guztiak. Bada, San Gregoriok diñonez (homil. 37 in Evang.): Egunetik egunera gorputz-jauste, akabatzea ta argaldutea zer da, ezpada luzero ilte bat? Zuzia erexeginik dagoanean bizi da, eta orduan ilten da, bada orduan akabetan da. Erreteaz bizi da, ta erreteaz ilten da. Alan bada, gu bere bizitzeaz ilten gara, ta ilteaz bizi: bada bizi gareanean ilten gara. Eta, zenbat geiago bizi garean, ainbat geiago urretuten gara eriotzako portura. Alan diño Senekak (epist. 2): Egunoro ilten gara, zerren egunoro gure bizitzeari zati puska batzuk gitxitu ta kentzen jakoz. Eta alan azten ta anditzen gareanean bere, gure bizitzea txikitu ta laburtzen da. Beti doa, ta bein joan ezkero, ezta joan danaren biurtzerik, eta ez etorkizunaren segurantzarik.

 

 

3 §.

 

        Esan oi dogu: menturaz gaur ilgo gara, menturaz biar: ez dogu ordu baten ziurtasunik; beraz, len bait len bear dogu bide onean jarri, engañatuak gelditu ez gaitezan. Onela esaten dogu, ta esatea ondo egiten dogu; baña bizitza ondutea beti geroko itxiten dogu: eriotzea zartzarorako luzetu ta dispontzen dogu. Ezin sinistu dogu adinak berak akaba artean akabatuko gareala. Esaten dogu bai, menturaz gaur ilgo gara, menturaz biar, menturaz ezkara zartuko; baña zartuko bagiña legez ta orain ilgo ezpagiña legez egin daroaguz gauzak. Geure naieraz batean, geure gogoak emoten deusku ain segurantza andia, eze zartzaro utseko punturaño ilgo ezkareala iruditzen jaku.

        Esan eutsenean deabruak gure lenengo Aita-Amari: Etzare ilgo iñolakoz (Genes. 3), sinistu eutsen bereala, ziur ta duda baga. Eta denpora atan etzan ain miresteko alan sinistutea. Bada, izanik munduko lenengoak, etzekien oraindiño eriotzaren barririk, ez eben iñor ilten zala ikusi; eta, alan, erraz engañatu zituan deabruak. Alan bada, gura gendukez gu bere engañatu, sinisterazorik aei legez ezkareala ilgo. Baña, zelan guk orain, ikusirik besteak ilten diriala, ta geu bere zartuaz ta argalduaz goazela, ziur seguru dakigu il bear dogula, ez dogula atzera biurtzerik, ez aurrerako segurantzarik, ezin engaña gintekez ain erraz zein lenengo Gurasoak. Gugaz, guri sinistu eragiteko ezkareala ilgo, edo sinisten bagendun legez galdu ta eragiteko beste bide bat artzen dau deabruak, beste joko modu bat jokatuten dau, beste maiñaz, trazaz, asmuz baliatzen da. Ez osoro, ez kolpe batez, ez beingo batez, ezpada gitxika ta egunetik egunera luzetuz atrapetan gaituz. Sinisterazoten deusku ezkareala gaur ilgo, ezkareala biar ilgo; eta ezta eztaukenik biargiñoko epe luzerik, itxaromenik ta biziteko esperanzarik; eta onela ta andik, zelan uste eztogun gaur ilgo gareala, ez biar bere, bizi gara seguruak bagiña legez edo iños ilgo ezkareala bagenki legez; eta kontu ero zoro uts onek engañetan ditu eriotzako egun ta ordura eldu direan gaixoak bere: gaur enas ilgo; au berau diño biaramonean, etzi ta etzilimo.

 

 

4 §.

 

        Eztakigu nos ilgo garean; eztakigu nos izango dan gure azkeneko eguna; ezta, beraz, errazoia jakin daigun nos izango eztan. Baña dirudi eze, nos izango dan ezpadakigu bere, bakigula nos izango eztan. Bada, esaten dogu gero beste urtean onduko gareala; orduan onelako ta alako gauzak egingo doguzela; ori danez, bakigu eztala ordura artean izango, bitartean itxadongo deuskula, edo beintzat esan ta egiten bere badogu ziur bagenki legez.

        Guk gura genduke egin gure bizitzeaz ta bizitzeko denporeaz, oial puska bategaz egiten doguna. Oialaren zati bat neurritu ta prestatzen dogu kapatako, beste bat jaketako ta ganerokoa beste bear dirian soñeko jantzierak egiteko. Alan bada, oialaz legez, geure bizitzaren jaun, jabe ta nagusiak bagiña legez, disponduten dogu bizitzaren zatirik onena ta gaiena, gaztetasuna, munduarentzat; ta gero ganeroko txar prestuez gaistoena, zartzaroa, Jangoikoarentzat. Eta Senekak diñoanez (cap. 9 de brevitate vitæ): Etorkizuneko gauzak, fortunaren eskuan ta menturan dagozanak, gura dozuz orainganik ordendu, dispondu ta trazatu; ta oraingoak, zeure aukeran ta eskuan dagozanak, itxiten dozuz galtzen. Dozunaz eztozu konturik, ez ardurarik; ta ez dozunaz dozu gogoa egiteko mirariak. Orain Jangoikoak emoten deutsuzan bizitzea, osasuna, indarrak, zentzunak, almenak ta ondasunak, gura dozuz, Jangoiko beraren kontra zabiltzela, emon, artu ta galdu, eta gero, oraindiño emon ezteutsuzenak, ta menturaz emongo bere ezteutsuzenak, diñozu emongo dozuzela bere serbizioan. Ikusi egizu zeure itsutasuna, desgobernua ta gal-bidea.

        Ninibitarrak penitenzia egiteko berrogei eguneko epea, astia, denporea ta segurantza ebela, atara begiratu baga ta azkeneko egunera itxadon baga, bereala, lenengo egunean asi zirian penitenzia egiten; eta euren uts egiñak ta bekatuak negar egiten; eta andik eta alan alde egin eben zeruko azotea. Zegaitik, bada, guk bere eztogu alan egiten? Zergaitik larga bear dogu geroko, berrogei egunen ez eze, baten segurantzarik ez euki ezkero?

        Noeren denporan jaten, edaten, jokoan, dantzetan, ezkontzetan, saldu-erosietan ta gauza zoragarri asko egiten ta asmetan ebiltzela, artu, ito ta ondatu zituan urak. Auxe berberau jazo ta gerta lekikigu guri bere, gerotik gerora gabiltzanoi. Bada guk aek baño segurantza gitxiago daukegu; ta aurrerantzean obeto begiratuten ezpadogu, ainbat bildurgarriago izango da gure fin gaistoa ta adua.

 

aurrekoa hurrengoa