www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Geroko Gero
Pedro Antonio Aņibarro
(c. 1820), 1923

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Bertsio elektroniko honen egilea: Blanca Urgell.

Iturria: Gueroco guero, Fr. Pedro Antonio Añibarro (Blanca Urgellen edizioa). Euskaltzaindia, 2001

 

 

aurrekoa hurrengoa

28. BURUA

 

Lenengo errazoia arerioari parkatu ta
maite izateko da Jangoikoak aginduten dabelako.

 

 

1 §.

 

        Esan dogu zeinbat kalte egiten daben bengetako deseo txarrak; ta andik sortu, erne ta jaioten direan gorrotoak. Bai ta ifini doguz osagarriak, erremedioak, sendagaiak ta gogarteak ez aserratuteko, ez bengetako, aserretasunean ez irauteko ta kolera amatetako. Bada, orain jakin ta gogoratu bear da onen ganean gauzarik bearrena: ea zelan bear garean geure arerioaz gobernatu, ea bear dogunez arerioa amatu ala gorrotatu. Eta, baldin amatu bear badogu, ea zegaiti, ze bidez, ze aginduz au alan egin bear dogun.

        Lenago, Lege zarrean, legea deungero aditurik, ez eukeen pekatutzat arerioa gorroto izatea. Bada, zelan legeak aginduten eban adiskideak maite izatea, ta ez eban ezer esaten arerioak gaiti, ez konturik artuten onen ganean, andik ateretan eben ez egoala arerio[a]k amatu bearrik. Baña Zerutik lurrera jatsi zanean Jangoikoaren Semea, erakusi eban zer egin bear zan onetan, ziñoala: Adiskideak maitetuteaz ze irabazi ta ze esker, merezimentu ta sari uste dozue izango dozuela? Jentil fedebageak, Jangoikorik ezagututen eztabenak ta jente gaistoak bere ori egin daroe; oneek bere maite ditue euren adiskidak ta ongillak.

        Arerioak, arerioak amatu bear dozuez; dongero egiten deutsuenai on egin bear deutsezue. Zeinbat eta geiago deungago aek zuei eranzuten deutsuen, ainbat eta geiago ondo egiezue aei. On egiñaz dongero egiña goiartu ta benzutu bear da. Au da Jesu Kristok emoten deuskun legea ta agindu barria. Baña esango deustazue: Zegaiti on egin bear deutsegu deungero egiten deuskuenai? Zegaiti maite izan bear dogu arerioa? Errazoi askogaiti.

        Lenengo errazoia, alde guztiz lenena, bearrena, ezez ezin esan giñeien legez esku ta oñez estu ta lotuten gaituana arerioak ametako da, Jangoikoaren agindua ta borondatea dalako, alan guk egitea. Nai dabenak gura dabena esan begi; baña nik aginduten deutsuet zuei onetsi, maitetu, amatu daizuezala zeuroen arerioak, persegillak, gaiskillak, diño Jesusek.

        Pitagoras filosofo andiaren ikasleak ez eben beste aginduaren bearrik, ez beste errazoirik gauza bat egiteko, ezpada jakitea euren nagusiak agindu eutseela. Nagusiak esan dau, nagusiak agindu dau; bada, alantxe egin bear da. Au zan euren berba egikunea. Eta guretzat, guk geure arerioak maite izateko, ezta asko izango jakitea Jangoikoak aginduten dabela arerioak amatzea?

        Presona batek ofensa, bidebage bat egiten deutsunean, jazoten da beste batzuk bitartekotzat sartutea, bakeak egiteko ta konpontzeko. Lenengo jatortzu zeure lagun bat, zeure ideko bardin bat, zeure adiskide bat, ta ak dirautsu: Bakit urliak injuriatu zaituana, baña damuturik, errukiturik dago, ondo dazau deungero egiña ta esana; eta alan, neure amoreagaiti parkatu bear deutsazu, arren, adiskidetu, baketu bear zara agaz. Onela dirautsu zeure adiskide lagunak. Baña zuk ari erraz esaten deutsazu ezetz, gura eztozula; bitarteko ori zeure satisfaziñokoa dalako, ukatuten lotsa etzarealako, zeure bardiña dalako.

        Lagun adiskide bitarteko orren ondoan, ak ezer atera ez dabenean, jatortzu andiago bat, begirune, errespeto ta lotsa geiago deutsazun andiki bat. Eta ez ain erraz zein lenagokoari, baña kolera ta aserrean suturik zagozalako, oni bere dirautsazu eztaizula orren ganean berba egin, ez erregutu, bada, sobra errea, sumindua ta giarran ukutua zagozala aren kontra. Azkenean jatortzu erregea bera; ta onek bere alan bigundu ta beraatuten zaitu parkatzera arerioari, ta zuk eztozu arpegirik ukatuteko, lotsa zara ezetz esatera ta zatoz bere esanera.

        Bada orain, lurreko zati baten errege bati, gaur bada, biar izango eztanari, azartuten ezpazara ezetz esatera, mundu ta zeru guztiko Erregeari, Jangoiko berari, ze arpegiaz eranzungo deutsazu ezetz, aginduten deutsunean maitetuteko zeure arerioa, ezteutsazula parkatu gura, eztozula bere agindua kunplitu nai?

 

 

2 §.

 

        Esango dozu esan daroena arerioturik dagozanak edertuteko ta estalduteko euren areriotasuna: Nik parketan deutsat, ezteutsat gatxik gura, ez ordea biurtu nai. Nik neuretzat gura dodan ona, gura deutsat Jangoikoak emon daiola. Baña ezteutsat berbarik egingo; eztot gura berak bere egin daidan; eztot beragaz traturik, ez laguntzarik euki gura. Onela esaten dozu, baña eztakit ondo diñozunez. Bada dirudi, onela alkarregaz berba egiten eztabenak, eztagozala borondate gaisto baga. Ezagunak dira euren berbetan, solasetan, eztabela alkarren amudiorik, satisfaziñorik, ez bear dan maitetasunik.

        Bada eurak dazaue, eurak dira testigu ta dakie ondo, zer igaroten dan euren gogoan, borondatean, biotzean, ta alkarren alderako daukeen otztasuna. Eta, baldin ondo begiratuten badabe, ikusiko dabe baukeela an euren barruan ezetasunen bat, gerra, gorroto, erretasunen bat, ta ez dabela euren gogoa ta biotza garbi ta amorezko berotasunaz. Olan ta errementariko sutegian auspoak axe emotetik geldituten direanean, dirudi eztagoala surik. Bada, bertati ikatzak ilunduten dira, geldoz estalduten dira. Baña erabilli egizuz puska baten puska auspoak, ta ikusiko dozu zelan bereala barriz sua agertzen dan. Alan agertzen da, bada, alkarregaz berba egiten eztaben[ en] arteko borondate gaistoaren sua bere, dan okasiñorik txikienean idoroten direanean.

        Baña orain jakin gurako dozu, ea pekatu dan, borondate gaistorik eztanean, ez berba egitea, ez konbersaziñorik eukitea, ez agurrik egitea arerioa izan dozunaz. Baldin komunki ta oi dan legez kristiñauak kristiñauakaz, aideak aideakaz, errikoak errikoakaz legez bidean topetan dozunean, zerbait itanduten deutsunean edo onelako okasiñoetan eranzuten badeutsazu, berba egiten badeutsazu ta ezpazagoz borondate gaistoan; ta ganerakoan labur, ta ez beste adiskide maite bategaz legez berba egiteaz, edo berba urri eskas gitxi esateaz, edo adiskide entero maite bategaz legez ez ibilliaz, dirudi eztala orduan pekaturik. Batez bere uste badozu sarri berba egiñaz ta alkarregaz jarraituaz etorri ditekezela kalteak ta okerrak, etorri oi direan legez. Bada, asko dira ain okasiñotsuak, sentikorrak, bideriozkoak, jenio gaistokoak ta aldi txarrekoak, ze obe da alakoetarik aldegitea, ez batutea, iges egitea, alkar idorotea baño.

        Baña, zelan aldeginik ibilteak, alkarganik iges egiteak eta azalezko atxakia ta irudipenaz baño ez berba egiteak adirazotera emoten daben zerbait dala bitartean, areriotasun edo borondate deungeren bat dala bien artean: zer esana emoten dalako, aserre-fama agertuten dalako, eta eskandalo ta gatx bidea besteai emoten dalako, baldin zer esan ori, aserre fama ta eskandalo ori kentzen ezpadozu, borondate txarrik ez izanagaiti, etzagoz libre konzienzian; bada, guztiok gagoz bearturik ta premiñaturik, kristiñautzat preziatzen bagara barruan, agirian bere kristiñauak gareala erakustera ta adietan emotera.

        Ez gagoz bearturik adiskideakaz legez arerioaz geure sekretoak, bideak ta egitekoak agertutera, ez euretara adiskidetara legez askotan joatera. Asko izango da bere denporan agur ta berba egitea, munduak areriotzat euki ez gaizan legez bizitea, tratatzea, eskandalo ta zer esanik ez emotea. Ganerakoan norberak bere egitekoak egin daizala, bear dana bear dabenaz solastu dedilla.

        Baña egia da, santu izateko, kristiñau komunari aurrea eroateko, eztala asko agur otz epel bat egitea, borondate txarrik ez eukitea, eskandalo deungerik ez emotea, ezpada guztiakaz izan bear da bardiña, moduzkoa, tratu gozokoa, txera argikoa, alegrea, maitetsua. Eta, are geiago, ezta asko deungero egiten deuskunari gatxik ez egitea, bada, ondo egin bear deutsagu. Bada, au da santutasuna, prestutasuna, deboziñoan kunplitua izatea ta Jangoikoak aginduten deuskun karidade, maitetasuna betetzea.

 

 

3 §.

 

        Esan dogu parkatu bear deutsagula geure arerioari, ta amorea euki, alan Jangoikoak aginduten dabelako. Baña, nos agindu ete eban? Eguenguren santuko arratsean, il bear eban egun aurrean, bere azkeneko denporan, kandela eskuan arturik legez ilteko egon zanean. Emazte batek gogoan daukaz bere senarrak eriotzako orduan esan eutsazan azkeneko berbak; eta seme batek bere, orduko bere aitaren adibideak.

        Bada, Jesu Kristo gure Aita maiteak bere azkeneko gauban, mundu onetarik bestera igaro bear zanean, esan eutseen bere ikasle Apostolu maiteai, ta eurekaz batean guri: Ene dizipulu ta seme maiteak, bakusue zelan nagoan, zelan eriotzea urtu jatan; laster il bear dodala, ta neure testamentua ta azkeneko ordenamentua egin bear dodala. Bada, nire azkeneko mandamentua, ordenua, agindua ta borondatea da, alkar amatu zaitezeela; arerioai parkatu deiezuela. Onetan erakusiko dozue zareala nire semeak, adiskideak, ikasleak, ta nire eskolan ta lagunzan aziak ta ikasiak zareala.

        Adibide santu au ikasi eban Jose Ejitokoak Jesu Kristo munduan agertu baño len. Jose patriarka aita-aurren andi oni egin eutseezan bere anajeak injuria, bidebage ta ofensa andiak; gorroto eben, saldu ebeen ejitoar bati. Gero, denpora asko igarorik, gitxi usterik, euren anajearen bearrera ta agindu azpira etorri zirian anajeok; estura andian ikusi zirian, ta ain andian ze, gero euren aita Jakob il zanean, bildurrean sartu zirian, ta alkarri zirautseen: Zer izango da orain gugaz? Il da gure aita prestua, ona ta santua; guk saldu genduan anaje au errege ordekotzat eskubide ta agintaritza osoan dago. Aita bizi zala ondo gengozan, seguru giñean; bada, aren amorez ta begiramentuz geure anaje onek parkatu euskun.

        Baña orain, nor baliatuko jaku? Nogaz baliatuko gara? Nor izango da gure bitarteko? Bildur ta ikara andian ikusten zirian denpora onetan esan eben alkarren artean: Len geure aitaren amoreagaiti parkatu euskun anajeak, orain bere a beragaiti parkatuko deusku. Onetarako goazan aitaren partez berari berba egitera, ta umiltasun andiaz esan daiogun onela: Jauna, bakizu zure aita ta gurea il dala; ta ondo ta santuro bizi zan legez, eriotza on santu bat euki dabela. Iltean zure gomute egin eban; ta zizpuru ta arnasa andi bat eginik esan eban: Non da Jose, nire seme maite biotzekoa? Esaiozue bera ikusteko min andi bategaz ilten nasala, ta nire bendiziñoa emoten deutsadala nagoan lekutik.

        Bai ta esaiozue oraindiño seme ona legez beti nire borondatea egin dabela, ta orain bere egin daiala. Eta nire borondatea ta nire azkeneko adio, agur ta borondatea dala, gomutau eztidilla zuek egin zeuntseen bidebageaz ta traiziñoaz; parkatu deizuela, ta alakorik igaro ezpaliz legez, anajetasun on batean euki ta maitetu zaiezala. Au dala nire azkeneko eskaria, gomendaziñoa, ta ez besterik; au dala nire azkeneko agurra, enkargua, ta ak nire amoreagaiti egin bear dabena.

        Onela, bere aitaren partez Joseri bere anajeak berba egin eutseenean, errukitu zan Jose; busti jakozan bere begiak; negarra zerion; ta ez bakarrik bengatu etzan, bai ta asi zan besarka laztanka bere amaka anajeakaz, esten eutseela: Aitak aginduten deust parkatu deizuedala; bada, alango aitaren agindua, esana, eskaria, ta alango denporan ta eriotzako orduan emona, nok eztau kunplituko? Kunplitu eban: guztiai parkatu eutseen.

        Alan bada, gure Aita maite Jesu Kristok bere azkeneko denporan, eriotzea eldu jakonean esan euskun: Neure seme maiteak, bakusue nagoala neure azkeneko despedidan ta eriotza aurrean; iltera noiala; bada, baldin maite banozue, mesederen bat niganik artu badozue, atsegin emon gura badeustazue, gauza bat egin bear dozue nigaiti, ta orregaz kitu geldituko gara. Ai, Jauna, esazu zer, bada biotz gogor arrizkoa eukiko dau, zu legezko aita onaren agindua ta ordu estu orretan emona egiten eztabenak. Zer da, bada, Jauna, aginduten deuskuzuna? Alkar amatu zaitezeela, arerioai nire amoreagaiti parkatu deiezuela. Au da nire azkeneko borondatea, agindua, ta guztien ganera gomendatuten deutsuedana.

        Beraz, ezta ezetz esaterik: parkatu bear deutsagu gure arerioari, on egin bear deutsagu, maite izan bear dogu. Bada, alan aginduten deusku gure Jangoiko maiteak, ez nosnai, ezpada bere biziaren azkenean, edozeini bere berbarik ta agindurik txikiena bere bere biotzean sartu bear lekikion denporan. Emon daiogun, bada, Jesusi atsegin au: parkatu daiogun bere amoreagaiti gure arerio persegilleari.

 

aurrekoa hurrengoa