www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Geroko Gero
Pedro Antonio Aņibarro
(c. 1820), 1923

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Bertsio elektroniko honen egilea: Blanca Urgell.

Iturria: Gueroco guero, Fr. Pedro Antonio Añibarro (Blanca Urgellen edizioa). Euskaltzaindia, 2001

 

 

aurrekoa hurrengoa

20. BURUA

 

Zeinbat kalte egiten dituan aserreak ta areriotasunak,
eta zelan bear dan len bait len areriotasunetik urten.

 

 

1 §.

 

        Beti bere lenengotik artu dogun lana bota edo aldegiten dogula, baña albaitanez darraiogula, ta artara dispondu, dendatu, prestatu, abiatu ta biurtuten gareala, idoroko dogu gure gero onek persona areriotsuen, erriertatsuen ta aserrekorren artean bere badabela bere ostatua, tokia, jarlekua; oneetan bere kalte andiak egiten dituala. Bada, adiskide bategaz austen dozunean, baldin bertati osotutera, alkartu ta bat egitera abiatuten ezpazara, jakin egizu gero ta geroago gatxago egingo jatzula, atzerago, urrinduago ta ardurabageago iraungo dozula bere aserrean, ikusi ezinean; alangoz eze, diño San Agustinek: Aretx landara aretx andi gogorra egitera datorren legez, aserretasuna bere dator gorroto andia izatera.

        Orregaitik diño Senekak (lib. 1. de ira, c. 8): Gauza ona da aserrearen lenengo suari, mugidari ta abiadurari kontuz begiratutea, azi gaisto au azi, sortu ta garautu baño len atera edo ebagitea. Beragaitik dirausku San Pablok (Ephes. 4): Eztedilla eguzkia sartu zure aserretasunaren ganean; au da, eztagizula iraun eguzkia sartu artean zeure aserrean, etzaitela joan oera bengetako deseoaz, etzaitezala artu gaberorteak baketu baga: akaba dedilla aserrea, demandea, erriertea ta auzia eguzkiz eguzki. Bada bestela, su txatar txikia andituten dan legez, aserrea, ikusiezina ta gorrotoa bere geiagotuko da; ta bein andituz gero, nekez gitxitu ta amatauko da.

        Zelan geure gogo ta gustuko gauzak gogoz ta pozik artu ta atsegiña emoten deuskuen, alan gogo kontrakoetan tristetu ta aserratuten gara. Eta ain deungero daroagu ze, ezin egon gara orduan, beintzat aragiaren aldetik, aserratu baga, gorrotau baga, sentikortu baga ta bengetako guraria baga. Ardi bat otsoa ikusteaz latztu, larritu, bildurtu, izutu ta ikaratuten dan legez, alan egiten gara gu bere arerioa ikusteaz, beragaz aurkitu ta idoroteaz. Orduan aragiaren aldetik ezin egon gara aserratu baga, min artu baga, barrua irakin baga, su ta garrak artu baga. Beragaitik diño San Juan Krisostomok (hom. 13, tom. 2): Aragiak ezin arerio gaiskiña maitetu lei; ez eta sentidu baga itxi egiten jakan bidebagea, dollorkeria, billautasuna, iraina ta azpizapotasuna. Baña bai arimeak amatu, maitetu lei: zerren arimeak libertadea dau, bere jabe da, bere burua bere eskuan dau. Aragiak, barriz, ez dau libertaderik, ez bere burua bere eskuan, bere aginduaren azpian.

 

 

2 §.

 

        Zelan dirian gorroto modu bi, bata naturala, berezkoa, aragiarena, eta bestea librea, borondatezkoa; alan dira bi maitetasun ta amorio, bata naturala, aragiarena, ta bestea librea, naizkoa, borondatearena. Jesus gure Salbatzalleak euki eban eriotzaren alderakotzat atzerapen au edo ez gura au: naturalki edo aragiaren aldetik gatx egiten jakan eriotzea; ta orregaiti zirautsan Aitari: Nire aita, al badedi, igaro bedi niganik kaliz garratz min au; eztagidala nik eriotzarik artu. Baña onegaz batera izan eban amorio librea; ta alan, bere nai guraz ta borondatez iltzan.

        Eta onetan da agiri egon litekezala alkarregaz gorroto naturala ta amore librea. Euki giñei arerioaren alderako gorrotozkoa, amorezkoaz batera. Eta gorroto naturala edo aragiarena bekatu ezpada bere, baña bai komunki librea, borondatezkoa. Gaisto batek zeure aita il deutsu, zeuri bere egin deutsuz billaukeria, prestueztasun ta laburtasun asko; asmau deutsuz guzurrezko falsiatasunak ta gaistakeriak; gai onetan ezin zengokez sentimentu, gorroto ta griña natural edo aragizkoa baga. Baña gorroto natural berezko onek ezteutsu amore librea kenduten, eztau borondatea gorrotora beartuten, eta ez arerio gaiskilleari parkatu ta on egiten eragozten, agaiti libre da zure borondatea.

        Eta, agaiti, askotan on ta mesedeak egiten deutsaguz guri deungero ta esker gaistoz eranzun deuskun arerioari. Eta beragaiti arerio persegilla gaiskiña maitetu ta ametako mandamentua, legea ta agindua emon eutsan Jangoikoak arimeari, borondate librea berak gura dabenarako daukanari; eta ez aragiari, aragiaren gurariari, naiari. Eta alan, bidebage bat egiten deutsu[e]nean, bajatorzu alde batetik bengetako ta ordea biurtuteko mugida bat, nai bat, griña txar bat, guraria andi bat; eta barriz, beste aldetik, gauzea ondo ta astiro pensaturik, aurrekoa ta atzekoa, igaroa ta etorkizuna ondo gogoraturik, atzeratuten bazara benganza artutetik, orduan aragia aserretuten da, ta ez arimea, diño San Krisostomok (hom. 13, tom. 2). Eta au da arimaren eta gorputzaren, espirituaren ta aragiaren arteko gerra arrisku ta pelligruzkoa, ta bitoria gloriosoa: batak gorrotatuten dabena, besteak maitetuten dau; batak fabore, besteak kontra egiten dabena.

        Aragiaren gorroto naturala, berezkoa, aragiaren lenengo mugida ta griña, aragiaren aserretutera ta bengetara bat-batean, prest ta konsideraziño baga esetsi ta abiatutea, au berau bakarrik, uste baga, gura ta gurez legez jazotea, ezta bekatu. Bekatu izateko errazoiak euki bear dau leku ta parte, adimentuak ezagutu, borondateak erabagi ta guratu.

        Oraindiño esan gura deutsut, batzuetan eztagoala erru edo bekaturik borondatezko aserrean, aserretu baldin bear danean. Eta alan, aserretuteaz legez, ez aserretuteaz bere egin leiteke bekatu. Errazoiaren kontra ta bide bagez aserratutea, bengantzaren billa ibiltea dan legez bekatu, alan aserratu bear danean ta aserretuteko okasiñoa danean, ez aserretutea izango da bekatu; alan irakasten dau San Juan Krisostomok (hom. 12, tom. 2), zergaiti ze, bear danean ez aserratuteak, pazienzia ta epetasun geiegi eukiteak, uts egiñai ez jaramoteak, enzun-gor ta ez-ikusi egiteak ta ez kastigatuteak emoten dau okasiñoa ta bidea falta geiago egiteko, bizio ta gaistakeriak burua goratuteko ta geituteko, eta ez bakarrik gaistoak, baita bere onak gaistakeriara konbidetako.

        Aserratu bear danean ez aserratutea, sentikortu bear danean ez sentietea, beti bat, beti euli makala, geldoa, geldia, mamukioa, bigun beraa izatea ezerbereztasuna da, ez gizontasuna. Santo Tomas erakusle andiak diño (2. 2, q. 158, a. 8): Geiegi aserretutea dan legez bekatu, gitxiegi edo bapere ez egitea bear danean, ezta bekatu baga. Bere denporan modu onean, justutasunak eskatuten dabenean aserratutea, ta alan aserraturik zemaitutea ta neurri onez kastigetea, gauza ona da ta santua. Ain santua non, diño San Basiliok (hom. 9, de ira): Aserratu baga, apur bat edolabere koleran sartu baga ta beragan biztu baga, eztira gaistakeriak zuzen kastigetan, ez bizioak sustraitik ateretan, eta ez obra onak benetan egiten.

        Eta diño San Agustinek (hom. 16, de verb. Dni): Eztau aitak bere semea ondo zuzenduko, gitxi bat bizitu ta aserratuten ezpada. Aita batek bere soseguan dagoala, zerbait estutu ta biztu baga, aserre puska bat erakutsi baga, eztau ondo kastigauko bere semea; ezteutso irakasiko zer egin bear daben. Bear danean, bear da gar gitxi bat, arpegi ilun bat, begi biurtze bat erakutsi, zorro[t]z berba egin, zerbait sumindu ta aserratu, batez bere onez onera ondu gura eztabenean semeak. Onetarako dauko aitak esku ta eskubidea semeari gogor berba egiteko, eta bai etxe ta errietako buruak ta kargudunak bere agintaritzaren azpian dagozanen kontra jagi ta aserratuteko, uts egiteak jagi ta jarraituten direanean. Alan aserratu zirian Moises ta Matatias (Exod. 31, Machab. 2) idolo edo jainko falsoak adoratzen zituezanen kontra. Alan Jesus gure Salbatzalleak bere, biztu zanean illen artetik, gogor berba egin eutseen bere diszipulu batzuei, deituten zituela adimentubageak, sinist gogorrak ta sinistuteko atzeratuak (Luc. ultimo).

        Alan San Pablo Apostoluak bere zemaitu zituen Galaziako jenteak (Galat. 5), zirautsela: O, galatar zenzunbageak, nok erotu ta zorabiatu zaitue, len legez orain bere egia ez obeditu ta sinistuteko? Berbok desonragarriak, garratz miñak zirian galatarrentzat; baña zirialako biotz onez ta borondate obeaz esanak, ez eban orretan bekaturik egin. Au berau da San Agustinek bere diñoana (lib. eterod. cap. 19): Ezta anajaren kontra aserratuten, anajak daben bekatuaren kontra aserratuten dana. Alangoak bekatua gorro[ta]tuten dabe, ez bekataria. Gorroto dogu suak emoten daben kea, eta maite dogu sua bera. Ezin ikusi dogu gaixotasuna, baña bai gaixoa bera. Onetan egin oi dogu medikuak, barberuak, osagille batek gaixoaz egin daroana. Onek penatuten dabe gaixoa, minduna; ebagiten dabe, odol ustu ardura baga, kendu aragi zatiak, emon edaria garratz samiñak: arerio batek legez ta gaiskin baten erara darabilde gaixo gizagaixoa. Baña, guzti au egiten dabelako gatxaren kontra, ta ez gaixoaren kontra; ez gogo deungeaz, ezpada maitetasunaz ta osatuteko borondate onaz; beragaitik egiten dabe[n] guztia ontzat eroaten, maitetuten da, eta leku onera ezarten da. Alantxe bear dira, bada, errazoiaz batera borondate on bategaz egin, falta ta uts egiteak erremedietako, bizio txarrak kenduteko ta bekatuak aldegiteko, egiten dirian erriertak, aserreak, zemaiak, oñoteak, dedarrak ta agirikak bere estimatu, maitetu ta ontzat artu.

 

 

3 §.

 

        Baña begiratu ta gorde bear da bakotxa bekatuen kontra esetsi, eraso ta aserratuten danean, larregi aserratu[te]tik, geiegi koleratu[te]tik; maitetasunez, amorez, gozotasunez ta borondate onez egin bear dabena, kolera gogorrez, benganzaz, su ta garrez egitetik. Gurasoak, predikariak, ugazabak ta besteai irakasteko, zaindu ta gobernetako kargua dabenak, eztabe orrenbeste kexatu ta irakin bear non, ganez eginik, geiagora igarorik, amorea gorrotora biurtu leien. Beragaitik diño profeta santuak (Psal. 4): Aserre zaiteze, ta ez egizue bekaturik. Aserratu bai, baña bere neurrian, mugonez, pazienziaren muga ta marra igaro bage; falteari bai, baña faltadunari gorrotorik, malsintasunik euki bage.

        Zeure umea, otseña, ogipekoa edo kargukoa zuzendu, arteztu ta zenzundu gura dozunean, askotan zeu jarten zara zenzun bearrago. Zeure umea zenzundu ta zuzendu gura dozunean, ain aserre, kolera ta su andian sartuten zara, ain itsuturik, zenzunbageturik ta pazienziatik kanporaturik ta urtenik ifinten zara, ain ernegaturik, ta ainbeste birao, añen, agiraka ta dedar egiten dozu, ze etxe guztia darabiltzu goikoaz bera; ta azkenean zeure ume ta otseñen faltea baño, zeurea andiagoa egiten da, eta zeu errukigarriago, erremediakizunago ta zenzun bearrago jarten zara.

        Bada, ez bestela, baiña errazoiaz ta modu onean falta ta faltaduna erremedieteagaitik neurriz aserratutea gauza ona da, ta santua. Eta onelan aserratuteari deritxo zelo onezko aserrea, amorezko ta ondo gurazko aserrea. Beste aserre bat da, borondate gaistozkoa, bengantzazkoa, gorrotozkoa, ikusi ezinezkoa, ez bekatua erremedietako, ezpada bekatari berari gatx emoteko euki oi dana; eta oni deritxo biziozko aserrea, bekatuzko aserrea, errazoiaren kontrakoa, intenziño deungekoa, borondate txarrekoa, lar-geiegia, ganez egiña, neurritik urtena, marratik kanporatua, mugatik atarea.

        Onetarik, onelan ganez egitetik, larregi aserratu[te]tik sortu, jaio ta ernetan dira kalte andiak, erriertak, berba deungak, juramentuak, biraoak, madarikaziñoak, diferenziak, auziak, gorrotoak, eriotzak, eta bere buruaren ta besteen kalte gogor zorigaistokoak, galduerak ta makina bat gauza txar negargarriak. Gauza askok kalte egiten deutse kristiñauari; eta euretarik bat, ta ondo andia ta besteen buru ta sustraia, da ira, kolera, aserretasuna, bengetako guraria zitela. Onek arima ta gorputza zaurituten ditu, onek biak gaixotuten ditu, egunak laburtuten ditu, osasuna gitxitu, norbera makaldu, ta denpora baño len burua zuritu ta ulleak urdinduten ditu. Alan adietan emoten dau Espiritu Santuak (Eccl. 30). Eta Senekak irakasten dau (par. 18) gorde bear dala bakotxa geiegi aserratuterik, alde egin bear dala koleratik, kontu euki bear jakola aserrakuntzeari; ta au ez bakarrik bizitzaren maitetasun prestuagaitik, baita gorputzeko osasunagaitik bere. Zergaitik ze aserrakuntzak, bengetako griñak, barruko gorrotoak, errenkoretasunak, kolerak ta suak arimeari ta gorputzari kalte egiten deutso, biei sentierazoten deutso, biak minberatuten ditu, biak gaixotuten ditu.

        Eta alan, persona koleran sartuak, biziegiak, erreak, aldi txarrekoak, su-gartuak ta aserrakorrak ez oi dau begi ordekoen bearrik, eztitu bere umeen umeak bere inguruan ikusten, ta gitxi onetarikorik zartuten da. Bere barruko koleraren suak ta irakiñak errai guztiak erreten deutsaz, egosi, kiskortu ta ustelduten deutsaz. Eta alan, ikusiko dozu bere egitez exetuak ta bengatzalleak dirian personak, baldin berpetatik bereaz urteten ezpadabe, bengetan ezpadira, egosten ta desegiten diriala. Eta, baldin bengetan badira, eureagaz urteten badabe, eskuak odoltutea jazoten bada bere, gero damutuak, penatuak, gogaituak, naibagetuak ta minduak dabiltz. Alangoz eze, nolanai, nai bengaturik, nai bengatu bage, nai bere gogoaz kunplitu, nai ez bereaz urten, ezta alangoentzat, ezpada damua, sentimendua, naibagea, atsekabea, pena, gogaitasuna ta mintasuna.

        Eta ezpabere, begira egiozu aserraturik, arerioturik dabillan bati: zelan berba egiten daben, zelan aotik bitza darion, zelan begiak su txatar bi eginik dituan; ezin azalak artu dau; lurra ostikoka joten dau; jatorkazanakaz berba egiten, eztau jaramoten; ezteutso iñori errespetorik, begiramenturik, ez lotsarik. Ero, zoro bat dirudi: aurrera, ez atzera begiratu baga, etorkizunen konturik egin baga; guztiak guzurtuten ditu, desonretan ditu, mesprezietan ditu, il ta ondatu gura ditu. Begiratu egiozu, bada, alango bati, ta ikasi; ta zenzundu zaite beragan. Eta jakin egizu zeu bere, axerre zareanean, alan zagozala, a dirudizula, zoraturik, burubageturik, zenzun baga, konorte baga ta itsuturik ifinten zareala, ordi baten antzera barregarria zareala.

 

 

4 §.

 

        Aserre dan persona batek eztirudi lengoa. Agaitik zirautsen Platonek bere ikasleai (Fulgen. l. 7, c. 2), aserre zirianean ifini egiela aurrean espillu bat, ta an ondo ikusi egiezala euren buruak. Eta Senekak diño (l. 2 de ira, cap. 36) batzuei on egin daroioela, aserre dirianean, euren buruak espilluan begiratuteak. An ikusten da, an da agiri, an argiro agertu ta ezagututen da ze aldaturik, ze besteturik, ze etxurabagea, ze ezaindurik ifinten dan aserreaz aserreduna. San Juan Krisostomok diño (hom. 25 in 3 Joan. tom. 3): Balekus bere burua aserre dan personak, aserre danean, ez leuke, ez, barriz ez aserratuteko beste adibiderik bear. Bada, orduan ain dago ezaindua, ze ezaintasun ak berak gorde lei aurrerantzean ez geiago aserretuterik. Koleran dagoanak ainbeste erokeria ta umekeria esan ta egiten dau, ze berari begira dagozanak lotsatuten dira bera ikusteaz ta berari enzuteaz.

        Eta alangoak eurak bere, beragan biurtuten dirianean (bada coleran dagoana eztago beragan), nok esan lei zeinbat damu, garbai ta naibage artuten daben? Ze azken ondo gaistoa idoroten daben? Ze on bear, triste, jausia geldituten dan? Orduan oartu ta gogoratuten jako bere adiskideak ikusi dabela, eta bai bere arerioak bere; guztiak begira egon jakazala; eta berak bere aldi txarrean ta koleran egin dituzan erokeria zoragarriakaz, adiskideak damu ta naibagea artu dabela, eta arerioak atsegiña, gozo ta poza. Orduan erretan jako bere barrua, tristetu, mindu ta lotsatuten da. Eta guztiz bere, baldin bere aserrean gatxik iñori egin badeutso, kolperik emon badau, barberuen bearrean iñor imini badau, edo bere berbeetan iñok prendarik artu badau; emen dira zinak eta minak, an dira kexak, gogaitzeak, larritzeak, erneguak, agirakak, birao ta añenak. Orduan jarten da bere buruaz gogoetan, esaten dabela San Juan Krisostomok diñoana (hom. 4, tom. 5): Zer neban nik egiteko atan sartuteko? iñor injurietan ta ofendietan ibilteko? Esamesa ta berba zorrotz astun minduak esateko? Deungero berba egiteko? Kolpeak emoteko? Ondatuko al dira, azkenekoak egingo al dituez onelango egitekoak, ni onelango egitekoan ifini nabenak, onenbestera ekarri nabenak. Baldin ez nagoanean banengo, gordeko ninteke barriz onelako itsumendirik, zorabiatasunik, aserrakuntzatik. Onela esan daroa beragan biurtuten danean, oztu danean, aserrea emetu ta amatau dabenean. Onexeek dira aserrakuntzaren errastuak, oñatzak, enparauak, ondorengo ondakiñak; oneek dira disputa, demanda, errierta ta gorrotoen frutuak: arimea galtzea, gorputza neketutea ta tristura andi baten azpian damuturik ifintea ta itxitea.

        Gizon aserratua, sukarra edo kalentura dabenaren pulsua legez da, kexatua dago, eztau sosegurik. Gau ilun bat dirudi: gau ilunean dabillenak eztau ezaututen ze kolore daben gauzak, zein dan berdea, ta zein gorria edo urdiña; alan, gizon koleratuak bere eztau ezagututen nos berba ondo egiten daben, ta nos deungero; nos doian artez, ta nos makur: konorte baga, itsutua, itsumuka dabil; ilunetan dabillena legez, or-emen, baterik bestera, estropezu, beaztopa guztiaz egiten dau, bidetik kanporaturik dabil.

        Onelangoetan deabru gaisto asmutsuak bere egiten ditu orduan bereak. Lapurrak dabiltzan legez gau ilun ta axetsuen begira ostuteko; eta otsoa denpora txar, euritsu ta mudatuen billa, artaldeko ariai esetsiteko; ta arraintzallea ur loi nastuen billa, arraiñak artuteko; alan deabru lapur finak, otso goseakillak ta arraintzalle jakitunak legez, billatu, aurkitu, idoroten ditu erak bere gaistakeriak egiteko; ta zelataka dago, nos dirian kolera, gorroto, ikusiezin ta aserrearen iluntzak, ekatxak, ur loiak, okasiño ta eraldiak.

        Persona areriotu, aserratuen artean bere gogara, gusto ta atsegin andian dago deabrua: an dago bere erara, aukeran, an idoroten dau ondo-nagoa; an dau bere ostatua; an bide batez mandatu bi egiten dituz; zerren aserretzallea ta aserratua, biak baten beretuten dituz. Eta au ezta mirarituteko; bada, ezta bekaturik koleran itsutua, sutua, sor-gortua dagoan batek eztaikeanik. Eta ezta zurtasuna alangoakaz, alan daragoienean, batutea, alkartutea, lagundutea ta sartutea. Batez bere aen artean ordirik edo zure areriorik bada, orduan urrindu zaite, iges egizu, gorde zaite; ez beragana urreratu, alde egizu, larga egizu, bego, ta betor bere ganera etorriko dan okasiñoa, galbidea ta kaltea; bada, bestela, peligrua da, zure ganera etorri eztidin. Ordiak eztaki zeri daragoion; ta arerioak bere besteri emon gura deutsan mina, zuri emongo deutsu. Beragaitik, etzaite alangoakaz sartu, ez lagundu, ondo begiratu baga ta zeure burua kontuz gorde baga. Bada, aserrea itsua da, ordia da, ta arerioa bere okasiñoaz baliatuten da.

        Bada, baldin kolereak ta bengetako deseo ta naigura ordenubageak ta errazoitik kanporatuak ainbeste kalte egiten badau, alan itsutu, izutu, zoratu, zenzun ta adimentutik ateraten badau; eta deabruak bere orduan, koleratuen artean danean, bere jokoak jokatuten baditu, kontu andia kolerari euki bear jako, egin bear jako guardia, billatu bear jako osagarria, abiatu ta dendatu bear da laster medizinak, sendagarriak, erremedioak artzera. Eta nos? Len bait len, zeinbat lasterren, geroko luzetu baga. Bada, suaren antzekoa da kolera, ta ondo dakizu sua txiki puska dan artean errazago dala amatautea eta iltea.

 

aurrekoa hurrengoa