www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Geroko Gero
Pedro Antonio Aņibarro
(c. 1820), 1923

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Bertsio elektroniko honen egilea: Blanca Urgell.

Iturria: Gueroco guero, Fr. Pedro Antonio Añibarro (Blanca Urgellen edizioa). Euskaltzaindia, 2001

 

 

aurrekoa hurrengoa

30. BURUA

 

Irugarren ta azkeneko errazoia parkatuteko arerioari
da Jangoikoak guri bere parkatu degigun.

 

 

1 §.

 

        Parkatu bear deutsagu gure arerioari, guri bere Jangoikoak parkatu daigun. Jangoiko berak diño San Materoren aotik, guk parketan badeutsagu geure arerioari, berak bere guri parkatuko deuskula, baña ez bestela. Eta ondo gagoz, guk geure arerioari parkatuaz Jangoikoak guri parketan deuskunean: esan ala ezta, zeinbat onetan irabazten dogun. Bada, gauza gitxi bat da guri egiten deuskuen bidebagea ta injuria; ta neurri ta mugabagea da guk Jangoikoari egiten deutsaguna: gure parkaziñoa ezer ezta Jangoikoarenaren aldean.

        Gauza batzuk dira eurak berez, euren egitez, gatx nekezkoak direanak, baña beste bategaz lagundurik, baturik, alkar arturik, errazak direanak. Odola ateretea, purga loi atsitu bat artzea, edari samin bat edatea, gauza nekezkoak, penagarriak, latzak dira; baña osasunaz bildurik, errazak dira. Alan, arerioari bere parkatutea egin deutsun iraina ta bidebagea, bera bakarrik, berez begiraturik gatx da; baña, begiraturik orregaiti Jangoikoak bere zuri parkatuko deutsula, erraza, gozoa, eroapena, sufrigarria da.

        Jente galduak, zenzunbageak izango gara, geure onagaiti ezpada bere, parkatuten ezpadeutsagu arerioari. Egizu kontu ea zeinbat pekatu ta gaistakeria egin dozun oraindiño, eta ze asko ta andiak direan; bada, gura badozu Jangoikoak parkatu daizuzan, zeuk bere parkatu eiozuz arerioari zure kontra egiten dituanak. Presona batek iraindu ta bidebage edo laburtasun bat egiten deutsunean, esan daroazu parkatu gura ezteutsazula, beintzat laster: bada, desonra dala bereala parkatutea. Ori da Jangoikoaren kontrako birao ta berba txar bat. Bada, onrabagetzat, gauza ezaintzat artzen dozu Jangoikoaren agindua betetzea, ofensak parkatzea.

        Parkatu bear deutsazu, bada, arerioari; eta parkatu bere, ez nolanai, ez edozein moldez, ez berbaz bakarrik, irudipenaz, kanpotik, azaletik, edergarriz; ezpada egiaz, benetan, gogoz, asmoz, biotzez, borondate osoaz. Bada, bestela ezteutsu Jangoikoak parkatu[ko]. Konfesa zaiteke, komulga zaiteke, oraziño luzean egon, dozun guztia eskekoai emon ta egin penitenziarik gogor, arrigarri, latzenak; baña oneek guztiok ezteutsue ezer balioko, baldin zeure biotzean badozu gorrotorik, ikusiezinik, ondamurik, borondate gaistorik zeure arerioaren kontra.

        Llaga zauria ezta osatuko, aranza, elorria edo brinza bat barruan sarturik dagoan bitartean; ezta pekatua bere parkatuko, borondate gaistoak dirauan artean. Barberu osagilleak buruko llagetan, lenetik alderatuten dau aragia; ta agertu azurra, bitartean odol ustelik geratu eztidin. Bada, baldin geldituko balitz, ak medizina osagarriari indarra ta birtutea argaldu ta gitxitu leuskio. Alan, arimako zaurietan bere, lenengo kendu ta garbitu bear da odol ustela, ta atera areriotasun ta gorroto atsitu edendu kaltetsua. Bestela ezta osatuko; eztabe onik egingo artuten direan sendagaiak, erremedioak, ta egiten direan limosnak, barauak, errezuak ta beste egitekorik miragarrienak.

 

 

2 §.

 

        Bere arerioari, bere gaiskillari, bere persegillari parkatu gura ezteutsanak, eztau idoroko bere orduan bitartekorik, eskalerik, beragaitik erregutuko dabenik. Bada, Espiritu Santuak diño: Nok erregutu ta eskatuko dau bere lagun urkoaz, bere bardin antzeko bategaz miserikordiarik, errukirik eztabenagaiti? Ez iñok: ez santuak, ez angeruak, ez miserikordiaren Amak bere. Bada, Santiago Apostoluak diñoan legez: Errukibageko justizia egingo da, besteagaz errukirik eztaben gogorragaz. Ez jako parkatuko, parkatu gura eztabenari. Eta alangoak berak bere gura eztau parkatu daioen. Bada, Aita gureko oraziñoa diñoan bakotxean, eskatuten deutso Jangoikoari: Jauna, parkatu eiguzuz geure zorrak, guk gure zordunai parketan deutsaguzan legez.

        Esan gura dau: Jauna, parkatu eiguzuz zure kontra egin doguzan pekatuak, okerrak, utsegiteak, gaistakeriak, guk gure arerioai parkatuten deutsaguzan legez gure kontra esan ta egin dituezan injuriak, irainak, billaukeriak ta okertasunak. Bada, zuk parkatu gura ezpadeutseezu zeure arerioai egin deutsuen bidebagea, aditzera emoten dozu gura eztozula zuri bere Jangoikoak parkatu daizun bere kontra egin dozuna. Bada, dirautsazu Jangoikoari, zuk zeure arerioari egiten deutsazun beste orrenbeste, ta ori berori zugaz bere egin daiala.

        Dongetasun bat iñok egiten deutsunean, esan daroazu biotz guztiaz: Zer, nik ari parkatu? Lenago bizitzea galduko neuke. Eta gogoratuten etzara zuk Jangoikoari uts egite astunagoak, sentigarriagoak egin arren, gura dozula, orrez guztiaz, bere Ontasunak zuri guztia parkatu daizun. Gogoratu egizu, zuk zeure arerioari parkatu nai ezteutsazun orrek, Jesu Kristo zure Jaunak parkatu eutseela bere arerioai krutzean egoala; ta, are geiago, eskatu eutsala biotzetik bere Aitari eurak gaiti; eta zuri zeure arerioak ezteutsuela egin berari ainbeste min ta gogortade.

        Bai ta gogoratu zaite, Espiritu Santuak dirautsula: Gomute zaite zeure azkeneko ordu estuaz, ilteko egongo zarean denpora larriaz, orduan emon bearko dozun kontu ziur artez zuzenaz, ta largako dozu areriotasuna ta gorroto ori. Gomute zaite, zelan gurako dozun azkeneko ordu bildurgarri atan Jangoikoak parkatu daizun; egizu, bada, zuk ori berori orain zeure arerioaz. Bada, au da Jangoikoaren agindua; au da berak gura dabena; au da beti, baña guztiz bere azkeneko egunean, Jesus maiteak gomendatu euskuna.

        Bijoa, bada, aparta bedi gaurganik, geroko luzetu baga, bengetako deseo gaistoa. Onetan izango gara ezagunak, ta adietan emongo dogu Jesu Kristoren eskolako ikasleak gareala. Eta biziko gara biotzeko erretasun, gorroto bage; bizi dan legez bakean, bengetako gogo baga ta guztiakaz adiskidetasun onean dagoan bat.

 

aurrekoa hurrengoa