www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Geroko Gero
Pedro Antonio Aņibarro
(c. 1820), 1923

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Bertsio elektroniko honen egilea: Blanca Urgell.

Iturria: Gueroco guero, Fr. Pedro Antonio Añibarro (Blanca Urgellen edizioa). Euskaltzaindia, 2001

 

 

aurrekoa hurrengoa

11. BURUA

 

Jangoikoaren miserikordian fiaturik
ezta penitenzia egitea geroko itxi bear.

 

 

1 §.

 

        San Agustinek diño (de vera et fals. penit.), Jangoikoaren miserikordian geiegi fiatuten dirianakaz berba egiten dabela, onelakoak esan oi dabela, uste guzurrezkoaz: Errukiorra da Jangoikoa, miserikordiaduna, biotz-bera, maitetasunez ta ontasunez betea; eta alan, ez dogu zer saiatu, tematu ta estu-larritu bearrik obra onak egitera. Eta, bada ez da ezeren pelligrurik, bardin da biar edo gero. Euki giñei esperanza, seguranza ta sinistea, bizitza luzea emongo deuskula; eta nosnai, zartasunean, ta ilteko orduan bere, gure bekatuak, gaistakeriak ta deungero egiñak, guztiak parkatuko deuskuzala. Bada, jaun batek ain onak, ain errukiorrak, ain bigunak, ain gozoak ta maitegarriak ezin bestela egin lei, ezin gatxik iñori egin leio.

        Gugaitik Zerutik lurrera jatsi zan; gugaitik bizitzea galdu eban; gugaitik bere odol guztia emon eban; eta odol onegaz bere Aita ta gure arteko aserrea ta areriotasuna kendurik, bekatuen zorra oso-osoan kitutu ta ordetu eban; ta katibutasunetik aterarik libertasunean ifini ginduzan. Eta Jangoikoak onelako gauzarik egin baño len, lege zarrean bere, gaistoak eurak kondenetan zirian, ta ez besterik. Ori danez, orain eztira gaisto guztiak kondenetan, edo gaistoak erraz obetu, onduten dira. Zergaiti ze, bestela, ze diferenzia, ze bestetasun legoke lenagoko denporetarik oraingoetara? Edo ze probetxu, ze on genduke guk Jangoikoa mundu onetan ibiliaz ta neketuaz? Eta Jangoikoak esan beban bere (Math. [8, 20]) asko diriala deituak, baña gitxi autuak; orregaitik bere, ez dogu guk kristiñau fededun sinisleok zer izutu, zer ikaratu, ez bildurtu. Bada kristiñauak baño eztira salbetan, eta gitxi dira kristiñauak, kristiñauak eztireanen aldean. Eta alan, esaten danean asko diriala deituak, [baña gitxi autuak], adietan da jentil fedebageak, moroak, turkoak, judeguak, herejeak ta beste, Elexa Santatik kanpora mundu guztian zabaldurik dagozanak diriala deituak. Baña gitxiak, kristinauak eurak diriala autatuak, ta ez besterik.

        Onela diño San Agustinek esan daroela bekatari itsu askok. Baña parterik geienean diñoe deungero, ta ondo deungero. Berbakuntza gaisto au gure arerio asmutsuaren buruan pensatua, asmatua, ta sortua da, ta andik urtena ta jaioa. Bada orain, Jangoikoaren Semea gizondurik il ezkero, errazago bada bere salbetea ta bekatutik urtetea len baño; baña orain bere urten ta jagi bear da bekaturik; ezta erraztasun aren esperanzan bekatuan egon bear.

        Arerio gaisto onek, gure Jangoikoari tenploaren ganera tentetako eroan ebanean, esan eutsan legez bota egiela andik beera bere burua, zerren angeruak jasoko ebela, minik ta kalterik artzetik gordeko ebela (Math. 4). Alan dirautsu zuri bere orain: Bota egizu, ezarri, egotzi egizu zeure burua, gogoan darabiltzun bekatu orretan; kunpli egizu zeure guraria ori; etzaitez iñolakoz atzeratu. Bada, izanik Jangoikoa ain ona ta errukitsua, ez jatzu damutuko, ez jatzu kalterik, ez zorigatxik etorriko. Zugaitik bizitzea emon ebanak, ainbeste neke-pen igaro zituenak eztau, ez, oneek guztiok alper galdu ditezen gurako, etzaitu galdutera itxiko. Bota egizu, bada orrela, zure burua, egizu bekatu, fia zaite, ez egizu euki ezeren bildurrik.

        Auxe berberau da deabruaren berba-egikunea, bere eskolan, ikaslekuan irakurria; an ereina ta andik zabaldua. Jangoikoaren ontasunetik ta Pasiño Santuko merezimenduetarik ta balio anditik gura dozu artu bidea, okasiñoa ta ausardia bekatu egiteko ta bekatuan egoteko. Ain andia da itsutasun au ta bekatari galduen kontu txar au, eze gure Salbatzallea kexatu ezpazan bere gugaitik igaro zituen neke, garratzmin, lotsaria ta eriotzaz; baña kexatu zan, mindu, sentikortu zan bidebage ta eskerbagetasun onegaz, esaten ebala (Psal. 128): Ene sorbaldaren gañean egin eben egur bekatariak, an euren gaistakeria landu, luzetu ta zabaldu eben. Esan gura dau: gaistoak euren gaistakeriak egiteko ta aetan luzero egoteko, artuten dabe zimendutzat ta okasiñotzat nik nire sorbalda ganean artu nituen azoteak, kolpeak, penak ta mintasunak. Eta euroetan fiaturik, euroetan esperantzaturik ta kontu eginik, bardin nik eurak gaitik pagatu, kitutu, ordetu nebala, asartu ta aurretuten dira bekatu egitera, esan oi dabela: Errukitsua da Jangoikoa; maite gaitu, ondo gura deusku, bereak ta bere odolaz erosiak gaitu: men-menera, estu-estura gatozanean uts egingo ezteusku, larga ta aztuko ez gaituz; ori danez, artu giñei esku ta baimena bekatu egiteko. Baña, ai, kontu txarra da ateraten daben au. Esan bear da miserikordiotsua dala gure Jangoikoa onelako lotsabageak, onen loi atsituak sufrietan dituenean.

 

 

2 §.

 

        San Basilio beste berbakuntza batez baliatuten da gai onen ganean berba egiten dabenean, esaten dabela (homil. sup. psal. 32): Eztidilla iñor Jangoikoaren miserikordiaz geiegi, lar askoegi fiatu, zergaitik ze Jangoikoak gure egite guztiak kontuan, pisuan, neurrian kontatu, pisetu, neurtu ta mugatuten dituen legez, alan bere ontasunaz, miserikordiaz, errukitasunaz bere, kontuz, pisuz, neurriz, estutasunaz, justiziaren erara baliatzen da. Espiritu Santuak diño (Prov. 28): Idoro dozu eztia? jan egizu, bada, neurriz, bear-bear dozuna bakarrik, ta ez geiegi ase-bete, errebesatu eztagizun, aotik biurtu eztagizun.

        Justizia min da ta garratz; eta miserikordia gozo ta ezti. Baña ezti ta gozotasun atarik, ezti gozoa izan arren, ezta lar jan bear; ezta, miserikordiaren eztitasunean fiaturik, bekaturik egin bear. Bada alan egitea ezti geiegi jatea da.

        Espiritu Santuak berak diño (Eccle. 5): Eztagizula esan miserikordiotsua dala Jangoikoa, ta zeure bekatu guztiak parkatu deutsuzala; zerren miserikordia ta justizia ur jagokaz Jangoikoari, alkar baturik dagoz, ta justizia bekatariai begira dago. Miserikordiaren gozotasunari begiratuten deutsezun legez, begiratu bear deutsazu justiziaren garratztasunari bere. Bada Jangoikoagan ain andia da justizia zein miserikordia. Miserikordia ta justizia bardiñak dira pisuan, balantzan, neurrian.

        Egia da, Santo Tomasek diñoan legez (22 q. 21, art. 2): Berez danez, obeto jatorko Jangoikoari, ta prestago ta makurtuago dago miserikordiara, justiziara baño; bai ta parkatutera bere, kastigetara baño. Eta alan, egiten dau askotan gugaz miserikordia, guk merezi baga, bere ontasun ta errukitasun beragaitik; baña ez gaitu beinbere kastigetan, eztau gugaz usetan bere justiziaz, arbintasunaz ta aserreaz, guk lenagotik geure bekatuakaz artara beartu baga. Baña izateaz danez, ainbat justizia zein miserikordia dago Jangoikoagan, agertu ta ikusiko dan legez beste munduan, emengo miserikordiazko denpora au igaro dedinean. Agaitik diño Dabid santuak (Psal. 10): Jauna, miserikordia ta justizia kantatu deutsudaz; biak bardin, ain ondo bata zein bestea.

        Miserikordiaz bakarrik, justiziaz konturik egin baga, berba egiten dabenak eztaki zer esaten daben; eztau alakoa[k] justiziaren anditasuna ikusten, ezagututen, oartuten. Eta ara zelan eztakusen: Zuk diñozu miserikordiosoa, errukitsua dala Jangoikoa, ta ondo diñozu ta uste dozu. Baña zuk Jangoikoa ontasun ta miserikordia andikoa dala autortu ta diñozunean, begiratu bear dozuz justizia, aserre ta bere gogortasunaren inguruak ta kolpeak bere; oneek gogoraturik ta begiraturik esperanza, itxaromen, itxadote utsak, zoroak, zimendu ta errazoibageak larga dagizuzan.

 

 

3 §.

 

        Justiziaren lenengo kolpea, deskarga, goiberatutea izan zan goian, Zeruko angeruetan, Luzifer soberbiotsu ta bere lagun gaistoen ganean. Zeruko angerurik ederrena, aurrengoena ta Jangoikoaren adiskiderik andiena bota ta ondatu eban justiziak soberbia, andiuste, goitura, arrotasuneko bekatu bategaitik betiraun guztiko sekulako Infernuko nekaldi garratzetara. Eta angeru guztien lenengoa, nagusiena, aurreratuena ta agintaria egin zan deabru, ta deabru guztien buru, aurreratzalle ta kapitai. Zanik ederrena, politena, galantena, argiena, egin zan ezainena, itsusiena, baltz, ilun, izugarriena ta gaistoena. Maitegarriena gorrotogarriena, ta goiena beerena. Alakoz eze, Isaias profeta santuak, ain jauskera andiaz mirariturik, itanduten deutso Luzifer berari (Isai. 14): Zelan orrela jausi zinean, Luzifer? Zelan jausi zinean egunsentiko izarra, izarrik argiena, goxean gox, egunsentian sortu, jagi oi ziniana? Ain gora zengozana? Andia ta ikaragarria izan zan Zeruan justiziak egin eban kolpe ta kastigu bildurgarri au.

        Baña egin eban lurrean bere beste bat, ez txikiagoa, baldin erremediorik ordenatu ezpalitxako; eta zan Adanen bekatuari emon jakon kastigua. Zeruan Luziferrek berak egin eban bekatu; eta ezta miresteko bakotxak bere bekatua pagetea, norberak eginiko bekatuagaitik penatutea. Baña lurrean besteren bekatuagaitik, Adanenagaitik, aren ondorengo guztiak, oraindo jaio baño len, euren amaren sabelean sortu ta biztuten dirian potian, unean, bertatik geldituten dira eginik bekatari loi ezainduak. Eta ainbeste urteen buruan etxakola aztu Jangoikoari a bekatua, nor eztau mirarituten? Non emon lei justizia gogorragorik?

        Errukiorra, miserikordiatsua da Jangoikoa, ta bere miserikordia ta ontasun guztiaz, begira jagoko Infernuan dagoan bati: ikusten dau, ta ikusiko dau, zelan milla urtean, ta amar millan, penatzen dagoan. Eta orregaitik bere, alan ikusiagaitik bere, an bere lekuan itxiten dau. Etxako bapere biotzik austen; eztau areanbere alan dagoanaren on-bearrak errukituten. Lenago bai poztuten da, atsegin artzen dau, alan penatuten ikusteaz; ta gura dau pena dedin; baita andik jagi ta urteteko esperantzarik baga pena dedin. Gogortasunaren andia! Justiziaren gogorra! Zuk diñozu errukiorra dala Jangoikoa. Baña onetan dirudi justiziadunago dala; ta justiziak goiartu, azpitu, benzututen dabela miserikordia. Eta errazoiaz dirudi alan, zerren ezta beste munduan izango gaistoentzat miserikordiarik.

        Miserikordiatsua da Jangoikoa, baña esan bear da justiziatia bere dala. Zerren munduari parkatutera ezin ezerberek bigundu ta makurtu eban; ez ekarri maitetutera, ezpada bere Semearen eriotzeak.

        Miserikordiaduna ta errukitsua da Jangoikoa, eta orrez guztiaz, Noeren denporan zortzi presona ez beste guztiak uriola bategaz ondatu ta ito zituan. Bardin Sodoma ta Gomorra inguru ta auzoko beste erri batzuekaz, su ta garra Zerutik biraldurik, erre zituan. Bardin Datan ta Abiron lurrak euren lagun gaistoakaz irunsi zituan. Eta orduan oneek guztiok infernura jatsi zirian. Eta orain bere infernuratuten dira kristiñau eztirianak. Eta bildur nas kristiñauetarik bere gei[e]nak arako bidean dabiltzela, bada geienak deungero bizi dira, deungero konfesatu.

        Eta esaten danean asko diriala deituak ta gitxi autuak, kristiñauakaitik bardin adietan da. Bada, non da kristiñaurik, kristiñaua legez bizi danik? Bear dan legez Jangoikoa maitetu ta serbitzen dabenik? Bere mandamentu edo agindu santuak gordetan dabenik? Bear dan prestaeraz sakramentu santuak artuten dituenik? Edo bere naikunde, deseo, gurari txar bat egitetik Jangoikoagaitik atzeratuten danik? Ete dago munduan bat alakorik? Bai, bagoz batzuk, zerren Elexa Ama Santa ezin legoke alakoak baga. Baña gitxi. Eta onegaitik Eskritura Santuan bardinduten dira kristiñau onak arri preziatuaz, adierazoteko arri preziatu legez, kristiñau on gitxi dala ta neurri txikikoak diriala onak. Eta, zelan beste arriak preziatuen aldean askozaz geiago dirian, alan geiago diriala kondenetan dirianak, salbetan dirianak baño; alakoz eze, Salomonek diño ero gaistoen neurria azken ta mugabagea dala; neurtu ezin leizala kondenetan dirianak.

        Bada asko kondenetan badira kristiñau fededunetarik bere, zegaitik zu bere, kristiñau sinislea izan arren, etzara bildur izango, kondenatuko dirianetarik izango ete zarean? Oraindiño asko bota ditu Jangoikoak Infernura; zegaitik, bada, etzaitu zu bere ezarriko, botako, egotziko, baldin ara bota dituzan[ en] antzera bizi bazara? Uste dozu zuretzat lege barriren bat ifiniko dala? Uste dozu Jangoikoa an goian zu baga ezin egon ditekela? Edo zu ara ez eroateaz bere gloria galduko dabela edo gitxituko jakala? Ze aurre-bide, burupe, ze pribilejio, ze merezimendu geiago dozu zuk orain, Infernuan dagozanak euren denporan eukena baño, baldin aek legez bizi bazara, ez aek legez kondenetako ta an egoteko iñora urten baga? Eta Jangoikoaren miserikordian fiatuten bazara, eztozu gogoratuten orain Infernuan dagozan zorigaistoak euren denporan zu orain legez fiatuten ziriala? Jakin egizu eze, miserikordiak onai gloria legez, justiziak bere gaistoai infernua emoten deutsela.

 

 

4 §.

 

        Izanagaitik Jangoikoa biotz beraa, errukiorra, miserikordiatsua, ezta, ez, emetik artu bear biderik, ez okasiñorik, ez ausardiarik, ez atrebenziarik bekatu geiago egiteko. Bada au liteke kontra-menenoa, eden edo pozoia, eden edo beneno egitea; Jangoikoaren miserikordiaz ta ontasunaz kontrara usatutea; eta bai miserikordiarik eztan lekuan bere, oña irmetutea, pelligru galgarrian ifintea. Badira biderio batzuk, begi-orde batzuk, gauzak dirian baño andiago irudi erazoten dabenak. Eta jazo daiteken gauza da, alako begiordeakaz zubi batetik igaroten zareala, zubia dan baño zabalago iruditurik ta zubirik eztan lekuan oñak ifinirik, jaustea zubi azpiko oxinera, ta an ondatu ta itotea. Bada Zeruko Gloriara igaroteko zubia miserikordia da; ta baldin miserikordiaren zubi onetarik igaro gura badozu zuk, ausardia geiegiaz fiaturik, esperanza zoro uts baten begi-ordeak ifinirik, eta iruditurik kristiñau zarealako ta Jangoikoaren ontasuna andi zabala dalako, ori beragaitik beste baga salbatuko zareala, engaña zintekez, uts egin ziñei, ta miserikordiaren zubirik eztan lekuan esperanzaren oñak ifinirik, justiziaren oxinean jausi zintekez. Bada, Jangoikoaren ontasuna ezin geiagoan andia, neurri ta mugabagea izanagaitik, ezta, ez, adituten ta ez orregaitik adierazoten anditasun ak zuri bekatu egiteko bidea ta okasiñoa emon bear deutsula. San Agustinek diño (in Psal. 39): Ezta Jangoikoa alako moduz miserikordiosoa, non justiziari bidebagerik egingo deutsan.

        San Agustinek berak diño (in Psal. 58): Kastigatu daiguzan geure bekatuak, egin daigun aen penitenzia, baldin gura badogu erdetsi Jangoikoaren miserikordia. Zerren ezin Jangoikoak parkatu leio bekatariari bekatuetan dagoan artean, euroetan atsegin artzen daben bitartean, euroetatik alde egitera abiatuten eztan artean. Ezta Jangoikoaren miserikordia orrenbesteraño elduten, ez zabalduten. Eta ez ain aurrera eldu ta luzetute au, eztator bere miserikordiaren eskastasunetik, urritasunetik, laburtasunetik, ezpada gauzaren ezinkizunetik. Ezta esaten miserikordiosoa dala Jangoikoa, bekatuan dabillenari, alan dabillenean ta ibilteko gogoa dabenean, laketu ta parketan deutselako. Baña esaten da miserikordiosoa ta errukiorra dala, arako bere bekatuak bear dan bidean itxirik, denporaz beragana etorririk ta alegin guztia egiten dabenari ukatuten ezteutselako bere grazia, parkamendua ta adiskidetasuna. Eta asko da au ta onela egitea miserikordiosoa izateko.

        Enzuten dozunean, biotz beraa, errukiorra ta miserikordiotsua dala Jangoikoa, poztuten zara, atsegiña artzen dozu; ta enzunagaitik ziurra, kastigatzallea, gogorra ta justiziatia bere dala, eztozu ardurarik artuten. Bada, Eskritura Santuan Jangoikoak eskeñiten dituan mesede andi, gozo, miserikordiazkoak justuentzat, santugaientzat, ondo, artez, zuzen, prestutasunean bizi dirianentzat dira; eta barriz zemaiak, menazuak, kiñadak, justiziaren garraztasuna, gogortade, aserre ta kastiguak gaistoentzat, zu ta zu lakoentzat dira. Ze zorakeria, bada, da au: zuretzat dirian zemai, menazu ta kastiguaz ez konturik, ez ardurarik, ez bildurrik artzea; eta zuretzat eztirian miserikordiazkoak solasez, gozotasunez, atseginaz artutea? Miserikordia santugaiai, justuai, zu ez legezkoai dagokie. Ez dozu zuk, bekatuan zagozan artean, atan parteletasunik, ez ikuskizunik; ez dozu orduan, Jangoikoa miserikordiosoa dala enzun arren, zer pozturik. Bada orduan, justiziak bai, baña miserikordiak eztau zugaz berba egiten, ezta orduan zurea. Aparta zaite bekatutik, alde egin zaite bide deunge orretatik, urten egizu egotaldi bildurgarri orretatik, ta izango da zurea; iges egizu bekatutik, ta izango dozu parte. Baña bitartean, justizia euki egizu zuretzat, ta itxi egizu miserikordia euren bekatuetatik alde egiten dirianentzat. Zerren bestela, eragotzian gura dozuz eskuak sartu, bestearena gura dozu zeuretu, jabetu.

 

 

5 §.

 

        Esango dozu beti dala on esperanzea, beti bear dala itxadon. Eta ondo diñozu, egia da, alan da. Baña, nos ta zelan beti? Bekatu egiñ ezkero, baña ez egitorduan.

        Ezta Jangoikoaren ontasunean fiaturik bekaturik egin bear. Susana andra santeak gurago eban jende gaisto batzuen eskuetan jausi, Jangoikoaren miserikordiaren mendean baño (Dan 13). Baña Dabid erregeak gurago eban gizonakaz baño Jangoikoaz disputatu, kontuak emon ta beragaz bere deungero egiñak igaro (2 Reg 24). Eta biak, alan Dabidek zelan Susanak, eroien kontu ona. Bada Susana zan bekatu egin bagea, ta Dabid bekatu egiña. Eta bekatu egin ezkero, Jangoikoaz kontutu bear gara; ara laster, an konfiatu, aren miserikordiaz baliatu bear da. Zelan Zesar edo erregeak kondenatuak apelatu eban Zesar beragana, Zesar aserratuaganik, Zesar ez aserratuagana; alan bekatariak bere bear dau apelatu Jangoikoaganik Jangoikoagana: Jangoiko justiziazkoaganik Jangoiko miserikordiazkoagana. Bekatu egin ezkero, ezta beste biderik, ezta beste erremediorik. Baña iñor bekatu egin bagea danean, Susana legez, obe da egitekoak alde onetarik egitea, obe da gizonakaz disputak eukitea ta aetatik etorri al dakiozan kalteak itxadotea, eze ez Jangoikoagan ta aren miserikordian fiaturik bekatu egitea.

        Baña guk kontrara, okerretara egiten dogu. Konturik euki baga geroko etorkizunaz, uste dogu gero Jangoikoaren miserikordiara iges egingo dogula. Orain geure eskuan daukagun denpora oneta[n] eztogu, bekaturik ez egite arren, atseginik itxi gura ta ez penarik, nekerik artu; gurago dogu etorkizuneko pelligru ta gatx gogorrai jarraitu, oraingo neke apur bati baño. Eta zek egiten dau au? Fiatzeak, kontu egiteak bardin gero Jangoikoaren miserikordiak guztia parkatuko deuskula ta erremediatuko gareala. Kontu txarra! esperanza eroa!

        Fiatzen zara bekatu egin ezkerozko kalteak erremediatuko dituala Jangoikoak, eta etzara fiatuten ta ez gomutetan, erremedia al leikezala bardin, zuk bekaturik ez egin arren, etorri al litxakezuzan atsekabak ta egitekoak. Bear eztanean fiatzen zara, ta ez bear danean. Bear eztanean iruditzen jatzu andia Jangoikoaren miserikordia, ta ez bear danean. Amar ezkuto bear dozuzanean edo beste premina ta estura bat dozunean, etzara fiatuten, eztozu uste, baldin ondo bizi bazara, bekaturik egiten ezpozu, Jangoikoak zure premina ta beartasun ori estaldu al leizula. Eta alan, zeure esperanzabageaz egiten dozu bekatu, ostuten dozu, egiten dozu lapurkeria bat. Eta egiten dozu lapurreria ori esperanzaz gero bardin Jangoiko errukitsuak parkatuko deutsula orrelako bekatua. Itsutasunaren andia! Orain Jangoikoaren adiskide zareanean, bekatu baga zagozanean, ez dozu esperanzarik Jangoikoak zugatik ezer al daikeala, zure beartasuna estaldu al leikeala; eta gero, arerioa zareanean, bekatuz betea zagozanean, uste dozu, guztiak parkaturik, bere grazia ta gloria, ain gauza andiak, baliotsuak ta erdetsiteko gatxak, emongo deutsuzala. Gauza errazean etzara fiatuten; gatxean, barriz, bai. Bekatu egiten dabenentzat daukazu Jangoikoa andi, zabal, prestutzat; eta bekatu egin baga ondo bizi dirianentzat uste dozu dala estua, zekena, urria, prestubagea. Guztian zabiltz ta gabiltz nastuak, itsutuak, uts egiñak.

 

 

6 §.

 

        Ez uts egiteko, ta bear dan legez esperanza eukiteko, zer egin bear da? Dabid erregeak eranzuten dau (Psal. 4): Egizu on, al daizun egite onetan emon zaite, ta orduan itxaron egizu Jangoikoagan. Zerren bestelako esperanzak gitxi balio dabe.

        Egun baten etorri jakazan Frai Gil santuari kardenal batzuk bisitetara. Eta bere bisita azkendurik, joate orduan esan eutsen, arren, eskatu legiola Jangoikoari eurekaitik. Eranzun eutsen Frai Gilek: Jaunak, eurok nigaitik egin bear dabe; zerren nik baño euroen mesedeok siniste ta esperanza geiago daukee. Baña, zelan al diteke ori orrela? zirautsen kardenalak.

        Zerren gu gabiltz munduaren barruan sarturik, aberastasunez beterik, ondasunez, atsegiñez ta zorionez ganez egiñak; zu, barriz, penitenzietan, egite onetan, munduko zereginetatik kanpoan ta, orrez guztiaz bere, diñozu siniste, itxaromen, esperanza geiago daukegula zuk baño? Bai, dirautse. Bada, bizirik zuen mesedeok bizi dirian legez pozik, ezeren bildur baga, salbetako esperanza ta segurutasun andiaz dabiltz. Baña ni nabil bildurturik, ikaraturik, ea zer bekatari andi onegaz jazoko dan; ta beragaitik eurok nik baño esperanza ta siniste geiago dabe.

        Ikusiko dozu persona batzuk malizia, malsintasuna, engañu ta guzur utsa baño eztirianak, dan santuenak baño buruak gogorago dituztela ta salbetako esperanza geiago dabela; alakoz eze, zatozanean aekaz berba egitera, esango deutsue ez leukela euren esperanzea zureaz trukatu; eztaukela iñor bere euren buruak baño santuago, ez prestuagotzat; beste edozeinek beste ondo Jangoikoari eskeñiten diriala. Eta bitartean begietagiño bekatuaren oxin ondarrean sartuak dagoz. Itsutasunaren andia! deabruaren engañamentua! Uste badabe, ta uste badozu, bekatuetan zagozala Zerua emongo jatzula, miserikordia egingo jatzula, ori da Jangoikoaz ta Jangoikoaren ontasunaren barre ta mezprezio egitea; ori da esperanza esperanzabagea, konfianza eroa, itxaromen gañez egiña, larregia. Eta ezta ori esperanzea bere, ezpada ausardia, atrebenzia, uste utsa, presunziñoa, nai-gura eroa; eta miserikordia elduten dan baño aurrerago zure deseoa luzetutea. Orrez geiago, ori da Espiritu Santuaren kontra dirian bekatuetatik bat. Eta alan, miserikordiaren esperanzan bekatu egiten dabenak eztau miserikordiarik merezi. Zerren alangoa miserikordia beraren kontra dabil. Alan adierazoten dau San Basiliok, penitenziaz berbatuten dala (tom. 25 de poenit.): Penitenziaren esperanzan bekatu egiten dabenak eztau bide ona artuten, eztau penitenziak balio daion merezi. Eta era onetara esan lei miserikordiaren esperanzan bekatu egiten dabenaz bere, eztabela onek bere miserikordiarik merezi.

        Gura bogu errukitu dakigun geure Jangoiko maitea, enzun gagizan, lagun dagigun ta euki dagian gugaz errukia, abia gaitezan gu bere gure aldetik, presta gaitezan geure eginbidea egitera, bekatutik alde egitera ta mandamentu santuak kontuz ta gogoz gordetera. Onela bai, baña bestela, bestelako esperanza guztiak eztira esperanzak, uts alperrak dira, zorakeria dira.

        Bada onela, eztogu miserikordiaren esperanzan bekaturik egin bear; ta ez aren ustean penitenzia egitea ta ekandu txarrak itxitea geroko luzetu bear. Lenagotik bai, zerren Jangoikoa dan ain ona, biotz beraa ta errukiorra; zerren ain maite gaituen; zerren bekatu egin ta bertatik ezkaituen kastigetan; zerren itxaroten deuskun; ta azkenik, zerren ainbeste on, esker ta mesede egiten deuskuzan, agaitik beragaitik, atarik okasiño ta bide arturik, bear genduke bestela egingo genduan baño obetoago egin aren borondate ta nai santua; eta, baldin bekatu ta gaistakerietan oraingiño ibilli bagara, onek guztiok largarik, prestuak ta leialak izatera abiatu ta prestatu; ta alako moldez, taiuz ta moduz aurrerantzean gobernatu non, azkenean, Jangoikoaren miserikordiaz batera erdetsi daigun guretzat ordenaturik, agindurik, eskeñirik ta prestaturik dagoan pozkaria gozoa, zein dan Zeruko gloria.

 

aurrekoa hurrengoa