www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Geroko Gero
Pedro Antonio Aņibarro
(c. 1820), 1923

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Bertsio elektroniko honen egilea: Blanca Urgell.

Iturria: Gueroco guero, Fr. Pedro Antonio Añibarro (Blanca Urgellen edizioa). Euskaltzaindia, 2001

 

 

aurrekoa hurrengoa

14. BURUA

 

Zartasunean bere penitenziarik egiten eztabenaz.

 

 

1 §.

 

        Eskritura Santuak diño (Reg. 13): Urte bateko seiña zala Saul erregetu zanean, ta urte bian izan zan errege Jerusalenen gañean. Baña, zelan au dateke onela? Bada seguru da urte bat baño geiago eukela Saulek erregetu zanean; bai ta gauza jakiña da urte bi baño [geiago] egon zala bere erregetasunean. Egia da: alan da. Baña, zelan asieran zan maliziabagea, urte bateko seiñaren edo umearen antzera; eta egote onetan iraun eban urte bitan, ta ez geiago; eta Jangoikoaren aurrean eztira kontuan artuten onean emoten direan urteak baxen; beragatik esaten da urte bateko seiña zala Saul errege sartu zanean, ta urte biz egon zala barru atan, ta ez geiago. Bada urte bian baño etzan egon bekaturik egin baga.

        Senekak diño (Epist. 23): Jente batzuk asten dira biziten bizitza itxi bear dabenean; eta, baldin onezaz mirarituten bazara, esango deutsut beste mirestekoago dan gauza bat; bada, beste batzuk biziten asi baño len itxiten dabe bizitza: zerren obra onak asi baño len akabetan jake bizitza. Zer da gauza ezainagorik, diño Seneka berak (Epist. 13), biziten asten dan zarra baño? Len bear da asi, lenago bear da ikasi, prestatu, abiatu. Eta, zelan zarra ezin asi leitekean biziten, agiri da obra ta egitekoak gaitik berba egiten dabela Senekak leku onetan, ta ez adina edo edadeagatik.

        Ezaina da zartasunagiño Jangoikoa serbitzen ez astea; ezainago orduan bere ez astea; ta are geiago ezainago, itsusiago ta deungego orduan gaista[ ke]rietara emotea ta lotutea, ta deungetasun barrura sartutea. Batzuk zartzean asten dira onduten, obetuten ta bertuteari jarraituten; eta obe da iños baño, nos; baña ori da, bidea igarorik etxean egon bear leukenean, abiatutea, asitea; andi eginik, aprendiz ikasle egitea; urdindurik, eskolara joatea. Eta oneek guztiok dira gauza ezainak, deungero irudiak, denporatik kanpokoak.

        Gazte denporan ibilli zinian gazte zoro, buru arin, deboziño gitxiaz; beti promestu ta gogoan zerabillan zartzaroan mirariak egingo zenduzela, orduan santutuko ziniala. Bada orain zartu zara, zeure promes, propositu ta berba andien epean ta mugan zagoz; nos, bada, onduko zara? Nos kunpli ta beteko dozuz lengo berba ta gogo ederrak, nos penitenzia egingo dozu? Baña, ai, zuk orain bere itzulpideak, atxakiak, iges-bideak idoroten dozuz; luzementuak aurkituten dozuz; ta, azkeneko urte ta adinean zagozala gitxi gogoraturik, gaztea baziña legez zabiltz ta bizi zara. Ez eban onela egiten Senekak, jentil fedebage bat bazan bere, esaten ebanean (Epist. 6): Zartu baño len abiatu nintzan ondo bizitera; ta zartu ezkero ondo iltera. Gaztetan euki neban kontu bizitzeaz, ta zartzean ilteaz. Zartu ezkero, itxi bear da bizitzea ta biziteko gogoa; eriotzeaz bear da disputan ta auzitan ibilli; ta onetarako egin al guztiak prestatu.

 

 

2 §.

 

        Zartzea, atso-aguretutea, urte askoan bizitea, au berez ona da, Jangoikoaren esker-mesedea da. Bada, San Pablok diñon legez (1 Corint. 4): Gure gorputz au, arimaren kanpoko ta gañeko estalgi au zartuteaz ezaindu ta banatuten bada bere, arima obetu ta barrirotuten da egunetik egunera. Presona zarrak, berak ikusi, ezagutu ta dakizan legez mundu zoro onetako erokeria, joan-etorri, goraberaren barriak, ordu dau gaztetasuneko maña ta ekandu txarrak itxiteko, ta bere buruaz gomutatu ta oartuteko. Baña gaztea dana zori, pelligru ta arrisku andian bizi da. Eta orregaitik Dabidek zirautsan Jangoikoari (Psal. 101): Ez egidazu deitu, Jauna, neure egunen erdian. Itxi egidazu, arren, zartutera, urdindutera, aguretutera ta azkeneko urte betetara eldutera. Zartasuna, beste gauza askotarako bere bai, baña guztiz bere emoten da gaztetasuneko uts-egiteak bete ta sendotuteko. Eta orretarako orduan lengo odol bizi-bero erexegiña otzituten da; sosegua ta epetasuna etorten da; eta adimentu ta zenzunduna bada, etorkizunaz ta gerokoaz gogoratzen asten da. Dan presonarik nasaiena, ardurabagenak bere arratsean etxeko ateak itxi ta zarratuten ditu; erri andietan gaubaz denporaz jenteak sartu ta atarteak itxiten dira; ardiak iluntzean arinago jaten dau; zisneak iltera doianean bere soñua biziroago egiten dau. Alan dagiela presona zarrak, adierazoten dau San Pablok (Hebr. 10): Zeinbatez ikusten dozuen azken eguna urreratuten jatzuela, ainbatez lasterrago abiatu, prestatu, estutu ta arduratu zaiteze. Gorde zaiteze orduan nagitzetik, zabartzetik, ardurabagetasunetik. Bada orduan da mena, mina, azken adina ta pelligru guztien gañeko pelligrua. Eta, zelan ainbatik ainbatean ederrago dirian Jangoikoarentzat gaztetasuneko serbitzuak, egiteak ta obra onak zartasunekoak baño; alan, bestera, egiten jakaz ezainago, itsusiago ta gorrotogarriago zartasuneko uts egiñak ta gaistakeriak gaztetasunekoak baño. Zerren zartzarokoak eztira jakinezaz, ezautu bagez ta ignoranziaz egiñak; ezpada maliziaz, nai izanaz, borondatez ta gogoz, begiak itsuturik legez egiñak.

        Ezta gai onetara deungero eldu Espiritu Santuak diñoana (Eccle. 25): Iru erako bekatu edo bekatari gorrotatu ta ikusi ezin dodaz besten gañetik; eta dira pobre andigurea, aberats guzurtia eta zar zoro zenzunbagea edo zar amorantea.

        Dakuskun bada orain, ea zergaitik deritxazan Jangoikoari deungero iru bekatu modu oneek; bada dirudi eze badala oneek baño bekatu andiagorik. Eta alan, pobrea soberbioa edo andiuste goitua izatea, dirudi bekatu arina dala; eta geiago dirudi zorakeria ta adimentuaren falta, malizia baño. Zerren pobrea zek soberbiatuko dau? Aberatsa bere guzurtia izatea, dirudi bekatu arina dala; beintzat asko da andiagorik. Bada, gizon zarra bere arrotu ta bere burua andizkatu ta alabetea, ta gazte denporako zorakerietara biurtutea, gizonari gerta lekikiona da; bago bekatu andiagorik. Zergaitik bada, oneek onela izanik, diño orrez guztiaz Espiritu Santuak iru bekatu oneek gorrotatzen dituela? Ezta gatx eranzutea.

        Baldin iru erako bekatu onei begiratzen badeutsegu kanpotik, gañetik, azaletik, badira eurok baño andiagoak ta Jangoikoak bere gorrotoago dituenik. Baña, baldin barrutik, mamitik artuten badogu Espiritu Santuak onetan zer esan gura deuskun, idoroko dogu maliziaz, premia baga, gulleriaz, bere nai-guraz, biderik, okasiñorik ta tentamendu baga egiten dirian bekatuak diriala gaistoagoak, ezainagoak; eta onelakoak dira iru mueta onetako bekatuak, zeiñen gomutea orain egiten dogun.

        Probea, eskekoa guzurtia izatea ezta ain miresteko: bada bearrak gauza asko eragin leiz. Aberatsa bere soberbioa, arroa ta andigurea izatea oi dana da; bada, eztaben legez iñoren bearrik, ta eukitea ondasunak ugari, onek soberbiatu, anditu, axetu, arrotuten dau. Bada, presona gazte bat bere egiteetan ta joan-etorrietan arina eta zoroa izatea ezta on, baña dirudi, gitxi bat bada bere, adinak, edadeak, gaztetasunak estalpetuten dabela. Baña probeak ze bide dau soberbiatuteko? Aberatsak guzurtia izateko? Presona zarrak gazte denporako jira-bira ta zorakerietara biurtuteko? Bekatuok, ta guztiz bere zartasunekoak, ez dabe eskusarik, atxakiarik, iges-biderik, eta ez edertzeko bere biderik; eta agaitik ditu ain gorroto Jangoikoak.

 

 

3 §.

 

        Aldi baten laketu eban Jangoikoak banatu ta apurtu legiela arerioak Jerusalen uri eder famatua; itxi ta permiti eutsen agaz gura eben guztia egin legiela. Eta, zelan Jangoikoak eztaben iñor iños kastigetan bide-bagez, emoten dau errazoia Jeremias profetak, ea au zegatik egin eban Jaunak, esanik (Jerem. 1): Jerusalen erri bekatariak zituzan oñak lupetz loiz zikindurik; eta etzan bere azkenaz gomutetan. Esan baleu legez: oñak zituan loiturik, lupezturik, zikindurik, ta orregaitik galdu dot erriau. Baña, izanik oi dan gauza, lurrean dabiltzen oñak loiturik ibiltea: zer esan gura dau orrek? Baldin arpegia euki baleu loiturik, dirudi errazoia eukala egin ebana egiteko; baña, oñak gaitik zer antsi da, ze ardura da, zer esan gura dau? Bada ori beragaitik diño, oñetako loiagaitik galdu zala; bada, zelan zartasuna da azkeneko adina, edadea ta bizitzaren bazterra, marra, muga, ondarra; alan dira oñak bere gorputzaren azkena ta kabua. Eta alan, oñetan loi izateak esan gura dau zartasunean zala loia, zikiña, gaisto okerra; eta etzala bere azkenaz bere gomutatu, eta agaitik galdu zala. Zerren zartzaroan gaistoa dana eta orduan bere salbamentuaz ta arimaz gomutetan eztana, gatx dala galdu baga iges egitea.

        San Ziprianok diño (de 12 abusion. 2): Zelan arbola bat dan alperra, utsa, orri eta lorearen ondoan fruturik eztakarrenean, alan da gizona bere gizon alperra, balio gitxikoa, bere gaztetasuneko lorea, berde edo ezetasuna igaro ezkero, egite onen fruturik baga dagoana. Gizonak, iños bere izatekoz, bear leuke ogei urteetan izan bizia, bizkorra, arina; ogeta amar urteetan indartsua, zala, sendoa; berrogeietan zenzun ta adimentuduna; berrogeta amarreetan diruduna, ondasunduna; eta irurogeietan debotoa, bertuosoa, konzienzia onekoa. Andik aurrera konzienziarik eztabenaz, bere griña txarrak eziten eztituenaz, bere gaistakerietatik atzeratuten eztanaz ez egizu konturik euki; euki egizu galdutzat. Eta euki egizu galduagotzat, orduan barriro zaletu ta emoten bada gaistakerietara ta bekatuetara; azaz etsitu edo esperanza galdu egizu: eztau gaur geiago gauza onik egingo.

        Alakoak menazatu edo zemaituten ditu Jeremias profeteak berba estaldu batzuen azpian, esanik (Jerem. 6): Ai, gure zorigaistokoak! galduak gara, egin dau gureak: zerren akabetako urrean dago eguna; eguzkia beeratu da ta gerizea bere luzetuago da arratsaldean. Adietan emoten da onegaz, galduak goazala, ez eguzkiak arrastegian geriza andiagoa ta luzeagoa egiten dabelako; ezpada gure arratsaldean, zartzaroan, adina itzultzen ta beeratuten doianean, ta joakunean, orduan bekatu egiteko ta biziteko nai-gurea geitu ta luzetuten jakulako; eta zarrago gaistoago egiten garealako, agaitik diño galduak gareala.

        Ondo dakigu Zeruan sartuko danak eztabela euki bear bekaturik, orbanik, mantxarik, tximurrik (Ephes. 9). Bakigu larga ta itxi be[a]r diriala lenagotik ekandu ta oitura deungeak. Eta zuk, gaztea ziñanean, ziñozun etzala orduan lekurik, ez astirik penitenzia egiteko, ez gaistakeriak itxiteko, eta zartasunean, falta baga, guztiak largako zenduzela. Bada orain an zara; aror non eldu zarean; zartu zara; ta orrez guztiaz iños baño barrurago sartuten zara bekatuetan; etzara bapere obetu; len baxen gaistoago ta okerrago egiten zara. Ze gogo dozu, bada? Zertan zagoz? Zeren begira zagoz? Zartasunaren? An zara. Epearen, denporaren? Bete da; kunplitu da. Kunpli egizu, bada, zuk bere zeure berbea eta promesa, zartuten ziñianeko emon zenduana.

        Esango dozu: badot orandiño beste epe bat, beste asti bat, beste denpora ta eraldi bat bere; eztira oraindo denpora guztiak igaro. Egia da esan nebala zartzean onduko nintzala, ordurako zan lengo astia ta epea. Baña artu nei bigarren bat bere. Bada, oraindiño zartu nasanagaitik bizi niteke geiago bere. Eta alan, azkeneko urtean, ilteko aurrean, falta baga, falta ta uts guztiak atara ta beteko dodaz. Orduan neure berbak gordeko dodaz, promes guztiak beteko dodaz. Ordura artean ezta lekurik, ezta zer berbatu bear, ezta zer ardurarik artu bear.

        Au da presona zoro galduen kontua; ta urrengo kapitulu edo buruan agiriko dan legez, azken txar bat eukiteko señaleak ditu.

 

aurrekoa hurrengoa