www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Geroko Gero
Pedro Antonio Aņibarro
(c. 1820), 1923

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Bertsio elektroniko honen egilea: Blanca Urgell.

Iturria: Gueroco guero, Fr. Pedro Antonio Añibarro (Blanca Urgellen edizioa). Euskaltzaindia, 2001

 

 

aurrekoa hurrengoa

22. BURUA

 

Kolera ta axerrea ilteko
bigarren erremedioa da,
dirakien lapikoari egiten jakana
aserrakuntzari bere egitea.

 

 

1 §.

 

        Gizon aserratua dirakian lapikoa legez da; eta irakin atarik jagiten da ke bat, laño bat, zeinek, Poetak diñoan legez, adimentua itsutu ta ilunduten dau. Bada, lapikoari lar dirakienean, ganez doianean, iru moduz emoten jako erremedioa. Lenengoa da sutik atera, alderatu ta urrindutea. Bigarrena, egurra kendu edo gitxitutea. Irugarrena, ur otza ganetik emotea, bota ta egoztea. Onela bada, aserrez, ikusiezinez, gorrotoz bere arerio[a]ren kontra dirakianari bere, iru erremedio ta bitarteko oneek emon bear jakaz; eta eurok artu bear ditu bere aserretasuna ta gorrotoa amatau ta oztuteko, ta eurok gorde bear ditu kontuz.

        Lenengoa, sutik atzeratu: au da, aserratuteko okasiño, arrisku, bide ta pelligruetarik aldegin, iges egin, urrindu. Bada, zelan ez erretako bitarterik onena dan sutik urrindutea, alan erriertak, aserreak ta gertaldi txarrak alde egiteko bitartekorik onena da jente aserrekor, puntoso ta bideriozkoetarik iges egin ta gordetea. Persona aserrekorrak aranza elorria legez dira; eztira onak eskuaz erabilteko, min egiten dabe oratuten badira. Su-arria dirudie, barruen dauke su-geia, asko da kalzaiduaz jotea. Agaiti esan eutsan Rebekak Jakob bere semeari: Ene semea, aserre da Esau zure anajea, zure kontra kolera bizian sarturik dago; alderatu zaite beraganik, ezkutau zaite, etzaite egun batzuetan agertu, eta bitartean oztuko da, sosegatuko da, joango jako aldi txarra. Bada, esan oi da: Ikusten eztaben begiak eztau minik. Alan, Jesus seintxo txikiak bere iges egin eban Herodes persegilla gogorraganik.

        San Pablo Apostoluak dirausku (Rom. 12) emon daiogula itxadote, epe, asti, leku ta amore irari, aserreari. Adierazo gura dau, gorde gaitezela persona aserrekorretatik, aserratuteko bide ta okasiñoetati, auzitan sartutetik, errierta, kimera ta aserraldietatik. Bada, bein sarturik ta estropezu eginik, kalopean lau oinka doian zaldia legez koleran sartu ta berotu ezkero, gatx da gelditutea, gatx da aurrerago igaro baga, gorrotoan sartu baga gelditutea. Beraz, onelan dirakian lapikoari, bere irakian geldituteko emoten jakan erremedioa, emoiozu zuk bere zeure buruari, zeure bengetako guraria ta aserreko irakina oztu ta amatetako. Sutik atzeratu zaite, okasiñotik aparta ta iges egizu.

 

 

2 §.

 

        Bigarren erremedioa lapikoari bere iraakian geldierazoteko da egurra kendutea, sua gitxitutea. Alan da, bada, kolera ta aserredurearen irakiña oztuteko ta amatetako erremedioa, berba deungak ez ataratea, gogor ta astun erakusten jatzunari eme ta bigun erakustea, ixilik itxitea, enzun-gor egitea, ez jaramotea. Sua egurra geituteaz geitu, azi ta andituten dan legez, eta kenduteaz gitxitu ta txikertu, alan gorrotoa ta aserrea bere berba asko, gaisto ta gogorrak irausirik geitu ta biztuten da; ta ez eranzuteaz txikitu ta amatauten da. Zuri zeure arerioak gauza asko dirautsu: lapur bat zareala, engañatzalle bat zareala. Ta gero azkenean, San Basiliok diñoan legez, saietak botatzen dagoana legez, buruan dituanak dirauen artean, pensa alak edo dakizanak esan arteraño, ezta ixilduten.

        Orduan ak deungero berba egiten dau; ta zuri bere deritxazu dongero berba egiten dabela. Ta alanbere, zuk ari beste orrenbeste edo geiago ta dongago dirautsazu. Zeuk deungago eranzunaz gura dozu erremediatu. Baña engañetan zara. Bada, ori da arriaz arria jotea, bioen su ta garra biztutea, llaga zaoria geiago zabaltzea, ta areriotasunean ta aserrean barrurago sartzea. Zuri begia ateretan deutsunari, zeuk bere arena aterateaz, ezta andik zurea osatu, ez osotuten, ez bere lekura biurtzen. Kolpe bat emoten deutsunari, beste bat zuk berari emonaz, ezteutsazu onela zeure buruari kenduten besteak emona.

        Lapur bat zareala dirautsunari eranzuteaz ordi bat dala, eztakust irabazte andirik egiten dala. Baldin beti gelditu gura badozu azkeneko berbea zeuk esanaz; ta ez beinbere largatu, ez amore emon ta zeureaz urten, orduan ezta akabatuko gerrea ta aserrea. Lenago bai, ordia asko edateaz egartsuago dagoan legez, zerren ardoak berotu ta erretan daben, alan arerioak bere, alkar eranzuteaz geiago areriotuten dira.

        Nai badozu ixildu dedin arerioa, zagoz ixilik; gura badozu gelditu dedin, geldi zagoz, sosega zaite. Nai bozu atsemon ta amatau dedin sua, egurrak kendu egiozuz. Bada, au da bigarren erremedioa dirakian lapikoa geldi erazoteko, aserrea amatetako: egurra kendutea, biderik ez emotea, ixilik largatzea, enzun-gor, ez-ikusi egitea.

 

 

3 §.

 

        Irugarren erremedioa, dirakian lapikoa ganez eginik doanean geratuteko ta beeratuteko da ur otza botatzea. Onela, aserrezko kolera atsemoteko ta sosegatzeko da berba gozoa, emea, biguna esatea ta eranzuera umildea emotea. Bada, Espiritu Santuak diño, eranzuera eme gozo bigunak gozotu, eztitu, beraatu ta austen dabela bengatzallearen aserrea; baña berba latz gogor min garratzak biztuten dabela aserrea. Gauza miragarria da bigunak bigundutea gogorra; gozoro ta mee berba egiteak mansotu, sosegatu ta beraatutea aserrea ta kolera.

        Espiritu Santu berak diño, miñaren eskuan dagoala eriotzea ta bizitzea, gerrea ta bakea. Nai bozu, adiskidetu ziñei zeure arerioa; eta bai geiago areriotu bere. Emon eiozu ura, berba egiozu bigun ta gozoro: sua amatauko da, gorrotoa ta ikusi ezina akabatuko da. San Juan Krisostomok diño gizon baketsua, mansoa, sosegatua ta berba onetakoa, gozoa dala beretzat ta besterentzat atseginezkoa; alakoaz guztiak gura dabe tratatu, guztiak gura dabe ibilli ta egon. Baña aserrakorra, sentikorra, jauskorra, beretzat ta bestentzat da galgarria: alangoaganik guztiak iges egiten dabe, guztiak aldegiten dira, iñok ikusi ezin dau.

        Nik uste dot munduan danik eztabela alan palagutuko, ez sosegatuko, ez bigunduko zeure arerioa, nola zeuk. Bañan, zelan edo zegaz? Berba onakaz, begirarte pozaz, txera ta moduzkotasunaz, agur biotzezkoaz, ondo berba egiñaz; ta, guztien ganetik, era danean, okasiñoa agertzen danean on egiteaz. Alan diño San Pablok: Emon egiozu zeure arerioari jaten gose danean, ta egarri danean edaten; ta onela bilduko dozuz ikatz beroak aren buruaren ganean. Esan gura dau: ikatz biziak alkartuten dirianean, sua egin, biztuten direan legez, alan arerioari egiten deutsazuzan esker mesedeak ta serbizioak biztu ta egiten dabe beragan amorioaren sua, bakea, adiskidetasuna. Eta batez bere zeu aurreratuten bazara berari egun onak emotera, berba egitera, presente bat biraldutera. Onek arerioari biotza ausi, irabazi ta ostuten deutso; onek begia maitetuten deutso; onek beartuten dau bere bengatzeko gogo ta asmoa beste aldera itzulitera.

        Eta, baldin faltak zureak badira, zeu bazara errudun, orduan zu zagoz obligaturik aurreratutera, berba egitera, parkaziño eskatutera, baketutera. Eta uts egiteak bere bestearenak badira, ondo egingo dozu, ta jente prestu debotoen artean ondo aitatua izango zara, euren artean onra izango dozu ta zeure arimarako asko irabaziko dozu, atxakia bat billaturik edo antz ir[u]dina eginik, gatxik arean bere erakusi baga, len legez berba egitea[z] ta arerioagana joateaz. Onela atzeratu, otzitu ta amatetan dira aserreak ta gorrotoak. Baña zu andi ni andi gogorturik egoteak, anditasunetan ibilteak, amorerik ez erakusteak atzeratuten dau bestea egin gura deutsan ona egitetik, ta itxiten, zarratuten dau adiskidetuteko bidea ta atea.

 

 

4 §.

 

        Orain onen ganean esango dozu: Baldin eranzun bage itxiten badot, ordea biurtzera egiten ezpanas edo neu agur egitera aurreratuten banas, esango dabe ezerez bat nasala, bildur nasala, egiak esan deustazala; ta alan neure buruaz fiatu izan bagez, berba eske nabillala. Baña, baldin bein zerbait badirautsat, berak niri baño gogorrago berba egiten badeutsat, esango dabe gizona nasala, neure onraz preziatzen nasala ta galanto egin dodala. Sinisten dot batzuk alan esango dabeela. Baña ori diñoanak izango dira kristiñau gaistoak, Jangoikoaz baño, munduaz kontu geiago daukeenak.

        Eta munduko kontua bere eztabe alakoak ondo ateretan. Bada, mundurako bere, onra andiago da arerioari ondo egitea, deungero egitea baño; ez eranzutea, eranzutea baño. Bada, ez eranzuteaz, ez jaramoteaz, emoten dozu adietan ez dozula errurik; ta arerioak ganora bage berba egiten dabela. Alan diño San Krisostomok: Zegaiti uste dozu, diño, aberatsak barre egiten dabela pobre eskeko bat dala dirautsenean? Dakialako eztala alan eskeko pobrea. Alan, bada, zuk bere barre egiteaz arerioaren esanai, ez ezer eranzuteaz, ez jaramoteaz, adietan emoten dozu eztakiala zer diñoan, egiatik kanpora dabillala.

        Eta, are geiago, San Krisostomo berak diño: Eztozu obeto lotsatuko zeure arerio gaiskillea, zelan sufrituaz, sentimenturik ez erakusteaz, bakean largatzeaz. Zelan arri gogor bati edo sentimenturik ez daben beste gauza bati kolpeak emoten deutsazanak, emoten deutsan bere buruari kalte geiago, ta atan probetxu bage neketu ta zatitzen dan, alan ardurarik ez daben bati edo konturik egiten eztabenari, bere maliziaz daragoionak bere, emoten deutso bere buruari min ta gatx geiago.

        Egun baten itandu eutseen Dionisio filosofoari, ea zegaz egin leion gizon batek bere arerioari damurik ta naibagerik andiena. Eta eranzun eban berba gitxiz ta laburrakaz: Prestua beragaz izateaz. Arerioak gura leuke beti bere idoro zugan uts egiteren bat; ta idoroten dabenean, atsegin artzen dau; ta idoroten eztabenean, damu. Ta andik esan oi da oker dabillanak, utsegiteetan jausten danak atsegin emoten deutsala bere arerioari.

        Bada orrela, zuzen ibilli zaite, ondo bizi zaite, ez zeure burua arrotu ta aurreratu; prestutasunez porta zaite, ez porfiatu, ez tematu, ez jaramon. Zerren, ur otza dan legez lapiko irakinak ganez ez egiteko erremedioa, bai ta sutik aldegitea ta egurra kendutea, alan da aserrakuntza ta gorrotoa oztuteko ta atsemoteko bigarren erremedioa, dirakian lapikoari egiten deutsazuna, zeure kolereari bere egitea.

 

aurrekoa hurrengoa