www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Geroko Gero
Pedro Antonio Aņibarro
(c. 1820), 1923

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Bertsio elektroniko honen egilea: Blanca Urgell.

Iturria: Gueroco guero, Fr. Pedro Antonio Añibarro (Blanca Urgellen edizioa). Euskaltzaindia, 2001

 

 

aurrekoa hurrengoa

17. BURUA

 

Zelan limosnak ta beste egite on
borondatezkoak bere,
zeuk zeure eskuz edo bestearenaz,
zeu bizi zareala, ondorengoai
itxi baga egin bear dozuzan.

 

 

1 §.

 

        Gauza ziur, seguru, jakiña ta bapere dudarik eztaukana da obe, on ta probetxuago, ta meritu geiagokoa izango dozula orain zeuk, bizi zareala ta osasuna dozula, zeure eskuz pobreari emoten deutsazunaz, gero ilterakoan edo eriotzako orduan aginduaz baño. Baña zuk, oraingo ta geroko euki arren ondasun andiak, orain bapere ez, ta gero, iltera zoazanean, prestutasun andiak egiteko gogoa dozu. Aberats zagoz, ondasunduna zara, askoren jabe zara, eta baukazu, bai, borondatea, ondasun orreetarik pobreai itxi ta zatituteko.

        Baña nos? Gero, iltera zoazanean; guztia emen nai ta naiez, ezinbestez, ezin geiagoan larga bear dozunean. Bitartean diñozu: Neure ondasunak neuk gura dodaz gozatu, zaindu, maneatu ta gorde; eztot oraindiño bagetu gura; eztot eurok baga gelditu, ez billostu gura. Baña gero, eriotzako denporan, azkeneko ordenamentuan ta testamentuan, aginduko deutsat neure ondokoari, nire ondasunen jabe izango danari, egin dagizala nire deskargu guztiak. Eta, orrez geiago, aginduko deutsat, onenbeste señalatu ta izentaturik, pobreai emon dagioentzat. Eta, baldin Purgatoriora banoa bere (bada gitxi doaz Zerura an sartu baga), bertatik bertati ta laster urteteko, onenbeste meza aterazo dagizala, ta beste obra on asko ene izenean nire ondasuneetatik egin dagizala aginduko deutsat.

        Onelan diñozu egingo dozula: bestearen bitartez ta eskuz, ta ondokoaren kontura, ta zeuk zerorrek bapere ez. Baña, ez liteke obe egite on guzti orreek, bizi zarean artean zeure eskuz egitea, ta orreen bidez ta bitartez Purgatorioko lexi gorietara joan baga egotea, eze ez gero ara zoazanean erremedioa, ordea ta kitusaria egitea? Preso zareaneko erremedioak billatuten dozuz, ta preso sartutetik gordetan etzara.

        Orrez geiago, limosna, obra onak ta ondasunak gerokoen kontura itxirik, adierazoten dozu atzetik ta urrinetik gura dozula argi egin daizuen. Zer esango zenduke, gau arrats ilun baten, pausu estu, gatx, arrisku pelligruzko baten igaro bear daben batek esango baleuskio bere otseñari, dabillela atzetik, ta atzetik ta urrinetik argi egin dagiola? Alan dira, bada, euren limosnak, egikai onak ta obra miserikordiazkoak, eurak euren eskuz egin leikeezala, bere ondoan, urrinetik ta illezkero besteai eginerazoteko gogo, asmo ta borondatea dabeenak. Ori da, esan oi dan legez, usoak joan ta sareak an ifintea legez.

        San Basiliok diño (orat. 14 de mort. et homil. 7 in divit.) eztabela iñok, il ondoko limosneaz limos[na]gillea izan dalako, alabanzarik izango. Obeto ziñaike, eta seguruago jokatu ziñei, baldin gero besteren eskuz egingo dozuna, orain zeurez, zeuk dakusula egingo bazendu. Bada, San Basilio berak diñon legez, zeure ondasun guztiak edo zati bat eriotza osterako itxi gura izan arren probeai, nondik jakingo dozu, edo nok oartuko deutsu, nos eta zelan ilgo zarean? Nor dozu atako fiatzalle? Zeinbat dakusgu uste baga, bat-batean, beingoan, berbatxo bat egin baga, Jesus bat esan baga ilten diriala? Baita bere, sukarrak edo kalentura andi batek zorabiaturik, euren testamentu, manda ta aginduak asi ta akabatu baga geldituten diriala? Zergaiti, bada, gura dozu zuk bere, menturaz zeure adimentuan egongo etzarean denporarako eta astirik bere, gogorik, ezaugerarik, zenzunik, ez bururik izango eztozun denporarako zeure egitekoa euki ta luzetu?

 

 

2 §.

 

        Aurrerago goazan. Baldin orduan, eriotza aurrean, zenzuna, astia, denporea, beta ta epea bazeunka bere, esan nei zure orduko limosnak entero gitxi balio dabeela. Bada dirudi ta esan lei, gura ta gura ezkoa dala, ta ez borondatezkoa; batez bere, len al zenduala, berariaz ordugiño luzatu dozunean. Zerren orain zeure ondasunak eztozuz gitxitu gura, ezin dispondu ziñeiz atarako; bada dirudi, gero bere ilteko ustea, il bearra ezpazendu, etzendukeezala itxiko, ez euretarik emongo.

        Orrez geiago, zure geroko, azkeneko orduko, gerorengo denporako ondasun emoteak dirudi guztiz gitxi balio dabela zuretzat. Bada, zure ondasunetik ta zure izenean egiten badira bere aek gauza onak ta limosnak, baña askotan eztozuz zeuk egiten. Gaixotasuna jatorzunean, zelan estura andian, larritasun, bildur ikara ta pausu gatxean igaro ta ikusten zarean, eta orduko doloreak bere andiak direan, orduan zeure ondasun ta esku arteko gauzaz kontu gitxi egiten dozu; zergaiti ze andiagoak aztu erazoten deutsue besteez. Orduan zeure ondokoak ta an bertan aurrean dagozanak zerbait gurako dabe, eta zelan bear dan, alan egin dagiela itxiten deutseezu. Ain nekez ta penaz batu ta bildu zenduzan ondasunak, eta ain ardura andiaz ta ain kontuz gorde ta zaindu zenduzan aberastasunak ta irabaziak, gero ain nasaitasun ta ardura gitxiaz largetan dozuz; len gorde ezinik, orain zabaldu ezinik; len estua, zekena, esku laburrekoa ta itxia; orain, barriz, prestua, emollea, zabaltzallea ta ongille andia. Orduan iñok ezer badirautsu, au alabetan dozu; ta askotan, zer diñozun bere eztakizula, baiez esaten dozu. Neure denporan onelangoa ikusi dot. Eta alan, dirudi orduan egiten dozun guztia, bestek egiten dabela, ta ez zuk. Ikusi egizu, bada, ea ze probetxu, sari, merezimendu irabaziko dozun bestek egiten daben onagaz.

        Errazoiaz diño Espiritu Santuak (Eccli. 14): Eriotzea baño len egiozu on zeure adiskideari, ta dozun indarraren erara luzetu egiozu zerue eskua pobreari. Bein baten Santa Luziak erregutu eutsan bere amari (Surio in vit. S. Luciæ), gero egingo ebana, geroko begira egon baga, egun beretik egin egiala, gaixorik ta eriotzako esturan jarri baga, osasundun ta sendo egoala, berak bere eskuz bere ondasunak emon egioezala pobreai. Baña eranzun eutsan amak, orain oi dan legez: Ene alaba, itxozu oraindiño puska apur bat; ni zartu nas, laster ilgo nas; eta orduan zuri dodan guztia largako deutsut; zeuk egingo dozu gura dozuna. Eranzute au bere amak emon eutsanean, erago eutsan barriro bere alabak, zirautsala: Ene ama maitea, uste dot, dirudi ta esan lei eztala Jangoikoaren aurrean orren eder, gustu, gogoko ta ondo eretxia, norberak ezin gozatu daben gauza bat emotea ta eskiñitea. Alan bada, emon egizu, ama, sendo ta osasuna dozun artean, zeure ondasunetan agintaritza ta eskubidea dozun artea[n], esan edo eranzun eztaizuen, ilterakoan emoten dozuna gura ta gurez ta premiñaturik emoten dozula. Errazoi, konseju ta adibide au enzunik, egin eban amak alabeak gura eban guztia; ta berpetatik, geroko begira egon baga, berak bere eskuz zatitu zituan bere ondasunak probeetara.

        Orain menturaz emen esango dabe batzuk: au onela izanik, gaixo batek bere gaixotasunean ta azkeneko ordenamentu edo testamentuan egiten dituzan agintzeak, mandak, eskeñak, limosnak ta beste egite onak eztabe ezer balioko, utsak izango dira, alperrik egingo dira. Egia da balioko dabela ordukoak bere; baña lenagokoak askozaz obeak dira, baliotsuago, sari-gai ta merezimentu geiagokoak dira. Alan irakasten dau San Juan Krisostomok (homil. 10. in cap. 81 ad Doma. tom. 4), zeñek diño, obeago, merituago ta biotzeko prestutasun gei[a]go bazan bere, zeu zeuk zeure eskuz, bizi ziniala ta osasun oso sendoan zengozala pobrea sokorrietea; baña, orrez guztiaz bere, len uts egin badozu bere, eztaizula edolabere eriot[z]ako orduan itxi limosnak egitea edo agindutea; bada orduan egiten danak bere, ez asko, baña zerbait balioko dau, Jangoikoaz gomutetan zareala adietan emongo dau.

        Osasuna dogun artean geure eskuz alegiña egin daigun; baña gero egiteko gure urrengoen ta besteen eskuz dagigun zerbait. Mundu au bidezkoen ostatua da, ta igaroaz goaz emen.

        Gure sekula betiko ostatua, erria ta etxea beste munduan dago. Eta bakotxak bere errira ta betiko eukiko daben etxe ta bizi-lekura biraldu daroa al dagiana aurretik; eta bai gero ezer geldituten bajako, bera doianean, beragaz batera daroa. Alan guk bere egin bear dogu. Orain osasunean gareala geiena, eta gero, gaixo denporan ta eriotzako orduan bere, al dagiguna egin bear dogu. Biraldu ta aldatu daigun aurretik, denporaz ta lenagotik, ta daroagun geugaz bere.

        Baña orain limosnak ta beste miserikordiazko edo errukizko obrak ta borondatezkoak itxirik, eztagoalako euroetan ain pelligru andirik, berba egingo dogu urrengo buruan obra justiziazko, premiñazko, konzienziazkoen ganean; eta erakutsiko dogu ze obligaturik ta bearturik gagozan geuk geure eskuz egitera, ondokoen kontu ta ardurara larga baga.

 

aurrekoa hurrengoa