www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Geroko Gero
Pedro Antonio Aņibarro
(c. 1820), 1923

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Bertsio elektroniko honen egilea: Blanca Urgell.

Iturria: Gueroco guero, Fr. Pedro Antonio Añibarro (Blanca Urgellen edizioa). Euskaltzaindia, 2001

 

 

aurrekoa hurrengoa

34. BURUA

 

Bigarren erremedio[a] ez jausteko aragizko pekatuan,
da pensamentu ta gogoraziño gaistoai lekurik ez emotea.

 

 

1 §.

 

        Bigarren erremedioa, ta erremedio ona, autua ta segurua jausi gura eztabenentzat lujuriazko pekatu desonestuan da artarako pensamentuak, gogoraziñoak, gurariak ta tentaziñoak datozanean, atea itxitea, pensamentuari lekurik, ez ostaturik, ez emotea. Sua biztu barria edo txikia danean, erraz da amatau ta atsemotea; eta bai landara bat bere txikerra danean birlandatu, aldatu edo ateratea. Pensamentu, gogoeta deunge edo tentamentu gaisto bat, lenengoan erraz laster kendu lei; baña indarra arturik, belu, berandu edo nekez.

        Gogoraziñoetarik, pensetan egoterik etorri dira pekatu guztiak, ta guztiz bere aragiarenak. Andik asi, sortu, erne, jaioten dira; arek dira sustraiak, erroak, mentuak, landarak, esate-egite guztien ugazamak. Beragaitik euren asieran, jaiotzean, biztuten direanean ebagi bear dira, anditu, azi ta geitu baño len. Soldaduak erri edo etxe baten bein sartu ezkero, gura dabena egiten dabe; au berau jazoten da pensamentu, deseo edo gogoeta desonestu batek gogoan ostatu artu ezkero, an bein sartu ta gelditu ezkero, lekua segurutu ezkero.

        Su txatar txingar bat lenengo laster amatetan da, ta batzuetan bera berez; baña bein indarra artu ezkero su ta garrak, ez zu, ez erri guztia, ezta asko amatetako. Alan, zuri bere jatortzunean aragizko tentamentu, griña, gogoraziño bat, bereala bota, urrindu, aldegin ta zeuganik egotzi bear dozu; bada, bestela lana izango dozu kentzeko.

        Egun baten itandu eutseen Frai Gil Aita San Franziskoren lagun santu bati, ea zelan kenduten zituan aragizko tentaziñoak, deseoak ta pensamentuak. Eta eranzun eban: Nire borondatearen ateak joten dituenean pensamentu gaistoak, dirautseet: Ea tentaziñoak ta tentagilleak, zoaze aurrera; eztago emen zuentzat ostaturik, ez geldilekurik; gura eztot zuek zitelok nire etxe barruan sartutea; zoaze kanpora ordu gatxean; ikusi, ez begiratu, ez zuekaz egon gura eztot. Onela iges erazoten deutseet: ez nabe ni goiartu ta benzututen, baña bai nik eurak Jangoikoaren laguntzaz.

        Datortzunean pensamentu gaisto bat, badazauzu pensamentu txar orretan zagozala, ta egin baga alegin guztia kentzeko, geldituten bazara borondatez ta jakinaren ganean pensamentu desonestu orretan, artan atsegiña artu edo gogoa darabiltzula, gai onetan pekatu mortala egiten dozu, pekatu egitezkora igaroteko gogorik edo deseorik ez euki arren. Bada, pensamentua bera bakarrik da asko pekatu egiteko, geiagora elduteko gogo ta boronda[te]rik ez euki arren, teologuak irakasten daben legez.

        Orregaiti diño San Jeronimok, galtzen dala gogoz bere donzellatasun edo birjindadea, gorputzekoa ezpada bere, baña bai arimakoa. Eta Kasianok ziñoan: Eztakit emakumaren barririk, baña alanbere ez nago donzella. Bada, Jesu Kristok San Mateoren aotik diñoalez: Andrakumeari deseo txarraz begiratuten deutsanak, beragaz pekatu egiteko, ya pekatu egin dau bere gogoan, bere biotzean. Au alan konsideraturik ta oni erremedioa emon gura izanik, diño San Gregoriok: Gogoraziño loi gaistoak aldegiteko ta areen bitoria irabazteko biderik onena, lasterrena da ez eurai lekurik emotea lenengotik; eta gogoa beste gauza batera zabaldu ta eroatea.

        Gure gogoa ezin egon diteke zertan edo artan pensatu baga. Kontuan, bada, egon bear gara ikusteko, oartu ta begiratuteko ea zetan dan gure gogoa; eta, baldin badago bururatu ta gogoratuten gauza deungak, itxi ta larga orreek, eta artu beste gauza on batzuk. Gorde egizu, bada, zeure gogoa aragizko pekatuak pensatuterik; bada bestela, atarik etorriko jatzu atsegin artzea; atsegin artzetik deseoa; ta deseotik, esate-egite gaistoetara igarotea. Kalte guztiok dauke asierea, lenengoan pensamentuari lekua emoterik; emendik pekatuari ostatu emotea, ta pekatuak sustraiak bota ta andiago egitea.

        Artu egizu, bada, bigarren erremediotzat, pensamentu deungai ez lekurik emotea; asmetan dozuzanean zeuganik bertati ezartea; ez bizilekurik zeure biotzean emotea; begirune txarraz begiratutea; arpegi onik, ez begirarterik ez erakustea; ordu gatxean botatzea, atea betiko itxitea.

 

aurrekoa hurrengoa