www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Geroko Gero
Pedro Antonio Aņibarro
(c. 1820), 1923

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Bertsio elektroniko honen egilea: Blanca Urgell.

Iturria: Gueroco guero, Fr. Pedro Antonio Añibarro (Blanca Urgellen edizioa). Euskaltzaindia, 2001

 

 

aurrekoa hurrengoa

43. BURUA

 

Geroko larga baga, orainganik egin bear gara
ontasunean irautera, pekatura ez biurtzera.

 

 

1 §.

 

        Beinbere okertu, makurtu, atzeratu, alderatu bage, bide artez zuzen onari jarraituteari ta ontasunean, birtutean, egite santuetan irauteari azkeneko orduraño deritxo irauntza, iraunpena edo perseberanzia. Gerorengo ta azkeneko orduraño grazian iraute au da Jangoikoaren doia, emaitza, mesedea; Jangoiko beraganik baño, bestetarik ezin irabazi geinkeana, diño Trentoko Batzar santuak.

        Onen errazoia emoten dau Santo Tomas jakitunak: Gizonaren borondatea librea dalako; batera ta bestera biurtuteko, nai dabena egitea bere eskuan daukalako; beragaiti, borondate libre au kontrako aldera itzuli eztidin, pekatura okertu eztidin, bear dau Jangoikoaren laguntza, eskua, grazia, doia, iraun daian onean. Osoro ta duda bage sinistu bear dogu, dino San Agustinek, ezin batek berez goiartu ta benzutu leizala deabru ta aragiaren tentamentuak, Jangoiko berak egunero lagundu bage.

        Arerioak, mundua, deabrua, aragia indartsuak dira, naturaleza argala da, erbala, jausikorra, borondatea onera ta gatxera libre, ta gatxera makurtuagoa, gaixoagoa, etxunagoa, emonagoa. Ezin, bada, iraun giñei jausi bage, Jangoikoak lagundu, sostendu, indartu bage bere eskuaz, bere graziaz, bere bitartetasunaz.

 

 

2 §.

 

        Iraute era bikoak idoroten dira gure artean. Bata da, denpora luzean iraun ezkero onean ta pekatu egin bage, gero azkenean uts egiten dabenena. Au da arriaren ganean ereinten dan azia legez: ernetan da ondo, baña eztabelako sustrairik ezarten, laster igartuten da. Alan, asko ondo asten dira, baña eztira aurreratuten ontasunean; dan okasiño ta tentaziñorik txikienak kañabera mea legez makurtuten ditu; ta azkenean, nos eta sendoago egon bear leukeanean, orduan jausten dira, ausiten dira, galduten dira.

        Bibora deritxon suge modu bat oi da, diño Pliniok, negu otzean bere eden guztia lurrera egozten daben bat; baña gero udan meneno barriaz ta len baño gaistoagoaz agertzen dana. Au berau jazoten da pekatari askogaz: onduten dira puska bat, largatzen dituez pekatuzko okasiñoak ta lagunak gaixotuten direanean, garizuma denporan, gatx edo kalte andiren baten ikusten direanean. Osatu arteraño, garizuma, pazkoa edo estura igaro artean largetan dabe edena, pekatua, bizitza gaistoa. Baña gero barriro biurtzen dira lengo gaistakerietara, lengo pozoi edena edatera. Au biurrera txarra da, iraute laburra da, balio gitxikoa da.

        Bigarren irauntza da onean irautea il arteraño; ta len bizitza gaistoa egin badau bere, azkenean ondo akabatzea. San Agustinek eztau konturik egiten lenago irauteaz, baldin azkenean ondo azkenduten ezpada. Atzerengo urtean, eriotza aurreko denpora piska batean ondo bizi danak ta gero onean ta grazian ilten danak seguratzen dau zerua; baña ez, len urte askoan ondo bizi izan arren, gero ilteko denporan irauten ezpadau grazian. Eriotzagiño ondo irauten dabena bakarrik salbatuko da, diño Jesu Kristok Ebanjelio Santuan.

        Aaron sazerdote andiaren soñekoak beko egal ertza azkenean zituan granada pintatuak. Granada edo mingranak beste frutak ez daben koroi bat dauko. Koroi au gura eban Jangoikoak emon zekion ta ifini sazerdotearen jaztekoari, ez asieran, ez goian, ez erdian, ezpa[da] bazterrean, oñetan, beko egalean, azkeneko ertzan. Bada, azkenean ondo ilteari jatorko koroia, ez asiteari.

        Itandu eutsen bein Diojenes filosofo andiari ea zegaiti ainbeste urtez zartu eta aguretu ezkero, ez eban deskansu atseginik artuten, zegaiti orrenbeste irakurri, ikasi ta burua berotu ta neketuten eban. Eta eranzun eban: Daragoionak ardurazko lan bati, eztau larga bear akaberan dagoanean; orduan obeto ta biziroago ekin bear deutso; orduan obeto peleatu bear dau ta esetsi, bestek bitoria irabazi eztaion ta lengo eginak galdu eztaizan. Onegaiti, bada, nik bere, ziñoan Diojenesek, orain zartu nasanean, azkenera eldu nasanean, gogo geiagoaz jarraitu bear deutsat lanari; eztot gelditu gura; len baño beartuago nago denpora labur au ondo emotera. Zerren bestela, benturaz lengo irabazi ta aurreratu guztia galdu nei. San Pablo Apostoluak diño: Arin egizu kojitu ez zaiezan.

        Baña, esan dan legez, iraute au azkeneko istanteraño Jangoikoaren grazia ta mesedea da: berak bakarrik daki, diño San Agustinek, nori egin ta nori emongo ez jakan grazia au. Eta beragaiti, bildur andiaz bizi bear gara, kontuz ta ardura andiaz ibilli; umiltasun andiaz eskatu Jaunari, ez gaizala itxi bere eskutik, gorde gaizala pekatuan jaustetik ta, bere grazia ta adiskidetasunean gagozanean, beragana garoazala. Zergaiti ze, azkengiñoko iraute au Jangoikoaren doea bada bere, iñok berez irabazi ezin leikean grazia bada bere, orrez guztiaz, bakotxak egin bear dau bere aldetik dagoana, ta dagokana, merezi al balei legez, beragan balego legez.

        Bada, gure eskaera, erregu ta oraziñoak enzutera ta kunplietara bearturik ezpadago bere Jangoikoa, baña ganerakoan prestik dago alan egiten dabenari elduteko, jabetuteko, eskua emoteko. Dabid santuak diño: Ur dago Jangoikoa, egiaz ta denporaz deituten deutsenetarik. Eta gura dau eskatu daiogun; ta puska baten ukatuten badeusku eskatua, eztogu desesperanzatu bear; ezpada beste bein ta geiagotan eskatu bear deutsagu, ateko eskalea legez, erdetsi artean. Eta ori edozein ordu ta denporetan; zerren Jangoikoagan ez da ordu txarrik, ez da berandurik, ez aldi gaistorik, munduko jenteen artean legez. Agan ordu ta denpora guztiak dira bardinak; beti da bat ondo etorria, ondo artua, ondo enzuna, baldin denporaz, adiontzaz badator pekataria.

        Beragaiti, bada, beti ta benetan, biotz guztiaz ta sarri eskatu bear deutsagu Jangoiko maiteari grazia, azken-iraupena au emon daiguntzat. Bada, onetan dago gure zoriona, ditxa, suertea, gora-bera guztia; onetan dago benzuera ta bitoria guztia. Berau bage lenagoko egite on guztiak dira utsak, alperrak, baliobageak. Jangoikoak eztau begiratuten len zer izan garean, ezpada zer garean eriotzako orduan; eta orduan garean erara emoten dau sentenzia betiraun guztirako.

        Ontasunean iraute au orainganik artu, autu ta euki bear dogu, ta ez geroko esperanzan itxi, largatu, benturatu. Bada, azkenengo denporea baño lenago ondo bizi dana, ondo irauten dau azkenean bere komunki edo geienetan; kontu ta joko seguruena da ondo bizi, ondo ilteko; bada, nolako bizitza, alako eriotza.

 

 

3 §.

 

        Edozein neke eroan bear dogu gogo onaz; azken-iraute au ta zeruko gloria irabazteagaiti ez gaitu ezerk bildurtu ta atzeratu bear. San Pablok diño emengo neke pena bizi, latz, gogorrenak geiago balira bere, eztireala diña zeruko gloria irabazteko; eztira asko, eztireala ezer agaz bardindurik. Beragaiti ezkara aspertu ta gogaitu bear, eztoguz lartzat, geiegitzat euki bear onenbeste gloria dakarkuzan nekeak ta penitenziak. Lenago bai, deseatu bear genduke andiagoak ta luzeagoak izatea.

        Alan eskatu ta deseatuten eben lenagoko santuak; ta orregaiti Jangoikoak emon eutseen ain gloria andia. Onetariko batez berba egiten dabela, diño Espiritu Santuak: Denpora labur gitxian bizi izan bazan bere, gitxi atan egin ta merezidu eban asko. Zerren beragan izan balitz, geiago ta luzeroago bizi izan balitz, aurrerantzean bere zuzen ta ondo biziteko borondatea eukan, ta borondate eta gogo on onegaz il zan. Berberau esan lei gaistoak gaiti bere, denpora gitxian asko egin ebela; ta denpora gitxi laburrean egin zituen pekatuak gaiti emon jakela kastigu luze sekulakoa; zerren denpora laburrean egon bazirian bere pekatuan, luzea zan pekatu egiteko euki eben borondatea; ta jarraituko eutsen pekatuari, denporeak iraun baleu geiago, eriotzeak laburtu ezpaleutse bizia.

        Gaistoak dauken legez gogoa, asmoa, borondatea, aurrerantzean bere gaistakerian egoteko ta biziteko, alan onak bere dauke borondatea ontasunean aurrera igaroteko; ta artan azkeneko arnasa emon artean irauteko. Iraute santu au eztogu larga bear gure kontra ifini arren mundua, deabrua ta aragi gaistoa; orduan bear dogu kontu geiago euki. Itxasoan dabiltzenak ekatx andiak artu arren, axeak jo arren, ura amurratu arren, eztira bereala desesperatuten, biotz-jausten; portu edo kaian sartu artean jarraituten dabe, alegin guztia egiten dabe.

        Alan, guk bere egin bear dogu zeruko bidean gabiltzan artean gure kontra jagiten direan neketan, tentamentuetan, gaixotasunean, persekuziñoetan, ez mirutu, ez bildurtu, ez itxi bide onari. Eztogu egin bear tximinoak legez: intxaurra jan gura izanik, itxiten dau jan bage kanpoko azala austeko nekeagaiti, ta galduten dau barruko mamiña. Kristiñau ona ezta lenengo okasiñoan ta tentaziñoan jausten, izutu ta itsututen; orduan obeto defenditu, biztu, sendotuten da.

        Su txikia, kandela argia axe gitxi batek amatetan dau; baña sutegi andia, ikaztogia axe andiaz andiagotu, biztu ta geiagotuten da. Alan, deboziño txikia, epela, gogo ta birtute argala amatetan da edozein tentaziño, okasiño, axe ta gauzarik gitxianaz. Baña deboziño ta birtute andia, fina, sendoa, sustrai indartsuak bota dituana, azi ta geituten da tentaziñorik andienetan, persekuziñorik latzenetan.

        Esatea kristiñau egiazkoak ta onak eztiriala geldituten, zabartuten, aspertuten, nagituten azkeneko orduraño, ezta aditzen pekaturik areanbere egin baga egoten direala asieratik azkengiño, txikitarik zartasuneraño. Bada, Salomonek diño zazpi bider egunean jausten dala danik justuena pekatu txiker arinetan. Esan gura dau, bada, pekatu baten jausten danean, atarik bereala, artan gelditu bage jagiten dala; ta gero ardurazko kontua ifinten dabela, ez barriro jausteko ta azkeneraño ondo irauteko.

        Batzuk artuten dabe gogoa denpora baten ez pekaturik egiteko; danik gaistoenak bere nosik bein artzen ditu ondu ta obetuteko asmoak, bizitza barri bat egiteko deseoak. Baña pekaturik bapere ez egiteko gogoa, onean irauteko borondatea geroko itxiten dabe. Bauka gure [gero] onek bere emen bere bizilekua, etxea ta ostatua. Bada, geroko irautasuna sendoa izango bada, orainganik abiatu bear gara orretara, geroko arriskatu bage. Jagi ta jausi dabilla[na]ren bizitzea peligrutsua da; batez bere jagirik baño, denpora geiago badabil jausirik pekatuan, geienetan ta geienakaz dakuskun legez. Asko dagoz aste baten edo bitan pekatuan jausi bage; baña gero emoten dabe urte bat, edo amar, pekatuan sarturik. San Agustinek diño, pekatu egite berak baño, geiago aserratuten dabela Jangoikoa pekatuan bertan luzero irauteak, damutu, konfesatu, penitenzia egin bage denpora luzean egoteak.

 

 

4 §.

 

        Ebagi ezkero aretx bat, atarik barriro sortuten badira erroak, umeak, txirpia, sustraiak, adarrak, señale da, agiri da etzenduala atera osoro ta ondotik, gelditu zala sustrairen bat. Zauri llaga bat bein osatutzat larga ezkero, bereala gaistotuten bada, adigarri da etzala ondo osatu, zerbait sendatu baga gelditu zala.

        Alan bada, bein pekaturik osatu ezkero, bertati bertara biurtzen bada, esan lei etzala ondo osatu; etzala ondo konfesatu; etzala egiazkoa bere penitenzia; pekatuaren sustrairen bat biotzean gelditu zala; etzala artu gogo sendoa pekatura ez biurtzeko, pekatuaren okasiñoak, bideak, lagunak, etxeak, arrisku ta peligruak aldegiteko. Egia da, ondo konfesatu ta garbitu ezkero bere, jazo litekela barriro jaustea ta pekatu egitea; bada, pekatuaren sustraia ta zimendua izanik libertadea, onek barriro artu ta maitetu lei len itxi ebana, len gorroto ebana.

        Baña, orrez guztiaz, bein jausi, bein jagi ibiltea señale txarra da, ta gure galdugarria. Zer balio dau orain etxe bat egitea, gero desegin ta banatuten bada? Zer balio dau orain pekaturik jagitea, andik laster barriro jausten bada, ta jausi ezkero bertan gelditu ta lozorroak artuten badau? Zer balio dau erri baterako bide luzea ibiltea, gogoa daben lekura elduten ezpada, bide erdian geratuten bada edo atzera biurtzen bada? Zer balioko dau ontzi ondasun batek igaro izanaz itxaso luzea, ekatx ta arrisku bildurgarri[a]k, baldin portuaren aurrean edo portuan bertan ito ta ondatuten bada? Zer dogu etxea asteaz, azkenduten ezpada?

        Ezta asko ondo astea, akabatu bear da, jarraitu bear jako lanari, ezta larga bear zeruko bidea. Judas Apostolua ondo asi zan, ta dongero akabatu eban. Loten emaztea bere ondo asi zan angeruaren agindua kunplitzen, esan eutsanean Sodomako erri gaistotik urteiteko; baña guztia galdu eban atzera begiraturik, ta onegaiti gatz biurtu zan. Eta gatz biurtze onen ganean diño Glosak: Gatzak dauka indarra ta birtutea aragiari iraun eragiteko ta janariari gustua emoteko. Ta orregaiti atzera begiratuaz gatz biurtu zan. Andra gatz biurtu onek, ta oni emon jakon kastigu andiak, darakusku eztogula lengo bizitza gaistora biurtu bear, ez len euki doguzan lagun gaistoetara ta pekatuetara gogoa itzuli bear. Jesusek San Lukasen aotik dirausku gomute gaitezala Lot-en emazteaz, ikasi daigula aren buruan ta agan, ari jazo jakona gertatu ez dakigun; ta aren gatzaz gatziturik legez, pekatuan ustelduteaz gorde gaitezan.

 

 

5 §.

 

        Ezta atzera begiratu bear; bada, alan begiratuaz izan da okerra etortea. Ejenplu edo kontu bat dago alkar il gura eben[en] artean jazoa. Gizon aserratu bi asi zirian ezpataka; eta batak maliziaz esan eutsan besteari: Ola, ola, bioa ortik zure atzean dagoan gizon ori; ez nas ni bien kontra ifini. Orduan, ustez egia ziñoala, begiratu eban atzera; ta bitarte atan jo ta sartu eutsan ezpatea. Alan egin daroioe deabru asmutsuak, atzera ta lengo bizitza gaistora begiratu ta biurtuten direanai.

        Ezta zerurako gai, diño Jesu Kristok, lurra goldeaz landuten ibillirik, atzera begiratuten dabena. Goldeaz, bostortzaz, atxurraz lurra landuten dabillanak atzera begiratuten badau, oker egingo dau; ezta izango goldelari, langille, atxurlari ona. Lan bear batzuk bagoz atzera, albora, noranai begiratu arren egin litekezanak, zelan direan jatea, edatea, berba egitea. Baña badira beste batzuk, zelan direan eskribitzea, pintatzea, jostea, ondo ta artez egiten eztirianak albora edo atzera begira. Alan da, bada, zeruko bidea bere: baldin kontuz ezpagabilz, aurrera begiratuten ezpadogu, lengo bide oker pekatuzkoa itxiten ezpadogu, lengo okasiño ta arriskuetarik iges egiten ezpadogu, ezkara beinbere zerura elduko; lan egin guztia lenago galduko dogu. Zerren zeruko bidean aurrera eztoana, atzera dabil; eztau balio geldi egoteak.

        Ero zoro burubagea da, bein presondegitik iges egin ezkero, ara biurtzen dana. Eta bai bide baten lapurrak ostu ezkero, euretara biurtuten dana. Alangoak animalia abere adimenturik eztabenak baño adimentu ta zenzun gitxiago dauke. Bada, abereak bere adimentubageaz biurtzen eztira len deungero erabili dituezan lekura: ardi bat, zaldi bat eztoa len otsoak gatx egin deutsen lekura.

        Onen ganean diño San Pedro Apostoluak: Obe leukean egiazko bidea ez jakitea, jakin ezkero atzera biurtu baño. Alan aditzera emoten dau San Lukasek bere, diñoanean: Bein bota ezkero arimatik edo gorputzetik deabrua, bere erruz barriro sartzen itxiten deutsanean, deungago dago orduan bigarren atan, lenengoan baño; peligruzkoago da bigarren sarrera lenengoa baño; azkenekoak lengoa aztuten dau. Onegaitik Jesu Kristok esan eutsan osatu eban perlesiadunari: Bakusu osatu zareala; begira, bada, biurtu etzaitezan gatxera, len baño txarrago ifini etzaitezan. Dongea da gaixotasuna, baña gaistoago barriro gaixotasunera biurtutea. Txarra da llaga zauria; baña txarrago barriztautea. Deungero da konfesatu baga egotea; baña aldez gaistoago konfesatu dan pekatura ostera ta ostera bere biurtutea. Bigarren biurrera ta jauste au injuria ezainago da Jangoikoaren kontra.

        Ezagerabagetasun ta eskerbagetasun andiago da, konfesatu pekatua, Jangoikoak parkatu, egin promesa ta eskentza andiak, emon berbea ez pekatu geiago egiteko, ta gero ausi promesak, aztu propositu onak, ta biurtu lengo gaistakerietara ta barriro Jangoikoa ofendietara.

 

 

6 §.

 

        Ain da andia, ezaina, itsusia ta gorrotogarria bigarren pekatua, bein parkatu dana barriro egitea, ze onek beronek len parkatu zirianak bere, biurtu legez egiten ditu. Eta ezta mirari. Bada, bigarren biurtze ak lengo pekatu parkatuak bere barrirotuten legez ditu, gogora ekarri ta biztuten ditu moduren baten. Eta alan Justiziak bere, bein azotatua ta markatua artuten badau, gogorrago kastigetan dau.

        Bein itxi eban pekatura barriro biurtzen dana bardinduten dau Espiritu Santuak, bere gomitu errebesua jatera biurtzen dan txakurraz. Eta San Pedrok bardinduten dau bere loi zikin atsitura biurtzen dan txarri belarluze lauoñeko urdeaz. Ain gauza loi, zikin, kirats, atsitu, nazkagarria da txakur batek bere aotik bota daben errebesua barriro jan ta irunsiten ikustea, ze Espiritu Santuak berak usatu eta ifini ezpaleu irudintza au, ez nintzan ni aurreratuko aitetu ta izentatutera. Eta, bada alan gomutetan dau Espiritu Santuak, guk bere esan daigun beste orrenbeste dala pekatu konfesatua aotik aterea ta errebesatua barriro irunsitea, ostera bere a jatera biurtzea. Bada, txakurraren errebesu gomitua baño loi zikiñago da pekatua.

        Nor, bada, biurtuko da, lengo pekatuaren eden nazkagarria larga ezkero, beste bein edatera? Esan daigun Kantikoetan esposeagaz: Oñak garbitu dodaz, zelan barriro loituko dodaz? Alkondara loia eranzi ta kendu dot; zelan, bada, janziko dot? Ondo konfesatu ezkero, pekatua ta pekatuzko okasiñoak, bideak, lagun gaistoak kendu ezkero, baldin munduak, deabruak, aragiak tentetan bazaituze barriro pekatu egitera, lengo pekatura biurtutera, eranzun egiezue: Zelan nik ori egin nei? Garbitu dodaz oñak, apaindu dot neure arimea: zelan, bada, loituko dodaz? Eranzi dot alkondara zikiña, bota dot niganik pekatua: zelan barriro janziko dot? Billostu nas oitura, ekandu, bizio gaistoetarik: zelan, bada, neugana biurtuko dodaz? Larga ta itxi nituan betiko: zelan beste bein artuko ditut? Barriro maitetuteko, zetako itxi nituan? San Agustinek diño: Baldin damuturik, garbaiturik bazagoz lengo egiñaz, eztozu geiago egin bear; ta egiten badozu, agiri da eztozula lengo deungero egiñaren damurik.

        Diferenzia andia dago salbetan dirianen ta salbatzen eztireanen artean; eta diferenzia au eztago guztia, pekatu egitean edo ez egitean. Bada, salbatu direanetarik batzuk jausi zirian pekatuan, dakuskun legez San Pedrogan, Santa Maria Madalena ta beste askotan. Baña diferenzia dago, santuak nosbait pekatuan jausi baziran, laster larga eben, egiaz damutu zirian, benetan ondu ta obetu zirian, ta bein pekatua itxirik, etzirian atara biurtzen.

        Au da, bada, guk bere egin bear doguna. Oraindiño jarraitu badeutsegu santuai pekatu egitean, jarraitu daiegen penitenzian, pekatura ez biurtutean. Azkeneraño ta azkenean ondo irauten dabenak irabaziko dau zerua, ta izango da koroitua, saritua, doatsutua. Eztago konturik len egiñaz, baldin atzerengo orduan galtzen badau len irabazia.

        Beragaiti, geure kontu ta ardura guztia ifini bear dogu ondo irautean eriotzaraño; onetarako gaur asi bear gara, gerora begira egon baga; geroko benturan arriskatu baga; largarik bein betiko pekatua ta bizitza txar gaistoa. Orretarako, artu daigun orainganik damu andi bizi bat lengo pekatu egiñaz; gogo ta propositu sendo egiazko bat ez pekatura sekula biurtzeko; agertu lotsa bage konfesiñoan geure pekatuak; jarraitu biziera santu bati; eskatu onetarako Jangoikoari bere eskua, laguntasuna, grazia ta irautasuna bere adiskidetasunean, ta gero bere zeruko gloria.

 

aurrekoa hurrengoa