www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Geroko Gero
Pedro Antonio Aņibarro
(c. 1820), 1923

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Bertsio elektroniko honen egilea: Blanca Urgell.

Iturria: Gueroco guero, Fr. Pedro Antonio Añibarro (Blanca Urgellen edizioa). Euskaltzaindia, 2001

 

 

aurrekoa hurrengoa

25. BURUA

 

Aserreari lekurik ez emoteko boskarren erremedioa
da gogoratutea zelan dagoan zure arerioa aserre danean.

 

        Aserrea, kolera ta gorrotoa amatetako, arerioaren kontra ez ifinteko, benganzatik atzeratuteko erremedio ona da gogoratutea zelan, ze moldez, ze egokeran dagoan zure arerioa aserraturik dagoanean, bengatu gura danean, zugaiti dongero esaten dagoanean. Eta ikusiko dozu, aserrean dagoan arerio ori, zelan dagoan itsuturik, zoraturik legez, zenzun baga, adimenturik kanpora urtenik. Bazeunka ta bazenkus zeure anaje bat burua galdurik, konorte bage, zoraturik ta adimenturik kanporaturik, zeuri ta bere buruari kolpeka egin ta esaten dituala burura jatorkazan erokeria ta gaistakeriak, damuago izango zenduka zeure anajearen kalteaz ta aren alan izateaz, zuri esan ta egiten deutsuzan bidebage ta injuriaz baño. Onela bada, bear dozu euki damu geiago zure arerioak koleran suturik ta itsuturik bere buruari egiten deutsan kalteaz, zuri egiten deutsunaz baño.

        Ume batek, edo kalentura sukarrean beroturik dagoan batek, edozein gauza esan arren, etzara bapere gogaituten, ez zeure sosegua galduten. Bada, bakizu ta dazauzu eztakiala zer diñoan, ez zer egiten daben. [Alan, bada, koleran dagoanak bere eztaki zer diñoan, ez zer egiten daben.] Eta orregaiti, onelakoak gaiti eskatu eutsan Jesu Kristok bere Aitari, zirautsala: Aita, parkatu eiezu, bada eztakie zer egiten daben. Koleran dagoanagaiti pensatu egizu, diño San Krisostomok, eztagoala beragan, eztala bere buruaren jabe, buru-kala daukala; ta baldin alan pensetan badozu, erraz eroango dozuz egiten deutsuzan ofensak.

        Persona aserrean sartuak ta sutuak eztazau bere burua, eztakus iñor, eztanzu ezer, itsuturik dago, eztaki zer diñoan, ez zer darabillan. Eta itsua jaustea, or-emen jo ta estropezu egitea, ezta mirarituteko; ezta orregaitik bat aserratu bear, mindu bear. Eta aserratuko bazara, zeure buruaren kontra aserra zaite, ta ez itsuaren kontra, ta ez koleran sarturik dagoanaren kontra. Bada, zu zagoz argiturik, ta bestea itsu; zu zur zoli, ta a zoro eroturik, zu zeure zenzunean ta adimentuan, ta a andik kanpora aterarik. Alan bada, sufritu begi zur zenzundunak eroa; argituak itsutua, ta aserre eztagoanak aserre dana. Beragaiti, erremedio ona da arerioari parkatuteko, sufrituteko, aren esan-egiteai ez jaramoteko, konsideratutea zelan ta ze modutan dagoan koleran dirauan artean.

 

aurrekoa hurrengoa