www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Geroko Gero
Pedro Antonio Aņibarro
(c. 1820), 1923

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Bertsio elektroniko honen egilea: Blanca Urgell.

Iturria: Gueroco guero, Fr. Pedro Antonio Añibarro (Blanca Urgellen edizioa). Euskaltzaindia, 2001

 

 

aurrekoa hurrengoa

6. BURUA

 

Zelan dan geroago gatxago, bekatutik jagi ta urtetea.

 

 

1 §.

 

        Sarri askotan Eskritu[ra] Santan irudindu ta bardinduten da bekataria, bidea galdurik dabillen ardiaz. Eta errazoiaz. Bada gauza askotan dirudie alkar. Ardia bere lagunetatik alderatu ta atzeratuten danean, alako moduz bide onetik ta bere lagunetatik deslaitu ta atzeratuten da, non geroago urrinago, galduago ta deslaiago dago. Diru bat edo eleztun bat galtzen dozunean, an non galdu zenduan gelditzen da, ta bai idoro bere: ezta bera andik mugitzen, aldatuten. Baña ardia ordutik ordura urrinduten da, basoan barruago sartuten da, geroago galduago egiten da. Alan bada, bekataria bere geroago galduago ta bere ekandu gaistoetan barrurago sartzen da. Agaitik esan eban Dabid erregeak (psal. 118): Uts egin neban ta galdu nintzan ardi galdu deslaitua legez. Zerren bekatu bat egin ebanean, bertatik beste baten jausi ta zorigaistotu zan.

        Ardia galdu barria danean erraz da arkitutea, billatutea ta idorotea; eta bai kandela bat bere barriz erexegitea, amatatu barria, oraindiño oztu bagea danean. Alan da, bada, bekataria bere bekatu egin barrian: gai prest dago bekatutik jagiteko. Kirikioak bere nekez ateretan dituz sabeleko ume latzak, baña nekezago bere erruz. Bada, izanik bere narrua latza ta gaztaiña lakatza legez aranza zorrotzez betea, eta umeak bere bera legez latzak ta aranzatsuak, sabeletik umeak atera bear dituenean, euren aranzak ta lakatzak min egiten deutse; ta minaren minez, atzeratuten dau umeen jaiotza; sartzen dituz barrura, ta an daukez al daian denpora guztian. Eta, zelan alan dituzan bitartean azi, anditu ta gogortuten dirian aek umeak; eta, besteti, atera bear edo il: andik azkenean, arri baten kontra estuturik, len egingo zana baño nekezago ta penazago erdituten ditu. Bada, au berau bizitza on bat egiteko luzemendutan dabillen bekatariaz jazoten da. Zergaitik ze, zelan Jangoikoagana biurtzea ta obra onak egitea dan ume-egite bat legez, alan, zenbat geiago itxadon ta luzetuten daben, ainbat nekezago onetara abiatuko da. Eta, beragaitik, obe ta errazago izango da len bait len obra onak egitea ta bekatutik jagitea.

        Zeure lurrean zure baimena ta lizenzia baga etxe bat asten deutsuenean, ordenaturik dauko legeak eragotzi al ziñeikezala obra barria: bada, baldin obra akabatzera itxiten badeutsazu, eraso leikezue jabetasunen bat daukela lur atan. Alan egin bear da, bada, bekatuetan ta bekatarien obretan: barriak dirian artean kendu ta bota bear dira; bestela gurako dau deabruak eraso ta esetsi, obrea zartu dala ta atan jabetasuna dabela.

 

 

2 §.

 

        Errazago bada bere ondasun prendan ifinia ateretea ta kobretea, saldua baño; idoroten dira, orrez guztiaz, euren ondasunak prendan legez saldu bere egiten dituenak. Eta berberau jazoten da arimako gauzeetan bere. Esan oi dabenean bekatariak bildur diriala, euren konzienziak lotsatuten dituela, bekatu bat edo bi baño egingo eztabela; oneek largatzeko usteaz ta gogoaz dabiltzela bekatu egiten badabe, prendan ifinten dituez euren arimak. Baña bildurtasun baga, Jangoikoaz, konzienziaz eta munduaren esateaz konturik egin baga, ardura baga dabiltzenak, salduten dituez arimak. Prenda bat tabernara biralduten dozunean, dirautsazu tabernariari, euki dagiela egun batzuetan a prendea, ta gero aen buruan aterako dozula. Baña zuk, zelan atera bearrean barrurago sartuten dozun, egunetik egunera prendaren gañean ardao geiago artzen dozun; alakoz eze, azkenean, ikusirik zeure prendaren balioa edan dozula, prenda guztia tabernan itxiten dozu. Bada, au berau zeure arimaz bere egiten dozu. Esaten dozu, prendan ifini bai, baña iñolatan eztozula salduko. Esaten dozu, bekatu bat egingo dozula, ta ez geiago. Baña bat egin, ta bat oni beste asko eransiten deutsezuz ondotik; alakoz eze, arimaren gañean bekatuaren zorra geitu ta kargetan dozu; eta azkenean prenda guztia, zein dan zure arimea, tabernan, deabruaren eskuan ta mendepean gelditzen zara, agaz, nok bere gauzaz legez, gura dabena egiteko.

        Bekatutik jagiteko, luzemendutan dabillenari jazoten jako, zenso ta intereseko diruaren irabazia pagetan eztabenari gertatzen jakona. Alangoari urtetik urtera zorra azi, anditu, eransi ta geituten jako; ta are geiago, baldin denpora luzeaz badago, bibidertuten jako; ta orduan ezta errazago pagatzen. Ez eta bekatua bere ezta egonaren geroz obeto sendatzen. Bada, batetik, deabruak egunetik egunera zure arimearen gañean esku-bide geiago artzen dau; ta, bestetik, zelan zu zoazan bekatu egiñaz ta bekatutan egonaz, alan doa Jangoikoa bere zure arimatik iges egiñaz ta urrinduaz, zeu lenengo urrinduten zarealako. Egizu kontu, egizu gogoeta, ea zenbat urte dirian bekatuan zagozala ta bekatu egiteari darraiozula; eta idoroko dozu urte guzti aetan Jangoikoaganik urrindurik ta alde eginik ibilli zareala. Bada komunki, joateko dun beste denpora bear oi da biurtzeko bere. Bada orrela, zuk bere joan dirian amar urte oneetan edo geiagotan ibilli bazara Jangoikoaganik urrindurik, beste orrenbeste urte bearko dozuz beraganduteko. Zelan, bada, uste dozu ainbeste denpora igaro dozun bidetik, ain laster, urte baten edo bian, zeure zartasunean sarturik, zartuten bazara bere, biurtuko zareala?

        Egia da, bai, alako mesedea, grazia, indarra ta gustua emon al leiola Espiritu Santuak zure gogoari ta borondateari; eta urrindutean baño lenago ta denpora gitxiagoan zu biurtzea egin lei Jaunak. Baña, eztakizu zugan alan jazoko danez, alango mesederik ta graziarik egingo deutsunez.

        Maria Birjiña ta San Josepe bere esposo maiteak egun baten galdu eben Jesus seintxoa ezkutatu jakenean Jerusalenen. Eta gero abiatu zirianean bere billa, idoro eben irugarren egunean. Denpora geiago bear izan eben arkituteko, galduteko baño. Alan dirudi, bada, denpora geiago bear dala bekatuak osatuteko, egiteko baño. Bada, darraiozunean bekatu egiteari, Jangoikoganik urrinduten zareanean, geienez gaztea zara, sendo, osasundun ta indartsu zagoz; baña gero, Jangoikoagan a biurtu ta urtu gura dozunean, gaixo zagoz, argal ta zarturik. Beraz, orduan gatxago izango da urtutea ta urregotutea, len urrindutea baño. Alan diño profeta Dabidek (psal. 72): Zuganik urrindu ta alde egiten dabenak, azken deungea eukiko dabe. Eta Jangoikoak berak bere zemaituten ditu onelakoak esanik (Osee 9): Zorigaistokoak dira niganik alderatu, urrindu ta iges egiten dabenak.

 

 

3 §.

 

        Bekatuak itsaltu ta ilunduten dau adimentua, argaldu gomutea ta gaistotu borondatea: zenbat bekatu geiago, ainbat ezerbereezago adimentua, zenzuna, gomutea ta borondatea. Ainbat jaunago, nagusiago ta jabeago deabrua. Ainbat Jangoikoaganik urrinago ta alderatuago. Ainbat indar ta eskubide al gitxiago ta argalago eranzuteko, eraso ta esetsiteko arerioai. Bada, au onela izanik, zelan uste dozu gero orain baño obeto onduko zareala ta bekatutik errazago jagiko zareala? Ura txikia danean ezin igaro badozu, zer egingo dozu andia dedinean? Aretx txikerrak, oraindiño sustrairik eztituezanak ezin atera badozuz, zer egingo dozu irme sustraiturik ifinten dirianean? Esan gura dot: orain bekatu gitxi dozunean, ta gitxiok bere egin barriak dirianean, ezin bapere erabagi ta abiatu zara orretatik jagiten; zer izango da, bada, gero bekatuz beterik ta aetan luzero gogorturik zagozanean? Orain amar bekatuaz dozu jardukia, errierta ta auzia; gero eunegaz euki bearko dozu. Orain urte bat edo biko ekandu deungea dozu; gero ogei edo berrogeikoa izango dozu. Bekatu egiteaz moropilloak bibidertuten dozuz, kateak geituten dozuz, kargea astundu ta aziten dozu. Ze zorakeria da, bada, zuk uste izatea gero karga andiagoaz obeto maneatuko zareala, orain txikiaz baño? Uste dozu gero amar bekatuen parkaziñoa obeto erdetsiko dozula, orain bostena baño? Uste dozu gero gaixotasuna andiagotu dedinean, errazago izango dala osatutea ta sendatutea, txikia danean baño? Eztakizu Espiritu Santuaren esatea dala (Eccl. 10) gaixotasun zar luzeak neketuten dabela mediku osagilla, baña labur barriak egiteko gitxi emoten deutsela, au laster osatuten dabela?

        Egia au adierazo eutsan angeru batek ermuko batar, bakar edo padar santu bati. Artu eban angeru onek gizon baten antz-irudia, ta joan zan (In vit. S. Arsen. apud Sur. tom. 4 pág. 257) ermutar santu au egoan mendira; eskutik oraturik eroan eban baso barrura; eta an erakutsi eutsan gizon bat, egurra ebagiten zebillela. Karga bat eginik, estu ebanean, asi zan abiatzen ea jaso al baebanez. Baña ain karga astun pisutsua egin eban, eze ezin jasorik larga eban. Itxi ebanean, asi zan barriro egur egiten, ta bere lengo kargea nagusitu ta anditzen. Andiagotu ebanean, artu eban ta asi zan len legez ikusten ea jaso al baebanez. Baña orduan gitxiago, zergaitik ze lendanik aziago ta andituago eban. Baña orrez guztiaz, asi zan irugarrenean bere tematuten, egurra egiten ta bere lengo kargea len legez askotuten, uste izanik alan arinduko jakala, ta errazago jaso ta eroango ebala. Ermutar santuak, au ikusi ebanean, itandu eutsan angeruari: Ze zorakeria da dakuskuna? Uste dau gizon onek egur geiago eransirik kargea arinduko jakola? Eta andituz, errazago jaso ta eroango dabela? Orduan eranzun eutsan angeruak: Orrela da, bada, munduko erokeria bere; uste dabe bekatariak bekatu askogaz, karga astun pisutsuaz obeto jagiko diriala, arinaz baño. Esan oi dabe: orain nagi nas; orain esku artean darabiltzadazan gaistakeriak ezin itxi neikez. Oraindiño denpora gitxi baten euroetan egon bear dot, beste batzuk bere eransiten dodazala. Baña gero dirianak largako dodaz; guztietatik jagiko nas. Itsumen itsua, erokeria zoroa, uste badozu gero emetik urte bat edo bi barru, orain baño bekatu geiago dozunean, oxinean barrurago, sartuago ta ondatuago zagozanean, ta orain baño erbalago, zantarrago, maskarrago ta argalago zagozanean, prestago, errazago ta arinago jagiko zareala bekatutik. Bota egizu zorakeria ori burutik, atera egizu zeure gogotik ta sinistu egizu geroago gatxago, nekezago izango dala. Eta Obidiok diñon legez (lib. 1 de remed. amor.): Gaur gai ta prest eztana, biar gitxiago izango da.

 

aurrekoa hurrengoa