www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Geroko Gero
Pedro Antonio Aņibarro
(c. 1820), 1923

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Bertsio elektroniko honen egilea: Blanca Urgell.

Iturria: Gueroco guero, Fr. Pedro Antonio Añibarro (Blanca Urgellen edizioa). Euskaltzaindia, 2001

 

 

aurrekoa hurrengoa

52. BURUA

 

Infernuko penak gogoratuteak laburtuten ditu
gerotik gerora ibilteko luzamentuak.

 

 

1 §.

 

        Gure Jangoikoak erakusi eban legez bere al, poderio, agintaritza ta eskubidea mundua sortu ta egitean, jakituria gobernatzean ta ontasuna erredimitu, erositean: alan erakusi dau, darakus ta erakusiko dau bere justizia kastigatzean. Errazoi eztan legez, geldi dedin birtutea bere sari ta pagamentu baga; ezta on egiña, igaro dedin pekatua bere, kastigu baga. Ain ondo dagokio gaistoari infernua, zelan justuari zerua.

        Asko ta andiak dira (len aditzera emon dan legez) gure gero onek, luzaeretan ibilteak egiten dituan kalteak, dakartzan damuak, emoten dituan naibageak, ernetan dituan zorigatxak. Baña zorigaistotasun [guztien] ganeko zorigatxa, kalterik negargarriena, atsekaberik minena, galduera damugarriena, ta beste guztiak aztuerazo, txikertu, igaroten dituana da bota, ezarri, egozten dabelako azkenbageko gerora, sekulako nekeetara, betiko naibageetara, ondarrik eztaben oxinera, kaburik ez daben lezera, amatauko eztan sutegira, iraute guztiko infernu ikaragarrira.

        O zu, sarturik zagozana pekatu mortalean, areriotasunean, desoneskerian, fama ta ondasun kendua ta ostua biurtu bage, pekatuak lotsaz konfesatu bage, kristiñau fededunaren señale onik emon bage! Nos urtengo dozu egoera bildurgarri orretarik? Nos erabagiko dozu egiaz ta biotzez Jangoikoagana biurtzea? Bearbada beti zagoz gogo ta borondateaz onduteko. Baña, nos izango da ori? Ez orain, ez gaur: biar, gero. Eta beti gaurretik biarrera, egunetik egunera zabiltzala, gatxak artu, eriotzea etorri ta infernura bazoaz?

        Uste falso uts au zuganik nik aldegiteko, ezin dot erremedio oberik, osagarri sendoagorik, medizina seguruagorik, zure begien aurrean ifintea baño, gero ero zoro onek egiten dituan kalteen konsideraziñoa. Txakurraren usegina txakur beraren ulleak osatu bear dau; infernuko sua infernuko suaz amatau bear da. Gero eriotza ondoan infernura joan gura eztabena, jatsi bedi orain bizitzan gogoaz. Orain bear ditu ango penak emen, ara baga, gogoratu, gogoan erabilli; ta onela andik iges egingo dau; ezta ara joango; ezta pekatuan jausiko.

        Esan oi da, ezpateak ezpatea sartu eragiten dabela bere magiñan, bere tokian. Amorez ta onez onera, gogoz ta borondatez on egin gura eztabenari, nai ta naiez, gura ta gurez, kastiguaren bildurrez eragiten deutse. Lapurra zek atzeratuten dau, largatzen dabenean ostutea? Ez lotseak, ez besteen esamesak, ez iñorentzat daukan amoreak. Zek, bada? Bildurrak. Alan Jangoikoaganako maitetasun ta begiramentuak pekatu egiterik atzeratuten eztabena bere, infernuko peneen bildurrak atzeratu bear dau.

        Eta au da denpora guztietan, gure Jangoiko maiteak pekatari biotz gogorrari bere gogortasuna ausi, beraatu, bigundu, samurtuteko idoroten daben bide andietarik bat; zemaitu, esan ta gogora ekartea, begiratu, ikusi, gogoratu dagiala arentzat prestaturik ta gorderik daukan kastigu parebage bat, pena latz andi bizi ikaragarri bat.

        Onela San Juan Bautistak, zekiana legez, bere lenengo predikuan aitatu ta izentatu zituan infernuko su ta gar, ta neke arrigarriak. Egizue penitenzia, ziñoan, ta egizue zeuroen pekatuai dagokiena: pekatu andiak gaiti, penitenzia andia; pekatu askogaiti, luzea. Bada, jakin bear dozue, kontuan egon bear zaree, aretx arbolaren ondoan azkorea prest ifinirik dagoala, keñu señalea eginik dagoala ebagiteko, surtara botateko, baldin frutu onik ezpadakar. Au da San Juan Bautistaren lenengo sermoia. Au da etorri zanean emon eban lenengo barria, egin eban lenengo zemaia, oartu eban lenengo adibidea.

        Eta barri ta zemai onegaz, onelako kastigua, infernuko sua gaistoentzat egoala enzunik, ain larri bildurturik gelditu zirian an egozan enzuleak, ze gaistoak bazirian bere, etorri zirian itandutera: Ori orrela bada, zer egingo dogu? Zer izango da gugaz? Zelan edo zer egiñaz iges egingo dogu, zuk diñozun pena latz andirik, infernuko suaganik? Bautista predikari santu andiak bere enzule aditzalleai orduan zirautseena, dirautsuegu guk bere orain. Egia da, ez ak legezko santutasunaz, baña ak zirautsuen egia bera dirautsuegu guk bere zuei.

        Ak erakusten ta irakasten eban legea, fedea, egiak ta Jangoikoa berbera, guk bere predikatu ta erakusten dogu; eztago onetan diferenziarik. Guk bere dirautsugue ak legez, begiratu daizuela azkorea arbolaren ondoan ifinirik dagoala; eriotzaren kodaiñea, sega ta aiotza zorrozturik, abiaturik, prestaturik dagoala bizitzea ebagiteko. Garau onak zeruko garautegira jasoko direala; ta barriz, garau txarrak ta lastoa, au da pekatariak, infernuko laba gorian erreak izango direala. Sekula betiko sutuak, gorituak, kiskalduak ta erreak izango direala.

        Au da egia; oneek dira Jangoikoak orainganik egiten deuskun zemaia, menazua; ta bere predikarien aotik emoten deuskuzan abisuak, eurokaz batean bildurtu gaitezan; ta ikaraturik, asi gaitezan orain berpetatik egiten, gero egiteko ustea doguna; geroko luzamentuetan benturatu bage; bada, eztakigu gero algo badogu.

 

 

2 §.

 

        Egia da, zeruko gloriaren esperanzak, itxaromenak, gomuteak, ango atsegintasun, poz ta gozotasunak gogoan erabilteak poztuten dabela kristiñaua; ta bai ondo ta prestuki bizitzeko bere abiatu ta ifini. Baña komunki, obeto ta biziroago eragiten deutso infernuko bildurtasunak, zeruko gloriaren esperanzeak baño. Ez gaitu pagamentuak, sariak ta sariaren esperanzeak alan aurreratu, animatu, indartu, bizkortuten ta poztuten, zelan tristetu, atzeratu kastiguak ta kastiguaren bildurtasunak. Orregaiti diño San Juan Krisostomok: Gomutatu bear gara zeruaz ta ango gloria andi bete miragarriaz; baña are geiago infernuaz, ta emen igaroten direan pena ta neke garratz minaz.

        Bada, osasunak baño, gaixotasunak obeto eragiten gaituzan legez, ta bai etorkizunean bere pensaerazo: alan infernuko gaixotasunak, ango dolorezko minak gogoratuteak, obeto ukututen gaitu, begiratu eragin ta ezagerazo, zeren begira gagozan, zeruko gloria ta gozorotasun zorionekoak baño.

        Eta au ezta mirarituteko: bada, andiak, kubrelak, luzeak, izugarriak, latzak eta gogorrak dira infernuko neke pena oneek. Eurok gaiti esan lei bere moduan, San Paulok zeruko gloriagaiti esan ebana. Au da, eztabela iñok iños ikusi, ez enzun, ez gogotik igaro, zelangoak direan. Zelan onai emongo jakeen saria izango dan neurri bete osoan, guztien ganeko, mugabage ta ezin geiagoan miragarria: alan gaistoak eukiko daben kastigua ta penea izango da parebagea, bardinik ez dabena, alde guztiz andia; ain andia ze, izango eztan legez gustu, konsolamentu, atseginik salbatzen dan batek gozatuko eztabenik, alan ezta idoroko, ez asmatuko penarik, atsekaberik, naibagerik, nekegarririk kondenatu batek sufritu bearko eztabenik. Onak on guztia, gaistoak gatx guztia. Onak beti ondo, deungeak beti deungero.

        Eta egiteko oni, lan oni bere zimendu ta sustraitik asiera emoteko, oratuteko, eskua ifinteko, bai ta bere jakiteko zelakoak diran infernuko penak, eta zegaiti esan oi dan, oneek direala pena guztien ganeko penak, artu daigun gidari ta zuzen-bidetzat Santo Tomas dotore andia; bada, onegaz batera izango gara ondo gidatuak, zuzenduak, argituak ta berba egingo dogu bear dan legez.

 

 

3 §.

 

        Infernuko beste neke-pena askoen artean bi dira, diño Santo Tomasek, andienak, ikaragarrienak. Bata da kaltepena, Jangoikoa sekula ez ikusteko penea; bestea da gorputz-pena, gorputzak eta arimeak bere zenzun ta almen guztietan igaro bear dituan neke minak ta arrigarriak. Pena biok dagokaz persona batek pekatu mortal baten jausten danean egiten dituan bi gauzari. Lenengo, itxi ta largatzen dau bere egillea, ongillea, aita ta jabea; ta bigarren, artuten dau kriaturea; ta au arturik, beragan ifinten dau bere gogoa, biotza, kariñua, maitetasuna. Atzea emoten deutso Jangoikoari, ta aurrea kriatura ezerez bati. Gauza biok eginik, era biko penak merezi ditu, kastigu bikotxa dagokio.

        Lenengo merezi dau, berak larga daben legez Jangoiko maitea, onek bere bera largatzea; bere laguntzarik aldegitea; bere arpegiaren aurretik sekulako botatzea. Pena oni deituten deutso Santo Tomasek kaltepena, au da, Jangoikoa ez ikustea; aren laguntza ta gloriarik beti-betiko erbesteturik, arerioturik, ikusi ezinik egotea. Eta au da, diño santuak berak, infernutar batek infernuan igaroten daben penarik andiena, sentigarriena, tristeena ta tristegarriena. Bada, zeruan dagoan bati, Jangoikoa ikustetik ta bere aurrean ta bere laguntzan egoterik jatorkon legez on guztia, atsegin betea, gloria osoa: alan infernuan dagoanari bere, Jangoikoa bage egoterik, bere edertasun, laguntza gozorik a[l]deginik egoterik jatorko bere naibage ta nekerik andiena.

        Gauza bat galduten dozunean, damu sentigarria artuten dozu. Eta zeinbat eta obea, andiagoa, balio preziatuagokoa dan, ainbat eta geiago ta andiagoa da zure mina. Izanik, bada, Jangoikoa dan gauzarik preziatuena, maitegarriena, gozoena, miragarri[en]a ta zuk bearren dozuna, andia ta bizia izango da, bera galtzeaz artzen dan penea. Andia bada begiak, eskuak, oñak, osasuna ta ondasun guztia galdutea, zer izango da eurok eta beste dogun guztia emon euskuzan Jangoikoa galdutea? Andia ta andiena izango da, bada, Jangoikoa bera galtzeaz artzen dan pena: ezin euki lei batek kalte andiagorik.

        Erregearen seme len-jaioak, etorkiz, zuzenez erregetasuna ta erreinuko jaun izatea dagokionak, damu sentigarria artuko leuke, errege izentatu, erregetzat koroatu ta artu bear eben egunean, despreziatu, ordu gaistoan bota ta erreinurik erbestetu, deserritu, kanporatu ta aterako balebe. Ze damuturik, bada, ze gogaiturik, ze ernegaturik, ze mindurik, ze desesperaturik egongo ezta kristiñau bat, zeruko erreinuko senipartea artuteko denpora eldu ezkero, an sartu bear zan egunean, ango atea itxi, sarrera eragotzi ta kanpora botaten dabela dakusanean? O, ze pena andia artuko daben! O, ze negarrak emongo dituan! O, ze gogaiturik, tristerik, biotz-jausirik ta ausirik geratuko dan!

        Adiskide bati, zeure estura baten, premiña premiñazkoan, bear-bearra dozun gauza bat eskatuten deutsazunean, sentimentua artzen dozu, dabela dakizunean, utsik, ezer emon bage despeditzen bazaitu; ezetz badirautsu. Bada, zeure biziaren azkenean, zeure eriotzako orduan, bear ordu guztien ganeko bear orduan ta premiñean, ze sentimentu, ze damu, ze tristura, ze biotz-mina artuko dozu; ze pena sentituko dozu, Jangoikoak utsik, ezer bage, bear dozuna bage kanpora bota zaizanean? Zer, esaten deutsunean Ebanjelio[ko] birjiña nagi alper eroai legez: Ezauzadaz; etzaituela ezagututen, berandu zatozala, eztala ordua orduan etorteko, ez dozula erremediorik, eztagoala zuretzat zerurik? Eta onela esanik, atzea emon, atea itxi ta despedietan zaituela bere gloriarik? Au gogoratuteak berak laztuten ditu ulleak, ikara ifini belaunak, estu larritu biotza.

        Errazoiaz diño San Juan Krisostomok: Batzuk infernuaren bildurra daukee, ta ez besteren: baña ni geiago bildurtu, izutu ta ikaratuten nau zeruko gloria galduteak; a baño au gatx andiagoa, gogorragoa, minagoa da. Onek adietan emoten dau Dabid profeta santuaren esate bat: Sua, azufrea, tormenta ekatx ta beste pena asko emongo deutseela Jangoikoak pekatariari; baña guztiok eztiriala izango, ezpada bere justiziaren zati txiki bat. Bada, guztiok baño andiagoa izango da Jangoikoaren arpegi ta izate miragarritik, laguntza ta erreinurik aldeginik, kanporaturik sekulako irauteetan egotea.

        Onetara esango dau batek: Orrela nik uste neban penea baño andiago da Linboan bateatu bage il zirian seiñak an daukeen penea; bada, eztabe ikusi, ez ikusiko sekula Jangoikoaren arpegi ederra; beti dagoz ta egongo dira zeruko gloriarik erbesteturik. Eta, orrez guztiaz, dotore jakitunak esan daroe eztabela aek ez penarik, ez gloriarik. Zelan bada diñogu, Jangoikoa ez ikustea, aren laguntzarik aldeginik egotea dala penarik andiena? Ezta gatx eranzutea. Linboko seiñak eztagoz an euren erruz, euren pekatuak gaiti; ta onegaiti gura eztau Jangoikoak, euki daien penarik, nekerik, tristurarik, minik. Baña infernuan dagozanak, euren erruz, euren maliziaz ta gaistakeriak gaiti dagoz an, Jangoikoaren laguntzatik aterarik; ta onegaiti, Jangoikoak alan ordenaturik, dabe tristura ta pena ezin geiagoan andia bera ez ikusteaz. Au da lenengo pena ta kastigua; urrengo buruan erakusiko da bigarren penea: gorputz-pena, gorputz ta ariman igaroten direan nekeak.

 

aurrekoa hurrengoa