www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Geroko Gero
Pedro Antonio Aņibarro
(c. 1820), 1923

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Bertsio elektroniko honen egilea: Blanca Urgell.

Iturria: Gueroco guero, Fr. Pedro Antonio Añibarro (Blanca Urgellen edizioa). Euskaltzaindia, 2001

 

 

aurrekoa hurrengoa

16. BURUA

 

Limosna egiteaz, ta andik sortuten dirian zoriontasunak.

 

 

1 §.

 

        Espiritu Santuak diño (Eccl. 3): Urak amatetan dau sua, ta limosneak esetsiten deutse bekatuai. Urak sua legez, limosneak ilten, amatetan dau bekatua. Bardin diño San Mateok (cap. 5): Zorionekoak dira errukiorrak, zerren oneek erdetsiko dabe miserikordia edo errukia. Onegaitik diño Dabidek bere (Psal. 40): Zorionekoa da beartsuaren, eskekoaren, probearen errukia daukena, zerren au egun txarrean, eriotzako orduan, gorde ta libratuko dau Jangoikoak. Eta diño beste bein Espiritu Santuak (Eccl. 29): Gorde egizu limosnea probearen biotzean, ta ak zugaitik erregutu ta eskatuko deutso Jangoikoari gatx guztietatik gorde zaizala. Azkenez, gauza alabagarriak esaten dira limosnagaitik, eta salbetako ta arimea seguratuteko da bitarteko ezin geiagoan andia biotz biguna, errukiorra ta limosnagilla izatea.

        Egia da, alan da, andia da zelanbere limosnea eta, Glosak diñon legez, San Agustinganik aterarik (Glos. Lirana in eccle. 29): Miserikordia bera da, ta ez besterik, illai lagunduten deutsena, arima joanai arinduten deutsezana euren Purgatorioko neke-penak.

        Baña eztozu, ez, uste izan bear limosneak berak, sakramentu batek legez, bere indarrez ta berez bekatua il ta parkatuten dabela. Eztau berak orretarako indarrik asko. Da, bai, bitarteko andi bat Jaunak prestatzeko zure biotza, urteteko bekatutik ta egiteko egiazko penitenzia.

        Alde batetik, dozun guztia probeai emonagatik, baldin, bestetik, bekatuan bazagoz eta artan azkentzen bazara, ezer balioko ezteutsu zure limosnak, on-egiteak ta errukiorra izateak. Alan diño San Pablok (1 Corint. 13): Dodan guztia probeai emoten badeutset bere, eta neure burua erretan itxiten badot bere, ezer balioko ezteuste, baldin karidaderik ezpadot. Esan gura dau limosna ta beste egite on miserikordiazkoak bere, entero gitxi probetxatuko deutsela bekatuetan dagoanari.

        Baña orrez guztiaz bere, asko ta andiak dira limosnari emoten jakazan alabanza, onra ta andizkak. Eta errazoiaz ta ondo merezirik emoten jakaz. Bada limosneak berak indar asko ezpadau bere bekatutik ateretako, baña bai bauko atera eragiteko. Zergatik ze, dirudi Jangoikoak bere ontasunagaitik artuko dabela okasiñoa ta bidea, errukiorra danari, zerren errukiorra dan, miserikordia egiteko. Zure limosnak, zure biotz-beratasunak beratu, bigundu ta austen deutso Jangoikoari biotza, ta emoten deutso bidea zuri mesedeak egiteko. Zeure errukiortasunaz ta miserikordiaz gaituten zara, abiatu ta prestatu, Jangoikoaganik miserikordia irabazteko ta artzeko; ta Jangoikoa bere andik asten da zuri on egiten, ta bere grazia emoten. Onetarako, egia au baieztuteko ejenplo ta gertaldi adigarri asko ta miragarriak idoro ditekez; baña nik oraingoan eztot bat baxen ekarriko. San Bonifazio martira denpora baten ibilli zan andrakume eder aberats bategaz galdua, ta aragizko bekatu loi zikiñian zikindurik ta itsuturik. Eta bazituan Bonifazio onek beste ekandu gaisto asko bere: edalea zan, jokolaria zan, biraogilla zan, alangoak oi diran legez. Gauza bat eukan ona: biotz beraa, errukiorra, ongilla, prestua ta limosnagilla zan. Alde batetik bekatu asko egiten bazituen, bestetik probe eskekoai eskua zabalduten ekian. Eta onela, bera bere Jangoikoak mesedetu, ontartu ta faborezitu eban, biotzean ukutu eban, argi santu batzuk, gogoeta on batzuk emon eutsezan. Eta gero oneekaz batean biurtu eban beragana, andik aurrera egite onetara emontzan, ta azkenean martir iltzan. Ikusi egizu zer egiten edo eragiten daben limosneak, errukiorra ta miserikordiotsua izateak. Ain jako eder Jangoikoari errukitasuna, ta bearturik ta premiñaturik dagoanari on egitea, non berari bere andik errukituten jako a on-egillea; eta orain edo gero erakusten deutso ta emoten bide onean jartzeko bidea, San Bonifaziori emon eutsan legez.

        Abia gaitezan, bada, errukiorrak, biotz beraak ta limosnagillak izatera; bada asko ta andiak dira andik ta atarik jaioten dirian probetxuak, ondasunak, zorionak, irabaziak ta aberastasunak.

        Eta beste askoen artean iru dira limosnaren probetxurik andienak. Lenengoa: bekatu baga dagoala, Jangoikoagaitik egiten dan limosneak mereziten dau Zeruko Gloria ta geituten dau Jangoikoaren grazia. Bigarren probetxua da: limosneak kitutu, ordetu ta pagatzen ditu bekatu parkatuen pena denporazkoak, guztiak edo zati bat, emen edo Purgatorioan pagatu bear ziranak. Eta Eskritu[ra] Santuak esaten dabena Daniel[en] aotik: Bekatuak limosnagaz kitutu edo erredimitu egizuz.

        Irugarrena da: limosneak ondasun asko alkanzetan dituz Jangoikoaganik. Zorionekoak dira errukiorrak, zerren arkituko daben miserikordia edo errukia (Math. 5). Eta, alan, zure limosneak azi ta geiagotuten dau zuretzat Zeruko saria, ta anditu grazia ta merezimendua; gitxituten dau Purgatorioko neke-pena; ta erdetsi Jangoikoaganik esker mesede ta ondasun asko. Jakin bear dogu ze limosnagillari, biotz bigun ta errukitsua danari egingo jakola miserikordia. Eta zerbait emoten badeutsegu orain emen Jangoikoaren eskean dabillenari, edo beste edozein obra on egiten badogu, ori gero idoroko dogula beste munduan, ta ez besterik.

 

 

2 §.

 

        Jakin dagigun ezteutsagula eskekoari agirakarik, oñoterik, berba gogorrik, eranzuterik, kargurik egin bear, ez eta gauza txarrik esan bear. Baldin emoteko gaian bagara edo deboziñorik badogu, emon dagiogun, ta ganerakoan itxi daigun. Bada probea, ondoen dana bere, on bear da, premiñaduna ta errukigarria. Billosik dago, oñutsean ta ortozik dabil, soñeko zar zatar eten adobatuaz dabil, eztau aldatuteko alkondararik eta ez etzateko oerik; eztaki jataldi ta bazkari on baten barririk. Asko dau bere lazeria, eskasia, beartasuna ta miseria. Beraz, ez jako alangoari aserrerik, eranzuterik, oñoterik, ez erriertarik egin bear. Bada alan egiteaz, batean ezpada bestean, peligruan jarri zintekez uts egiteko, eta probea bere probetasunez ganera, bere gogoan ta biotzean zauritua, mindua, gogaiturik ta tristetua biraltzeko. Eztot uste itanduko deuskula Jangoikoak probe onari ala gaistoari emon deutsegunez, ezpada ea emon badeutsegu. Daigun ongi, ta ez begiratu nori; egizu on ta ez begira non.

        Aberatsak legez, probeak bere Jangoikoak egiñak dira. Aberatsa ain billosik jaio zan zein probea. Eta Jangoikoak gura izan baleu, egin leikean probea aberats, ta bai aberatsa bere probe beartsua. Eta alan, orain bere askotan adu, suerte ta fortuna trukatu ta aldatuten dau, pobreak aberastu ta aberatsak pobretuten dituela.

        Pobreak sufrituaz, pazienzia izanaz ta ongillakaitik oraziño egiñaz bear dau salbatu; eta aberatsak bere, bere ondasunetarik zabalduaz, zatituaz, probeari emonaz prestatuten dau Zeruko bidea. On geiago egiten deusku pobreak guri, eskatuaz ta guganik artuaz, guk ari emoteaz egiten deutsaguna baiño; zerren guk ari labore gitxi bat, ogi otzur bat, arto zati bat, marai bat edo beste onelako gauza apur bat emoten deutsagu, baña guk andik Zeruko gloria irabazten dogu.

        Are geiago, probeari emonaz geure deskargua ta zorra ordetu ta kitututen dogu: bada, Jangoikoak orain guri emoten deuskuzan onak, ondasunak ta aberastasuna, eurokaz ta euroetarik geure buru ta etxekoak mantenduteko ta estaduko igaroipide onean eukiteko bear doguna artu, ta ganerakoak pobre bearrenai zor jake.

        Eztituz iñolakoz Jangoikoak larga, ez itxi pobreak mundu onetan deslai, azturik ta sustentu baga: aberatsen ardurara larga ditu. Eta agaiti emon daroioe aberatsai eurentzat bear dabena baño geiago, geiago ori pobreai zabaldu, emon ta aldatu dagien. Orregaiti diño San Juan Krisostomok (hom. 77 in cap. 15 Joan.) laketu edo permitietan dituela Jangoikoak munduan direan pobreak, onei on egiñaz salba ditezen aberatsak; limosnaren bitartez bekatuak garbitu dagiezan. Bada Jangoikoaren ontasuna ta prestutasuna ain da andia, non orain zuk dozuzan ondasun orreek, Jangoiko berarenak ta Jaungoikoak emonak izan arren, orrez guztiaz, zuk orreetatik probeari emoten deutsazunean, zeuretatik emongo bezeunskio legez estimetan deutsu Jangoiko maiteak: bai ta orretarik bere burua zure alderakotzat zordun erakusten dau; ain zordun eze, diño Espiritu Santuak (Prov. 19), probeari emoten deutsanak, Jangoikoari emoten deutsala. Eta emon bere, zelan? Fæneratur: Zensuan, interesean, irabazian, bearturik ta obligarazorik legez, prinzipala irabaziakaz biurtuko deutsala. Eta emengo irabazia txiki laburra da, ezta seguraturik euneko bat bere; baña Jangoikoarena andia da, geiago da euneko eun baño.

        Zer gura dozu geiago? probeari emoten deutsazunean Jangoikoaren izenean, berari emongo bazeunskio legez estimetan dau Jangoikoak, ain askoan dauko. Eta au ezta miresteko, bada, orain emen gure artean bere dakuskunean gizon batek gure aide edo adiskide bati mesederen bat gure amoreagaiti egiten deutsala, urrengo okasiñoan esker onak gizon ari berari emoten deutsaguz; bitartean eztogu onik, ordugiño geure buruak zordun deutsaguz. Zer egingo deutse, bada, Jangoikoak bere maitetasunagaiti pobreak sokorridu ta mesedetuten dituenai? ze esker ta sari, ze pagamentu emongo deutse onelango errukiorrai?

        San Martinek bere kaparen erdia pobreari emon eutsanean, agertu ta erakutsi zan Jangoikoa gau artan berean, kapa agaz estaldurik, ziñoala banidadez edo alabanzaz legez: Ikusi egizue, ikusi egizue ze balentia egin daben Martinek, zelan kapa onegaz estaldu naben, zer emon deustan. Bada San Martinek a kapea eskekoari emon eutsan, ta ez Jangoikoari. Baña, orrez guztiaz, Jangoikoak, zergaiti ze bere izenean emon eutsan, diño berberari emon deutsala.

        Alan esango deutse azken juizioko egunean bere, eskoatara dagozanai, doazala sekulako gloriara; ezkerrekoai, barriz, betiko peneetara. Zerren eskoakoak gosetu zanean jaten emon eutseen, ta egarri zanean edatekoa. Baña ez ezkerreko esker gaisto gogor errukibageak. Eta, Jauna, itanduko deutse orduan guztiak: nos idoro, aurkitu ta ikusi zenduguzan guk zu gose-egarriak illik? Eranzungo deutse: Pobre eskekoak ateetara etorri jatzuezanean. Orduan aen artean, aekaz batera, ni nintzan an.

        Eta alan, pobreak eskatuten deutsunean, kontu egizu a pobre eskekoa dala Jangoikoa bera, bada aren izenean eskatuten deutsu, bere izenean emoten deutsazu, ta Jangoiko berak bere, berari emongo bazeunskio legez estimetan deutsu. Alan diño San Juan Krisostomok: Ezta antsi edo inporta, ala pobreari, ala Jesu Kristori emon jakonez; eztau batak baño besteak geiago monta, ez balio: guztia da bat, ta bardin da, ainbat da.

        Eta oraindiño San Krisostomo berak, kontuan imini ezkero eztedilla iñor agaitik miraritu, diño bardin ez, eze geiago dala nolabait, ta merituago, pobreari Jangoikoaren izenean emotea, Jangoikoari berari bere presonan baiño: zergaiti ze, presonak berak ta presonaren presenziak obeto dakar ta beartuten dau bakotxa, presente eztagoanaren esanak ta aginduak baño. Eta alan, aldez geiago [da] Jangoikoak aginduten daben pobreari emotea, Jangoiko berari emotea baño.

 

 

3 §.

 

        Beragaitik, bada, ezta pobre eskeko ta Jangoikoaren izenekoa ezer baga bota bear, ez eta atean luzero dedarrez gogaiturik euki bear. Bada, eskekoaren dedarrak ta deiak, eta askotan berariaz bere buruaren argal jausteak, koitak, negar soñuak, erren egiteak, eridak erakusteak, adorebagetasuna, gose ta premiñak adierazoteak, gure biotzaren gogortasuna, otztasuna ta errukibagetasun[ a] akusatu ta salatuten dabe. Gu bagiña emoteko prest, prestuak, esku zabalak, kontuzkoak ta borondatetsuak, ez leuke eskekoak alango pensurik, asmurik ta arterik asmatuko. Baldin pobrea bada maliziatia, bere bearrez ta gure erruz da maliziatia, asmagilla; ak baño, guk artan falta geiago dogu; bere bizitza ataretako ainbeste asmu ta itzulpide egitera beartuten dogu. Alan diño San Juan Krisostomok (hom. 57 ad popul.), zure errukitasun, miserikordia ta karidade gitxiak, zu biotz gogor ta esku itxia izateak emoten deutsala bidea pobreari alango finjimentuak egiteko, bada bestela, ezin ekarri zaitu limosna egitera eskeko errukigarri gizagaisoari.

        Pobreari emongo deutsazunean, gitxi edo asko, emoiozu bereala, prest, laster. Baldin doi-doian bazagoz, gitxi badozu, gitxi ori gogo onaz emon egiozu; ta, baldin aberats bazagoz, ganez, ugari, abundo badozu, emoizu asko. Jerusalengo tenplua egitean, ta egiñez gero bere, bazebillan obraren eskea; ta bazan atearen aldean bere utxa bat, limosnea gordetako toki, zepo ta ontzi bat, an bakotxak borondatez gura ebana emoteko, orain bere gure elexetan oi dan legez.

        Bada tenploko utxa, kaxa edo ontzi (Gazofilacio zeritxan) onetan aberatsak asko emoten eben, batak amar, besteak ogei, ta bakotxak al ebana ta zelan eukan; eta oneen artean eldu zan andra pobre bat, ta onek marai bi bakarrik emon zituan. Jesu Kristo gure Salbatzalleak au ikusirik, esan eutsen elexan egozanai, andra pobretxo ak geiago emon ebala, aberats guztiak baño. Zerren andra onek beretzat bear ebanetik emon eban, baña aberatsai, emonak emonik bere, franko gelditute[n] jake. Emon egizu, bada, dozunaren erara: bada agaz da kontentu Jangoikoa; baldin ezpadozu emotekorik, euki egizu damu, ez dozulako geiago; ta damu agaz batean, euki egizu borondatea, baldin bazendu emoteko. Zergaiti ze, Jangoikoak begiratuten badau bere emotea, baña geiago borondatea. Ez dabenak, borondateaz kunplietan dau; baña dabenak, borondateaz batera bear dau kunplitu, bete ta egin. Eta egin bere, zelan? ez eder eretxiteagaiti, ez baneriaz ta ez munduagaiti, ezpada Jangoikoagaiti. Eta orduan bere, ixil sekretoan, iñok eztakiela, aalik ezkutuena; eskoiak emoten dabela ezkerrak jakin eztagian moduan, Ebanjelio Santuak dirauskun legez. Eta, al baliz, limosnea artuten dabenak bere, ez leuke jakin bear nondik jatorkan ta nondik eldu jakan a ondasun edo mesedea. Bada orduan, Jangoikoak berak azkeneko egunean guztiak, zure onra anditan, mundu guztiaren aurrean agertu, erakutsi ta kanporatuko ditu. Eta zuk bere orduan, orain dozun deseoa ta nai gura, zuk egiten dozuzan limosna ta obra onak munduak jakin dagizan, kunplituko dozu. Bada orduan guztiak jakingo ta agertuko dira.

        Eta ezta asko, eske jatortzun pobreari emotea; orrez geiago, bein Jangoikoak zuri emon ezkero asko geiago ondasun, informatu bear zara, itandu ta jakin, ea iñor bada errian pobre bearturik, premiñaturik, gose danik, sabel utsik dabillenik, lotsaz eskean ibilten azartuten eztanik. Eta, guztien buruan, kontu euki beozu, danez pobre gaixorik: zerren pobretasuna ta gaixotasuna gatx bi dira. Alangoak dira alde guztiz on bearrak, lastima ta errukigarriak; alangoak sokorrietea da merezimendu andikoa, ta zeruko gloria irabazteko, bai ta bere mundu onetan dozuzan ondasunak segurututeko, azi, geiagotuteko bide ona, zabala ta segurua.

 

 

4 §.

 

        Batzuk uste dabe pobreari emoteaz pobretuko direala; eta uste uts ero onegaz dirautse eske datozanai, Ebanjelioko bost birjiñak euren lagunei zirautseena: Zoaze ortik, ken zaiteze, billatu egizue beste leku baten, jazo eztidin zuei ta guri falta egitea. Jangoikoak lagun daizuela; emoteak gitxitu, urritu, eskastu ta laburtuten ditu gauzak; eztogu geuretzat bere sobra, lar, ez geiegi. Eztabe gogoratuten onelangoak, pobreari emoteak, ez pobretu, ezpada aberastu ta zorionduten dituela etxeak; gitxitu ez eze, geitu ta askotuten dituela ondasunak. Espiritu Santuak berak dino (Prov. 28): Pobre beartuari emoten deutsana ezta bearrean edo premiñan arkituko; emolle eztana azkenean bearturik, premiñaturik ikusiko da. Geiago diño Espiritu Santu berak (Prov. 11): Batzuk euren ondasunak zatitu ta emoten dituez ta, orrez guztiaz, beti dagoz aberats; eta barriz, beste askok euren gauzak emon ez eze, besteenak ostuten dituez ta, orrez guztiaz bere, beti dabilz eskean, beti eskas, on bear ta premiñan. Dirudi, oneek artuaz pobretu ta besteak emonaz aberastuten diriala, garia ereinten dabenak legez: ereina baño asko geiago artzen dabe.

        Amak umeari ugatza emotea legez da eskekoari emotea bere. Ama seiñari ugatza emonaz eznetuten da; ez emonaz antzutu ta leortuten jako bularra. Esan lei ereitea legez dala limosna emotea. Garauka ereinten da, ta esku betean piloka batu ta bilduten da. Ereintean garau azi bakotxak, ta batutean buru beteak: bota iru edo lau garau, ta dakarz gero eunka. Baita bere da au urpuzuak legez: ur puzu batzuk dira berariaz egiñak, bean, ondoan, zimenduan iturria dabenak; gauza jakiña da onetariko pozuetarik urik ez atareagaiti, eztala ura geiago anditu ta aziten; eta atara arren bere, eztala gitxituten, zerren ateraten adiña edo dun beste sortu ta jaioten da. Alan, bada, dira pobreai emoten dakienak bere: emoten daben beste orrenbeste emoten jakee. Eta emoten ezpadabe, esku estu ta biotz gogorrak badira, eztira agaiti aberatsago egiten, pobreago baxen. Zerren aserratuten da Jangoikoa, berak ain esku prestuaz zuri emonetik emon gura eztozunean.

        Alan aserratu zan Ebanjelioko aberats zeken kutiziosoaren kontra. Aberats au, diño Ebanjelio Santuak (Luc. 16), ederrik janzi ta apainduten zan, ta jan-edan andi beteak egiten zituan; ezin esan lei onegaiti bakarrik joan zala infernura; bada, ederrik janzitea ta mai ona eukitea, dirudi berez eztala bekatu andia, beintzat munduak eztauko alangotzat. Bestetik, Ebanjelioak eztirausku aberats onek beste faltarik eukala. Zergaiti, bada, kondenatu zan? Adietan da kondenatu zala atartera eske etorri jakon pobre gose, billos, premian egoanari ez eutsalako bere mai ase beterik, asetutekorik, janaririk, bear ebanik emon, ez eta jaramon bere. Andik bere burua ta bere ondasunak galdu zituan. Andik beartu ta probetu zan, ta ain premiña andira etorri zan non, azkenean, bere aoko miña ezetu ta bustiteko ur tanta txorta bat bere ezin eukiteko pobretasun ta beartasunera etorri zan.

        Zelan egiten dituan galtzaera ta atzerapen andiak pobreari atzea emoteak, alan egin daroaz gorapen ta zorion miragarriak probe beardunari bere beartasun ta premiña estalduteko eskua luzetuteak. Eta goragotute au, ta andik datorren irabazia galduten dau biotz gogorrak, limosna egiteko gogo ta borondaterik ez dabenak. Eta egiteko gogoa daukanak bere, baldin berak bere eskuz, bizi dan artean, egiten ezpadau, gauza jakina da irabazi aren parte andi bat, edo zatirik geiena, galduten dabela, onen ondoko urrengo buruan agertu, azaldau, erakutsi ta adierazoko dan legez.

 

aurrekoa hurrengoa